Añarrosa II
Mikel Dupak
TEFFE AINTZIRATIK JAPURA IBAIRAINO
Arrabek ur beltza jo eta jo. Palma hegaztegiaren gainean etzanik, zainak oin hutsez erabiltzen zuen lemako itsas-kanazko zurruma. Arraukarien hetemeteak neurkatzeko, betiereko xixtua egiten zuen, Ziberoko khantore zonbait orroitarazten zidana...
Esku bat nire besogainean ezarri zen. Irriñoa ezpainetan, Prai Josek ura hatz trebesaz erakusten zidan. Lehenik egon nintzen zer arrain bitxi, zer ur gaineko puska erakuts ote ziezazkidakeen. Orduan, ohartu nintzen ura ñabartua zela:
«Laister Amazona» erran zidan fraideak. Izan ere, untziaren kulunka nagia makurtua zen: sagailo zalu batek uste gabetarik jauzi-eginarazten zigun. Urrinak hezeago, lohitsuago bilakatzen ziren.
Bat-batean, ur hori laisterrean, baita haizean ere, izan ginen. Untziak aintzin-aldeaz agur egin zuen, abreki leriatu zen eta, kasik geldirik, eskuinetara itzultzen hasi zen. Bideari atxikitzeko, lemazainak zango eskuinean finkatu zen. Beste untziak ere burrukatzen ari ziren, zeiharka, karamarreen gisa. Hala-hala hiru egunez gudukatu beharko genuen, Japuraraino azkenean heltzeko.
Buruko untziak, galera aintzindariak, hiru legezko buruzagiak erematen zituen: Prai Mathias, brasildar kaporala eta... Guiscart, galderik gabe han sartu baitzuen bere burua! Gainerateko soldadoek beren armekin batera kargamendua osatzen zuten.
Bigarrena Joâok kudeatzen zuen, nun, jan-edatekoekiri batean, bai Rufina, bai Añarrosa, bai eta Indiano pare biak ere pilatzen baitziren.
Azken untzian ez ginen hiru baizik, arraukariez gainera, bainan arma, tresna, kotoin-puska, ezin kondatuzko truk-gaien meta alimaleari begiratzen genion.
Manolo, ahoa zabal, matelak sabel, ni bezain beroak jo-ta, atorra kendua zuela, kitarra burrunbadunari errabiatuki lotzen zitzaion.
Bat-batean, Jose mintzatzen hasi zitzaidan:
«Egiaz, Jean, fededun kargua ahanztua diate Xuriek. Populu zaharrok funditu eta gaixtatu ditiate. Gatilutara bat tafia truk, Indiano batzu herrestakari ikusten ditudanean, edo jabearen zorokeria azpitik eskarniatzen dutela, edo xingletan nigarrez, min egiten zaidak, Jean, herstura lotzen ere... Holakorik ez zuen Jesusek nahi. Kabal gezurti beldurtiok ez».
Kitarra ixildu zen.
«Zertan dituk populu ohi libro zaharrak? Orain dela ehun urte, hogeitamar herri bizi zen Japurako bazterrean kokaturik. Sei oraindik diagok! Sei leinu urrikalgarri, lehertu, zeinetatik talde bakoitza gehienetik ere ehun batzu dohakabek osatzen baitute! Ez, Jauna! Ezin daiteke, Zure Gurutze Sainduaren agertzeak izialdura eta heriotzea ezinbestela ekartzea!».
`«SENHOR ELIXONDO, NAHI BADUZU, HEMENDIK HURBIL DAGOEN AINTZIRA BATETARAINO JOAN BAGINTEZ,...»
JOSEK BERRIZ LAN NEKE ETA APALENA BEREZIA IZANEN ZUEN: LABAKITZE EZIN BURURATUAN MUREKIN BATEAN, ESKUAK ODOLTSU BIHURTUKO ZITZAIZKION.
«BAZTERRETAN SOLDADOAK IHIZIN, TAPUYAK ARRAINTZAN; EGUN OROZ PRAI JOSE AMESLARI ZEGOEN OTOITZETAN AGIAN, PRAI MATHIAS HAN HEMENKA IBILKI, OIHANETIK IBAIRA ETA IBAITIK ELIZARA...»
Niri so egin zidan, eta:
«Barkatu, Jean. Geroaz beldur nauk. Perutar Jesuistak ehun aldiz Amazonan beheiti joan dituk, gure herriak bahitzeko; baita Brasilgo Karmeldarrak, esklaborik gabe izanik, gora Ucayali ibairaino. Haur emazte lapurketok betiko gelditu omen dituk. Bainan Mesaiak Iparraldera bildu dituk, Japura-Ahuati juntatik hiru egunetara. Han herri hetsi basa batzu osatzen dizkiate, beti kasu eman, beti burrukatzeko ala oihanera alde egiteko prest egonik..»
