L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 6. Garazi (1984-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Osebaren bizikleta
eta gure anaiaren otoa

 

Jojo Goyheneix

 

Hilabete hau txarra dugu ez, primadera begi klixkaka ari. Bena ezin fida! Nork errain zien henegun aratsaldia ikusi-ta, bardako aiuta heldu zela? Eta barda preseski, kaskoan hazka nindagolarik, hamekak irian, jakiteko zer behar nuen ixkiriatu, hasi dira denek entzun duzketzuen burrunba eta xixtiak... Atxx! Zer aiuta ez zen? Segur kanpoko aro! Hamekak eta erdiak iriak joiten du telefonak. Ene anaiaren emazte gaia zen. Hemendik hirutanhogoi bat kilometretarik arranguraturik ari. Anaia joaitekoa zitzaion ikusterat, bainan denbora txarra izanez eta, lanak berant aire finiturik hamarrak et'erditan partitua zen. Eta gaixo nexka, konpreintzeko baita, berantetsia.

        — «Ze partitia baita! aro hunekin! Oiho-ama. Iten nintxin ba etxen geldituko zela araiz»

        — «Baaraiz, berant bena partitia duxu. Ez xitu hortan uztekoa gio!»

        — «Bo! bo! Nik harriturik behaixit egon Ze! aro hunekin zeait gertatuko ziakoxu»

        — Etxitela hola arrangura. Engoitik urrandia duxu. Debria! Iraunen dixi ba! Boh! oto hunaikin-ta badixi holako bat ikusirik ba! Zer da? Oren bat bide! Otoan ttotto berogian eta horrat-ta ez hozteko irriskurik aintzina».

        Ni nihauna gogoan ez nintzan ez sobera anaiaz urrikaldia egiaren erraiteko. Ordian kontsolatzeko eta idurikatzeko kundatu dakot Oseba Ellanderen ixtorio bat...

        Ene oseba Ellandek, duela hogitahamar une, emazte gaia Ezterenzubin zuen, eta bixtan da, gostaren gosta, Lekunberritik Ezterenzubiraino bidaia egiten zuela, egin ahala ardura. Bainan ez otoan! mendiz, ardurenean oinez. Zonbait aldiz zaldiz edo mandoz. Hori henkako bidea zen! Bertzenaz bertze bidea Donibanen gaindi zen, inguruan! Bena hori bekan zen bizikleta bazuelarik edo hun zuelarik. Hori «otorruta» zen, okasione haunditakoa. Beraz berhilabetea zen eta Otto Ellande'ren espos bezpera. Aña Mariri hitzemana azken atsian eginen zuela itzulia. Hala! bihamuneko xehetasunak pikoan zuzketen ba, segurrenik bainan halere! azken aldikotz...

        — «Etxi balio maitia bihamunian akitia izanen xira eta bizikleta hautsia duxu»

        — Akitia ni, Ehee! Eta bizikleta galdeginen dixit ba Frantxuari. (Hau auzoko lagun bat zen). Azken aldiaindako prestatuko diaxu ba! Jinen nuxu ba!

        — Baia»...

        Eta kabal soñuak goizik eginik, abiatu zen ilun nabarrian Frantxuaren bizikletean... «Azken aldikotz emazte gaika...». Bena denbora txarra zen eta barda beno ez entrehalian txarragoa. Amak so egin zion partitzian, borta aldartzetik bena ez zaion gomendiorik egin. Seme azkarra zuen eta biharamunean ekarriko etxekandere xarmanta...!

        Ba ba beha! Ez baitzen aroa alegiaka ari... Ortzantz euri eta haize. Boh! Donibaneraino gainbehera diat eta eztituko duk ba araiz. Egituk abenduan». Altzietarat orduko trenpan zen. Bena boh! esku batez bonetari beharritaraino tiraldi bat eman eta saka. Ortzantzak jo tiro bat, Ellandek irrintzina. «Bihar atsean Aña Mariikin nuk». Ezterenzubiko plazaraino heldu zen. Han haatik bizikletatik jautsi behartu. Haizearekin ez zitaken geio gainen egon eta dupan bezala ilundu zuen. Eta Frantxuaren bizikleta huna! bena argia Eiheralarrean pasatzean baratia zitzakon «Bon bon! hiru oren laurden huñez eta han nuk! Ahinduko dik ba sarriko». Engoitik emana zuen Ellandek, beharbaino doblia denbora geio bidean, bena aintxuño heldia zen. Ikusia zuen hantxet beste pahatan argi ttipi-ttipi bat. «Hua sukaldeko leioa etxe pekaldeat emaiten duena». Bena orai ez zen geio ageri, ezen oihan arte batean sartia zen eta erreka pasatu behar. Hor kasu! Zubi txar-txar bat bazen frango gora eta aintzina, neguan, sahets bat galdua.

