Literatura: Made in Japan
Kamikaize!
Japanese girl
Tokio, Kioto, Okayama, Hiroshima: eletronika aurreratuaren eta bonba atomikoaren errautsak, hirietako gauetan gizonek aloka ditzazketen geishak, mendietako taberna humiletan edan ditakeen sakea, eta arratsaldeko gauetan ritual zaharrak segituz iresten den dutea. Egiazkoa, Japonian...
Lau ugarte nagusi: Hokaido, Honshu, Shikoku eta Kyushu. 97 milio jende bizi lurraren eta itsasoaren artean! XX-garren mendean beldur egiten du Japoniak baina, hori segur, beti fazinatu gaitu Fuji gailur urdinaren ilusioa!
Mongoliako Kublai Khan delakoak nahi zuen bereganatu, Xabierko Frantsesen Jesuistek Shinto erlijionekoak konbertitu gogo zituzten, Inglesek komertzioko emporiak sortzen saiatu ziren, etabar... Japoniak ateak irekitzen zituen batzuetan, eta bestetan ateak kanpoko airei hersten. Tradizio eta modernitate...
89etik 1185era, Fujiwaratarren familia nobleak manatzen du Japonian. Emeki emeki Japoniar kultura berezi bat sor arazten du, Txinaren influentziak baztertuz. Ordu hartan idazleek partxemino batzuetan izkribitzen dute, Japoniar idazkera berrian; lan horiek makimonoak deitzen dira. Laster, katakana eta hiragana izeneko hizkitegiak agertzen dira. Hein batean, Japoniar literaturak demokratizazio bat ezagutzen du. Artean, 1192an Minarmoto Yoritomo generalak Shoguntza eraikitzen du. Kamakurako militarrek, eta haien eskupeko ziren Samuraiek, herria menperatzen dute. Gerla zibil odoltsuen ondotik (ikus «zazpi samuraiak» filma eta obrak) 1333an Ashikagatarren abarrak herriaren giderrak hartzen ditu. Familia hau Kioton bizitzen da, inperadorea hobekiago kontrolatzeko. 1573a arte Japones kultura loratzen da: Txinatik etorri Budisten sektak emendatzen dira (Joso, Zen) eta herrian bertan zabalduek (Nichiren eta Shinto) bigarren hats batekin indartzen ari dira. Karate, judo eta beste arte militarrak finkatzen dira. Literatura ipuiez, kondairez eta poesiez aberasten da. Hemen, Hai-Kaietaz mintza gaitezke
«Japhyk ihardetsi zuen, konplikatuegi da. Egiazko Hai-Kai batek xinplea izan bebar du, errealitatearen gostua eta saldaren samurtasuna. Ederrena menturaz hau daiteke:
Etxexoria jauxixka ari da atarrian.
Atzaparrak bustiak ditu.
Shikiren poema bat da. Atzapar txiki bustien hatzak asmakizunaren begiekin ikusten dira. Eta, ordea, hitz gutiz, egun hartan erori euria ere hor dago. Kasik pinu humien orratzen usaina senditzen da...»
(Keruak «Zerutiar eskaleak» liburutik).
LUMAREN KAMIKAZEAK
(made in Japan)
Shiki poeta bai, baina Matsuo BASHO (1644-1694) samuraia ezagutuago da Hai-Kai egile bezala
1) putzu zahar bat
igel bat airez ureratzen
eta uraren hotsa.
2) freskotasun
horman nere zango zola biluziak
loaldia.
3) itsas gainean arrats
ahate ahots
ahulki hain xuri.
4) batzuetan hedoeik
ilargia hain miresteaz
pausatzen gaituzte.
Xinpletasun hunkigarri horrek inguruko errealitatea hizkuntzarekin (beraz astraktoarekin) juntatzen du. Hori da Hai-Kaiaren artea...
Atomikoaren garaia Hiroshiman estrenatua izan zen 1945ean. Japoniar literaturak (zineak, kirolek, etabar.) zabaltze mundial bat ukan du ordu hartarik goiti. Azkenean harreman kultural eta ekonomikoek sortaldea sartaldeari lotu dute. Gure atsegingarri...
Orain aipatuko ditugun idazle gehienak Japones tradizioan eta Europear kulturan haziak izan dira, hori Tokioko, New Yorkeko edo Londreseko unibertsitateen eraginaz.
