Ez zen arras besteak bezalakoa
Daniel Landart
Goiz batez ez zen lanera etorri...
Nahiz, zendako harri
Denei gerta daitekeena da hori.
Eta beraz gure artean,
mila estakuru harrapatzen genizkion...
Baina, hamarrak irian,
berria zabaldu zenean,
denak trantsituak gelditu ginen
ortzia gainera erori balitzaigu bezala!
Rafael hila!
Rafael, gure lantegiko lagun bat zen.
Hogei eta bi urte.
Mutiko ixila, apur bat herabe...
Begitarte beltzaran eder batekin,
Ileak luze-luze...
Maiz ameslari,
(Aingeru bat iduri)
Gorputzez ongi egina
Hots: gazte zinez atsegina.
Baina... besteek ez duten zerbait ba zuen
edo hobeki errateko
«ez zen arras besteak bezalakoa».
Zer zuen bada,
nola aitor, nola erran?
Horrelako «gauzak» gordetzen dira...
Edo hanbat gaixto bestela!
Baina Rafaelek ez zuen gorde
Ez eta gorde nahi ere...
Harentzat zirela beraz
laido, mehatxu eta golpe!
Zenbat irri txar, trufa gaixto
Goizean hasirik, iluntzeraino...
Baina Rafaelek ez zuen deus erraten.
Funtsean zer erran zezakeen?
Nahi ukanik ere, ez genuen utziko!
Eta aldi oro,
haren begitarte gozo argia
lano batetan galtzen bezala zen...
nigarra zuela lagun.
Halere artetan,
erdi-karrasika bere errabian
oihu egiten zigun
«Utz-nezazue bakean; utz bakean!»
...Debaldetan !
Eta azkenean,azkenean
nekatua
etsitua
minaren minez zoratua
familiatik eta laneko lagunetarik
baztertua
mundu hontan zinez galdua,
Ikusirik
bere zorteak ez zeukala aterabiderik...
soka bat erosi zuen
eta...
Goiz batez ez zen lanera etorri.
«Ez zera arras besteak bezalakoa»...
Orduan konprenitu genuen
Zein lazgarri daitekeen
Homosexual baten korapiloa.
1976/II/14ean
|