L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 7 (1984-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Trein in Vain

 

Itxaro Borda

 

Taxi urdin batek geltokiraino ekarri ninduen. Beti bezala, Pariserakoan, bakarrik nindabilan. Etxekoek lan sobera bazuten nere segitzera, etortzeko. Eta, bakarrik nindagon, maletak eskuan, Baionako itxoingelan.

        Kanpoan euri fin bat zegien, begietarik jarin negarrak bailiran. Besterik gabe. Bustia, larruko zilo guzietan sartzen zitzaidan, azala freskatuz eta arpegia bera disdiraziz. Ez nintzen trixte. Geltokiko giroa melankoliaz betea zela aspalditik ohartua nindagon. Ez nuen, ere, trixte izateko arrazoinik!

        Pentsatzen nuen, uda minean kurutzatu gizon hari. Idazteko gutizia eman zidala, euskaraz eta erdaraz izkribatzera bultzatzen ninduela, bi hizkuntzetan atsegin berdinarekin. Lehenagotik nuen erdararen herabe hura ezabatu zidan ondarrean, eta pozik nindagon. Ez nuen erdaraz, oraindik, mirakulu handirik egiten, baina emeki emeki...

        Jendeari behatzen hasi nintzen, nere burutazioetarik ateratzeko. Bazoatzin haiek ere maletak, eskuan, zerbait maitasun balizkakoren bila. Beharbada, so beltz batean, noizbait, aurkituko zuten beren heineko zoriona —bakoitzak bere neurrikoa atzemaiten duelakoan—. Gehienak jarririk zagoden kasetak arinki irakurtzen, edo zigarro rubiak erretzen; besteak harat-honaraka ingurumena hurbildik miatzen. Hau dena teatro italiano bat baizik ez zen, comedia dell'arte bat, gizakiaren kondaira latza antzezteko leku anonimoa. Horregatik, mixterio lilluragarri horrengatik asko gustatzen zitzaizkidan trein geltokiak. Bai eta hor edaten diren kafe expresso meharrak...

        Azkenean, guziek igurikatzen ginuen trein-korail hura hegotik etorri zen, errotak burnizko ardatzetan saminki sufriaraziz. Eskuak belarrietan ezarri nituen, hiltzen ari den abere orro luzearen ez entzuteko. Erraietan min zemadan burua inharrosten zidan, gogoa eskubitik ezkerrera zilatzen... Jendeak mugitzen ikusi nituenean treina gelditua zela konturatu nintzen. Hotza. Bihotza. Zorrotza. Arrotza.

        Maletak eta kioskean erosi B.C — B.G aldizkaria hartu nituen. Treinera igan nintzen, izigarriko xinaurritze hortan galdua. Arras xinaurritua naski. Maitaleak elgarri muxu samurka. Konpania honetan, ordea, ordua ordua da: zein zaila den bereztea, urruntzea, hurbiltzea, joate xoila. Trein batek daramana, halere, iparretik beste batek kaiertze berdinera dakarkizu...

        Ni ere maitemindua nintzen, eta Auzterlifzen nere maitea nere zain ukanen nukeen. Esperantza bat baino gehiago, ez segurtamen osoa! Ibilaldi luzean, hari baizik ez nuela pentsatuko eta halatan zazpi orenak laster iraganen zitzaizkidala gogartu nuen...

        Treinean, leihoari hurbil jarri nintzan. Ondoan, Akizen, adineko emazte pulposak lekua hartu zuen. Aldizkaria irakurtzen narraikan; beti berri berak: Libaneko gerla, Tchadeko gerilla, Khadaffirekilako solasak, Edmond Mairen sindikatuari buruzko artikulu sakona, Paris Saint-Germain futboll taldeak nola Torinoko Juventusa bina goalekin menperatu zuen, Koxeluis Borges argentinoa zergatik, aurten ere, ez zen Nobel sariaz ospatua izan, eta, «Jediren itzultzea» Lucasen filma berriaz egin kritika larria...

        Aldizkaria nere belaunen gainean pausatu nuen, eta jadanik Bordelen ginela ohartu nintzen. Jakin banu «Magazine Hebdo» hura ere erosiko nuen, ikasteko gertakari horietaz guzietaz zer zioken eskuneko aldizkari dirutsu horrek. Baina debalde!

