L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 4 (1983-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Haur besoetakoa
eta beste ninfula batzu

 

Joseba Sarrionandia

 

                        «... emazte-haurra ez da niretzat

                        nahiz den nire izanaren zathi.

                        Ene jorana zilhegi ez zait...»

                                                  Jon Mirande

 

 

I

 

        Zortzi eta hamalau urteren arteko neskatilak, baina ez guziak, amodio gai bilakatu direnak, ninfula izendatuko ditut. Politak, argal samarrak, desanparatuak. Erdi biluzik eta nora ezean azal daitezke, sagartxo zurigorri antzo. Kreatura xarmangarri eta aldakorrak, bihotz adinduen gatibatzaile iheskorrak.

        Sagartxo zurigorriei begira, berriz, adar ferde batzu daude. Hogeita hamar edo berrogeita hamar urte inguruko gizonen pater familiae irriek ezkutatu begirada lizunak. Gizon hauek amodio moeta bi usatzen dituzte. Alde batetik, arruntak omen diren harremanak, adin beretsuko emakumeekin, emazte legalekin batez ere. Beste aldetik, fornikazio mota arrunt honetaz at, erabat desberdina den ninfulekiko amodioa, esperantzarik gabekoa, gatibatuaren kristalezko eta lumazko amodioa.

        Mendebaleko literaturan Vladimir Nabokov izan da amodio beregisako hau ederkien tratatu eta ezagutarazi duena, baina ez da ez lehena ez azkena izan. Zientifikoek eta medikoek paidophilia, nympholepsia eta halako izen itsusiak ezarriaz higuingarri egin eta debekatu nahi izan arren, joera erotiko honek lekua gorde du, leku libro eta eder bat, mendeetan zehar munduan eta literaturan, lekua tipia ere denagatik. Euskaraz, gure letra garbizale eta hestuentzat harrigarria bada ere, euskal obra ederrenetariko bat gai honetaz da, Jon Miranderen «Haur Besoetakoa», gure artera ahate beltzaren antzera sortua. Eta, harrezkero, homosexualitateari eta gisako gaiei buruz ia ezer izkiriatu denez, ninfatxoekiko gizon adinduen erlazio hau da, agian, euskal literaturako heterodoxia sexualik ezagunena.

 

 

II

 

        Gaiaren arrasto

        Gaiaren arrasto literario zaharren bila, Vladimir Nabokov beraren oharrak segituaz, Dante Alighieri toskanoa aipa daiteke. 1274 urteko maiatzean bederatzi urte baino ez zituen Beatrice neskatoaz maitemindu omen zen, gero Komediako zeruetan gidatzat hartuko zuena. XIV mendeko poeta onenetariko baten gaia eta alosia ere humea omen zen, Francesco Petrarcaren Laura, hamabi urte baino ez bait zituen gizona amodioaren sareetan harrapatzean; neskatoak amore eman ez eta, handik sortu omen zen Errenazimenduko amodio platonikoen poesia. Baina, literaturaz segitu baino lehenago, bizitzan ezaguturikoa aipatu nahi dut, argigarri datekeelakoan, ingurura begiratzea da eta.

        Nik hamabiren bat urte nituela, ez nondik ez nora ez zuen bagamundu zahar bat ezagutu genuen, aldi batez Durangoko aulkietan finkatu bait zuen bere bidefardeleria eskasa. Adatsa goiz urdindurik, aurpegia errioxa ardoaren koloreko, begiak busti eta dizdiranteak, larru azala beltzarana eta zimurra. Bada, bazter gizaseme harek, bere hatzamar artegak neskato humeen belaunetan, edo hatz finetan, edo masail samurretan iminiaz gozatzen zuen. Baina, neskatxoek ihes egiten zioten eta mutikotxoek hurrindik burla. Adineko gizon zintzo eta zuzenek, berriz, eraso egin zuten egunen batean eta, geroztik, ez dut uste gure herrira itzuli denik.

        Urteak geroago, gartzelan, beste ninfatxozale bat ezagutu dut. Ene lagunak, gutunak eta fotografiak presoarentzat amodioaren zoko bakarrak badira, gutunik ez du bidaltzen ez hartzen baina liburu eta aldizkari guziak errepasatzen ditu ninfula erretratuen xerka eta, aurkitzen dituenean, begirada gozoz laztantzen ditu. Irribarre egin eta humetxoak, berari bakarrik ezetz, denoi gustatzen zaizkigula erantzun du gai honetaz idatzi eta bera ere aipatuko dudala esan diodanean.

