L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 4 (1983-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

 

Harrientzat...herrientzat

 

Manex Lanathua

 

Harriekin ezkondu ziren,

lehengoak,

aitzinekoak,

maitale paregabe horik,

maite zituzten zuhaitzen izerdi ezin sortuak,

lurraldetako errauts gazitsuak... eta,

gau argienetan,

izarren mihiseak hedaturik zaudenean,

zazpi sorginen hedagi miragarritik,

bildu zizkiguten,

josi, errespeturekin,

amodioen morteroaz...

 

Polliki eta prezioski,

Haur sobera maitatueri bezala,

oihal dantalezkoak eman eta inguratu zituzten,

gu, hainbat hoztuen,

bihotz gainera...

 

Harriekin ezkondu ziren haiek,

izerdizko destrenpuez

busti bazituzten beren emazte pollitenak

zergatik semeek ez zuten berdin egin?...

Ez dituzte segitu,

ez dira haieri berdindu,

ederrez edo ohiturez

plazetan boneta buruan baldin badoaz ere...

 

Gerezi gorrienak jan ondoan,

zenbat gerezi ondoren izerdi sortua,

ez dute lurperatu...

 

Debalde, su ondoko oihal dantalezkoak,

debalde, aitzinekoen ezkontzak,

geroztik, denbora joanez,

zazpi sorginen gau argienak ahantziz,

maitasunaren zizelez,

ez du nehork geiago ebaki harririk...

Herri hontako,

xixelkarien kantuek,

nola eta nundik,

xarmatuko dituzte

hego haizea eta ilargia?...

Harriekin ezkondu ziren haiek bezala...

 

Nik,

joan nahi badut,

lehengoek piztu didaten su ingurura,

ezkont nadiela baserri sakratu honen,

harrien,

destrenpuari.

zazpi izarren,

zazpi sorginen,

oroitmenez...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.