Andere haundi
Daniel Landart
Andere haundi, andere haundi
Andere haundi bat iduri
Itzuli-mitzuli...
Begi-keinuka, ardura deika
Andere hori ari zait neri
Itzuli-mitzuli
Dena tripustelkeri.
Andere haundi, andere haundi
Haundi bezain itsusi...
Itsusi, itsusi
Suge eztena, zaia beltzak
Heriotzearen hortzak
Andere hori, andere hori
Ezin dezaket ikusi
Baita zinez beldurgarri.
Andere horri, andere horri
Iheska nabil, iheska
Noiztenka, noiztenka...
Baina ba dakit ba dakit garbi
Bihar edo etzi
Andere horren beso artera
Beharko dutala erori...
Erori, erori.
Andere horrek, andere horrek
Behin betiko
Bereganatuko nauenean
Egun batean
Ez dut nahiko
Lorerik
Nigarrik
Are gutiago
Laudoriorik.
Ehortz nezatela, ehortz nezatela
Langileak, LANGILEAK
Ehortzen diren bezala
Xume-xumeki, xume-xumeki.
Eta zilo barnean
Geldituko naizenean
Bakar-bakarrik eta hotz-hotza
Hotz-hotza
Zuen bizitzak segi beza,
SEGI BEZA!
1975/V/26an
|