Hitzaldiak nire baitan oihartzun ahul bainan xixtakor bat sortarazten zuen.
«Miranhek aspaldidanik ibaitik alde egin diate; zuhaitzetan bizi dituk; ihizirik ez fruiturik gehiago ez daukatenean, kaskilla batzu jaten dizkiate. Lehen, etxolei sua ematen zitzaien haurren bahitzeko. Orain berriz, seme-alaben saltzea onartzen diate.
Murak ere bai, Jean! Rio Madeiraraino Amazona osoan kokatuak zirenak, Ibai Haundiko lasterkariak zirenak... garaitzeko. bostgudaldi beharra izan zen.
Ehun batzu Xurienpekotu dituk. Besteak igan dituk lakuetaraino. Ah! Jainkoari urrikari banakio, elezuridun joko ilun horren kanpo atxikiko nau. Bizia, zoriona eta egiazko fedea elgarrekin zabaltzeko ahala emango ziguk».
Seigarren ibilegunaren goizean ikusi genuen lehenbiziko Mura. Untzizainak botatako oihu ito batek buruak altxatarazi zizkigun. Hementxe zegoen Indianoa, hegian geldirik, guregandik hiru urratsetatik. Seska luzea zeukan, guri buruz zuzendua. Arrabariak higitu gabe, oraindanik ixil-ixilik zeuden. Begien aurrean dilindan ile beltz litsetatik behera, gorputz guztia zeukan tindadurazko gorri-gorria; gerriko soka batek hamaika hegatz bost koloretako atxikitzen zuen, zeinek sexua gorde egiten baitzioten. Sudurretik eskuin-ezker, baita azpiko ezpainpean ere, mokoa gora, hiru makurtutako elorri beltz zeukan.
Hiru untziak elgarretatik hurbilduak ziren. Pamacariaren gainetik ikusten nituen Guiscart, Mathias eta Joâoren aurpegiak, baita fusilak ere. Bihotza lauroinka ari zitzaidala bat-batean gorrotaturik ohartu nintzen.
Hegira berriz so egin eta, han ez zen gehiago Indianorik. Eta Prai Josek:
«Jadanik fusilak, Jean, jadanik fusilak, ihiztari bakar huts batengatik».
Nik berriz:
«Odola beroxegi...»
«Horregatixe beidur nauk, horregatixe».
Handik aintzina, hiru egariteak ibili ziren emekiago eta kasik brankaz-branka. Ixil-ixilik, arrabariak inarroska arrauka ari zirela, lemazainak ausartziarik gabe erasiak botatzen zizkien. Manolok fusilak ateratu-eta, frogatzen zituen eta sakelak kartuxetaz sakatzen. Jarraiki nintzaion Joseri so egin gabe.
Tapuyek ez gintuzten bixtatik galtzen, gure indar-ahalmenez jabetzeko bezala.
Bat-batean, Manolok esku-muturra zapatu zidan.
«Han, palmondoaren gain gainean, laister...»
Aurpegi gorri bat ikusi nuen, berehala galdua. Huakari bat zen beharbada, aurpegi gorridun ximinoa... Bainan ximino batek oihu egin zukeen.
Pamacariaren zolan jarririk zegoen Jose, sudurra belaunetan. Noiz behinka begiak altxatzen zituen niri so egiteko, bihotza hits. Joaten ginen beti ere aintzina, bainan ibaiaren erdi-erditik!
ALTA BADA BERRIZ ERE, AINTZINETIK EZIN ASMATUZKOA GERTATUKO ZEN: NEURKADA LILLURAGARRI HORI INARTATZEKO JOAOK TAFIA EKARTZEA ASKI IZANEN ZEN. BEREHALA INDIANOAK LEHERTZERAINO BELAUNKA EDO LOTAN IBILKI IKUSIKO ZIREN. USTEGABEZKO BEZAIN DEITORAGARRI IZANEN ZEN.
KARPALDERUNTZ HERRIXKA ONDOTIK IBILIKO NINTZELARIK, JOSE HIPAKA AURKEZTUKO NUEN, ETXOLA BATEN ZOLAN.
«URKA ALA TIRO, NAHI DUZUEN BEZALA».
GUISCARTEK ERABAKIKO ZUEN:
«FUSILAK! BEHARBADA IKUSGARRI GAITZAGOA, BAINAN HIL DEZAKETELA IKUSI BEHAR DUTE INDIANOEK».
Eguerdi irian, hegitik etorri zitzaigun hustu kantu tehenta ezin minago bitxi bat: lau nota itzuli mitzulika.
Txistu bat Amazonetan? Harritua nengoen. Eta Manolok:
«Xori bat ahal duk?»
