L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 8. Donibane Lohitzune / Ziburu (1985-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Allande eta 3 astronomuak

 

Larzabal

 

Allande... gaizo Allande! Orotan ezagutua zen Allande ikazkina. Halako gizon tchar bat, erdi konkorra, zango batetik maingu, ahal bezalako galtzak soinean, bethi athorra mokas eta galtzerdirik gabe.

        Asto bat bazuen, beltza, asto harekin karroa, eta karro hartan, ikatza garraiatzen zuen hirirat. Goiz guziz, eguerdi inguru artio, haren boz meharra ez zen ichiltzen karriketan: «Ikatza merke! Merke ikatza!»

        Haurrek batzuetan, trufatzen zuten, edo harek bezalako oihua eginez edo urrundik haren astoa manatuz. Jende haundiek ere emaiten ziozkaten arteka kitzika-aldi batzu: «Allande; zure asto eihartu horrek bazter guziak usaintzen ditu.» — Eta Allandek aire berean: «Behazu, anderea, aski duzu ahotik hats hartzea.» — «Alo ba. Allande, zuten erasiatzen hiri-zainek, noiz ikasiko diozu zure astoari bidearen eskuinetik ibiltzen?» — Bainan errefera han zen laster: «Egungoan barka dezozue, jaunak... Bihartik eskolarat egorriko dut.»

        Hola zen Allande, deusez, ez nehorrez acholarik gabe, dena ditcho, jikutria eta bitzikeria, bereziki chorta bat zintzurra beheiti egorri ondoan; orotaz hartua eta maitatua.

        Denbora hetan, jendeak nahiago baitzuen ikatzarekin baino egur idorrarekin berotu, buru-hauste frango bazabilkan, bere ikatza ezin salduz. Etcherat itzultzean, ardurenik, irabazi diruek arrabots guti egiten zioten bere galtza tchar perazatuen sakeletan. Beharrik ez zuen haurrik! Andre Katicharekin, bi biak bizi ziren ttattola pobre batean.

        Ahatik Allanderi ez zitzaion galdetu behar ean non bizi zen. Laster ihardetsiren zantzun: «Jauregi eder batean.»

        Eta futcho, ez zen baitezpada gezurrez mintzo. Jauregi bat bazuen, bainan... auzoan. Halako jauregi kankar bat, dena chirez estalia, leihotzat zilo tchar batzu han hemenka, iduri Moisen denborakoa.

        Jauregi hartan egoiten ziren hiru anay, hiru muthil gazte. Nor ziren, zer ziren muthil heiek, nehork ez zakiten chuchen herrian. Bethi hiruak elkarrekin zabiltzan, berdin berdina beltzez jauntziak eta kasik nehorrekin solastatu gabe.

        Gaztetasun guzia ikasten iragana zutelako fama zuten, han nonbeit Parisko aldetan. Halako izen bitzi bat erraiten zioten heien jakitate suertiari: «Astronomia» edo «astonomia» edo... nik ez dakit zer... Dena den, gauaz eta egunaz zeruari beha zagozin halako tresna luze batzuekin.

        Allanderi norbeitek salatua zioten muthil hek jakiten zutela aintzinetik zer aro egin behar duen. Bainan gure ikazkinak ez zuen heien trebantzian siheste pikorrik. Eta huna zertako:

        Uda goiz batez, ari zen Allande bere buruarekin solasean: «To, egun kalernatu behar dik. Astoa minbera diat, ileak harro ditik eta beharriak chut!»

        Hainbertzenarekin, horra non ikusten dituen jauregiko hiru anayak bidean heldu. Behingoan heieri solas emaiterat ausartatzen da eta galdetzen diote: «Errazue, jaunak, zer aro egin behar du?» — Hek aldiz: «Zortzi egunez idorte... Ez duzu ikusten zeruaren urdin hori?»... Ba, bainan, aratsaldekotz pesiak ari baitziren ahatik!

