L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 10 (1985-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Ni ez naiz hemengoa

 

Txomin Peillen

 

Txomin paristarraren gogamenak

Josebaren azken liburuaz

 

        19.orr. Bai. Aintzinatekoen pentsakeran lurra munduaren txilborra zen eta geozentrismu hori euskaldunen artean bazegoela. Barandiaran ta Satrustegik erakutsi digute. «Otoitz txipiak» delakoetan eguzkia ta ilargia «lur amaren gana itzultzen» baitira eta «haren alabak direla» esaten baita.

        20. Oba bai ote du oba-rekin ikustekoa Zuberoako boba delakoak, seaska kantu hontan:

                Niña boba

                lotzeko mina

                fin dakizüla.

        21.orr. Esperantza. Duela hogeitahamar urte J. Mirande-k gai hortaz olerki bat idatzi zuen, esperantza lore batekin erkatuz, eta nik Itxaropena izenekoa, zeinean neska bat den itxaropena.

        29.orr. Limerick Orain egiten direnak erotikazkoak dira. J. Mirandek euskaraz egin zituen batzu.

        30.orr. Apokalipsi. Santa Grazin hauzoko etxekandrearen ahotik, Maddi Hardoy-rengandik apokalipsi heterodoxoa bildu dut, jaso dut. Berriki Donostian, Unibertsitateak ateratu duen, etnologiazko liburuxketan agertu da kondaira hori. Animismua Zuberoan ed. Haranburu.

        52.orr. Historia eta mitoa. «Gizaseme modernoaren erreferentzia bilakaera historikoa da...» diozu hau beharbada pentsatzaile eta eskolatu batzuen kasuan gertatzen da, baina etnologiazko nere iker-lanetan hirian nahiz baserrian, mito eta sineste zaharren lekuan mito ta sineste berriak sortzen ikusten ditut... sortzen eta mailegatzen; nonbait bi milioi frantsesetik gora sekta delakoetan sartuak dira. Horoskopoa frantses aldizkari gehienetan irakur diteke eta Bibliaren lekua hartzekotan dago. Hobe da azti iragarle sorgin izatea apez baino eta «jainko txipi» petrikilloek sendagilek haina arrakasta daukate.

        63.orr. Zuberoan eta beharbada besteetan ere esaten da harriaz: Harrigarri düzü. Harritü nüzü. Harria bezala lo. Harria bezala etxeki... Gauça harri, salaketa, faltsuari zeritzaion Erdi Haroan (N.)

        71.orr. Puerto de Santa Maria. 1985-ean otsailaren lehen astean Aita Lhande zuberotar euskaltzainaren bizitza irakurtzen... eta non du bere lehenbiziko apez-lekua: P.S.M.-en; aste berean XV. mendeko hirur balada (bi zuberoeraz bat nafartarrez) ikertzen ari naiz: gaia Urrutiako jaunaren eta andrearen gorabeherak eta sendi hortako alaba bat nora ezkontzen da P.S.M.-era. Geroko astean Baionan lagun batzuei brandy bat eskaintzen diet eta marka irakurtzen dudanean P.S.M.-ekoa da. Nere osaba Batistak «la virgen!» esango zuen.

        74.orr. Koloreak «munduan asko lez» neu ere koloren azterketa egiten ibili naiz, rubio esateko hitz zaharrena Zuri da (akitanoa, XI. mendea). ordin, urdin (XIII. XVI. rnendeetan) hori / holli «orain», Datez ere bilo hori, bilo holli azalpenetan,

        83.orr. Urdin Badirudi galieraz (galiako hizkuntzaz) ez zela kelta mintzaira zahar guzietan bezala, urdina eta berdea bereizten eta gurean berdin. Erdi Haroan germanak Frantzian sartzerakoan hitz berri bat sartzen dute, blau bloi bleu idatzia eta hitz horrek bilo hori gris, urdin esan nahi du, hain zuzen euskara zaharrean urdin-ek bezala. Hamahirugarren mendean Domenca Beguyurdina naski «aux yeux bleus» dago, baina Mikele Urdina garai berean zer da? «bilo urdineko» «begi urdineko», grisa, urdina ala horia? Garibay-ek garbiki dio bere arbaso bat Doña Ordina edo Urdina zela, illea, biloa hori baitzuen. Orain gauzak ez al dira garbi gris, urdin hori hitzekin? Guk iparraldean ez darabilagu azul eta zuek ez duzue blü ulertzen.

