L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 9 (1985-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Beste buruz-buruzko gudua

 

J.L. Borges

 

Badu aspaldi Carlos Reylesek, Uruguaitar idazlearen semeak, historio hau Adrogen kontatu zidala, udako astiri bero batez. Nere gogoan, orain, herra luze horren amaieraren orroitzapena, eukaliptus usainarekin eta txorien kantuekin nahasia dago.

        Beti bezala, gure bi aberrien historiaren loturetaz mintzatu ginen. Erran zidan, menturaz, Juan Patrizio Nolanetaz aipamenak entzunak nitzukeela, harek gizon langile, arrailari eta kokin fama zuenaz geroz. Gezurka bai ihardetsi nion. Larrogei ta hamar urteen inguruan hila zen Nolan, baina jendeak hari pentsatzen zuen lagun bat balitz bezala. Etsaiak ere ukan zituen bistan dena. Carlosek gertatu zitzaion ipuin bat kontatu zidan. Gauzak Manantialesko borroka baino lehen pasatu ziren; protagonistak Cerro Largoko bi gautxo izan ziren: Manuel Cardoso eta Carmen Silveira.

        Nola eta zergatik sortua zen beren arteko gorrotoa, edo herra? Nola berridatzi mende bat berantago, bi gizon horien bizitza ilunak, beren azken buruz-buruzko borroka izan zelarik ukan zuten fama bakarra? Reylesen aitaren morroi batek, Laderetxea izenekoak, «tigre mustatx bat zaukana», ahozko tradizioaz, nik haietan gehiegi sinetsi gabe, ahanztea eta memoria biak berdin sortzale direnaz geroz, idatziko ditudan detaile batzu bildu zituen.

        Manuel Cardosok eta Carmen Silveirak larreak elgarri hurbil zituzten. Gorroto baten sorrera, beste pasioneak nola, beti misteriotsua da, baina oraingoan ahalezkoa da, sortu zela abere ez markatu batzuen gainean, edo Cardosoren zaldia Silveirak sorbalda kolpe batez desbideratu zuela korrika batean zela zio. Izan zaitekeen ere, hilabete batzu berantao lekuko ostatuan biek jokatu zuten karta partida luzea; Silveirak karta altxaldi bakoitzean bere laguna goresten zuen, baina azkenean zituen diru guziak hartu zizkion. Diruketa zintan ematean, ukan zituen erakaspen ederren gatik Cardoso eskertu zuen. Orduan, uste dut, herraz eta kexuz kasik borrokatu ziren biak. Partida zaila izan zen: ugari etorri begiraleek berezi zituzten. Memento hartan, horrelako ixkanbilak, gizonak gizona kitzikatzean, nabalak nabala deitzen zukeen; historio honen berezitasuna hau da: Manuel Cardosok eta Carmen Silveirak mila aldiz ukan zutela gudukan artzeko estakurua, mendian, goizean, arratsean, eta ipuin honen bukaeran baizik etzirela elgarri neurtu. Behar bada beren gorrotoa bizitza pobreen ontasun bakarra zuten, eta egunetik egunera aberasten saiatzen ziren. Ohartu gabe, biak gorrotoaren bidez, bat bestearen esklaboak bilakatuak ziren.

        Segituko duen historio honetan, ez dakit gehiago gertakariak kausak edo ondorioak diren. Cardoso, maitasunez baino eneguz auzoko Serviliana izeneko neska gazte batetaz maitemindu zen; Silveirak hau ikasi zuelarik, neska kortesatu zuen eta bere baserrira ekarri. Hilabete batzuren buruan etxetik haizatu zuen, asea baitzen. Emazte gaixoak Cardosoren geriza eskatu zuen; honek neskarekin gau bat iragan zuen, eta eguerditan kanpora igorri: etzituen bestearen ondarran nahi.

        Servilianaren ondotik, edo aintzinetik ez dakit, gertatu zitzaioten zakurraren afera. Silveira biziki atxikia zen 33 izenaz bateiatua zuen zakurrari. Hila aurkitu zuen erreka batean. Silveirak laster pentsatu zuen nork pozoindatua zion.

        1970eko neguari buruz, Aparicioren Iraultzak, karta partida egin zuten ostatu berean atzeman zituen. Gerilero talde baten buruan, Brasileno beltzaranak publikoa predikatuz sustatu zuen, aberriak beren beharra bazuela, gobernuaren tirania ezin onetsizkoa zela; xingola xuriak banatu zizkien, eta deus ulertu etzuten prediku horren ondotik, denak berarekin eraman zituen. Ez zietan ere familien agurtzeko astirik utzi. Manuel Cardosok eta Carmen Silveirak etzuten axolarik: soldadoaren bizitza etzaitekeen gauxoarena baino zailagoa. Sakuetan kanpoan lo egitera moldatuak ziren; abereak hiltzen usatua den eskuari etzaio hainbeste kostatzen gizonak hiltzea. Asmakizun faltaz beldurrik edo urrikirik etzuten senditzen, nahiz eta beldurra nabaitu zuten lehen asaldoetan. Kabaleria gudura doalarik beti entzuten dira estriboen eta harmen otsak. Hastean zauritua izan ez den gizona indartsua senditzen da. Etziren beren herriaz damutzen. Aberri ideia bera arrotz zitzaien; txapelan zuten xingola xuria gatik, etzuten axolarik alderdi batetakoa edo bestekoa izateaz. Lantza batekin zer zegiketen ikasi zuten. Gibelaldietan eta aintzinaldietan, ohartu ziren ondarrean, lagun izateak ez zituela etsai izatetik debekatzen. Hitzik erran gabe elgarren ondoan borrokatu ziren. 1871eko larrazken odeitzuak beren ibilaldien azkena ikusi behar zuen.