        Nere ondoko emaztea mintzatzen hasi zitzaidan, Parisera zoala erran han lan baitzegien Frantsesa arrotzeri erakasteko instituto batean. Nolaz nik ere euskara erakasten bait nuen udan, gure metodo berezietaz arizan ginen hizketan... Ixildu ginenean pentsamenetan urtu nintzen: ardurenean, jendeak beren bakartasunetan gortzen dira. Hitz bat eta, segidan, haien elaire galernatsuak gaindi ez-dezakeen leize bat irekitzen diozute. Badugu, orok, mintzatzeko beharra, gerizatzen gaituen barrakia hauts ez dadin. Prolema norbait beroren atzemaitea da, baina denak keinka berean gaudela jakinik, hitz bakar batekin aski daiteke... Ez daitezke solasak bihotzean metatzera uzten ahal. Zamak badira partekatzekoak.

        Dino Buzzattiren «Tartaroen mortua»tik:

        «Drogo ohartu zen, zein neurritaraino gizonak bat bestetik bereziak dauden, elgarrentzat duten samurtasuna gatik; ohartu zen nor edo nork sufritzen badu besteak ez duela sufritzen, eta bere minak bere bereak direla, nehork ez dezaiokela laguntzarik ekar; horrek degiela bizitzaren bakartasuna...»

        Neketan erabili hitzek negar egiteko gutizia eman zidaten. Nik, alta, ez nuen sufritzen. Alde batetik bai: nere maitasunaren berria ez bait nezakeen zabal munduari. Hori aski zitzaidan. Emazteari buruz itzuli nintzen, eta konturatu nintzen joana zela, edo behintzat ez zagola gehiago nere ondoan. Beste jarlekuetara luzatu nuen soa: berdin, nehor ez zagon trein hontan. Pentsatu nuen, gogoaren baketzeko denak Saint Pierre des Corpsen jautsiak zirela, eta leihotik beha gelditu nintzen...

        Ingurumena aldatu zen. Ez ginen Tourainako eskualde lasaietan ibilki. Urrunago gindaizkeen. Oihan orlegi hezetsu batean sartu ginen, arboletan sugeboa koloretsuak baziren eta uretan krokodil gosetiak. Lurrean haztu autobide zabal baten hegitik pasatu ginen. Non nindagon, nora nindoan, ala ez nuen sekulan Auzterlitzen maitea berriro besarkatuko? Eskakintzak nahasi zitzaizkidan buru zokoan... Trein hau ez zen amets bat. Ametsak negizkien iratzarrean ere, baina gaurkoan, Baionan treinera igotzean ez nuen ametsik egin. Egia zen. Beldurtu nintzen, eta beste bagoietan zehar jendeak ikusteko abiatu. Nehor. Inor. Lokomotiban ere gidaririk ez zagon. Trein erotu honetan bakarrik nindabilan!

        Bide bazterrean, gizon-emazte talde batzuek, zituzten lastozko etxeen atarritik, nere treina agurtzen zuten. Azal gorriak: sumatu nuen hauek ez zaitzekeela nere herriko bizidunak, nahiz nere herriko toki bakarretan lurrak indioen larruaren kolorea duen...

        Non nindagon, nora nindoan...

        Treina gero eta lasterrago bazoan. Argiaren lasterrean. Makina ez nezakeen kontrola, tresnerian ez baitnuen deusik ezagutzen. Nitan ez nukeen sekulan horrelako antsirik nabaditu, edo senditu. Beldurra. Bizitza. Treina. Izidura bezalako gogortze batek hartu ninduen, burutik, bizkar hezurrean gaindi, aztaletaraino. Zailegi zen, denborak menperatzen ninduen, ez nuen segitzen ahal. Bakarrik nindagon, beraz, galaxia galgarri honetan, eta nik bakartasuna ez nezakeen gehiago jasan. Lokoman erori nintzen...

 

end of life...

 

        Komatik atera nintzenean, treinik ez nuen ikusi. Treina bere lasterrak hautsi zuen. Beti berdin zen: iratzar orduan ohartzen zinen zerbait faltatzen zitzaizula, ez gauza materialik ordea, baizik eta gauetan amesten dituzun gaien kolorezko itxura imaterialak. Eta ohar ez zaitekeelarik hila zinen jadanik.

