L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 8. Donibane Lohitzune / Ziburu (1985-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Maiatzetik sagan

 

Xalbardin

 

Goizeko bederatziak orain hiru minutu joak dira eta hamarretarako agindua daukaten zitara joan bitartean, otoa udaltzainak eraman ez dezaten behar den lekuan aparkatu ondoren, Donostiako Antiguo auzotik hiri erdiruntz oinez abiatzen naiz. Kezkatsu nabil, gero egin behar dudanak nahi gabe ere burutik erabat harrapaturik bait nauka. Arazoa gainetik kendu nahi honek, gero eta barnerago itsatsirik dadukatenaren inpresioa sentierazten dit. Ahanzteko egiten ditudan saioek nahi hori ez lortzeaz gain lortu nahi ez dutanarekin topo egiteraino naramate, lokartezinezko gauetan bezalaxe. Zurrunbilo honetan murgildurik nagoela, itsasaldeko brisak desorraztu eta tximak harrotzen dizkit. Eskua goruntz jaso dut, ileak berrorrazteko eta buruan orden piskat jartzeko ote den xuxen ez dakidala. Bat batean kantauriko kontxari begiratuz Txapelari kantatutako bertso batetako puntua datorkit gogora:

 

                UR GAZIZ BUSTI GAITZAK HI MIKEL

                KANTAURI ITSASOAN.

 

        Eta begi zulotan kokaturiko itsas brisaren hezetasuna nabari dut, betazalak busti arte. Badakit jakin, entzuleek behar bada, hori entzutean ez dute ezer berezirik sentitzen, aspaldi hontan poemak eta bertsoak sentimenturik gabe ere idatz bait daitzeke. Joxeba Sarrionandiak idatzitakoak irakurtzean, daukat buruan:

 

                EZ DAKIT SENTIMENTUA HITZETARA

                ERAMAN DAITEKEN......................

                ................................................

                IDAZTEAN

                SENTITU DUDANA IRAKURTZEAN

                SENTITU DUZUN JAKIN NAHI NUKE

                BAINAN EZ DU AXOLA.

 

        Bai, Didier erahil zutelarik ere bertsoa kantatzeko gogoa izan nuen. Agian egin behar dena garbiegi ukan arren, hutsegitearen lotsak eragindakoa besterik ez da, egiten dugunaz bizi eta konforma beharra bait dugu. Dena eta behar litzatekeena, izena eta izana. Gu baino lehenagokoek ere anitzetan jorratu dituzten lurrak ditugu horiek.

 

                EZ ZAITUT EZAGUTZEN

                BAINAN AHALEGINAK

                BADITU EZINAK;

                BARKA NERE BERTSOAK

                SOBERA ARINAK.

                HONUNTZ EKARRI GAITU

                KONPRENI EZINAK

                ESPAINOLAK FRANTZESAK

                TA GERRA ZIKINAK,

                GIZAHILTZAILEAK HAIEK

                TA HAUEK BERDINAK.

 

        Pentsaketan, horrela nindoala nere paretik pasa den emakurne baten harriduraz beteriko begiradak nere onera ekarri nau. Bederatziak eta hogeitabost minutu.

        Berriz ere, hamarretan egin beharrekoak buruko zati batetan dagoen memoria martxan ipini eta ez dakit zerk bultzaturik, kodigoa aldatzeko indarrak funtzionatzen hasten zaizkit, nere baimenik gabe. Nik, besteei kontrajarriz aurreko burutazioekin jarraitzeko indarrak egiten saiatzen naiz, baina ezin. Egia esan, naizena estaltzean eta nere ustez ez naizena agertzean datza hein handi batetan geroago egin behar dudanaren exitoa, neronek ere maiz xamar ahanzten dudan arren bata ala bestea.

        Aspaldian, erahildakoen omenaldiz kezkaturik egoteak, bizidunak sorturiko arazoak konpontzeko ahaleginetan burua martxan jartzea, berez, lan nekosoa izanik, orain ia ezinezkoa zait.

 

                EZ NAU BELDURTZEN, EZ,

                NORBAITETAZ ARITZEAK,

                NORBAITEK, NORBERAREN IZENEZ APARTE

                MINTZATZEAK BAIZIK.

 

        Ez dakit zeri buruz idatzi nuen hori eta ez jakin ere orain zertara datorren burura aspaldiko hau, konplikazioak areagotzera ez bada.

        Gelditu egiten ditut nere pausoak eta ohartzen naiz agindutako lekutik konturatzeke pasa naizela. Bai, Urumea ibaiaren hotsek, berriz ere nere onera ekarri eta itzulia eginez zitalekurantz abiatzen naiz. Hamarrak bost gutxi. Bankuaren aurrean ikusten dut laguna nere zai.

        — Kaixo, ongi haiz?

        — Urduri nagoela ezin uka; hala ere «ongi» erantzuten diot.

        — Prest al dago?

        — Bai noski.

        Barnera sartu eta ezin ezkuta zangoen dardara. Gure aintzinean, neska blonda bat daukagu. Irripartsu. Honek ofizioa ezagutzen du, pentsatzen dut nerekiko.

        — Egun on. Arrospide jauna mesedez?

        — Arrospide jauna? Aszensorea hartu eta laugarrenean. Noren partetik? oihukatzen du gu goruntz bagoazela ikusirik. Keinu batez, lasaitzeko adierazten diot pare-parean gizon eta emaztekiak guztiak oiloak bailiran leihatila borobil battuen gibelean ikusten ditudan bitartean. Buruen gainean, CAJA, EFECTOS, BALORES, CAMBIO, bakoitza bere izenarenpean bizi balitz bezala. Orain, oilarra guri botako digute, esaten dit lagunak, nerea, bisaian edo inprimatuta balego bezala.

        Aszensorean igo eta laugarrenean gaude. Haruntzkaldean, parean, ate bat ikusten dugu: J.L. ARROSPIDE eta azpian JEFE DE MARKETING idatzirik dago.

        Bertara zuzentzen ditugu pausoak eta atea jo orduko ia, bestaldetik, barnetik ahots ozen batek erantzuten du: PASEN.

        — Buenos dias.

        — Que tal?

        Hau galdetzean, neska blondaren irrifar berberaz ornitzen du bere burua gizon mehe ttattar gorridun honek. Entrepresa honetako irrifarra pentsatzen dut nere baitan, nik neuk ere holakoetarako prestaturik daukatena eginez nere aldetik.

        Laguna, Arrospide jaunaren eseritzeko gomendioari jaramon eginez, larru marroiez jantzitako eserlekuan jartzen da. Nik ere gauza berbera.

        — Que querian Vds? Etxeko irrifarra abandonaturik gabe.

        — Mire Vd. somos de ARGIA...

        — ARGIA?

        — No conoce ARGIA?...

        — La verdad sea dicha... Irrifar ostiori azkenerako desagertzen ari zaio

        — Es un semanario escrito integramente en euskera y veniamos...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.