Neska papo gorria
Jon Casenave
Pinpalagoitiko neskatoei kondatzen zaien ipuina:
Alaba maitea, zu neska sortu zara. Jaiotzean, mutikoek bezala hezur haragiak jantzi dituzu zure burrasoen amets ederrena gorpuzteko. Amarengandik jalgi eta, labe gorri bat piztu zaizu bularretan, hontan airea lantzen baituzu irets eta botaka etengabeki, iraganari gero bat emanez arnas hartze bakoitzean. Gero, begiak ireki zaizkizunean mundu batez jabetu zara bainan oso ausarta izan beharko duzu zeure mundu hortako gain azpiak, alderdi guziak miatzeko. Horregatik zara beso, esku eta zangoekin agertu, xendrak oro kurritzekoak baitira, gauza den denak hunkigai zeru honen pean. Denborarekin leguna eta zaila berexi dituzu, baita ere idorra bustitik, halaber hotza berotik. Aratsalde euritsu amaigabe ilun batez, orroitzapen sortzaile den zomorroaren biziaz ohartu zara, zure burumuinetan kokaturik daukazulako eta zutarik hartzen baitu jatekoa. Ordutik hara, zorigaitza eta zoriona, damua eta itxaroa, zutitzea eta erortzea ezagutu dituzu. Amentsa, gauza guziz bitxia eta nekez azter daitekeena, amentsa ere hazi duzu harek zutaz eta zutarretaz loa bete dizulakoan. Horiek denak barneratu eta, giza bihotzarekin buruz buru egin duzu. Gorputza mugakorra da hein batean, axaletik noski, zeren haur ontziaren gau isila eta haragi zainen lan itsuak neurtu ezinak baitira. Giza-izpiritua ere izarkor litzateke bilatuz geroz, bainan giza-bihotza ezin daiteke neurt; zertan sarraraz nahi zenuke? Odola zabaltzen duen haragi puska hortan? Zure egitate onetan? Bainan orduan zer egin zure itzaletaz? Bizi osoan giza-bihotza topatuko duzu bidean; zure baitatik jalgitako sendimen basa eta itsuetan edo berdin «bestearen» gorroto, maitasun eta eskastean.
Horiek oro ukanki; zuk eme izanik, beste ondasun zerbait badaukazu zeure barrenean. Jaiotzean xori arraultzea bazenuen bularretan kokaturik. Hats hartzearen medioz, arnasaren labe gorrian emeki emeki xitatu da, ondoan xori ttipi bat sortu zaizula papoan. Horregatik, ume koskorra zinenean eta astakerietan zanbiltzelarik xori buru deitzeri zintudan. Xorikume horrek emaiten baitie xoxokeri poxi bat neskato gazteei. Egun, xori hortaz mintzo natzaizu ezen ohartu bait naiz haren biziaz jabetzekotan zaudela. Bada urte bat iadanik hona hara ibiltzen ikusten zaitudala, horri karrakatzen, hari lotzen larrua berritu nahi bazenu bezala. Ez zaitela izi alaba, gertatu behar diren gauzak biziko dituzu hemendik hara, xorikumea lumatzen hasia baita. Zure adineko nesketan guziz iratzarririk dago xoria eta eztarrian mokoa luzatzen dizue; horren ondorioz zaretela kantuz aritzen udaberriko goizetan; horregatik ere, haurtzaroko kontuak baztertuz zabiltzate, irri berriak eta ahapetik aitortzen diren ele ezkutuak estrenatu beharrean.
Alabatxo, zure barreneko segeretuaren gorde nahian, ilun eta hetsirik etxe guzian ibilki ikusten zaitudanean, nire gaztaroaz gogoratzen naiz amultsuki. Ni ere, berdin nenbilen, nire bularretako xoria amaren galdeetatik zaindu nahiz. Nire baitan ere hegalak zabaldu zizkidan xoriak, hegal luma finak, tinko orraztuak; bi ttunttur jalgi zitzaizkidan goiz batez xorikume hegoen ezaugarri, axaletik goxo goxoak, mutturretik, xorrotxak. Bainan hegalak luzatu nahian dagoelarik, bere azken hatsetan daukazu xoria, toki eskasez hilen baita.
Eta gau batez, haren odol beroa galduko duzu zure baitatik, sabel behe guzia bustiko dizu azken inharrosaldietan. Ordutik hara zeure bizi proprioa biziko duzu.
|