        Borrokak etzuen oren bat baino gehiago iraun, berek ezagutzen etzuten toki batean. Izenak, Cargoso artzen dituzte historiagileek. Bezperan, Cardoso lau zangoka buruzagi baten oihal etxolan sartu zen, biharamonean irabazle baldin baziren zintzurra mozteko presuner bat utz ziezon eskatzeko, ez baitzalien zein efetu egiten zuen norbaiti zintzurra mozteak. Buruzagiak fabore hori hitzeman zion, gizon balios agertzen baldin bazen borrokan behintzat.

        Zuriak ugariago ziren, baino gorriek, armamendu hobeagoa zutenaz, zitzifrikatu zituzten, muno apal batetik sua botatuz. Debaldezko bi kargaren ondotik, munoaren kaskora ezin helduz, buruzagia zauritua zen eta errenditu ere. Berak galdeginik hor berean bururatu zuten.

        Gizonek armak irabazleeri eman zituzten. Juan Patrizio Nolan Gorrien kapitainak, solas handitan, presunerren hiltzea manatu zuen. Cerro Altokoa zen, Cardosoren eta Silveiraren arteko herra etzitzaion hain arrotz: biak deitu zituen erranez:

        — Badakit elgar hastiro duzuela, eta aspalditik buruz-buruzko guduka baten zain zaudetela. Zuentzat badut berri on bat: eguzkia sartu baino lehen jakiten ahalko duzue zein den zuetarik azkarrena. Lepoa moztuko dizuet, eta gero lasterka abiatuko zarete. Ikusiko dugu orduan zeinek irabaziko duen.

        Soldadoak presunerrak etxoletara eraman zituen.

        Kanpamendu osoan, hedatu zen berria. Nolanek erabaki zuen lasterkaldi hori hiltzeetarik landa gertatuko zela, baina soldadoek jakin arazi zioten haiek ere korrikaren lekuko izen nahi zutela eta parioak egiteko gogoa zutela. Nolan, gizon zuhurra, soladoen desireri plegatu zen; dirua pariatu zen, jantziak, arma zuriak eta zaldiak, gero alarguneri eta dretxoa zuteneri emanak izanen ziren gauzak. Usaian baino beroago zegien; gertakariak lauak arte gibelatu ziren, bakoitzak loaldia egin zezan. Nolanek, Argentindar ona baitzen, oren bat baino gehiago idurika arazi zituen. Beste ofizier batzurekin garraipenaz mintzatu bide zaitekeen; matea eskuan laguntzalea joan-jinka ari zen.

        Bidearen bi aldeetarik, oihal etxolen luzadan, presunerrak lerroka zain zauden, lurrean jarririk, zaintzea erreztearren eskuak bizkarrean lotuak. Batzu laidoka ari ziren, eta batek Gure Aita hasi zuenean denak harrituak gelditu ziren. Etzezaketen erre bistan dena. Etzuten lasterkada hortaz axolarik, baina denak beha zauden:

        — ni ere biloetarik hartuko naute, zion enbidios batek.

        — bai, baina beste guziekin batera, ihardetsi zion besteak.

        — hi bezala erantsi zuen batek.

        Sargento batek bidean trebeska marra bat formatu zuen, bere ezpatarekin. Cardosoren eta Silveiraren eskuak askatu zituzten, lasaiago laster egin zezaten. Bien artean bost metro baziren. Zangoak marraren gainean pausatu zituzten: ofizier batzuk ez flakotzeko eskatu zioten, pario lodiak baitzituzten eginak.

        Zintzur-mozle gisa Silveirarentzat sorteak Pardo Nolan hautatu zuen. Honen aitamatxiak kapitainaren familiaren esklabo izan zaitezkeen, izenak frogatzen duen eran; Cardosok ohizko zintzur-mozlea ukan zuen, Corrietitesko gizon zahar bat, kondenatuen batzeko hau zion usaian sorbaldan hunkiz: «kuraia lagun! Emazteek gehiago sufritzen dute erditzen dutenean!».

        Buruak aintzinatuz, bi gizonek keskati etzuten elgarri so egiten. Nolanek seinalea eman zuen.

        Pardo segidan hasi zen lanean, eta zuen jokoaz urgulutan sarturik, Silveirari beharri batetik bestera zoan sarraski bat zegion; Corrienteseko gizonak zauri txiki bat baizik etzuen zilatu; gizonek urrats batzu egin zituzten eta lurrera erori ziren. Cardosok bere erorketan besoak aurrera botatu zituen. Irabazia zuen, baina dudarik gabe etzuen sekulan jakinen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.