        Baina itzul gaitezen literaturaren mundura.

 

 

III

 

        XIX. mendean Charles Lutwidge Dodgson erreberendoa dago gure gaia ukitzen, Lewis Carroll izengoitiaz eta literaturagatik ezagunagoa. Hiru gauza zaizkit laket berak eginiko gauzetan: lehendabizi obra literarioak, «Alice in Wonderland», «Through the looking-glass» eta «The hunting of the Snark» (gero André Bretonek surrealistatzat erreibindikatuko zuena); bigarren, asmatu zituen hitz, logika eta matematika jokoak (geroko Martin Gadneri bidea erakutsiko ziona); eta, hirugarren fotografiaren lehen urratsen haro haretan egin zituen erretratu ederrak. Eta alderantziz ere imini ditzaket hiru gauzok, zein laketago zaidan ez erabakitzearren.

        (Anaia bi eta zortzi arreba omen zituen Lewis Carrollek, ezkertiak, motelak, puritanoak eta heterodoxoak guziak. Euskaldunentzat arras ezaguna da anaia gazteena, Edward Spencer Dodgson, euskal liburu zaharren berrargitaratzaile eta euskaltzaleen artean hasarre gehien erein dituenetariko bat. Baina hertsi dezadan parentesia, gaiaren haria ez galtzeko).

        Erreberendoak neskatoei kondatzen omen zizkien bere istorioak edo, hobeto esateko, neskatoei kondatzeagatik eta haiekin egoteagatik asmatzen omen zituen (Literatura seduzitzeko modu bat baino ez dela esan zuen, behin batean, Mariasunek). Alize Herrialde Miresgarrian delako narrazioa 1862 urteko uda arratsalde batetan belatzean eserita hasi zen kondatzen hamar urteko Alice bati, Alice Liddell, Christ Church ikastetxeko dekanoaren alabari, eta urte bereko eguberrietan kaligrafia eder eta marrazkiz hornituriko (marrazki hauen ordez, gero, 1865 urtean argitaratzeko, John Tenniel enkargatu zen grabatu miresgarri batzu egiten), bada, marrazkiz hornituriko eskuizkribua erregalatu zion haur hari. Tratu hurbila izan zuen, urte batzutan, dekanoaren familiarekin («dekanoaren etxean iragan dut goiza, bere alabatxoak fotografiatzen» idatzi zuen, adibidez, ekainaren hiru batetan bere egunkarian), baina, amodio aldiak iragankor direnez, Alicek hamalau urte konplitu orduko berezi ziren, erreberendoak ezkontzeko proposamena egitean neskatoaren gurasoak hasarretu zirelako, batzuren ustez.

        Baina Lewis Carrollek beste Alice bat ezagutu omen zuen, Izpiluaren Bestaldean delako liburua idazteko (oroitu, eskuineko eskuan laranja bat hartuaz izpiluari begira izaniko solasa). Baina ez zitzaizkion Alice izenekoak bakarrik laket, Gertrude Chataway, Isa Bowman, Enid Stevens... (Isa Bowman, orduko neskatoak geroago esango zuen: «erreberendoak besarkatu eta apasionatuki, mosukatzen ninduen ipuinak kondatzen zizkidan artean»). Guziak fotografiatzen entseiatzen zen eta, egun, denik eta ninfula bildumarik ederrena da Lewis Carrollen argazkiena.

        Bere egunkarian idatzirik utzi zuen: «Mutiko biluzien irudia ez zaidala laket aitortzen dut; mutikoak laketago zaizikit beztituak. Baina ez dut entelegatzen zergatik estali behar diren neskatoen tankera miresgarriak». Seguruasko, bere anaia tipiak, Edwin S. Dodgson bibliofilo eta euskaltzale heterodoxoak, alderantziz hautatuko zukeen, bidenabar, mutikotxoak laket bait zitzaizkion, gustuak desberdinak direlako, ez duelako estetikak, ez erotikak, maiuskulazko egiarik.