        85. arrama. Kostatu zait igartzea zer deabru zen «arrama» hori; guretzat Zuberoan behiaren sainga luzea baita edo gure lehenagoko hartzen orroa. Uste dut ez dela zuenean adar hitza erabiltzen, trufaren gatik adarra jo esaten duzutelako; Zuberoan gure idazleek badituzte holako hitz kutunak gaztaroako, haurtzaroko oroitzapen... nere urtzaroko oroitzapenak frantses eta paristar hizkuntzan dira, zoritxarrez... horregatik gaur dioten bezala branché nago.

        99. Itsasoko zerena. Behin «Itsas lamiñari» egin nuen olerkia, baina beharbada iñolazko sinestuna ez bainaiz fedearen garra falta zuen.

        106. Gorria euskaraz osotasunaren erabatekoaren kolorea da:

                mixeria gorria

                gose gorria

                gorriak ikusi, baita bilus gorri pikarrai gorri ere.

        117. Azkue Arrazoin duzu ikerlari horren sentzura aipatzea, nik frantsesezko artikulu batean F.L.V.en egin nuen titulu estali honekin «Méthodologie de la notation des textes basques». Zeren batzu arrazionaltasunaren izenean besteak sinesmen bakar baten izenean gure kultura zikiratzen dabiltzan. Badakizu sentzuraz, euskal sentzuraz liburu bat idazten hasi nintzela, baina gure gizon handi batzuen nazkaz eta nardaz utzia dut, frantsesez diotenez «besoak erori zaizkit».

        131.orr. Denbora Ez naiz gogoz «modernoa»; hitz hori eta horren inguruan dabilan «aurrerapen» pentsakera, kalitate konotazioa daukalako; nere gaurkotasuna, oraingotasunaren ustean, ez dago ez denborarik ez historiaren bilakaerarik (bilakaerak, «hobetze» esan nahi badu); neretzat denborak ez du garrantzirik iraupenak bai beharbada, bai halaxe batzu hamazazpi urteetan zaharrak dira neretzat eta beste batzu ez hirurogeietan, adina ez baita denboraren adina, egintzen ekintzen adina baizik... adin baino «egindin» da... Ezinak zuen sortu Miranderengana zahartzea... ezin idatziak urteek baino kalte gehiago egin... ez-zahartuguraz zuen bere burua hil.

        144. Sinkretismoa. Oroitzen naiz nola Elbira Zipitria ikastoleen sortzaile ameslariarekin eta eragilearekin izan nuen eztabaida, harek baitzion gurasoek ez zutela batere erdal kulturarik izan, euskal kultura hutsean bizi zirela. Orixeren «Euskaldunak» irakurriz eta Olabideren, euskarazko Biblia. Biblia ez al Judu Herriaren kondaira eta horko kultura gurea gandik hain urrun, nahiz mila urteez zertxobait sartu diguten?

        161.orr. diozu, euskaldunek ez dituztela koloreak maite, baina nota esplika diteke penintsulako impresionista bakarrak Euskal Herritarrak izatea? Zubiaurre anaiak, Arrue, Martiarena, Regoyos eta beste kolorezaleak dira naski Zuloagai, Goya, Zurbaran, Murillo-ren moduan beltzari emanagoa da.

        166. Aphoa. Aphoa... zuberoeraz gaixtoari esaten zaio... baita krepaut ore bearnesezko hitza (crepaut) kasu hortan baizik ez darabilagu. Jacques de Belaren paperetan Pariseko B.N. delakoan, apezek egindako papertxoen bilduma badago, papertxo horietan aitorpenak, akelarre aipamenak eta satanari ukapenak agertzen dira... batzutan diote apozain, apo janerazle izan direla. Sorhueta, Ezpeize, Bildoze Mauleko jendeek aitorturik.

        171. Pio Barojaren pagantasuna literarioa baldin bazen, Miranderena bizitua nahia, hots filosofia bat, praktikan jarri nahi izan baitzuen. Nerea ez zen ezer naiz eta goratik diot berreskurapenen oztopo gai.