Josek ihardetsi:
«Muren xirulak heltzen garela dio»
Oren laurden bat iraun zuela xirulak, ustegabetarik agertu zitzaigun mura herria, Japura eta igarape baten juntan, bere gudari denekin, denek guri so, geldi-geldirik, tindaz gorri-gorririk, arku-aztaz sagarroi. Tapuya bat ere ez zen gehiago arrauka ari: Prai Mathiasek piragoak bazterrez-bazter emanarazi zituen eta erran zigun:
«Ez zaitezte beldur izan, aintzinetik asmatzekoa zen hori guztia: nehoiz ez dira ustegabetarik atxemanak izan Murak. Horien aurrean leihorretaratu beharko dukegu. Ehun bat gudari Satanak bezain treberen aurkako gudukarik ez, alabainan, fusilekin ere ez! Besteak beste, bakar-bakarrik gara hemen, oihan basan barna, ezin ihesirik... Ez beldur izan alabainan... Jaunak zaintzen ari gaitu... Baketiarrak garela sinetsarazi behar diegu, gostaia gosta!»
Sineskaitz nengoen: gure fusilak eta Indianoen arku-aztak amesten nituela?
«Soropilaren puntan leihorretaratuko gara, eta gero aintzinatuko, emeki, adiskide gisa...»
ETXOLETARA OLDARREAN BAT-BATEAN OIHUZ HASI ZIREN, IZIGARRIA ZEN HEIAGORA. GERO, ETXOLAK, ELIZA, GURUTZEA SUAK HARTU ZITUEN.
IBAIRA ITZULI AINTZIN, BI GURUTZE LARRI EGIN ZUTEN INDIANOEK.
Bi ibaiekin batera, gudari gorrien lerroak belar horizko triangelu bat mugatzen zuen: bospasei itegun estalgabe haietan geziek ixpilingatuak izanen ginatekeen lurrean, gudurik izanen bazen!
«Gure taldeak baitezpada iduri dezan kaltegabekoa, armagabekoa nahi dut. Ez dira leihorretaratuko, Muretaratuko, Frai Jose eta biekin, bi Indiano pareak eta neskatxak baizik».
Ixiltasun xorta bat, eta gaixoak, denak, auhenka, Rufina eta Añarrosa hipaka... eta nik oihuka:
«Ez, ez eta ez! Gaixtagin ero ahalgekorra! Ahulenak aintzinean eman! Hilketa ergel desohoragarria izanen duk!»
Guiscartek elkorrarena egin zuen, bainan Prai Mathiasek deplauki ihardetsi zidan:
«Senhor Elixondo, nik hemen manatzen. Eta gure zaintzea Raoul Guiscarten bizkar ematen dut. Jarraikiko zatzaizkioke».
Eta Frantsesari:
«Bainan, otoi, ez tira lehenik!»
Sotana goititurik, Karmeldar zaharrak azpadura ixtapeka iragan zuen, eta Rufina, Añarrosa eta Indianoak jadanik zeuden untzian sartu zen.
«Zato hunat, Frai Jose».
Hau hainbat dardaraka ibiltzen zen nun Manolok lagundu behar izan baitzuen, egariteen aldatzean.
Kurutzearen seiñalea eginda, Prai Mathias Aita gureari lotu zitzaion. Nihoiz ez dut ahaztuko aldizkako otoitzetan geure bozen zurrumurrua.
«Jo aintzïna!» erran zion Karmeldarrak. Berehala Guiscartek:
«Gizon bi, Elichondo-Manoloekin, laister... Ederki. Untzi batekin igarape iragan, oihanbaz terrerainoxe, eta han geldi: Murengandik hurbil izanen zaratekete; tiratzen ahalko dukezue, gureentzat kaltekor izan gabe. Murek mehatxa baditzate, berehala tiro! Bainan, zerura, zerura, aditzen? Ni, beste untziarekin soropilaz bestaldera joanen naiz, Japuran. Nire bost fusilak atxikiko ditut tiroaldi larriago bat egiteko. Argi? Ongi. Zoazte, laister!»
Bi egariteak tipus-tapas abiatu ziren. Murak tente oraindik zeuden, pazientzia ezin ahiturik. Oihaneko matraila hirukoitzak tinkatutako ur hits horien gainetik, ixilkeria lehertzale.
Nik arrabariei ahapeka:
«Laisterrago, jo, jo!»
Soropilera jadanik jauzia egina zuen Prai Mathiasek. Ur kurutzera heldu ginen, tapuyekin untzian gelditzen zen Joâok leihorrera Indiano beldur-izituak aurtiki zituelarik. So luze luze bat igorri zidan Añarrosak. Haren begietatik jalgi behar izan nuen, etsitu-asaldaturik.