 

 

IV

 

        Miresteraino goresten zein desprezioraino gutiesten den idazle bat da Edgar Allan Poe, baina, aldeko zein aurkako izan, ezin daiteke ukatu epe berri bat ireki zuela literaturan bere influentziak. Influentzia hau, bere obragatik bezainbeste, bere pertsonalitate goibelagatik eman da agian. Ohargarria da, gainera, Pariseko literatura giroetan ukan zuela (Charles Baudelaire eta besteri esker) bere sorterrian baino arrakasta askozaz gehiago. Euskarara, Jon Mirandek itzuli zituen ederto Amontillado Upela ipuina eta Belea poema luzea, bostondarrarekiko estimua erakutsiaz.

        Gure gaiari dagokionez, bere biografiako datu bat dugu: Virginia Clem hamairu urteko neskatxoarekin, bere lehengusinarekin, esposatu zen 1836 urtean. Emazte gaisoa 1847 urtean hilgo zen, oraindik hume, gai literarioa bilakatzeko. «Emakume eder baten heriotza munduko gairik poetikoena da dudarik gabe» esan zuen Edgar Allan Poek, eta bere poemak irakurtzea da gai hau zenbat aldiz erabili duen ikusteko onena.

        Amodio hil bati buruzko poema da baitaere «Annabel Lee» delakoa, baina humearora garamatza: «It was many and many year ago, In a kingdom by the sea...» (Duela haunitz eta haunitz urte gertatu zen, itsas hegiko erresuma batetan...). Virginia Clem zuen gogoan, E.A. Poek, «Annabel Lee» idazterakoan, humearoko amodioa, humearoko emaztea, humearoko hila, heriotzak mozturiko amodioa sekula itzaltzen ez dena delarik.

 

 

V

 

        Ene gustuko idazleetaz segituaz, Marcel Schwob aipatu nahi dut laburki. «Zein sakonki hunkitu ninduen gaztaroan Marcel Schowbekin enkontruak!», idatzi zuen Guillaume Apollinairek, eta haren gauzak irakurri dituen bakoitzak errepika dezakeela uste dut, nik behintzat (eta «Vies Imaginaires» irakurtzeko J.J. Bakedanok erakutsi zidala eta «La Croisade des Enfants» itzultzeko ideia B. Atxagak eman zidala akordatzen naiz). Edozein gauzek sentsibilitate eta kolorea duela, oroitzapenaren eta zorigaitzaren lirismoa, gertaerak zirkularrak direla, estilo errez baina konplexu batez erakusten du Marcel Schowbek. Gure gaiari dagokionez, «Le Livre de Monelle» dut orain gogoan, ninfulatzat bait ditut Monelle eta bere ahizpak, sinbolismoaren behelaino doratuen artean sortuak. Berdin, bere ipuin laburretan, ninfulak dira «Blanche» ipuineko haurra, odoltsua, eta «Gruchette», laban zuri bien artean imini zena, edo «Bargette», Hegorantza joan nahi zuen humea.

 

 

VI

 

        Orain arte eginiko aipamenetan, gehien bat, ninfulak idazleen biografiekin erlazionaturik daude eta haien obretan, gure gaia, erdi ezkutuan ageri da, hau da, bere erotismoa haur fantasiaz edo mistizismo sinbolistaz estalirik. Gaia zeharka emana da, lizuntasunik gabe halegia. Baina, zer da lizuntasuna? Lizuntasuna, erotismoaren alorrean, uste orokorrak kondenaturiko zerak estalkirik gabe erakustea da.

        Estalkia, halaere, erlatiboa da, lizuntasuna hein handi batetan irakurlearen adimenean dagoelako. Hau da, ez dago liburu edo kuadro batetan, irakurtzen edo begiratzen duenaren gogoan baizik. Beraz, diot nik, ene gogoan? Baliteke; eta hala balitz erlatiboak eta arbitrario samarrak lirateke paper izkiriatu guziok ere. Baina, segi dezadan, erlatibotasunak aldean harturik.

        Lizuntasuna behar sakon bat da gizarte erlazioetan eta gizabanakoaren gogoan, eta areago dio Havelock Ellisek; haurrentzat ipuin miresgarriak bezain beharrezko direla istorio lizunak adinekoentzat.

