Mertxika arbolak loratzetan
Auxtin Zamora
Amatto,
arima, higialdi batez,
eskaini ninduzun,
nigar xorta bat.
Harritu nintzen ikustearekin:
neure burua naukala,
osorik eta biluzirik,
nigar xorta horren barnean.
Uraren firfirekin,
argiaren miliar ximixtekin,
zure matela
hildokatu ondoan,
ixuri zen
neure esku ahurrera,
erle batek,
desestekatzen duen
erremulia osto urdin bat bezala.
Geroztik,
badakit,
amatto,
mertxika arbolak loratzetan,
amodioz edo bihotzminez,
begiak bustitzen zauzkitalarik,
zonbat,
«ni, haur» naizen
«zu, haurrez» iduria.
N.B.: «ni, haur, zu, haurrez» idaztean,
pentsatu dut, nihaur, zuhaur, guhaur... hitzak
direla, bizi guziko, gure haur denborako
itxurak, igortzen dauzkuten miraila batzu.
|