Bat-batean, Murak kexatu ziren; luzean ikustzaileak bezala, buruak ezker-eskuin ikusten nituen, Guiscarten untzia eta nerea barrandatzeko. Eta nik: «Laister! Laister!»
Proosione hauskorra abiatua zen, bi Karmeldarrak buru; neska-Indianoen artalde kordokaria gibeletik. Gu, ur bazter biketsuan gelditu ginen. Gugandik hogeitamar ixtapetan xutik egoten ziren gudari gorriek boz karranka eta lurrean jo eta jo oin hutsak entzunarazten zizkiguten. Beren gelditasun izigarria galdua zuten, itsas-kanazko puntadun aztak zalantzatzen ari ziren. Beren atzean, etxola hurbilenetako ziloetatik, haur-emazte aurpegi geldi batzu; sorotxaz bestaldean, gu bezala, zelatan Guiscart eta soldadoen buruak, bai eta beren fusilak ere, ikusten nituen.
ZERTAKO GOGOR EGIN?
class=oharra
ZERTAKO GOGOR EGIN?
class=oharra
ZERTAKO GOGOR EGIN?
GOGOR EGIN?
GOGOR EGIN?
EGIN?
EGIN?
EZTEIAK OSO LAÑO IZANAGATIK ERE, BI FAMILIAK, ASPALDIKO ADIXKIDEAK IZANKI, EZIN ALAIAGO IZANEN ZIREN...
ZERTAKO GOGOR EGIN?
AINTZIRA EZ ZEN ZABALA IZANEN, BAINAN OIHANEZ HERTSIKI INGURATURIK, UR EREMU BELTZ, GOGOR, ARGI IZPIRIK GABEKO BAT IDURITUKO ZUEN. ERDIAN, ZANKALUZ BAKARTI BATEK HATZ BAKAR BATEN GAINEAN LO EGINEN ZUEN. XINAURRIEK MIRAKUILUZ ETXETZAT HAUTU IZANEN EZ ZUTEN GOROLDI UNE BAT AURKITUKO NUEN.
JAUNTZI ARINAK KENDUKO NIZKIOLARIK, EZ NUEN HAREN AURPEGIA IKUSIKO, BIZKARREZ ARGIRA IZANEN BAITZEN. BAINAN GOROLDI OHEAN ETZANIK, DIRDIRATUKO ZUEN ARGITAN.
ETA PRAI JOSE EMANEN ZITZAION AUHENARI. ETA TIPUS-TAPAS PRAI MATHIAS EZTITU EGINEN ZEN.
ETA PRAI JOSERI SO ETA SO, ERRANEN ZUEN KONFITEOR BAT.
ETA PRAI JOSE EZ ZEN AUHENKA ARI IZANEN GEHIAGO.
ETA PRAI MATHIASEN BOZA ENTZUNEN ZEN, KONFITEOR ONDOAN, KREDOARI LOTUKO ZITZAIOLA..
ETA PATER NOSTER BAT ERRAITEN ABIATUKO ZELARIK, JOAOK HILGO ZITUEN.
Zinak eta minak nituelarik, belar gune erdian, esku hutsak gora, Mathias eta Jose aintzina joaten ari ziren...
Murengan bat-batean dei motz bat, lerro osoan kurritu zuen beso higidura zalu bat, eta terrepenki gure lau fusilek ihurtzuri-ukaldi bat. Begiak apaldu nituen, neure armaren kargatzeko. Berriz so egin nionean, Prai Jose besteetatik berezi zen: Aintzinean bakarrik, besoak zabal, trankoka ibiltzen zen, irriñoa ahoan, eta mura mintzairaz hitzegiten...
Gure tiroaldiak balditurik, baratu ziren Indianoak; haietarik bik, belauniko, hiru urte horretan ahaztutako lehenagoko obedientzia jestua aurkitzen zuen, arku gehienak ordea dardaratuak zeuden.
Bere boz larriaz oihu egin zuen Prai Mathiasek, tupi mintzaira eta umaua hizkuntza elkarrekin presan nahasten zituela:
«Arkuak lurrera! Lantzak lurrerat!»
Gudari lerrora heldu-eta, iretsia izan zen Jose: erdi-eroturik jauzi egin nuen hegira, belarrean laisterka hasi nintzen, erroetan behaztopaka, ziloetan kordoka.
Nire gibeletik Manolo eta soldadoen zango-hatsak entzuten nituen. Bat-batean, nire begi-belarriek dena nahasi zuten: deiadar itzuli-mitzuli, aztak besoak gorputz gorriak... Ez dakit zer nolako mirakuiluz tiroa eman ez nuen!
