| 
 
 
Helas
 
 
 
Itxaro Borda
 
 
 
Arima kartzelatuz lurrezko eltzetan
 
Galdu nintzen solasen bidexka beltzetan
 
         Ixildu nahian bihotzeko mina.
 
Ibili naiz herrian sarraskiak gordez.
 
Irria erakutsiz negarraren ordez.
 
         Gozatu, beharrez ahoko samina.
 
 
 
Ez dut ikusi ura itsasora husten;
 
ibaiak bere zilo bekaiztia uzten
 
         Ekiak begiak zizkidan zerratu;
 
Senditu dut ordea zorion beroa
 
Indarrez segurtatu azkarren geroa
 
         Ondotik pasatzen nintzen lerratu...
 
 
 
Helas, banintz ibili haien urratsetan
 
Ez nindaike egonen mendien hatsetan
 
         Beleak asetzen eta bakarrikan,
 
Hastean alta nuen eskuetan giltza
 
Baina ateak hautsiz debalde,gabiltza
 
         Iretsiko dugun saldari harrikan...
 
 
 
Nere barneko mugak moztu ditut denak,
 
Kendu maitasunak sor zitzazkeen penak,
 
         Jabaldu ikara bizian nuena,
 
Haragia barnean, harria kanpoan
 
Aterberikan gabe beha nola doan
 
         Etxea beldurrez errea duena!
 
 
 
Erranen dute berriz naizela zoroa
 
Ez baitute entzunen hutsaren orroa
 
         Arrazoi dutela sinesten dut araiz,
 
Inutil banabila arkaitzen artetik
 
«Bizi naiz» oihukatuz erraien partetik
 
         Ttipiki badakit; baina bizitzen naiz!
 
 
 
              
             |