        Eta beharrezkoaz gainera, lizuntasuna amodio ordenatuaren mugak zeharkatzea da, ohituraren azala urratuaz gauza xarmangarriak bilatzea eta, agian, atseginaren territorioak zabaltzea.

        Baina lizuntasunaren aurrean, burruka bat dago beti, gizarteak bere usadioen mugak defendatzeko eta transgresioak erasotzeko harresiak altzatzen ditu eta idazle edo pintore lizunak, bere lanak eztitua gizarte egituretan integratzen ez baditu, galtzailearen partean geratuko da ia beti.

 

 

VII

 

        Ninfulek beste izen bat dute Vladimir Nabokov errusiar amerikanoak 1955 urtean «Lolita» delako nobela argitaratu zuenetik. «Bederatzi eta hamalau urteren artean, haik baino bi edo hiru aldiz zaharrago diren bidaiari liluratuei beren benetako izakera, ez gizazkoa baizik eta ninfikoa (demoniakoa alegia) erakusten dieten dontzeilak sortzen dira; kreatura hautatu hauei ninfula deitzea proposatzen dut» idazten zuen, orduan, ninfulak harrezkero lolita deituko zireia jakin gabe. Ez dut hemen esplikatuko zelan ahozkatu Lo-li-ta; ikasi nahi duenak irakur dezala liburua. Vladimir Nabokoven obrak ninfulei izen berria eman ziela esan dut eta, izenaz gainera, Dolores Haze eta Humbert Humberten arteko harremanak amorio moeta honen eredu bilakatu ziren.

        Baina «Lolita», izan, parodia handi bat da. Iadanik ez dago haur fantasiarik, ez mistizismo sinbolistarik, ez azalpen sentimentalik. Parodia hutsa da eta (beste parodia handi batek, «El Quijote» zaharrak kabailerietako liburuak gainditu zituen bezala) gainditu egiten du gure gaian aurreko guzia, aurreko Lewis Carroll eta Edgar Allan Poe guziak. Izan ere, parodia, irria gauzak gainditzeko modu on bat da, lain denean.

        Vladimir Nabokovek arras ongi ezagutzen zituen aipatu idazle biok, eta haiekiko erlazio batzu aipatzea interesgarria dela uste dut, gure gaitik amini bat aldendu arren. «Alice in Wonderland» errusierara berak itzuli zuen; itzulpen bakarra ez, baina hoberena, omen. Vladimir Nabokovek Lewis Carrollenetik harturiko beste gauza bat: honek hitz aldaketa jolas bat asmatu zuen, aldi bakoitzean letra bat aldaturik hitz batetik bestera hitzez hitz iragaitean datza (geroago inork word ladders izendatu ditu, hitz eskailerak), eta Vladimir Nabokov joko honetaz baliatzen da «Pale Fire» delako poema luzean, 819. punduaren komentarioan, hain zuzen, narradore eroak hate (gorroto) hitzetik love (maitasun) hitzera hiru aldaketatan iragan daitekeela ematen du, lass (neska) lau aldaketatan male (mutil) bihurtu daitekeela, eta live (bizitza) bost aldaketatan dead (heriotza) bihurtu daitekeela erakusten duela. Gainera, bai Lewis Carroll bai Vladimir Nabokov axedrezale ezagunak ziren, eta axedrez prolema ederrak asmatu zituzten biek; errusiar zuriak, berriz, axedrezlari monomaniako bati buruz idatzi zuen «The defense» delako nobela ere.

        Edgar Allan Poe, berdin, gogoan izan zuen Vladimir Navokovek bere obretan zehar. Ez dut bazter erlazioei buruzko komentario hauetan luzatu nahi, baina nobela bertako erreferentzia bat azpimarratu nahi nuke soilik: «Lolita» nobelako lehen ataletan ageri den Annabel, humearoan Corfún tifusez hil zena, E.A. Poeren poemako Annabel Lee bera da, heriotzak mozturiko hume amodioa.