        Geroztik Allandek, muthil heientzat ez zuen bertze trufarik. Jauregiko «astomamuak» deitzen zituen.. Phitsik ez zirela hek... bere astoa baino gutiago zakitela... haren katichima entzutekoa zen jauregitarrez.

        Ba eta, nahi baduzue egia jakin, Allanderen ahopaldiak ez ziren gezurrezkoak. Segurki zozoak ziren jauregiko hiru muthil hek. Zozoa baino zozoagoak. Hainitz urthez eskolan ibili ondoan, kasik deusere ikasi gabe, azkenean, ofizio bat hartu behar eta, zeruari beha egoitekoa zuten liautatu. Eta huna zertako: Ilhargiak, gau batzuez, urhea bezala dirdiratzen baitu, hiru muthil buru eskas hek amestu zuten, ilhargia urhe meta bat zela dilindan, han nonbeit zeru gainean. Geroztik urhe hura zer moldez beregana zezaketen, ezin pentsatuz ari ziren.

        Aita zentzudunagokoa izana zuten. Seme hek hain herabe ikusteak emaiten zioten bihotzminekin, berrikitan hila zen. Huna zer izan ziren haren azken hitzak bere semeeri: «Muthikoak, muthikoak, aski baduzue zeruari beha egonik! Ez zaituzte horrek aseko. Joka zaizte bederen azienda hazten, bertzenaz erreka gachtoak joko zauzte laster.» — Aholku zuhurrak horiek... Zuhurregiak, muthil bulunba heiek entzuteko.

        Egun batez beraz, ari zen Allande bere andrearentzat erasian. Ez zen arrazoinik gabe. Halabainan, gizagaizoak, josiaren eskasiaz, galtzen sakelak zilo zituen eta sakeleko diru chehe guziak lurrerat eroriak zitzaizkon... eta ez lur garbirat, bainan —hala beharra— astoaren ongarrirat. Han ari zen beraz Allande dirua bil eta Katichari mokoka.

        Hainbertzenarekin, huna non ondotik iragaiten zaizkon jauregiko hiru zozoak. Behin ere ez-eta, oraikoan, hiruak gelditzen dira ttanpian, ikazkinaren aldean. Hau bethi sos biltzen. Hek berritz Allanderi beha, harrituak, ahoak zabalik, konkortuak hurbilagotik ikusteko ongarri hartan zer ari zen. Azkenean zozo hetarik batek emaiten dio solas: «Zer egiten duzu hor?» — Allandek aldiz: «Lan urhea egiten, jaunak... urbe biltzeko lana.» — «Bainan, nondik heldu zaizkitzu diru horiek guziak?» — «Astoaren ganik.» — «Astoaren ganik?» — «Bai, jaunak... Zer uste duzue, ene astoa, iduri duen bezin ez deusa dela? Ez, ez. Urheak balio ditu ene astoak. Hori ez baginu, ez gintazke biziko... Horrek gaitu-eta hazten!»

        Hiru zozoak han gelditu ziren, ez jakin zer pentsa, elkarri beha. Azkenean batek erran zion bertzeari: «Bahakien hik, azienda urhe egileak bazirela?» — Bertzea luzaz egon zen, begiak urrun galduak, han nombeit laño-petan. Noizpeit ihardetsi men: «Ez, ez nakikan. Bainan, ongi gogoratu-eta, ez nauk harritzen gauza horren hola izaiteaz... Halabainan, ilhargiaren achala urhe balinbaduk, lurrarena ere hala izan zukek. Eta astoa, lurraren achaletik bizi denaz geroz, horren tripan urhearen aurkitzea, ez diat hain bitzi atzemaiten.»

