L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 7 (1984-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Lur Man...

 

Itxaro Borda

 

Jonek alderdi guzietan, eta naski haizeen aurka, lurra malte zuela oihukatzen zuen. Aditu nahi zioten beharrieri bere lurra gustatzen zitzaiola zion. Lurra, Aturri eta Ebro artean, iparretik hegora luzatzen zen eremu zabal hura.

        Laket zitzaion herriko zelai, karrika, mendi eta plazetan ibiltzea. Bere herria ez baitzen besteak bezalakoa. Jonen iduriko zerbait gehiago bazuen. Ekaitzetan sufritzen eta euri zarametan atsegin hartzen zuen herria zen hau. Inguruan zabiltzan jendeek nardaturik entzuten zuten, bere lurraz maitemindurik zabilan Jon hori. Zioten burutik joana zela, eta horregatik bitxikeria haziak ereinak zaduzkala kasko zokoan. Ordea, berarentzat, Jon etzen mentsa: ongi bazakien lurra maite zuela...

        Batzuetan, bakartasun latzean negar egiten zuen, «beste» madarikatu haiek etzutelakoan konprenitzen, edo ez konprenitu nahi, kasik berdin baita ondorio kondu... Eguntto batez joan zen herriko bideetan, behin eta behin, bere lurraren edertasun gorde, intimo, misteriotsua miresteko. Punta elurdunean saiak haragi usteldu puska bat partekatzen ikusi zituen, ibai garden bat segitu zuen bere harpe hotz ilunean gerizatu iturriraino, ostatu keztatuan patxaran baso gordin bat klikik edan zuen, neska eta mutil oparoak begiztatu zituen; Jon etzen sekulan enoatzen bere lurreko bidexka errautsuetan ibiltzen. Nahiko zuen «besteak» ez bezala herritik atzerrira ez joan, lan bila edo zorion eske. Ez joan... lurra maite baitzuen!

        Beti hitz berak zituen espainetan: batean, bere lurra ama bati konparatzen zuen, bestean bere kide elkorreri salba zezaten galdegiten zioten. Delako «kide elkorrek» herri diferentak, lur aberats desberdinak zituzten gogoan, eta Jon bakartasun zuizidagarri batean uzten zuten.

        Jon, azkenean, «beste» haien itxura hustu horietaz nekaturik bide bazter batean jarri zen, zeinulili brioleten artean. Lurra haztakatu zuen bere bi eskuekin; buztin mokor bat hartu zuen eta ahora ekarri. Lehen ahotra iretsi ondoan, ohartu zen lurra zintzurrean behera arras zailki jausten zitzaiola. Pentsatu zuen: «beraz 'beste' madarikatu haiek lurra jastatu dute jadanik, eta ona etzenaz geroz erabaki beren lurra etzutela maite!».

        Jon tematu zen. Lurra maite zuen. Belar multxo bat kendu zuen lurretik, eta jan behi komun bat balitz bezala. Zeinulili eta orroibelar sorta bat ere ahoratu zuen. Urrunago joanik, bere urratsak ibai hegian pausatu zituen. Urak berriki busti lur puska bat hartu zuen... A bai! lur bustiaren gustu fresko sukratu hori; eguzkiak kixkaildu, xigortu, legortu lur busti hori: bere lurra zen, hain maite zuen lur hura!

        Ondoko asteetan zehar, udaren beroak izerdi perlak ferekatzen zizkiola, lurrez ase zen, egunero haragi eta ogi baino lur gehiago zeman tripara. Zizareak, har malatsak, sator hilen zitzi pasatuak, denak jaten zituen. Janari aberatsez hazten zen ordu haietan. Lehenago gosea bazezagun, bideetan «lurra maite dut» oihukatuz zabilalarik adibidez, orain etzen horrelakorik.

        Urte baten buruan hurbil, lurrez baizik etzen asetzen. Lagunik etzuen, adiskiderik ere ez. Mundu razionalean gelditu ziren haiek, geroaren beldurrez. Besteak, gizonak hiltzen ziren bezala desagertzen ziren, beren herio ederraz, azken hatsa jabeari itzuliz naski. Jon bizirik zagon. Noiz arte?

        Landa irauli batean, ildoen erdian jarri zen ondarrean. Besoak, zangoak, tripako gantzak eta hertzeak, burua, begiak, belarriak lurtuak zitzaizkion, denak salbu bihotza eta ahoa... Hauek ez ote ziren gizona gizon sendi arazten zuten elementuak? Nork daki, behar bada ez... Esku lurtuaz, bere gorputzeko beste zati lurtuak jaten zituen, kasik bera konturatu gabe, bere buruaz asetzen hasi zen. Zangoak iretsi zituen, korpua, besoak, eriak; ahoak bihotz lurtu berria iretsi zuen, biloak, begiak, belarriak iretsi zituen, eta azkenean ahoak ahoa iretsi zuen...

        Lurrak bere erraietan hartu zuen Jon gizaizo maitemindua. Lurrak emanak oro jaten zituen, etzuen sekulan aserik. Oraindik ere, landa ospetsu hartarik, laborari anonimoak, udalatzen duen aldikal, golde pean Jon zenaren oihu eta garrasi lurtuak entzuten ditu, «lurra maite dut» deiadarkatzen dutela.

        Lurra maite zuen...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.