Kastua tüpü
Itxaro Borda
Bertso berri batzuek noa kantatzera
bihotza alegera solas plantatzera,
zazpi urtez nerekin egon da atzera
orain joan dadila porru panatzera
Herriko pesta batez nuen ezagutu
(ardo gorri gehiago otoi emaguzu)
kolpo hura edanik usu naiz damutu
geroa mintzo bada, neretzat da mutu
Urtean behin ginen bi biak ikusten,
katilua ginuen elgarrekin husten
ordea herdoildurak markak ditu uzten
zakil eta aluak direla lanpusten!
Pentsamazu Katixa, hau bitza dela
zer nahi gerta ere, iduri igela,
zazpi urte hauetan berari fidela
nehor hunkitu gabe gelditu naizela!
Denbora joana zaut oi ze negarretan,
hari amets egiten ohe meharretan,
edo nihaur goxatzen ordu zeharretan
trankil etzanik urak busti belarretan!
Alafede Katixa karkuletan nago
zahartuago eta gaur abiltzenago
atxiki nahi banau beti hurbilago
etorri beharko du segur ardurago!
Fini dira neretzat, akabo xangrinak
fini ere haiduru egoiteko grinak,
auzo xarmantarekin termine ezinak
bideak zila bitza gure atseginak!
Bertsutan ariz dela bertsutan ikasten
apezek asko dute hortan irabazten,
bertsolari gazteak hitz ederrez hazten
segi bezate beraz, bertsoa ikazten...
Aritzen naiz bertsutan herriko zokoan
gauak dituen irri negarren zozoan
gizon batek uzten nau, beste bat gogoan
daukat eta aintzina egunen mokoan!
|