        Gaitzeko buruko min batekin zutitu nintzen, urrats nekatsuka lurgain hormatuan ibiltzeko. Ez nakien, funtsera eta, ez nukeen jakin nahi ere, nora nindoan. Aurrera hegoruntz... Norbaitekin solasean artzeko gutizia nuen, edo behintzat, oihuka inguruko mendiak inarrosteko. Saiatu arren, ez zitzaidan hitz ozen den mendrenik jalgitzen zintzurretik. Alta beldurra bera joana nuen.

        Bat-batean, haur denborako amets-inguma bat bailitza, lurrak zangopetik ihes zegidan. Hutsera eroriko ote nintzen? Bai, ezpazioaren neurria galdurik, borrobilka erortzen ari nintzen, hutsak tiraturik. Nahiko nuen, bazter hotzeri lotu, baina eskuak kotoizkoak nituen eta ez naukan indarrik aski. Erortzen ari nintzen... Hutsaren kolorea, urdina zen, geroxago grisa, eta ondarrean beltza!

        Orroitzen nintzen nola, amarekin ogika nindoalarik, errege bidean, ehorzketa beltz bat elurrean pasatzen ikusi nuen. Auzoko gizon zehar batek azken hatsa elurraren lehen lumak teilatua hunki zuenean eman zuen. Orroitzen nintzen, berdin, larrazkenetan, elge irauli berrietan zein beltzak ziren zizare eta marmuxka airean bazabiltzan beleak... Orroitzen nintzen, omiasaindukari, herriko elizan tela beltza desplegatzean kantatzen genituen hitzetaz:

 

                «Jauna, betiko heriotzetik ni begira

                jinen denean izigarriko egun hura

                zu etortzean mundua sutan jujatzera!»

 

        Erraietan ikara kontrola ezina sortzen zitzaidan aldikal.

        Nere erorketa etengabean, gaina eta behera nahasirik, gizon aguretu bat kurutzatu nuen. «Aita!» asmatu nuen. Zaintzen ari zen sutik, ahurra beteka, hartu hautsa begietara aurdiki zidan. Itsutu ninduen. Begietarik sufritzen nuen iragan udan bezala.

        Gelditu nintzen. Begiak eskuekin torratuz garbitu nahi nituen, baina ezin. Agureak besoetan tinkatu ninduen, eta bere ahoko tu gaziaz hain laster galdu nuen ikusmena eman zidan. Ibai zabal baten ondoan ginauden, eta inguruan mortua hedatzen zen. Ortzaizean palmatze orlegiak ageri ziren. Pentsatzen nuen hau dena bitxikeria bat zela, ohitan mortuetan ez zela horrenbeste urik, eta arbolak arras bekan zirela. Ez nuen dudarik: honaraino heldu eta aintzina joan behar nuen. Bizitza borroka zen...

        Zauri guziak jabaldurik, ibai hegian agurearen eskubian jarri nintzen. Ez nuen goserik, ez nuen logurarik, ez nuen maitasunerako desiorik. Ala hutsak Jainkotu ninduen? Negartzeko gutizia: baina malko iturria bera agortu zitzaidan. Horrelako lasaitasuna...

        «Aizu, neska, munduan zehar ixurtzen diren negar itoiz guziak ibai honek egunero eta gauero, eguzkiaren ibilera hurria segituz, sortaldetik sartaldera daramatzi...» erran zidan agureak. Ez nuen, aspalditik, solas berdinik entzun edo irakurtu. Kontsolagarri. Mintzatzen zarraikan: «Diozu, neska, nehork ez zaituela maitatzen, egia daiteke, baina jakin ezazu ilargiak zaintzen zaituela. Hura ez duzu abandonatuko, bestela gauaren bakartasunean zoratuko da. Arrastiri arrosetan, igortzen dizun irri bakezaleari ihardetsi behar diozu. Eta ilargiak bere lur errausdunetan, gerizan, hartuko zaitu!» Espainetan irri bat sortu zitzaidan. Egia zen, gauak dantza arazten zituen astre urdin hori sobera ahanzten nuela...

