L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 10 (1985-abendua) —<maia1000>




 

 

Hiriburuko zakurra

 

Lucien Etxezaharreta

 

Berriz ikusi diat!

        Hola hasten dituk ixtorio frango. Hainbestetan... Bazter utzia duk gogamen edo oroitzapen bat, eta heldu zauk irudi olatu bat, oro gaindituz.

        Hor duk, potreta zaharren irudi minkor bat bezala. Denbora, urteak, egunak, oro iraganik. Betirako bromurean finkatu soa bezala. Bizi zena eta bizi geldituzkoa besarkatzen ari zauzkanak. Pairamena gainditu nahi dukalarik kontsolagarri den betierekotasun hura.

        Iragan dituk, iragaiten ari haiz, eta gure egun eko zalaparta, zer duk? Gauza barnakor batzuetan sartzen ari nauk. Nahiko nikek arintasun zerbait. Ezin diat... Ez dea hori denboraren hare iheskorrean beste batzu baino gehiago sartua naizelako?

        Gogoratzen diat... Oroit nuk. Oroit. Erran nezakek, alegera banintz: oi iraganaren denbora goxoak, oi gaztetasunaren sua... oi zu, ene maitasun amodio ederra... zure eskuen goxoa eta amentsen hatsa. Ez. Etsipenaren hareak erdi ihetsi eta itorik min diat eta ez deat holakorik erranen. Hik ere jastatua duk behatzen artetik johan zaukan zorionaren ondar fin hortarik...

        Berriz ikusi nuela erraiten nean, eta zakur batez ari nindukan. Nor nahik ikus lezakek, ez duk hor segeretu handirik. Hiriburuko elizaren ondoan, ba duk etxe bide bazterrean. Horko batean bizi litakek delako zakur hori. Haundia duk. Ez hainbeste, nahi baduk, goratasunez, bainan gorputz zabal gotor bat dik, eta buru argitsu bat, begi haundiekin. Ba, hori duk, buru usaiatik kanpoko bat.

        Ez duk hori behar bada inportanteena. So eta so eguna iragaiten dik.

        Ez duk aise norbaiten soari ohartzea. Are gehiago hari interesatzea. Hire lasterrean habila, hire lanetan, eta ez duk frangotan ahal hori. Besteak hor dituk hala ere. Horien arabera haizela bizi ohartzen haizelarik, gako zerbait eskuratu duk bazter inguruen ulertzeko. So haiz, eta hiri so dituk bizidunak. Soan ba duk zer aipa. Begiari peutsatzen ahal duk, bainan ez duk hori bakarrik, ez duk ñiñikaren idekidura edo betazalen zabalerarekin neurtzen. Bide zeiharkatu batez, kanpoko iluna edo argia, barneko zorion ala minak, arpegian, begiei, mezu bat bidaltzen die. Mugimendu bat duk, bainan gelditasun bat ere. Hortako dik ba, potreta batek, foto ala marrazki batek, halako indarra. Mezu hori ba eta hori badakik, edo hobeki erran senditzen duk. Behako hori, hiretako duk, pertsonalki, beste batek ez baitik berdin bat ere hik bezala ikusiko. Hiri ari zauk soa. Kasu emaiten balin badiok. Kasu emaiten.

        Askotan zakur hori ikusi diat. Aspaldidanik. Bilintzi balantza zabilak batzuetan Baionako bide bazterrean. Balio dik ikustea. Bere bidean zoak, jakintsun zahar baten pare. Berdin Francis Jammes bat iduri, Jainkoari galde egitera johan, astoentzat, zeruan sartzeko baimena...

        Ez dik kasurik emaiten autoen lerroka burrunbari. Behar huke ikusi beste zakur batzurekin kurutzatzen delarik. Beharren egiteko espaloi ezkinetara gure hiritar, diziplinatuek ekartzen dituzten xakur ttakala horiekin. Zer soa botatzen dien... Ba duk irri egitekoa. Gazte perttoli kakazu horiek nola mespretxatzen dituen, beren moko fin girgil eta beste. Jinen zakok ondoya bat edo beste, usaintzera, ba dakik zakurren molde aproposean, edo xanpaka beren katixima pixtoletaren ahozkatzera... ez duk bere bidetik kantituko. Ze zakurra! Iduri dik batzuetan Telesforo Monzon guardia zibilen kontrola batetan, Bergarako plaza nagusian.