        Beraz, hortaaz gioz ez baita sekula fidatu behar, Ellande'ek nolazpait zubi mutur bat atzemaiten du, bizikleta hari kokatzen eta abiatzen da aztaka, itsu-mandoka, untsa lotuz, haize asto horrekin, bi eskuak libre behar zituela zubi horren ikertzeko. Heldu zen ba, beste bururat, bainan artean, haize ufako animale batek bizikleta urerat aurtiki!! Ordian ze erran zuen Otto Ellandek, ez du kundatzen, bena nik uste, tirahala españolez mintzatu zen eta, zerbait gisaz zubi perat jautsi, laharren artetik, urrako eta zarrasta, erori eta xuti! Frantxuaren bizikleta ikertu zuen han berean, eta, pedala bat falta! Españolez berriz hasi, ez! Nigarrez hasi ez! Biak ito zituen, gizon azkarra zen Otto Ellande... Tirabiraka bizikleta atera, bizkarrean ezarri, boneta segurtatu eta kurri. «Bihar esposatzen».

        Gero bere, ixtorioan Otto Ellande'ek pasaiaño batzu huts egiten ditu. Hala nola Aña Mariren ganat heldu zelarik. Hor ez dakit xuxenik. Hasteko euskara garbia zitaken. Kasu!

        — Bena ordian Maitia, huai, huñez joan beharko duxu mendiz eta bihar goiza ixtantean jinen duxu. Ordian etxu luzaz egon behar hemen. Gaizoa! aski duxu bizikleta hemen uztia...»

        — «Ze Frantxuaren bizikleta... ddia ddia! Ez ez! Hartuko dixiu behar den denbora, deus ezpalitz bezala eta bizikleta hori eremanen dixit gibelerat. Hoop! Bego, ahantz-zkitxu horiek, utz-zkitxu enetako! Huai hemen gitxu biak, eta bihar...» Arte huntan, pasatu zitezken bizpahiru oren aisexka. Eta Ellande, karkulaturik noiz partitu behar zuen argiko Lekunberrin izaiteko, abiatu zen, bizikleta bizkarrean, bidexkari petigora. Aroa eztitua zen eta Ellanderen urratsak ez ziren orroit bezperako edo nehoizko akidurez. Lekunberriko mendi kaskorat heldu zelarik ohartu zen haizea ez zuela entzuten geio, bena bere burua kantuz! Alta ez zuen usaia haundia kantuz artzeko. Bana iduritzen zitzaion Buruntzan beheiti urratsa luzatuz, kantari haundi zela eta kantari haundi zen!

        Argi zirrinta etxerat heltzean. Ama gaixoa jeikia zen ba jadanik! Ikusia zuen Ellande heltzen, gainbehera bizikleta bizkarrean. Ez zuen amak xehetasun beharrik. Otto Ellande bortara orduko, jin zitzaion kikera bat eskuan, irri amultsu batekin: «Hor hiza gaizoa! To hau, batik ba beharra». Kikera erdikala putxuz betea zen.

        Egun goizean, zortziak irian, etxeratu da ene anaia, otoan, begitarte dispos batean lanean artzeko. Untsa lo egina eta orraztatua, esplikatu daut emazte gaiak ez duela nihuntik ere utzi, holako denbora txarrarekilan partitzerat. Alainan!

        Hor ikusten ditut nik bi gauza, puxka bat diferentak, ene anaiaren eta osebaren artean. Otto Ellande'ek emazte gaiaren ganat behar balin bazuen ainitz penatu, etzuen haatik haren etxen edo harekin pausatzeko xantzarik. Ene anaiak aldiz, ez balinbadu emazte gaiaren ganat heltzeko biziki penatzerik, izanik ere biziki urruno pausatzen ahal da haren etxean, edo harekin.

        Aroa ez da ez lehendanik kanbiatu, denborak dira, denborak kanbiatu!

        Anaiak edan du kafesnia etxerata, bainan ez dakot putxurik eskaini!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.