        »Bizi zaren herrialdetan, batzuek baldin badiote gaizki daramazula zure idazle saila, ez kasurik egin: zuk zurea atera behar duzu, eta besteek berena. Horrela bakuntasun xoiletik at betikotasuna eta unibertsaltasuna ardiesten dira. Ez kasurik egin otoi...» Nere baitan «zuk zurea» hitzek haragia mailukatzen zuten.

        «Gainera bizi zaren herrialdeetan zuk uste baino gehiago jendek, zuhaur bezalako xoriburu arinek, maite zaituztete. Baina zure urgulu mentsean nahiago dituzu etsaiak kondatu, hertzetan daukazun haserrea kanporatzen eta menperatzen laguntzen zaituztelakoan...».

        Urari sogin nuen, han nere gorputz harrek janaren itxura bait nakusan. Soa luzatzearen bortxaz urgaina zimurtu zen, agerpena irentsiz. Agurea ixildu zen. Keskati nion behatu; nolaz hain ongi ezagutzen ninduen pasatu zitzaidan kaskotik. Eta nere pentsamenak haren muina hunki balu bezala berriz mintzatzen hasi zen:

        «Badakit, neska, munduan bazabiltzala galdua, indar bero guzien jostagailu, eta zure destinoaren giltzak edozein lan debaldezkotan, edozein sabel ilezuetan bilatu nahian. Badakit dena neska... Lehenik, behar dituzu egin dizkizuten minak sendatu, gero aurkituko dukezu arraileriaren hormak preso atxikitzen dizun zintzotasuna, eta azkenean zure pentsamenetan edo zure ekintzetan hainbat falta zaizun sakontasuna eta gelditasuna...».

        Lehen aldia zen ezagutzen ez ninduen batek horrelako hitz saminak ahozkatzen zizkidala. Inguratzen ninduten alegiazko lagun-adiskideek nere eguneroko zirkoaren beharra bazuten, eta hein hortan konplexanki, dena baiesten eta onhartzen zuten. Ni erregearen zoroa nintzen, haien zorokeria osoa bizkarrean nakarrela!

        Jadanik agure hau maite nuen. Ibai ertze honetan, mortu hutsean pausatzeko gogoa nuen, askatasun berriaz asetzeko, jainkoen bakeaz betikoz mozkortzeko. Baina agurea zutitu zen erranez: «Orain, neska, zoaz! Nerekin gelditzen bazara, nere hitzen esklabo bilakatuko zara... Bakoitzak badu bihotzean gordea norbaitekin partekatzekoa duen askatasun abarra. Zoaz, neska, hortik duzu bidea. Abia zaitez palmatze hartaruntz eta han hiri bat atzemanen duzu». Eta agurea ondarrean desagertu zen. Berriro bakarrik nintzen. Beti bezala naski. Alta oraingoan segurtamenak banituen. Ordea ez nintzen ozenki mintzatzen ahal. Ixilik egotea ote zen barneko sakontasunaren prezio garratza?

        Sekulan atzera sogin gabe lasterka banindoan. Laster, lasterka. Mortuan pistarik ez zagon, baina ez nintzen galtzen. Bi egun berantago hiriko burdinezko ate pizuak ikusi nituen. Jo nuen, eta emazte oihaltsu batek ireki zidan:

        — mortuti k nator...

        — zoroa zara, ez da inor mortutik heldu. Mortuan dabiltzanak sableak bereganatzen ditu, eta jainkoek ere ez dakite zer bilakatzen diren han zenduen hezurrak!

        — egia da, mortutik nator, eta ibai zabalaren hegian agure batekin solastatu naiz...

        Horiek aditzean, ateak hetsi zizkidan. Alta, lehenago ez bezala, egia nerrasan, eta zintzoa nintzen. Jo eta jo segitu nuen; gaua jautsi zelarik, nere bakartasunean hila, zeru argitsuan ilargiak zegidan irriari ihardetsi nion. Bakarrik, baina zoriontsu...

        Urteak eta urteak pasa zaitezkeen, ez nuen gehiago deusetaz axolarik, deusek ez ninduen munduari lotzen. Deusek. Lurreko bizidunek, egia baino, komedia nahiago zuten. Nik ere azkenean, gauzak, ekintzak errezagoak eta jendeekilako harremanak hurbilagoak baitziruditen. Normaltasun baten eskuratzeko, gogoak baketzeko gure usteak eta gure sinesteak auzoen araberakoak behar genituen...