 

 

VIII

 

        Euskal literatura kultoan (ez dakit kulto hau pleonasmo den ala esan beharrezkoa den) B. Etxeparekoaren eta A. Oihenartekoaren ondoren, amodio erlazioak zein gaitzetsirik egon diren ohartzeko aski adierazgarria da larru jotzeari eman zaion izen bat aipatzea; haragi kutsadura. Halan izendatu zuen ariketa J.P. Duvoisin kapitainak («bertzeren emaztearekin ez khutsa», Bible edo Testament Zahar eta Berria), R.M. Azkuek bere hiztegian jaso zuen esakera eta, besteren artean, J. Etxaidek erabili du geroago («apezak gomendatzen du hiru egunez haragi kutsadurarik ez dadila izan» Usoa Alostorreko). Haragi kutsadura, beraz, pollutione carnis, haroaren ezagugarri den esakera.

        Herri literaturarentzat amodioa ez da hain bazterturik egondu eta goretsi ere egin da, larru jotze hutsa ere humore piska batekin. Baina amodio normala bakarrik, gizarte ohiturek onarturikoa, ez gainerako amodio moetak. Alderantziz, herri literaturan arras despreziatu eta gaitzetsirik egon dira heterodoxiak, amodio moeta anormalak.

        Jon Miranderen garaian, oraindik, euskaldunen artean haragi kutsadura zen larru jotzea (nahiz eta kastitateak jotzeak baino eritasun gehiago sortzen duela frogaturik zegoen). Jon Mirandek, orduan, amodio erlazioen naturaltasuna erreibindikatu zuen, baina ez erlazio normalen edo gehiengoaren erlazio moetaren naturaltasuna soilik, baizik eta amodio anormalena ere bai. Estatuarentzat eta Elizarentzat (orduko kristau batek, Jon Etxaideren «Jaungoikoak gizonei eta emakumeei erantsi ohi dien elkarrenganako joera, gorputzez bat egiten dutena alegia» kasto hura baino haruntzago) ilegalak eta kaltegarriak ziren amodio moetak aipatu eta, aipatzez erreibindikatu zituen poema ederretan: «Ez lotsa izan, ene hau, othoi /bekhatu dei egiten dugun hoi / Nurk daki bekhatia zer den'e? /Ez zuk, ez nik! ... Zerbait dakit hal'e / zirela eder badakit doi doi».

        «Jei-gai» poeman ihardesten du horrela bekatuaren beldurrari. Irakurgarriak dira beste poema asko ere komentatzen ari garen transgresioaz: «Neskatxak», «Pigalle», «Larunbat arrats», «Oianone», «Eskuari», «Larrazken gau batez», «Amsterdameko orhoitzapen bat»...

 

 

IX

 

        Euskaraz, ninfulekiko amodioa Jon Miranderen poematan azaldu zen lehendabizikoz. 1956 urtean Euzko Gogoa aldizkarian argitaratu «Larrazken gau batez» poeman hain zuzen. «Magdalenae dilectissimae meae» dago dedikaturik. «Poema erotiko-metaphysikoa duzu, ulergaitz samarra. Azken oporretan Sohütan, neskato gazte batekin (15 urte ditu) ukhan ditudan har-emanak ditu oinharritzat, eta arimari eta bizitzari buruz ditudan iritziak bide nabar agertzen ditut, hitz erdizka», idatzi zion poemaren berri emanaz Txomin Peilleni egileak berak, 1956-X-17 dataturiko gutunean.

        (Parentesi labur bat. Hamabost urte aipatzen dira, gure paperotako ninfatxoak zortzi eta hamalau artekoak diren artean. Batzuek pentsatzen dute anbiguitate bat agertzen denean zenbakiek erabaki behar dutela. Nik erabaki beharrik ez dagoela uste dut eta, gainera, literatura arazoetan zenbakia denik eta gauzarik anbiguoena dela).

        1959 urtean, Egan aldizkarian «Amsterdaneko oroitzapen bat» delako poema bat argitaratu zen, zeinean nehurtitzak nederlandar hiriko karriketan barrena paseatzen diren, Bessie loretxoa oroituaz, maitharzun ez-ohituen bila: «Utzirik gibel eme bero ta / gizon mozkorren multzoak / nindabilano parketan, hurran, / ene zentzuak oi! ez ziraden / kalvindar eta zintzoak... »

 

 

X

 

        1958 eta 1959 urtetan idatzi zuen Jon Mirandek bere «Haur Besoetakoa», ipuin berria, euskal literaturako narrazio ederrenetariko bat. «Maitasun kondaira bat, 30 urteko gizon baten eta 11 urteko neska baten elkar maitatzea kondatzen duena, euskerazko Lolita bat (naiz ez dudan zoritxarrez V. Nabokoven lanegiña irakurri aal izan)»; zioen Jon Mirandek 1959-II-I dataz, bere idazlana amaituxe zuela, Txomin Peilleni bidaliriko gutunean.

