Zientzia
Sagarra
Sanova Beach
1980eko martxoaren 15ean, Paueko unibertsitateko anfiteatro nagusiak usaian ez bezalako jendetzea bildu zuen. Erakasle parrasta bat, estudiante andana bat, eta zahar erretretatu multxo handia. Gaiak, egia erran, bazuen behar haina karatera. IDAHOko ikastetxe ospetsuenetik etorri GOLDEN STARKINSON jauna, oren erdi batez, legunki, bara-bara, sagarraz mintzatu zen. Konferentzia hunkigarria bukatu eta ainitz galdera abil, xotil sortu ziren publikoan.
Hona beraz Golden Starkinson (Ph. D) jr'ek eman hitzaldia:
«Arratsalde on. Nahi dizuet, hasteko, bakoitzak bere baratzean edo auzoko supermerkatuan aurki dezakeen frutu arrunt bat aipatu. I mean the apple, sagarra. Zergatik konferentzia bat egin frutu komun hortaz? Arrazoia xinplea da lehen xixtan, frutuak berezitasun markaturik ez baldin badu, hurbilagotik begiraturik ohartzen gara krixton garrantzia duela gure gizartean, eta preseski gizartearen historian.
Ohitura denez jakitate zientifiko razionaletan sagarraren definizio zehatza ematen saiatuko gara: frutu hezurdun borrobila, gorria edo horia, sukratua edo minkarra, haragia zuria eta amultsua duen frutua dugu sagarra. Gozo gozoa jateko... Mahastiak (aihenak, hautinak) Europako lurretan hedatu aintzin, bizidunek, bihotzen altxagarri, sagardoa edaten zuten (kind of durty cidar). Zare batzuetan, sagar ontuak biltzen zituzten, kartierka mozten eta gero, gaurko egunean mahatsarekin bezala, soana animale batean irakitera utzi ondoan brentsan pasatzen, frutuaren jus alkolizatua ardiesteko. Munduko asko tokitan usaia hori begiratu dugu, adibidez, Euskal Herrian. Nahi duenak Astigarragako edo Usurbileko sagardotegi industrialak bisita ditzazke, baina kasu ez kupelen artean gal... Arbasoek sagardoa edaten zutelarik ostatuan, beti sosa ezartzen zuten jug-boxean, kornemusak edo txalaparta soinuak entzuteko. Musika tresna horiek giro mistiko bat sortzen zuten... Paue, hiri nagusitzat daukan departamendu honek, sagardi bakarrak baditu oraindik, sagardotegirik ez gehiago zorigaitzez. Labatuten, Lehuntzan, Lahontanen hain zuzen. Uda ondarretan, euskal herriko gazteak badoatzi rito antiguen arabera, sagar biltzera Bearnoko zelai horietara. Lan asko, josteta gehiago: sindikatuak ez diren langileek ez dukete besterik eskatzen. Sagardietan ere gorena, hoberena: zer plazerra, besoen indarraz, sagartzearen puntera iganik, han kokaturik, behereko teteleak izerditan sagarrekin teman ikustea. Lahontanen lanean aritu herriko bertsulari batek «aldepeko sagarraren adarraren puntan...» abesti famatua asmatu zuen, nagusiaren gordez, belarrean etzanik pausa hartzen zuelarik...
Idahon primary schoolean ginelarik, irailan, urtero, sagarraren alderdi morfologikoa eta biologikoa aztertzen genituen. Nik lauetan doblatu nuen ama eskolako lehen klasea, badakit tradizio bat bilakatua zela sagarraren ordua. Errintsak (Maggie FUCKOV, Nikolas II Tzar tzarraren garaian Leningradetik emigratua) erraten zigun samurkiro, sagarra sukrez, jusez eta bitaminez hantua zela. Haragi zuri gurian bitaminak mikroskopoarekin bilatzeko manatzen zigun. Sei zangodun bat aurkitzean, kaixa ttiki batean kartzelatzen, eta goizero hazten genuen... Aoh! That's enough with my personal souvenirs...