Gogoa berriz aurkitu nuenean, alde batean Guiscarten, bestaldean Manoloren soldadoak ikusi nituen; fusilen hartzekien kurutzatzean, nire aurrean, Muren erdian, Jose zen mintzo eta mintzo... Jadanik azta, arku eta gezi batzu ihaurri ziren. Sarraskia oraino gerta zitekeen minutu bat bazen nun gudariek tai gabe buruak zeihartzen baitzituzten, nun fusilak begiratzen.
Mura xarnegua zen Rufina aurrera bultzatu zuen Prai Mathiasek, hura ere mintzatzen hasi zen. Hurbiltzeko urrats bat egin zuten soldadoek, bainan Guiscartek, boz idorrez, geldierazi zituen. Eta gero, haurrak, emaztekiak, banazka etxoletatikeatera ziren eta gureganatu. Azken aztak lurreratu ziren. Josek besarkatu ninduen:
«Jainkoak entzun niauk, Jean, zoriontsuena nauk!»
Laisterka etorri eta, Joâok eta gure Indianoetatik bik armak biltzen zituzten.
Orain ere, hogei urteren buruan, egun hartaz gogoetak egiten ditudanean, bururatze kanore-gabeak harritzen nau; nola gudukatu beharra baztertu ahal izan ote genuen nago!
Badakit Indianoek ez zutela fusilen hilgailukeria ahaztu; Guiscartek ez tirarazteko odol hotza izan zuela; hogei bider gehiago ginela Murek sinetsi izan zutela Manolok zioela; eta Josek haien egon-moldea, mehatxua ezik, ez zela ongi-etorri zeremonia baizik izan.
Uste dut alabainan, Murak gudukaren, beha zeudela, eta nire tarrapataldiak gure sarraskitzera akulatu beharko zituzkeela. Hamaikagarren aldikotz galde hauxe egiten nuen egun batez, ihardetsi zidan Josek:
«Gaixo Jean, Ulertu nahi ez duana, Jaungoikoak egin zian!»
EGUZKIK AZOTATU ETA, SOROPILETIK ZEHAR BITXIKI KLANKATUKO ZIREN BI GORPUTZ GORRI IHESARI EMANAK BESTERIK EZ NUEN LEHENIK IKUSIKO, ETA GERO, BAT-BATEAN, HALEN ATZETIK, HAREÑ BURUA LURREAN PUNPAKA, BELAR ZIMURTUZKO ILDO LUZE BATEN MUTURREAN.
DENA ORROAZ ARI, LAUHAZKA LOTZEN NEURE HANKAK SENTITUKO NITUEN. ETA BATBATEAN, KOSK IZIGARRIA GARONDOAN... BEGI ONDOAN BELAR LASTO HAUNDI NAHASI...
NIREGANDIK BEREXIAK BEZALA ESKUAK, ARMI-ARMO GISA LURRAREN GAINEAN IBILKI... BURUAN GORA, PONPOIL LANBRO-BURRUNBA... XIMIST KOSK BERRIZ... DEUS EZ...
«ONA DA GIZON XURION JAINKOA. BERE APEZARI MINTZATU ZAIO. HOBEN GUTIEN DUTENEI BARKA ZIEZAIEN MANATU DIO. BI GUDARI HAUK BAKARRIK HILEN DIRA. BESTEAK LIBRO!»
KRISTO OINAZETSUAREN IZENEAN
Gau hartan gaizki lo egin nuen. Gudu ametsetan nenbilen, Indiano edo karlista nor ziren batak, nor ere besteak, zein taldekoa nintzen ez bainekien... Azkenean, Muren buruzagia nuen Zumalakarregi haundia, eta ni hari tiroka... Ingumak hartua ninduen eta pozik atzarri nintzen: Manolo ez zen gehiago nire ondoan. Boz harrabots batek kanporatu ninduen. Eguzkik jo dundun-ukaldia hartu eta, berriz ere ikusi nituen Indianoak, guregandik hamar metrotan ixilikako lerro geldi bat osatzen zutela: zelatariek bezain liluratuak iduritzen zituzten: hegitik hurbil, elgarri oldartzen ari zitzaizkion bi Karmeldarrak: Prai Mathias orro-oihuka, motelka, odol-kolpek jo bezala; Jose ordea, ezpata bat bezain tinkatua, gorputz osoaz dardaraka.
«Aski Xarnegu zikina!... Jasaten haut... Jasaten haut... Isilduko haiz... Agintzen diat, entzuten? Agintzen diat...»
«Hiltzea trabatuko dut! Ez dituzu gure sotanak zikinduko...»
«Ixilduko haiz... Neure menpean hago entzuten?»
Ez zuen alabainan amor ematen Josek:
«Jesu Kristo saltzen duzu. Odoltze hori gure eta Elizaren kaltetan izanen duzu!»
Bat-batean, Josek ni ikusi eta, bere begiak argitu ziren.