Gure zerrendan lehena Junichiro TANIZAKI izango da: hau 1886an sortua eta 1965ean hila da Tokion. Gaztaroan kanpoko ongi zezagun idatz maneraz tentatua baldin bazen, zahartzearekin Japoniako balore tradizionalen goraipatzale bihurtu zen. Frantsesez itzuliak diren lau elaberri idatzi ditu:
Asunen gustua
Zoro zabar baten egunkaria
Lau ahizpak
Aitormen lizuna.
Bigarren Yasunari KAWABATA dugu, 1899an Osakan jaioa. Heriotzak (aita, ama, aitatxi, amatxi) moldatzen du hamabost urtetako mutiko gazte bakarti hau. Idazkintzaz ihes egiten du, errealitate dorpe hortarik. Eta noski bere elaberri gehienak heriotzaren inguruan borrobilkatzen dira. 1925ean idazten du bere lehen obra (Nere hamaseigarren urteko egunkari gordea). Asko izkribatzen du, errebistak ere sortzen ditu, zinean aritu da. Langile nekegabea. «Roman miniature» delako idatz modua asmatzen du. 1968an Nobel saria ardiesten du, eta 1972an bere buruaz beste egiten. Frantsesez aurki daitezkeen textoak:
Elur berria
Mendiaren burrunba
Loak hartu ederrak
Kyoto
Kawabataren liburu batetik bestera bakartasunaren gaia erabiltzen da, heriotzaren, maitasunaren eta erotismoaren usain aberasgarriarekin. Baratzeak, Japoniako mendiak, bazterrak eta sasoinak kutunki erakusten ditu («Pays de neige» delakoan adibidez) Idatz modua Hai-Kaienari hurbiltzen da: zuhur, garbi, zuzen, errankor. Zion egun batzu hil baino lehen «Errez da Budden munduan sartzea, zailago debruen erresumetan... Bere eskearen helburua Edertasuna, Egia eta Ongia duen artixtak baitezpada nahi du debruen mundu hortako atea nonbaitik zilatu; ageri edo gordean dagon pentsamendu hori beldurraren eta otoitzaren artean zalantzan dago...».
Hirugarren piztia Yukio MISHIMA dugu. Bere egiazko izena Kimitake Hiraoka zen, eta 1925ean sorturik 1970ean seppuku batean bere buruaz beste egin zuen Mishimak. Tokioko idazle honek asko izkribatu zuen bizi zelarik oraino: saioak, antzerkiak, elaberriak, nobelak, ibilaldi ipuinak, etab. Publiko arruntarentzat bezainbat (zatizkako ixtorioak egunkari handietan) irakurlego «handia»rentzat idazten zuen. Hiru literatur sari ardietsi zituen Japonian. Eta «chef d'oeuvre» bat eman zuen lau tomatan «Emankortasunaren Itsasoa». Ikaragarria! Irakur daitezkeen beste lan batzu:
Urrezko etxea
Bazkariaren ondotik
Maitasun egarri bat
Maskara baten aitormena.
«Maskara baten aitormena»k homosexual baten ipuina kondatzen du. Bere izatearen deskubritzea, izate horren bizitzea «normaltasunaren» maskararen azpitik. Hain erreala den egoera hori arras zuhurki eta zintzko errana da. Batzuetan irakurtzean angustia hilkor bat sortzen da...
Aurkeztuko dugun azken Japoniar idazlea, berritan Europako pantailetan agertu filma batek kaleratu du, nahiz bere herrian oso ezaguna eta preziatua izan. Hau Shichiro FUKAZAWA dugu.
Gazterik utzi zituen eskolak musikaren eta antzerkiaren munduan sartzeko. 1956eko azaroan Narayama-bushiko kantuei buruz saio bat idazten du, eta saio hori ondarrean intensitate handiko elaberri bat bilakatuko du «Narayama» titulupean. Obra gogorra, ankerkeri bortitzarekin egina, ordea humanitate asko badauka bere orrialdeetan. Tanizakik, Ito Seik, Mishimak eta Takedak ongi etorri handia dagiote literaturgileen munduan. Narayamaren ixtorio hori ikuspondu diferentekin irakur daiteke: erlijionearen optikatik, sozial arrazoen argiarekin, poesia bat bezala edo leienda baten maneran. Ipuin aberatsa.
Japoniako literaturak Fuji mendi urdinari iduri du beraz. Aitor dezadan nihaurk ez dutala, argazkietan aparte, nere begiz gailur mitiko hori ikusi. Baina senditzen dut: elurra, etxeko hileri irrisa eskaintza, Tokioko metroa eta trenbideetako burdinen artean sagu eta garratoi familiak.
|