        Ez nuen gehiago deusetaz axolarik. Agure hura mortuan topatu nuenetik komedia/one woman show berezi bat ematen nuelakoan, tauladarik eta ikuslierrik gabe. Nehork ez ninduen txalotzen, huxtukatzen, nolako ezazolkeria! Bidea utziz geroztik, xendraz-xendra banindoan, bihotzeko manu mingarriekin teman, mailu batekin gerillero denak puskatu arte... Ez naukan ezpazioaren eta denboraren ideiarik. Neurrietarik kanpo nintzen. Ez nakien noiz hartu nuen Baionan treina, zergatik eta nor zen Auzterlitzen zain ukanen nukeen nere maitea! Axolarik ez. Orduan pentsatu nuen, nik ez banuen munduaren beharrik, munduak berdinki, ez zuela nere beharrik. Hiri hertsiaren burdinezko ateetan etzan nintzen, eta azken ordua idurikatu nuen. Lasai...

 

the west...

 

        Noizbait, ateak irekiko zituztelarik, nere hezurrak aurkituko zituzten eta damutuko zitzaien, ez baita norbait laguntzarik gabe, gosez eta egarriz hiltzera uzten. Erranen zuten, halatan, haien arteko iraultzalari bat nindaikeela, harri-tailu bat eraikiko zidaten, marmolean «requiem» idatziz, eta munduko jakintsun handienek komentaturik nere obra osoa argitaratuko zuten...

        Hil nintzen beraz gosez eta egarriz.

        Hil ninduten.

        Hil...

 

...is THE BEST!

 

        Bigarren aldikoz iratzartu nintzenean, goiza zen eta etxean nindagon, ohean mihise gozoetan etzana. Ohartu nintzen medikua hor zagola, bizpahiru erizainekin. Ni eri? Ez nuen nehoiz eritasun gaixtorik ukan... Eri ni... Medikua beharrira mintzatu zitzaidan «Odol asko galdu duzu... Badu bi hilabete koman zaudela...». Nion eskatu: «Zer gertatu zait?» «Baionatik Parisera zoan treina desbideratu zen, eta berrogei ta zazpi hil kondatu ziren. Zu lore bat bezala bizirik gelditu zara, eta esperantzaren perfusioekin bizirik atxiki zaitugu...» Nekatuegi nintzen hizketan segitzeko. Xurxuriz altxatu liburutegira sogin nuen. Dante, Biblia, Prevert, Breyttenbach, Axular, Zola eta Machado hor zauden nere zain, Txillardegiren gramatikak eta Gartziamarkezen «Ehun urte bakartasun» delakoa. Gehienik gustatzen zitzaizkidanak oro. Lokartu nintzen...

        Begiak berriz ireki nituenean gaua zen, eta gizon-emazte eter usantsuak joanak ziren. Ohe ondoko muble gainean iranja borrobilak baziren. Nituen indar ahulekin, bati azala kendu nion, eta ixter bat jan nuen. Iranjaren gostua! Agureak: «Ilargia maita ezazu, harek maite zaituen eran!» Ganbarako leihoa zabaldu nuen, ilargiari irri bat zuzentzeko. Han zagon ilargia, tente potente, itxuraz zoriontsu...

        Pentsatzen hasi nintzen. Zutik. Dena ametsa ote zen? Agureakilako solasak, nere gosez eta egarriz hiltzea... Dena ametsa, koman nintzelarik egin ametsa. Ez nezakeen sinets. Ibaia, mortua, zintzotasuna, sakontasuna, gelditasuna, agurea, hiria, heriotza. Biharamonean argi zirrinta batek berotu zuen nere gela. Beleak, beltzak, elge irauli berrian kroakroaka bazabiltzan zizare eta marmuxka. Medikuak, beren tresna hotzekin etorri ziren, eta elgarri «Salbatu dugu» zioten.

        Nik ametsa egiarekin batu nahi nuen...

        Eguerditan, salda lodi batekin bazetorrela amaren arpegia ezagutu nuen. Mirakulu bat zela zion, otoitz egin zuela eta herriko apezari Jainkoak bizirik atxik nindezan meza ixil bat manatu. Denbora batez nere aitamak hastiro nituela gogoratu zitzaidan. Orain ez nuen, ordea, hirarik. Denak barkatzeko gai nintzen.