«Jean, hel! hel! Hiltzaileak geldiaraz!»
Mathiasek goihen-barren begiratu zidan; haren aurpegia haunditzen zela ikusi nuen, ileak zuri, ohalano hasarre batena bezain potzolo-putzulu:
«Ez dut bi apezen sarraskia gaztigurik gabe utzi nahi!»
Oihu egiten ari zen Jose:
«Handik hiru urtetan! Guk apezok urrikaldun izan behar! Gizon daude!»
«Nik manatzen ditut hobendunak bilatzea eta denen aintzinean hiltzea».
Ur hegian, lasaiki, pipaka, Guiscart ibilki ikusi nuen. Manolok aldiz, kokorika jarririk, so. egiten zidan, trufaka. Josek murmurikatu zidan:
«Gure Kristo maitasun-Jainko duk...»
Neure kontzientzia eta karguaren artean herstua nengoen. Hirugarren bide bat zelakoan, erran nuen:
«Haietatik batzu hil eta, beste Murak errabiatuak eginen ditugu. Gure egoera ez dago hain garbia, ez eta hain sendoa ere...»
«Zu, Jean Elixondo, zu zeu hola mintzo? Atzo hainbeste balentria egin zenuena? Geure indarra aldiz Murei erakutsi behar diegu, lehen egunetik harat geure justizia sartu. Izigarriki beldurgarri ager gakizkien gure Jainkoa eta guhaur. Bestalde, gogoan har ezazu arma guztiak dauzkagula, baita ere ez datekeela hoben aita hitzaileren zigortzea!...»
Jabaldura, boz noblezia eta mintzo ospetsua aurkitzen ari zen.
(Ohore-min-bera zelarik Karmeldar zaharra, Indianoak zainbiderik gabe zeudelako itsuskeria zela erran niezaioken, Kristoren maitetasunezko dei indartsua gogora niezaiokeen, zalapartaka ari nenkiokeen.. Berriz ere gaur, zinak eta minak aurkitzen ditut, berriz ere orroitzapenen samindura neurtzen dut, iraungi edo aldatzeko gure nahiari gogor egiten diotela).
EMAZTE BATEK OIHU LUZE SAMINA IRRINTZITUKO ZUEN, ETA PIXKANAKA, OSTE OSOA ABIATUKO ZEN GUREGANA... URRATSEZ URRATS AINTZINA, HAREN AURREAN, GURI BIZKAR, BI GUDARI ZUELA, KOKORIKA, ORDUZ KANPO PUNPATZEN ARI, IZANEN.
SOLDADOEK TARRAPATAKA ARMAK KARGATUKO ZITUZTEN.
IBAIRA ITZULI AINTZIN, BI GURUTZE LARRI EGINEN ZUTEN INDIANOEK.
GURUTZEOI JOSIKO ZIZKIETEN. ARGITAN ORDUAN IZANEN ZIREN.
BEGITARTEAN, BULARREAN, ODOL-MAILAK IZANEN ZITUZTEN.
IXTANT BAT, GELDIRIK EGONEN ZIREN, ZURI BURUAK BERMATURIK.
KONDUAK EGIN BEHARRAK IZANEN DIRA.
Prai Mathias mintzo eta mintzo.
Beti pipaka, Guiscart gelditu zen.
Begiak zabal-zabalik, gorputz osoa dardaraka, Josek bata bestearen ondotik begiratzen gintuen.
Guregandik hamar ixtapetara gelditzen ziren Murak, ulertu gabe entzuten gintuztela.
«Atzo salatze batzu xuxen xuxenak bildu ditut. Goiz honetan bururatuko dut neure iker-aldia. Eguerditan hilen dira. Hil-bidearen hautatzea zuen gain uzten dut: urka ala tiro, nahi duzuen bezala»
«Fusilak!» erabaki zuen Guiscartek.
«Fusilak! Beharbada ikusgarri gaitzagoa, bainan hil dezaketela ikusi behar dute Indianoek»
Holaxe amaitu zen jokutrialdi hura.
Ez nuen nahi izan galdeketaren denboran hor egon. Geroztik, Manolok kondatu zidan, itzultzaile baten beharragatik ere, errexkiegi egin izan zela: gezurra erran edo beren erranaldien gogorkeria ezti zezaketenik ez zuten iduriz asmatzen ere Murek. Prai Mathias bera durduzaduran zegoela omen zirudien.
Azkenean sei Mura berexi zuen, Manoloren ustez menturaxera... Lau zelatarik zainduko zuen etxola baten itzalpera joan ziren eguerdi eta heriotzearen haiduru egoteko.
