L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 10 (1985-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Aire

 

Mayi Pelot

 

Y planetan olerkari-kantari famatua izan zen. Orai, T 319 zen. Bere azkeneko bidaiaz oroit zen. Auzia bukatu eta aireontzi bereziak Iota planeta-presondegira beste lagun ez ezagunekin eraman zuenean, hitz guti egin zien, bai denak mundu eta arraza desberdinetatik etorri baitziren, bai eta ere bakotxa bere jar-lekuan finkatzen zuen indar aldeak bularra bultzatuz hatsa bahitzen baitzion. Noiztenka, bere telepatiaz baliatuz besteri gogoeta goibelak ebasten zizkien eta ez zuten batere pizkortzen oroitzapen oinaze urriki arrain beldurti haiek.

        Iotan lurreratu eta, planetako androida-medikuek pasagi-lotegi zabal batean preso guziak sarrerazi, biluztu, ikertu, etzanerazi zituzten eta T 319k zer... nahi... erradio eta pikura... jasan... zuen... lañoan zer nahi... zer?

        Bezperan, T 319, anartean gertatu zenaz ezin oroit, zelda honetan iratzarri zen. Zelda ezagutu zuen, ohizko kontainer «Hermes»ekoa baitzen, Galaxi guziak erosten zuen zelda klimatisatu eta estandardisatuetarik bat. Barnetik aluminiumezko kubo perfekto bat.

        Hara sartu zutenetik, T 319k tronaduran noiztenka pizten zen argi urdin ubela, aire kondizionatuak hedatzen zuen makinaren hatsa, pasagietan urratsak kilixki kalaxka, eta japaria metalezko platera eta basoetan automatikoki heltzen zitzaion leihatilako farrasta zituen lagun bakarrak.

        Jeiki zen. Leihotik eskasian nola zekien ba, goiza, zela? A bai, horman jauzten zirelako quartz erlojuko zenbaki beltzak. T 319 berriz ere deitzera entseatu. Zelda begiratu zuen. Aintzinean zuen horman janarirako leihatila, goian erlojua. Ohetxo mihiserik gabekoa, atzean zuen horman zilatua. Beste hormak leunak iduri arren, laugarrena hurbildik begiratuz zortzi marra meheek bi ate adierazten zuten. T 319k ez zituen nihoiz zabaltzen ikusi. Leihatilaren ondoan, interkomeko plaka beltza. Gainean, sei zilo ttiki: abots-emallea. T 319k plaka hunkitu zuen: abots emeak berriz ere ozendu zen: «Agur, T 319. Betirako kondenatua zara. Legearen arauera, ehun egun bakarrik egonen zara. Sofritzen baduzu, zoaz ohera Medikumatikoak iker eta arta zaitzan zerbait zeldan faltatzen bada interkom-a bi aldiz Jo. T 319, agur. DOULUN. Agur, T 319. Betirako...»

        Betiko.

        Zelda ederki egina zen.

        Metalezkoa, hitsa, leun leuna, garbi garbia, epela. Alkirik ez. T 319k alkien beharrik ez. Oheratu eta, laister —laisterregi?— lokartu zen. Iota eta zeldan bederen nihork ez zion minik eman.

        Batbatean TING! entzun zuen. Xutitu eta erlojuari so egin zion. Bihotza larritu, ahoa zabaldu, bularra hauntu, gogortu lepoa korapilatu, oihu egin eta ezin, haren zintzurrak gargara bat besterik ez zuen eman. T 319k bi gauzak batean ulertuak zituen.

        Alde batetik, nihoiz ez zuela berriz hitz eginen. Abots hariak laserez erre zizkiotela.

        Eta bestetik, kiiixki kalaxkak makinenak zirela, bakar bakarra zela. Bere zeda-kontainer espazioan zela.

        Ting hori hyperezpaziorako jautziaren ohizko seinalea zen. Zeda aireontzi edo satellita zen, eta hutsean zebilen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.