Euskararen geroaz...
Beñat
Denek badakigu euskara ahuldu dela ainitz arrazoinen gatik... Heietarik bat da, bixtan dena, eskola frantsesez zelakotz, eta ardura entzuten ziren burasoek mintzo beren haurreri erranez «... ikasten baduk ez zadauk dolutuko!...» Erran nahi baita estudio onak eginez... bizia (edo dirua) ongi irabazten zela eta lan goxoa egiten.
Hainbeste dira euskaldunak, apez, errient, mediku, hautetsi, lege gizon eta holako oficio «ohorezkuen» peko izanak, ez eskolan ibilia gatik, eta ere sos eskasez nekatuak, nun aterabide bat nahi izan duten xerkatu. Ez bazen langile edo laborari gelditu nahi, behar zen frantses ikastegietarat joan eta estudio horien bidez lan aurkitzen zen. Hortarakotz, askotan Euskara ukatua izan da, kasik ohartu gabe... Frantsesaren fagoretan; frangotan ait'amek huts haundi bat egin eta egiten dute, ez aski pizu emanez «Euskaldun» izaiteari; ez aski agertuz beren Euskalduntasuna eguneroko bizian, bai ahalgez eta bai ere ezazolkeriaz. Gero ta gehiago ikusten dira gazteak erdaraz mintzo, ez bakarrik eskola gehientsiak frantsesak direlakotz, bainan Euskara dakitenak ahalge baitira ez dakitenen aintzinean Euskaraz mintzatzeko. Zertako ba? Etxekoen faltaz... Beren izaitea gaizki soportatzen dutelakotz, seme edo alabaren aintzinean... Zeren hauiek erabaki baitute beren umeak behar dutela heien amentsa bururatu, bere euskalduntasuna galduz bederen.
Nik erraiten dut... ez! Ez du balio diruarentzat edo «ohorezko» lan batentzat gure nortasunaren galtzea... Gauden gu!
Ez ditaike izan Euskal herririk EUSKARArik gabe!
Jakin beharda, Euskal herrian bizi nahi balinbada sedurik, lana eta aberastasuna ez direla ardietsiko «diploma» frantses batzuen bidez; erran nahi dut, on izana gatik ez dela hori aski.
Oraiko egunean ez da ipar Euskadin «industria» eta lantegi guti baizik; den horietan behar da eskelari bilakatu, soldata arin baten hunkitzeko..., ardura Euskararen kontrako nagusi xuhur batzuetarik; beraz ikusteko da, ez duela balio deus igurikatzea bertzetarik.
Euskaldunek ez balin badugu Ipar Euskadiko «EKONOMIA» gure eskuetan hartzen... ez da Euskara salbatuko.
Ainitz euskaldunek diote Euskara ez dela deusetan baliatzen. Egia da, oraiko gizarte huntan ahal eta manamendu gehientsiak, Frantziatik heldu zauzkunaz geroz, Euskarak ez duela biziki pizatzen egun guzitako urratsetan... Bainan, guk, zonbeitek frogatu behar dugu Euskara hor dela eta bizi behar duela, ez bakarrik «kultur» mailaz, bainan elgarrekin altxatuz Ipar Euskadiko «EKONOMIA» eta orduan gure hizkuntza egun guzitakoa izanen da.
Guri da lan neke horren egitea eta gure «diplomak» balia ditzagun, (ikastolen gisa berean) ekonomia «parallela» baten moldatzeko, zonbeit koperatifa hasiak diren bezala. Guri da Euskalduneri gure indarraren erakustea, Herriaren goraltxatzea eta aberastea; ez eta beti Frantzia eta nagusiak hobendun ekartzea, zeren sobera errex baita ez delarik deus egin nahi.
Gure buruaren jabe bagira, Euskal herriaren biziarazteko ahal dugu; bainan laster erabaki dezagun:
nahi dugunez gure geroa eskutan hartu, ala ez?
nahi dugunez Euskara bizi eta zabal dadien, hura baita aberastasunik haundiena
|