        Txomin Peillenek argi adierazi du, gero, Jon Mirandek berak esanikoa konfirmatuaz, ez zela Vladimir Nabokovena «Haur Besoetakoa» obraren iturburua (hori diotenek «ez dakite pedofilia mundua bezain zahar dela»; Tx. P.) eta, aldiz, Jon Mirandek neskatxoen xarma bere bizitzan bertan ezagutua eta dastatua zuela eta bere obra arras pertsonala zela. «Berak kondatu zidan bezala —idatzi du T. Peillenek— Haur Besoetakoan gertatu trageria behin ezagutu zuen frantses lagun bati agitu zitzaion; gainera, bere gogoan zituen lehia, nahikundeak ere azaltzen dira, pedofiliari eta biziari buruzko aitorretan»: Bestalde, Jon Mirande aipaturiko beste autore batekin lotu nahi bada, ene ustez, ez da Vladimir Nabokov baizik eta Edgar Allan Poe erreferentziatzat hartu behar litzatekeena, zentsibilitate eta grina hurbiltasunagatik.

        Bestalde, «Haur Besoetakoa» 1959 urtean amaitu bazen ere, ez zen 1970 arte argitaratuko. Euskal aldizkari eta editorialek (L. Mitxelena, A. Ibiñagabeitia eta beste saiatu ziren arren) ezin bide zuten argitaratu, idazleak aldez aurretik igarri bezala, («zati zenbait aski erotiko baitira, naiz funtsez oro garbi eta sentimentala den»). Jon Mirande, bere hitzetan, aserik zegoen euskal liburu zintzo eta zuzenen konformismoaz eta gudu egin nahi zion, ordura arte politikaz bezala harrezkero literaturaz. Baina gudua guduan batu orduko galdurik zuen, bidenabar, eta 1959-11-24 datako gutunean Txomin Peilleni aitortzen zion: «Ikusten badut izpiritu aske batek ezin zabal ditzakela bere ideiak mora!ari edo antzeari buruz euskaldunen artean, erdera batean idatziko dut hemendik aurrera».

        1970 urterako euskaraz idaztea utzita zuen, liburua Lur editorialean argitaratu zenean, eta laster utzïko zuen bizitzea ere. Azal ostean, aurkezpen gisako lerro batzu ageri dira, Gabriel Arestik, beste deskonforme batek idatziak. Inork «Uhin Berri» izendatu belaunaldiak Jon Miranderi buruz izan duen eritzia erresumitzen dutela uste dut, esaldi bik batez ere: alde batetik «ez baitago gure ideologiatik gauza hurrunagorik Miranderena baino» eta, beste aldetik, «gure literaturari egin dion mesedea ez dugu behar bezala inoiz naikoa laudatuko».

 

 

XI

 

        Vodka edan ondoren, martxoko gau batetan, gizon bat seigarrenekoz doa bere alaba besoetakoa lo dagoeneko gelara, lo dagoela ustez, honen gorputz biguna kareziatzera...

        Amodio indartsu bat ernetzen da gizonaren eta bere haurraren artean, laztan artean, neskamearen mesfidantzaren aurrean, biluztasunaren lotsaz eta elkar maitatzearen pozez, bizitza berri batetara sortu berria denaren zalantzaz. Gizonak, haur gorputz mendre eta andregai gorputz betearen artean hautatu behar duenean, haur besoetakoa hautatzen du, gizarte eritzi zuzenen aurka, moralzaleek erasoko dituztela jakin arren.

        Orduan, alditxo batez, amodioa paradisu tipi bat da bion artean, zelosia laburren batekin, inguruarekiko erresistentzia eszenekin, paradisu galkor bat, zeren paradisu guziak galkorrak bait dira. Senitarteko bat da gizarteak eman dien sententziaren ekarlea, bereiztea, eta orduan amorante biek erabakitzen dute ezetz ez dutela amore emango eta, desparadisuan geratu ordez, sartaldeko balizko paradisurantz abiatzea...