Orain bigarren partean, historikoki konsidera dezagun sagarra deitzen dugun frutu arrunta. Hiru aldiz gutienez, joko inportanta ukan du munduaren kondaira paregabean zehar, begira:
Primo, Jainkoaren zeruko paradisuan, bi giza motel baziren izpirituak berritan kreatuak, Adam eta Eba. Zoriontsu iduri zuten, baina suge debruaren konplizitatearekin, Ebak sagarra kroskatu zuen, eta Adamek errabiaturik, jeloskor baitzen, osoki jan. Jainkoa haserretu zen, bai gaiztaginak paradisutik haizatzen zituela. Bekatu originala eta bekatu mortalak sortu ziren orduan. Galdegiten dizuet, zer pasatuko zen paradisuan sagartzerik ez balitzan? Ihardespena erreza da: ez genuen guk, oi, lastima!, bekatuan bizitzeko atseginik ukanen...
Segundo: Isaac Newton izeneko Ingles matematikalariaz mintzatu nahi natzaizue. Behin batean Loiolan erromeria zain... Ez, barkatu, engainatzen naiz. Behin batean beraz, Isaac bere baratzean pentsati bazabilan. Nekatua, sagartze baten pean jartzen da. Haize pixkat ere bazegoen. Hona non burura sagar gorri pottolo bat erortzen zaion. Hastean, estonatua gelditu zen, baina laster arrazoinamenduak gainditu zuen: «nolaz eror diteke sagar bat?». Bi minutu barne universal gravity delakoen teoria atxemana zuen Newton genialak. Berriro galdegiten dizuet zer pasatuko zen Newton Gernikako Arbolaren maldan eseri balitza? Etzen lurrean universal gravityrik izango, eta gaur denak, galaxietan zehar airean ibiliko ginateke... Gainera manera hortan, burua zuzen behar baita, etzuen Albert Einsteinek general relativityaren teoria sumatuko.
Tercio: 1960 urteetan pop musika loratu zelarik, Rotterdameko ostatu zorritsu batean, Liverpooleko lau mutiko in the windek, love love me do kantatu zuten. John, Paul, George eta Ringo ezagutzen dituzue menturaz; Beatles taldea diskaetxea formatu zuten, Apple zeritzona, erran nahi baita sagarra. Aitor dezagun, egiatan, Apple'ik gabe etzen Beatlesik izango. Behar bada, hau dugu historiaren alderdi ona, Beatlesik ezean, etzuen morroi batek berrogei urtetan, Zentral Parkeko paletubiertzearen pean Lennon hilen... Historia ordea ez da gustukoen dugun erara moldatzen!
Adiskideak, luzeegia iduritzearen beldurrez zuhurki bururatuko dut. Banituzke mila solas interesgarri oraino zuei partekatzeko. Kontseilu bat: sagarraren sinbolo mitikoa ikustean telebixtan, karrikako erreklametan, astekarietan eta zuen azitetan, pentsa ezazue frutu horrek eduki duen inportantzia historikoari. Azken hitza: sagarra kroskatu aintzin, frutuaren borrobiltasun harrigarrian zilorik badenez begira, harra hortzekin ez mozteko. Komeni da harra sagarrarekin batera osorik iresta. Milesker...»
Hor ordu bat eta erdiz zoraturlk zeuden guziek gogotik txalotu zuten. Ez dugu hemen galderen lista zerrendatuko, hala ere, aipatuko dukegu, bere garrantzi dokumentala baduelakoan, Paueko unibertsitateko erakasle betaurreko dunak, Maurice Chevalier frantses kantariaren «Ma pomme c'est tuaaa!» abestiaz, egin komentario bikaina.
Datorren Maiatzen zenbaki batean, beste konferentzia batetaz ariko gara. Honen gaia «Antipodetan nola jotzen duten larrua»; hiziaria denek ezagutzen dugun Margaret MEAD antropologoa.
|