Eskaintza
Daniel Landart
Ohituak izan gara
poesia eta olerkia aipatu orduko
beste mundu batetan sartzen.
Hitz pollit, hitz bikain, hitz goxo
eta orozbat goi-mailako,
poesia lilluragarriak
iduri zuen ez zela guretako.
* * *
Jainkoaren onezia; Andre Dena Maria
Zeru gain urdin garbia
Noizbehinka agertzen den hortz-adar baten grazia
Xorien kantua, haur ttipien irria
Itsasoko uhin burrukalariak...
Mendi tontorren zorrotza,
Isturitzeko, Gorbea eta Santimaminako
harpeen eder eta hotza.
Baratzetako loreak,
Neska gazte paregabeak,
Maitasuna eta iraultza...
Horra poesiaren egoitza!
* * *
Zorigaitzez, urrezko poesia hori,
langileriakez dezake irakur, ez dezake maita...
bortuetako arrano ospetsuen pare,
gure buruen gainetik iragarten baita!
* * *
Beraz zer egin, zeri lot? Hau da lan bat zinez latza.
Baina non nabil, zer diot?
Zabaldu nahi dizuet bihotza:
Nik ere;
Etxean lantegian, herrian
egunero erabiltzen ditudan hitzak
elkarri josi ditut, elkarri uztartu
eta badirudi
«poesia» ez den «poesia» bat dela sortu:
LANGILE POESIA.
Har-ezazu irakurle, den bezala:
mamia eta... azala.
Har-ezazu eta agian xurga
bere...
gatz-biperrekin!
|