        Udako egun eder batetan itsas hegira doaz, udazalez beteriko ondartzak saihestuz, hare zuri eta meheko leku batetara, zeinean kaioak soilik diren lekuko. Han, sinbolo den urradura bat, eta itsaso zabalean aurrera sartzen dira. Gazteen Lurreruntz baina, gizonak hil beharrik ez dela deliberatzen duenerako berandu da, haurra uhainek darabilte.

        Gizona bizirik ateratzen dute, eta azalpenak eman behar dizkio poliziari, hiritar onari dagokionez, eta txarrari ere dagokionez. Pintore bati, haur besoetakoak eta biek zuten adiskide bakarrari heuren istorioa kondatzen dio eta, gero, sobera pentsatu beharrik gabe, itsasoaren zabelera botatzen du bere burua, uhainen batek haurrarenganaino eramango ahal duelakoan.

        Bitartean, pintorea, istorio hau kondatu dezakeen bakarra, ostatu batetara sartzen da, gizeliek beste zereginetan diharduten artean, alkoholean itotzeko eta bakardadean negar egiteko.

 

 

XII

 

        Istorioa, guti gora behera, laburtzeaz gainera hiru pundu aipatu nahi ditut bereziki. Luzaz mintza daiteke haur besoetakoari darion erotismoaz, lizunkeriaz ere nahi bada, edota gizarteari eta gizaseme arruntei egiten zaien salaketaz, baina bestelakoak dira ene hiru punduok.

        Bat. Neskamea eta andregaia uxatzeko eta bere burua ausarta egiteko hartzen duen vodka gardena eta mozkorraren mundu zoroa, nobela guzian zehar, frekuentzia eta pisu handiz azaltzen dira: «Ai! vodkak krea ahal baleza berekiko mundu bat, zoroa, burzoratua, baina Isabelarik, neskamerik, ezagunik, gezurrezko eginbiderik behintzat aurkezteko ez liokena...» Alkoholak gizartetik baztertzeari kontrapuntua egiten eta amodioari osotasuna ematen diola dirudi nobela honetan.

        Bi. Mitologia zeltikotik harturiko ideiak, izateari eta heriotzari buruz, irudien naturalismo poetikoa eta, batez ere, Gazteen Lurra delakoaren ideia («Tir na n-Og» eta beste izen batzu ere dituena) aipatu nahi ditut. Gizonak, Theresari begira zagokiolarik, bere herri-minaren jaioterri hura zekusan barruko begiekin, eta bere amets ezin esanezkoari hegoak aske uzten zizkion Sartaldeko uharte dohatsu haietaraino eraman zezan, Gazteen Lur ezkutatu hartaraino. Sinbolo hitzak, berriz, zenbat aldiz azaltzen delarik nobelako irudi askoren esanahia zabaltzera bultzatzen du, esan nahi dut, mitoarenak baino erreferentzia zabalagoak hartu behar direla ideia hoik irakurtzean.

        Hiru. Ninfula izatea iragankor dela eta, «ét les fruits passeront la promesse des fleurs» aitatzen du Jon Mirandek, hizpalau urte barru Theresa ere ondikotz Isabelaren antzerako emakume bihurtuko delakoan: «lore berri bat izateko ordez, udako frutu firin bat izanen zen maitaleen hortz errukigabekoak osk egingo ziotena eta, laster udazkenak zimel-eraziko zuena...»

 

 

XIII

 

        Txomin Peillen, Jon Miranderi buruz ihardutean hainbeste aldiz aipatu behar dena, arestian bezala, berriro aipatu nahi dut laburki, ninfatxo baten istorioaren egile delako: «lasminaren minak» ipuina Aldjezairian 1959-IX-29an datatzen dena. «Erizaintsaren senarra oso ona da nerekin, amak oso gutitan eman dizkidan perekuak, halakuak, baita begi, matrailetan musuak ematen dizkit... baina ez dakit zergatik ez duen emaztearen aurrean bere maitasun hori erakutsi nahi», dio lasmina gaiso eta inozenteak bere mintzaldian, emazte arruntaren zelosiak karrika hautseztatuetara jaurtitzen duen orduko.

