L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 4 (1983-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Ezkargi hiltzalei
zuzendu manifestoa

 

Itxaro Borda

 

Elizetan, meza bururatu eta ezkargien hiltzeko badira tresna egokiak, burdinezkoak. Orduan jainkoaren etxe bizia iluntzen da, hiltzen bezala. Beretterrak garantsi handia dauka lan hortan. Zergatik hori aipatu? Pentsatzen dut euskaldunek fedearen ritoei lotu parabolak dituztela hobekien ulertzen. Sarrera ederra manifesto baten hasteko.

        Euskal herri saindu honetan, elizaren menpeko manera berdinak hartu dituzte buru on batzuek argiak gordetzeko. Aurki ditzazkegu hamabost bat pertsona kultura mailean guzien gostuen berenen arabera finkatzeko. Gizon kato-matxo horiek euskaltasunaren azken harriak izan nahi dute. Eta euskal kultura aspergarrian itzaltzen bada haien kulpaz baizik ez da. Hanbat hobe naski...

        Tortugen maskorra ematen dute kultur munduaren inguruan, hain hertsiki non inork ez baitezake konpromitu gabe zila. Hori literatur alorrean, musikaren zelaietan eta artegintzan. Duela berrogei ta hamar urte moldatu zituzten normak, eta haietan baratuak dira. Ordea badakite mugimendua berantekin biltzen, hala nola Jon Mirande luzaz sufri ez zezaketena orain kontzientzia ona ukaiteko airoski eta solas nasaiez errekuperatzen dute. Azkenean eraiki model horietan sartzen ez bazara, kanpoan zaude etsai amorratu bezala konsideratua...

        Ez ditut ezkargi hiltzale horien izenak zerrendatuko, haientzat aski ohoragarri bailitake, eta ez baitute aipatzea merezi. Besoetan dituzten ordulariak betikotz arrestatuak dira. Oligoz betetzen dute mekanismo guzia.

        Erraten dute kritikaren beharra badela, kritika laudatzalea bistan dena. Norbaitek senditu dituenak, gaizki edo ongi, azaltzen baditu, diote jeloskor bat dela besterik ez, idazten ez dakiela, euskara sakratua ez duela ontsa menperatzen, etab... Elkarri karamel goxokiz bizkarrak torratzen ari dira, beraien itzulia etorriko deneko, ezkargi hiltzaleak. Ez estona gero, euskal literaturak edo kulturak aurrerapenik ez badu, irakurle eta ikusleek interes gutiago dutela baskoen gauzetan. Kritikak finitzen dituzte «badute mereximendu», «Jainkoari eskerrak» eta «segi hola hola» erantsiz. Iduriz eta Jainkoak baduen zerbait ikustekorik gai horietan...

        Gora, gora orduan «gure» antzerkigile abangoardiakoak, bertsolari goizegi zenduak, monzontxiki paisoladunak. Gora denak... Sistema osoa horien inguruan altxatua da, kasik ehun urteko kalonde beti gazte denarekin mila parasito daude, apez defrokatuak, dotore euskaldun fededun kasko pelatu tipikoak, beren legitimitatea frantsez diplometan oinarritzen dituzten sasijakintsunak. Gora denak... Zorigaitzez, parasito zikiratzaleen artean gazteagoak eeere aurki daitezke. Zorigaitzez, edo zorionez beren promozioarentzat... Egiazko paraxutistak.

        Negar egitekoa lizateke, zinez, ez bagenitu pizti horiek umorerekin hartzen. Badira bakarrak irriz hil izan direnak, ote da euskaldunen kasua... Ordea herri honetan ez ditu ironiak gauzak baloratzen, idazlea desbaloratzen baizik. Hemen ixterrak hertsi, hemen espainak hertsi...

        Manifesto honek gogorra iduri du, eta funtsean hala da besteak zion eran. Ez dugu kalitate, sapore gutienaren aterbean gure burua galtzera utzi behar. Negar edo irri egitea bazterturik, has dezagun borroka, ez herriaren askatzerakoa, finean errezena baita, baina izate bakoitzaren askatzerakoa. Ahoak idek ditzagun, pentsatzen duguna agertuz, gibel asmorik gabe. Urak, mendiko xirripak bezain argi izan ditezen. Gorputza mintza bedi, eta ez bakarrik burumuina, baita ere haragi ikaraduna!

        Nere jokoko kartak mahainean zabalik pausatzen ditut, Hordago erranez. Konpromi guzien kontrakoa naiz; gobernu edo euskal sistemarekilako kolaboratzeakin, aski dela uste dut. Hesten dizkiguten ateak utziko ditugu, eta gelditzen zaizkigun medioekin ariko gara. Alor hortan herriko kaseta eta errebistak baliatuko ditugu, oraindik aski irekiak baitaude. Publikotik, irakurleetarik libre egonen gara artegintza xoilaren salla segitzeko. Maitasuna erranen dugu, eta zeruko izar magikoak, eta mendi lainotsuak, eta itsaso marrumatsuak...

        Hitzak dakarren barneko musika azkartuko da, arpegien larru zimurrak argiak markatuko ditu, karriken erdian solasen haria egiago ahainduko da. Espera dezagun, espera. Behar bada balio du, portura iritxi aintzin gure barko ahula hausten ez bada behintzat.

        Manifesto honekin bat datozenek beherean firma bezate, bizitzaren enkre briolin bihurriaz.

 

1982

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.