Indianoen ostetik gaindi haien ibiltzeak sukarrezko harramantza sortarazi zuen. Ordu baten denbora palabratzen pasatu zuten, eta gero, denak batera ttuku ttuku etxolaren aurrean erronda erdi bat osatzeko joan ziren eta han egon, geldi-geldirik, ohartuki, zainak airean zeuden zelatarienganako ikusaldi bat ere gabe.
Jose etxolan sartu zen, kurutzefika eskuan. Epe luze luze baten buruan, ateratzen ikusi nuen, ezkibel, betizu bezala.
Ondoko gertakarietan parte hartu nahitaez behar izan nuen. Lau soldadok eta kaporalak hiltzea egin beharko zuten. Beste harmadunek egitea zaindu beharko zuten. Guiscart eta biok oihanbazterrean jarri ginen. Taulako beste bi kantoinak soldado batek eta Manolok zaindu zituzten. Erdi-erdian, Muren artaldea hil-Ihauteri batendako bezala.
Zelatariek inguratutako kondenatuen aurrean, emeki sartu zen Prai Mathias, lehen Indianoarengandik bi urratsetan baizik ez zen gelditu. Begitarte ilun-iluna zuelarik, haren ondoan jarri zen Rufina.
Gorputz gorri andana bat gohain-iguzkiren pean tente, fusilak barrandan, emazte xarnegua begiak behera, fraile soraioa, hori bai ihakina!
Eta Mathias mintzo:
«Aspaldi du Mura gudariek gizon xuririk hil izan zutela. Gizon xurion Jainkoaren itxura erre egin zutela ere, beren jinkoa bihurtu zenarena, alegia...»
Rufinak itzuli zuen, tehenta bereko boz nagiz. Hitz batzutan behaztopatzen zen eta anartean, Indianoak hasten ziren mutzika-xixaxoka. Berriz Mathiasen eskua gora; bere boz ozena ixiltasunean berriz karraska.
«Gizon xuririk hil dute gudariek. Bainan guztiz boteretsua dago gizon xurien Jainkoa, eta gizon xuriak gibelerat beti etortzen dira. Eta berehala fusilek gudariak hilko dituzte...»
Rufinak itzuli eta, xixaxokatzea enbata galerna bihurtu zen. Bainan Mathias mintzo berritan, eta berehala ixiltasun sakona jarri zen:
«Ona da Gizon Xurion Jainkoa. Bere apezari mintzatu zaio. Hoben gutien dutenei barka ziezaien manatu dio. Bi gudari hauk bakarrik hilen dira. Besteak libro!»
JAUNGOIKOA LAGUN BERRIZ ERE GURUTZEA SAO JOAO DO PRINCIPEN ALTXATUKO DUGULA BAINA EZ DUDALA ONGI HEL GAITEZEN HARI GALDEGIN NAHI HARK BAIZIK EZ BAITAKI GEROKO ARRAZOINEN ETA BERE ESKUINEAN GAUZKANON BERRI OTOITZ ORDEAN ELKARREKIN EGIN BEHAR DUGULA HASARRE GORROTO ZERNAHI MOTA GURE BIHOTZETIK BAZTER DEZAN BAITA GOGORTASUN ARRANGURA ZERNAHI MOLDE ERE EGIA ESAN JAUNAK BIDALITAKOEN SARRASKITZEAZ ETA GURUTZE SAINDUAREN ERROTIK EGITEAZ OSO OSOKI HOBENDUN IZAN ZIRELA INDIANO HAIK BAINAN BELDUR NAIZELA EZ OTE DITUZKEGU HILKETAZ HILAK MENDEKIOZ HARROKERIA HASARREZ SENTIMENDU GABEKERIA ORDAINDUKO.
ZONBAITETAN JOSERI SO EGINEN ZION PRAI MATHIASEK, HOBEKI KAUSITUKO OTE ZATEKEEN XARNEGUA...
AÑARROSAREN BEGIEK BEREHALA IHES EGITEN ZIDATEN...
NI NAGOELA ZERTAKO OTE GUREKIN HARMADUN BATZU APEZEK BAIZIK EZ LUKETELA MAITASUNEZKO MEZUA ZABALTZEN IBILI BEHARKO ESKU HUTS URRIKARIDUN APEZ MILA BIDER KOLPAGARRIEK JAUNEN JAUNA MARTIRIOA GALDATZEN DIZUDALA ESTIRA ETA HERIOTZEA EMAN OTOI IEZAZKIDAZULA.
Itzultzea igurikatu gabe, soldadoek lau Mura zizpa-ondoz bulkatu zuten; beste biek ondotik ibili nahi zutelarik, beren burua ikusi zuten lau fusilek inguraturik. Bat-batean, Guiscartek oihu motz bat egin eta, dena lehiatu zen. Oihan bazterreruntz kondenatuak lasterka bulkatu zituzten soldadoek. Gaitzeko zuhaitz baten pean, soka bat eskutan zain zegoen bi tapuya.