        Hortik harat, egunero, leihoratzen nintzen, kanpoak eta bazterrak sutan ikusteko, haize hegoaren bufadak matel mehatuetan zartakoak bezala hartzeko, eletrika hariaren gainean pausatu ainara multxoen kondatzeko. Emeki emeki, zutik nindagokenean, karrikan behera abiatu nintzen, UHANE ibairaino, zubipe hartaraino, han larrazkeneko uraren murmurioaz betetzeko... Iragan guziaren orroimenak galduak nituen, eta punduz-pundu denak neretu behar nituen. Euri zegien arratsaldeetan, liburu batean kartzelatu argazkieri beha egoten nintzen... Banakien, segurtamenekin, noizbait iragan bat ukan nuela!

        Halere mixterio bat bazen: liburutegiko tauletan gizon baten fotoa bazagon, bere handitasunean irriz ari zela, geltoki batetako kaiertzean hartua. Ez nezakeen aurki, nor izaten ahal zen, behintzat non kurutzatu nuen, edo nola. Ezer. Alta, nere bizitzan noizbait asko kontatu zuela ziruditan...

        Medikua astean behin heldu zen. Pikura bat zegidan, eta berriak eskatzen zizkidan. Ibaiaz, mortuaz, agureaz, hiri hertsiaz, nere heriotzaz mintzatzen nintzaion. Irri aire batekin, eskutatzen ninduen. Finitzeko beti erraten zuen: «Arren, dena ametsa da. Ahantzi behar duzu!» Negarrez nerrasan: «Ahantzia dut jadanik. Dena ametsa da...». Eta bazoan bere sinestetan azkarturik. Ez zuen deusik konprenitzen, ibilaldi bitxi bat negiela, zintzotasuna, sakontasuna eta gelditasuna aurkitu nituela. Harek: «Dena ametsa da!».

        Etxean mahatsa bildu zuten, eta ardo minkara jastatzera eman zidaten. Ai ardo berriaren saporea! Basoak gaindikan edaten nuen ardo hortarik, bihotzean, orroitzapenak berpizteko. Banan bana, guziak, jeikitzen ari ziren: festak, manifestaldiak, ixtudiak, idatzi nituenak... Eta argazkiko gizonaz? Ezer... Artoa ere sartu zuten kribetan. Gogoratu zitzaidan orduan arto landa batean, haritzen maldan ipularrean, argazkiko gizon harekin goxo-goxo ibili nintzela, haren zakila gogortua arto buru emankor bat konparatuz, eta nitan hedatu zuen ur guri beroa arto zango bati ebatsi hosto batekin garbituz... Ez nintzen segur halere. Behar bada hau ere ametsa zen...

        Arrats batez, Parisetik norbaitek telefonaz deitu ninduen. Bere kaiolan bihotzaren pilpirak senditzen nituen. Hura. Argazkiko gizona. Bai. Hura zen bai. Telefona eskuan natxikaneko haren boza ezagutu nuen, eta agur erran orduko guziaz orroitu nintzen. Treina, Baiona, Auzterlitz, Parise dena, nerea. «Hilen artetik piztuaren abotsa daukazu!» zion, ala ez zakien zer gertatu zen bidean. «Badu horrenbeste denbora... Uste nuen ahantzia ninduzula. Zergatik ez didazu telefonatu ez zinela heldu errateko, zure arrazoien azaltzeko. Kaiertzean zure zain egon naiz, eta mila orduz deusik ez... Esplikazioak behar ditut». Harek ez zakien. Treinaren desbideratzea, ixtripua, koma... Pena nuen haren arpegi zoragarria (neretzat) trixte asmatzen nuelarik. Ez nion minik egin nahi... Nik ere maite nuela ihardetsi nion, bizi osoan harekin gelditzeko xedea naukala, haurrak sortuko nizkiola, zintzotasuna eskuratu nuela eta berriro treina hartzekotan nintzela bereganatzeko...

        Bai zintzotasuna, sakontasuna, agurea, hiri hertsia.

        Argazkiko gizon hura nere maitetxoa zen...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.