        Hirugarren zozoa ere hitzekatu zen: «Orhoitzen zaizte, gure aita zenak nola erran zaukiagun hiltzean, aziendetan aberatstuko ginela ilhargi lanetan baino hobekiago? Ez zukan hura airerat mintzatzen den hetarik. Harek ba bide zakiken zerbeit... Ba ba, chaharrak arrazoina ziken... Aziendetan, aziendetan duk urhea, ez ilhargian ez!»

        Huntan hiru zozoak luzaz ichilik egon ziren, begiak lurrari, iduri burua asmuz pisutua. Azkenean bat ernatu zen eta halako irri zoro bat ezpainetan, anayak ondorat deiturik, beharri zilorat, pitchi-pitchi, zerbeit salatu zioten. Bainan laster agertu zen zertaz zuten solasa. Astoa nahi zioten Allanderi erosi.

        Hasi ziren beraz tratuan: «Allande, asto hori behar daukuzu saldu!» — Ikazkinak aldiz: «Asto hau saldu!! Mila untz urhetan ere doidoia eman nezake! Ez, ez, ez... hau erosiko duen diruduna ez dago sorturik.» — «Emanen 500 untz urhe». «Ez eta ere...» — «Emanen 700.» — «Zazpi ehun untz urhe?...» Hemen kopeta zimurtzen du Allandek. halako samur aire batekin. Nor zen trufatzen? Hura hetaz edo hek hartaz? Asto ederrenak 50 untz urhe ez balio-eta... zer ari ziren? Irrizko tratua egin nahiz? Hortako, mintzatu zitzaioten motz-motza:

        «Behauzue hortik, jaunak! Ilhargia eskuratuko duzuelarik, etorriko zaizte berritz asto traturat. Beharbada orduan antolatuko gare.»

        Bainan zozoek ez zuten irri-mirririk: «Mila untz urhetan salduko zinukela, aiphatu baituzu ochtian, zioten erran ikazkinari, horra mila untz urhe.» Huntan zakuchka bat urhe bota zioten Allanderi eskuetarat, eta, astoa sokatik harturik, urrundu ziren. Allande, harritua, zorotua eta zuritua gelditu zen, hitz bat ere athera gabe.

        Huna orai gure hiru zozoak jauregirat itzuliak.... Azienda baten erostea ez baita aski, behar baita hura azi, eta gure «astomamuek» ez baitzakiten demendren phitsik beharri luze baten mantenuaren gainean, hasi ziren liburuetan miha eta miha, astoak zer janez bizitzen diren jakiteko. Ephe laburrez, zer nahi chehetasun ikasi zuten: Astoek barne sanoa dutela. Oloa, zaia, ogia berdin izaten dituztela bai eta ere: belhar idorra eta pherdia. Azkenean, zozo hetarik batek, liburu chahar batean, harrigarrizko chehetasun bat atzeman zuen eta anayeri gora gora irakurri zioten. Liburu harek zion aziendak, trefla berotutik jaten badute, hanpatzen direla.

        Gauza hori entzutean, hiru zozoak zutitu ziren, lorietan, «Horra, zioten helkarri, horra gure astoak behar duen bazka: Trefla berotua. Halabainan, tripa haundiago eta urhe gehiago dikek barnean. Kanpoz hanpatua den sakelak, barnea jori.»

        Baietz eta baietz, ase zuten astoa, aiphatu dugun bazkaz, lepho zintzurreraino. Eta futcho, liburu zaharrak erran bezala hanpatzen. Hiru zozoak hari beha zagozin atseginez ithoak: «Zer azienda ona, zioten! Nola baliatzen duen ahatik jaten duen hura! Eta laster!» Eta, astoari, muturra pherekatuz, eskutik zioten emaiten jaterat, haur bati bezala: «Alo, jan-azu, adichkide maitea! Jan ausarki!... Orain bertze ahur bat:.. Hori azken trefla ahur bat! Hau bertzeak baino beroago da! Jan-azu bada!»