 

 

XIV

 

        XX. mendea zinemaren mendea delarik —ez ala?— eta gure egunotan literatura eta zinema hain hertsiki loturik ageri direnez, zazpigarren arteruntz ere begirada bat eman dakioke. Vladimir Nabokoven nobela, iskanbila artean sortutako hura, 1961 urterako Stanley Kubrickek moldatu zuen zinemako), izen bereko filme iskanbilatsu batez: Sue Lyon zen Lolita. Ninfulekiko beste filme bat «Taxi Driver» da, zeinean hamairu urteko Jodie Foster batek xarmatzen (edo erotzen) bait du gerlatik itzuliriko Robert de Niro, geroago zinematik lekora R. Reagan presidentearen hiltzaile gai bat ere erotuko omen zuen bezala. «Pretty Baby» filmean, berriz, mende hasierako New Orleans eder batetan, burdeleko bizimodua deskribatzen du Louis Mallé zuzendariak, Brooke Shieldsek interpretatu humearekiko fotografo baten amodio berezi eta labur baten inguruan.

        Azken filme honetako fotografoak, eta aipatu filme guzion fotografia onak, Lewis Carroll ekarri dit berriro gogora. Haren erretratuen naturalismoa eta artesau zahaztasuna ez da egun usatzen, lehen tradizio hura abangoardien eta manierismo enfaboretan utzi bait da. Baina ninfulak erretratatzen, oraindik, hor ari dira David Hamilton ospetsua, Jacques Bourboulon edo Irina Ionesco, izen guti aipatzearren. David Hamilton da ezagunena eta bereziena, bere lurrun doratuez (the hamilton touch, objetiboa hatsaz lainoztatzea da, fotografian nahiz zineman) zetazko oihalak laztantzen dituzten ninfak eta ninfatxoak erretratatu ditu mila bider (bere fotografia liburu birentzako textoen egilea Alain Robbe-Grillet da: Rêves de jeunes filles eta Les demoiselles d'Hamilton estilo manierista batez, adoleszenteentzako kistch geldi baten mugatan.

 

 

XV

 

        Zortzi urtetarik hamalau urtetara artean dira ninfulak sagartxo zurigorriak. Geroztik, heriotzak betirako ninfula bilakatu ez baditu, pertsona nagusi bihurtzen bide dira, batere xarmarik gabeko ziudadana zintzo eta zuzenak halegia. Ai, Lolita ohiak! Dolores Haze, behialako kreatura xarmangarriak, 1935ean sortu eta, 48 urte dituke orain; Sue Lyon berak ere, 1946an sorturik, 37 urte. Iadanik ez dira ninfulak, ez eta antzik ere. «Ez bitez hazi!» kexatzen zen Humbert Humbert, baina alferrik. Bizitza ezbeharrez osotzen da, eta laburrak dira zorionak; neuk diotsuet. Hamabost urtekin galtzen da ninfatxoaren xarma eta, orduan, alosia zirenak beste zerbait arrunt bilakatzen dira, gure gizarte eskergabe honetan beren ofizioa hartuaz. Esate baterako, unibertsitari arduratuak, almazen handi batzutan enplegatuak, mutil kirolzale batekin ezkondu eta etxekandere on, emegaldu garestiak, baina geroago eta merkeagoak, bulego dotoreko idazkariak edo, ogibide hau galdurik ez balego, inude zabalak. Eta enplegu hauetan, gizarteko beren lekuan eta uste orokorraren azpian amaitzen da lolitan istorio oro.

        Theresena, aldiz, ez da horrela amaitzen, zeren Jon Mirandek, itsasoan zurbil eta betirako utziaz, bere haur besoetakoa betirako ninfula bihurtu bait zuen. Theresaren oroikarria amodio garbi eta sentimentalaren zokoan geratsen da, gure baitan. Eta noizean behin, gure bakardade ametsetara azaltzen da, Theresa, «amodio garbi eta sentimentala» zer den galdetzera. Nork daki! Nork daki, halaber, oraintxe bertan ez ote dagoen Sartaldeko urez handikaldean, lore eta kristal, Gazteen Lurretik guri so, betilun ikusten gaituela eta, urrezko eta elurrezko printzesa, irri karkailez.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.