Ganixen altxorra
Jean-Luc Mendizabal
Egun batez, mutiko bat bazen Ganix izena zuen eta bere aitarekin bizi zen. Ganixek oihanetan ibiltzea maite zuen, eta egun hortan, aitaren baimenarik gabe, etxetik joan zen. Oihanean sartu zen eta ainitz denboraz ibili zen. Behin ere ez zen bere etxetik honbertze urrundu. Ganix unatzen hasi zen. Urrundik etxe ttiki bat agertu zitzaion eta hurbildu zen; etxe horren aintzinean, agure bat zagoen, harrien gainean jarrita.
Hunek erran zion:
«Errak Ganix, hator hunat ezagutzen haut».
Ganix harritua gelditu zen, nola ezagutzen ote nau? zion bere baitan.
«Bai, jauna! zer nahi duzu eta nola ezagutzen nauzu?»
«Ez kesa Ganix, hau nere lana diat. Badakiat ez haizela beti xintxoa bainan bihotz ona duk eta hil aintzin nere altxorra atxikitzeko hautatu haut».
«Zure altxorra atxikitzeko bainan...»
«Hago ixilik eta goazen, segi nazak!».
Ganixek agurea, segitu zuen. Etxe gibeletik oilotegira joan ziren. Ganixek ez zuen deusik konprenitzen.
«He! zer eginen dugu oilotegian, hor ote duzu zure altxorra?»
«Hago pixka bat laster jakinen duk!»
Oilotegian sartu ziren eta oiloen artean, xoko xokoan, etxola ttipi batean oilo bat bertzeak bezala...
«Behazak ongi mutikoa. Hau duk nere altxorra»
«A! A! a! a! hau dela zure altxorra! oilo bat! a! a! a!» zion Ganixek trufaz eta irriz.
«To! ez duk irri eginen orain, behazak ongi!»
Ganixek ongi begiratu zuen, agureak erran zion bezala eta zer ikusi zuen? oiloa arroltze bat egiten ari zela. Egin eta, arroltzea bere eskuetan hartu zuen eta erakutsi zion erranez:
«Behazak! behazak berritz eta ongi, astian irri egin duk oiloa irakutsi diadanean bainan orain ikusten duk arroltze hau nolakoa den!» Urrezko arroltze bat duk mutikoa, oilo horrek urrezko arroltzeak egiten ditik, bat egunean. Hau diat nere altxorra eta hau duk eman nahi diadana!
Ganix berritz ere harritua zegoen, ez zakien gehiago zer erran. Bere aitaren erranez orroitu zen, alegia, oihana hortan sorgin bat zagoela.
«Milesker, milesker ainitz jauna, zure altxorra ematen bazenit ez zinateke damutuko».
«Ez kesa mutikoa! hartzak oiloa eta hoa hire etxerat bainan gibelaldera begiratu gabe, lehen bihurgunera arte». Erran zion agureak.
Agureak hori erran ziolarik, etxola oihalaz estalirik eman zion. Eta gure Ganix, bere etxolarekin, etxerantz abiatu. Agureak erran zion bezala ez zuen gibelaldera begiratu. Lehen bihurgunera heldu zelarik, burua biratu zuen eta gibelera so egin zuen, berritz ere harritua gelditu zen. Agurearen etxea ez da gehiago ageri, desagertu da! Zuhaitzak eta zuhaitzak ez da bertzerik ikusten. Beldurrez, ximista bezain laster bere etxean zen. Gertatu zitzaion guzia aitari kontatu zion.
Berri hori, herrian, laster zabaldu zen eta toki guzietatik jendeak beren etxera hurbildu ziren. Oihukatu zuten, beren erranak froga zitzaten. Aita semeak oiloa ateratu zuten eta denen aitzinean, ezin sinetsizko arroltzea egin zuen. Hor zirenak ahoa zabaldurik agon ziren. Hortik landa, oiloa, norbeitek ebatsi zuen eta kusian aberastu nahian, pentsatuz oiloa arroltzez betea zela, hil egin zuen. Ideki eta, berehala ohartu zen oiloak deusik ez zuela bere sabelean. Hasarre gorrian eman zen eta oiloa Ganixen etxe aintzinean utzi zuen.
Hori egia bazan, sar dadila kalabazan, atera dadila Ziburuko plazan.
|