Basaki josi zitzaizkion enborrari bi Murak.
Hats-bahika, soka tira eta tira, jiraka ekin zioten zutoiari tapuyek; jadanik soldadoak lerrotan ezartzen ari ziren.
Bizkitartean arrabosta izigarria bilakatua zen. Indianoek guregana lasterka egiten zuten, oro keinu eta hurrubi.
Soldadoen fusilak dardaratzen ikusten nituen. Ni neu ere ikara nintzen. Beldur nintzen.
Iskanbilaren artean Mathiasen ahoa mugitzen ikusi nuen. Eta bat-batean, kondenatuak oihuka, zuhaitzetik askatzeko jauzika hasi ziren, lau fusilek ortzantza egin arte: Ihurtzuri ukaldia ixiltasun sakon erditik luzaz ozendu zen, ibaien pasaiatik bihurtu zen, eta oihaneko hiru ahoetatik oihartzean berriz etorri zitzaigun. Laisterketa baratu eta tente, Murek so egiten zuten: gorputzetatik bata soka zerrailuaren gainetik eroria zen, bestea zuhaitzari josia zegokion, zeiharka, mozkorti baten gisa, begiak zabalik zituela, matraila dilindan; odola soin gorritik inarroska jalgitzen hasten zitzaion.
Emazte batek oihu luze samina irrintzitu zuen, eta pixkanaka, oste osoa abiatu zen guregana... urratsez urrats aintzina, haren aurrean, guri bizkar, bi gudari zuela, kokorika, orduz kanpo punpatzen ari. Soldadoek tarrapataka armak kargatzen zituzten.
Alta bada berriz ere, aintzinetik ezin asmatuzkoa gertatu zen: neurkada lillurigarri hori inhartatzeko Joâok tafia ekartzea aski izan zen. Ustegabezko bezain deitoragarri izan zen. Berehala Indianoak lehertzeraino belaunka edo lotan ibilki ikusi ziren.
Karpalderuntz herrixka ondotik ibiltzen nintzelarik, Jose hipaka aurkeztu nuen, etxola baten zolan.
Biharamun goizean, soropilaren erdi-erdian xutik zegoen gurutze alimale latz bat. Ordu bat geroago, haren pean eman zen lehen mezan parte hartzeko, Mura emaztekiek bular-hankak gure kotoin-oihalkiez gorde izan zituzten. Baita batzu ere, hegal batez burua estalgitzen saiatzen ziren, Añarrosa eta Rufinaren gisa.
Bere herriaren lana antolatzeko laister egin zuen Prai Mathiasek.
Joâok banakatzen zituen azote-ukaldiek sustatutako Murek eliza bihurtuko zen hei zabala eraiki zuten, argi-tirrintatik gau arte kirriskatuko ziren hiru gaitzeko orga egin zituzten, oihan zati zabal bat labakitu zuten...
Landatzeko erretzekoak ziren bi itegun hesol-hesiz inguratu behar zituzten.
Indiano batzuk egunero beren untzi mehatxekin arrainkari joateko baimena bazuten, libro. Haur-emazteak alabainan bahi gisa zeuden.
Zaurituak, eriak, haur lanez akituak artatzen ari zen Añarrosa. Josek, berriz, lan neke eta apalena berezia izan zuen: labakitze ezin bururatuan Murekin batean, eskuak odoltsu bihurtzen zitzaizkion.
«NAHI AHAL DUZU,... NAHI BADUZU... HEMENDIK HURBIL DAGOEN AINTZIRA BATETARAINO ELKARREKIN JOAN BAGINTEZ...»
GURE INDARRA MUREI ERAKUTSI BEHAR DIETELA HIL DEZAKETELA IKUSI BEHAR DUTELA INDIANOEK IZIGARRIKI BELDURGARRI AGERTU BEHAR DUGULA BEHARBADA IKUSGARRI GAITZAGOA IZANEN DELA BAINAN GUZTIZ BOTERETSUA DELA GURE MAITASUNEZKO JAUNGOIKOA ONA DELA GIZON XURION JAINKOA APEZEK URRIKALDUN IZAN BEHAR.
ETA NI
MANEX ELIXONDO
ONDO
ONDO
ONDO
ZU JEAN ELIXONDO ZU ZEU HOLA MINTZO NI NEU MANEX ELIXONDO HOLA EZ MINTZO.
GAIXO JEAN ULERTU NAHI EZ DUANA JAUNGOIKOAK EGIN ZIALA
EGIN ZIELA
EGIN ZIGULA
EZ ZAITEZTE BELDUR IZAN? AINTZINETIK
ASMATZEKOA ZELA HORI GUZTIA?
GUZTIA?
GUZTIA?
GUZTIA?
(jarraikitzeko)
|