        Bainan astoak bazuen askitsu iretsirik. Hauntudurarekin ezin hatsarik hartuz ari zen. Azkenekotz bere burua bota zuen lurrerat. Zozoek pentsatu zuten, dudarik gabe, ongi ase ondoan, astoa orai lo egin nahia zela, eta hartarik urrundu ziren, ahal bezin arrabots gutirekin, haren ez atzarrarazteko..

        Gaizo beharri luzea! Tripa gero eta gehiago hanpatu zitzaion, eta ondarrerat, lehertu eta zapartatu zen.

        Berritz itzuli zirelarik aziendaren ganat, hiru gizonek astoa hila atzeman zuten. Bihotz fultsoak ikertu ziozkaten. Berdin zuen ez eginik ere, ezen gorputza jada hoztua zen. Barnea ere mihatu zioten bainan urhe pikorrik aurkitu gabe. Huntan, hiru zozoak arrunt burutik nahasi ziren. Bat hasi zen gora gora marrumaka, eta nigarrak nigarra deitzen baitu, bertze biak ere sail berari lotu ziren. Bihotz-erdiragarrizko intzirinak botatzen zuzten. Batek zion: «Ha, gure asto maite maitea, zer gertatu zauk bada?» — Bertzeak errefera: «Gaizoa, hik ere tenoria izaki, tenore latzgarria!» — Hirugarrenak, moda berriko hil-othoitzak atera zituen: «Anayak, zen erran buru-has chutiturik, anayak, holako gertakari hitsaren ondotik; gauden minuta bat ichilik!»

        Noizpeit bada lekuak ustu zuzten eta joan ziren Allanderen ganat, behar ziozkatela errenkurak egin erosi astoai:

        «Allande, zure astoa hil zauku.» — «Gaichoa, ez nintzen beldurrik gabe! Ezin laketuz segura?» — «Ba... hil zauku eta zuk gezurra sakatu daukuzu!» — «Zer gezur?» — «Zure astoak urheak balio zituela... Barnea ikertu diogu eta ez diogu deusere atzeman.» — «Nere astoak ez urheak balio? Nahi duzue oraiko orenean ere bortz untz urhe kentzen diozkatela nik hari?» — «Nola ba hori?» «Nola hori? Aski duzue nik erranaren egitea. Arras gauza errecha izanen da.» — «Zer behar dugu ba egin?» — «Segur ez duzuela gibel eginen?» — «Ezetz, gizona, aginduz geroz.» — «Bon zatozte enekin.»

        Allandek hartzen du ikazketako karroa eta badoatzi denak asto hilaren ondorat: «Alo, diote manatzen Allandek bertzeeri, karga-azue asto hori karro huntan.» Eta kargatu ondoan: «Orai, eman zaizte timuinean eta tira-azue karroa. Nik manatuko norat joan.»

        Agindua agindu baita, hiru «astronomuek» ez zuten ezetz erraiteko kopetarik izan. Timuinari lotu ziren beraz. Orduan, ikazkina izatu zen karroaren gainerat. Hola, bera gidari eta «astronomuak» mando, itzuli haundi bat egin zuten karrikaz karrika, jende guzia irriz ase baitzen.

        Noizpeit Allandek karroa geldi-arazi zuen larru-lantegi baten aintzinean. Eta larrupintzaileen nausia deithurik, asto hilaren larrua, oraino haragitik berechtekoa, bortz untz urhetan saldu zion. Eta segidan «astronomueri» ukan dirua bota zioten, larderiarekin erranez: «Horra nik astoari bortz untz urhe kendu... Har zazue diru hori eta neri ez gehiago aipha ene astoak deus ez zuela balio!»

        Zer den ahatik! Zentzugabea balinbada ere jaunchkil, hari bethi nausi edozoin zentzudun, izanik ere ikazkin, galtza zikin.

 

Pierre LARZABAL,

Eskual-zaleen biltzarreko

lehen garhait-saria izan du lan hunek

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.