Aprendiz
Daniel Landart
Hamalau urte baizik ez nituen
Donoztiritik Baionara etorri nintzelarik
gogoa ilunik
inprenta batetan aprendiz sartzeko,
ofizio «on» bat ikasteko,
hots; langile bilakatzeko.
* * *
Ordu arte familiakoekin
baserrian bizi izana nintzen.
Nantxet, lau mendiñoren erdian,
Otso-Zelai aldeko bakean,
bakean eta... hatsaren gainean,
gure behi, zaldi, ardi, zerri
oilo, ahate eta gaineratekoekin...
* * *
Gure etxean, denok euskaraz hitz egiten genuen,
euskaraz bakarrik
Eta arratsetan; behi deizten ari zelarik,
aitak biziki maite zuen euskal alorreko
kantu zahar edo berrien xaramelatzea
eta guk haien entzutea.
* * *
Gure zokotik ez ginen maiz ateratzen'
funtsean hauzokoekin gurutzatzea aski zitzaigun
dela belar, ogi joite ala arto-xuritze
elkarrekin ederki akomodatzen ginen!
Baina nekazaritzatik kanpo, tirrit.
Ez genekien hiriko bizia zer zen,
are gutiago lantegi bat zer zitekeen...
* * *
Alta; hazaroko astelehen goiz batez
(bihotza pil pil eta erdi-negarrez)
mundu berri baten ezagutza egin nuen,
edo bederen,
ezagutzaren egiten hasi,
ene buruari galdetzen niola
non deabru sartu naiz ni?
* * *
Langileak, gehienak urdinez bezti
makina haundien aurrean edo ondoan
ari ziren, ari ziren serioski
batzuek begibazterraz so egiten zidaten
besteek kasurik ere ez.
Jaun batek erakutsi zidan ene laneko lekua,
eta frantsesez zerbaixka erranik,
bakarrik utzi ninduen erdi-zozotua.
Ez nakien batere
zergertatzen zitzaigun...
Horra, horra zein xinpleki
baserritar «nagusi» baten semea,
aprendiz egonik humilki,
bilakatu den langilea.
1975/VII/12an
|