        Gehienetan zakur gaizoa jarria duk. Akitua dela senditzen duk orduan. Adina ere hor. Ez duk ere denbora luzez mugitzen, begiak salbu. Uzten ditik pasatzera pasatu behar diren horiek guziak. Pasa ditezela beren diru eta lasterrekin, beren tarrapata hutsarekin. Egona nuk beha, eta batzuetan luzaz: nehork ez ziok kasurik emaiten gaixo zakurrari. Holako zakur ederra! Errege zahar bat, iduri, mundu iraganari so.

        Zenbat aldiz dutan ikusi... Goiz eta arrats, egunaz eta gauaz, euri, hotz ala bero. Ene egunen lerrokada heldu zautak filme zahar marratu batean bezala. Ba zitukan egunak lan egitekoez presak hartuak. Egun iraganak, egun joanak... Harat eta hunat bazoak guzia. Lillura, horra soka eremailea, biharkoa pentsatzen, asmatuz eta prestatuz. Beldurraren egunetaz oroit nauk, merzenario hiltzaileek hemen zabaldu sareetaz, gure betiko gezurti eta tripusteletaz, kontroletako harma beltzetaz. Oroit nauk, gaua zukan, Donibane Lohitzunen atentatu bat, joan behar, gaua, euria, bidean ahal bezain fite. Hor zukan, zoko batean zakurra. Etzakik deus, hor duk ezko piztu bat bezala...

        Eta goiz hura, bere eskuan lehen aldikotz enean nindoala. Gaua, euria eta hotza eta barneko berotasun goxoa. Ez nian ikusi zakurrik orduan. Ikusi ninduena? Hasi berria zela uste nian, ene bizia, segur nindukan. Zerua ere ondatzen zauk, zerua ere. Zer duk bizi hori. Betirako dukan hori, johan zauk den. Den dena. Hiltzeko minak dituzkala, herioaren ehaile luzakor eta ez ahanzkorra haiduru dukala.

        Gong baten pare dituk biziko lekuko batzu: orai, hire orduak joa dik eta orai hiretzat lillura ahamen bat, eta orai esperantza eroa bestelakatuko hauena eta indar mugagabekoen jabe jarriko hauena, eta orai maldan beherako aldia jinen zauk. Frangotan ez duk sinesten aldakortasun hortan. Ez hadila tronpa, hirea duk jotzen ari den ordu hori. For whom the bell tolls? Hiretako gaizoa! uste huen baino lehenago... Uste duk haratago dela esperantza. Ez duk hala gehiago, hireak egina dik. Dante-ren ifernuan sartzeko bezala, utzi behar dituk esperantza guziak. To, ba, preseski, ez dea hori pentsatua daukuten ifernua? Egunen zerrendak orduan ustelduak zaizkik, hariz hari, azken piruraino maitasuna joan zauk, eta galdua duk, uste gabean bizian ukanen huen aments zoragarriena. Zer min ezin jasana hortaz ohartzea. Galdu duk, galdua haiz, hor azken purruskak. Besteak biziaren eta iguzkiaren jabe. Eta berriz heldu zauk gogora galde zital taupadazkoa: nolaz hain eder, zabal eta zoro ziren amodioak bihotzaren har jale jin zauzkik? Eta hor dituk omen poetak direnen hitz pitoak, biziak pulliki, pulliki behexten duela, arrobotsik gabe, ondartzako amanteen oinen hatzak ahazduraren gau hotzean sartzen direla...

        Goiz hotzean, mendien xuria... Ikusi dituzka aurtengo lehen elurren jaunzteak? Mantalin xuriz gure mendiak kukutu dituk. Bidarteko gainetik, iguzkiaren lehen printzez, Aiako mendiak urrezko korona distiranta iduri zian. Andere xuri horien edertasun minerala!

        Geldi geldia zela, berriz ikusi diat Hiriburuko zakurra. Maitasunik gabe bizi dela aspaldian ageri dik. Ez dik gehiago halako ikara hura, norbaiten beha denak nahi t'ez erakusten duena. Ez duk aldatuko orai. Esperantzarik gabe munduari behatzen dik.

        Anaitzat har nezakek zakur hori.

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.