        176. Arrazoin duzu griña heroikoaz diozuna; beste ikuspegiz aipatu nituen Miranderen joerak, haren obretaz egin bilduman, patologiaren hitzekin ibili nintzen, berak psikastenia bezala defenitu eritasunean, malenkonia guzietan bezala, berotaldiak eta hoztaldiak baitira, gorak eta beherak. Etsipen garaietan zuen, ez idazten eta eskuin muturreko aho beroekin ibiltzen zitzaigun; beroaldietan berriz «Ai neza gal bizia!» idatziko zuen eta ezin idokitako euskal erroetara itzuliko.

        Arrain Neretzat arra-in, guztien gainetikako arra da, Iruinea guztien gaindiko hiria den legean. Ez ote da berdin arsto (eusk. zah.) hitzarekin eta trufaz gaztelaniaz macho-arekin. Latinentzat astoak lizunak ziren. arrain: arrano: arsto.

        183. Poemagintza. Hor liburuaren beste zatietan literaturzalei, sekulako bazkari ona eman diguzu eta Fakultatean testu hau irakurri eta aipatu dugu, Pauen.

        193. Euria esan ta euria erori. Ez da bakarrik zorionaren alegoria, baina gure europar herrietan bizirik gelditu den animismu pentsakeraren oiñarria, hitzaren poterea izadiaren gainean. Zuberoan diote; «ez aipa jinaraziko dük», hain zuzen Maiatzeko lehen egun hauetan euri ta euri agiten du, eurixe atertu barik.

        199. Arrazoinekin diozu Jakintzak metaforaz baliatu behar lukeala; bestelan denataziotik ez ateratzeko frantsesek dioten «langue de bois», basa hizkuntza ilun ta estalgarria sortzen da gizarte jakintzetan oso modan dagoena, formalizazioaren idolatriaz.

        213. Itsasuntzia. Holako gai batez Mirandek idatzi du olerki bat.

        215. Koloreen sailkapena

        Zuri naiz, zur, ezur, bezala, gelditzen garelarik harri-zur.

        Beltz dira, beleak eta beldurra eta baltz, Bizkaiako Balbea

        Gorri guztiak ez dirade gor.

        Nola diteke zuri, orria, hori behar luke, baina hori da orstoa

        Horixe ala orixehe, ala orixe?

        218. Eskuen inguruan. Begiena bezala, eskuena andreari asko gustatu zaio. Zure Donostiako aldi laburrak busti dizkigute begiak eta borobildu ukabilak. Andreak esan dit sekulako antsiarekin egin zituela lenenbiziko eskuak marrazkitan. Joseba Maitesak pastel bat egin dizu.

        220. Idazlea apaiz legez.

        Irakurri ahal duzu Habe-n Jon Etxaide-ren bereskurapen ederrena, itsuena, Mirande ez zela sekulan psikiatren eskuen artean egon, ez zuela aurretik sekulan bere burua hiltzeko asmorik izan (hirur saio, azkena ardietsia) bakarrik ezin zuen lo egin eta lo erremedio gehiegiz, uste gabean, hil zen. M. Tauriac, L. Bleny ta G. Penaod-en lekukotasunak ez dira ezer; hura ez han izan eta bere buruaren hiltzea bekatua balitz bezala Mirande garbitu (?) nahiz dabila (aski garbi mintzatu da Jon bekatuaz.... ukatzeko, baztertzeko). Gero kristau zaharra eta katoliko zintzoa zela esanaz, parregingarriaren ateak botatzen ditu, Jon Miranderen idazki guztiak hor baitaude... baina ez du axolik... ez du horrek garrantzirik... baliosena haren obra da. Ba al dakizu Jon Miranderen lanetaz arduratu den norbaitek... bilduma egiteko gero damutzen zela esan duela zeren idazlea fazsista baitzen.

        224. Erronkariko kanta zahar hori ez da bakarra... eta arraroa («single» zer da?) Lapurtar kantu luzeago baten ondarra baizik «goizean goiz jeikirik argia gaberik / urera joan ninduzun pegarra harturik» eta bestea legez bukatzen

                Dakigunaz geroztik zer erran amari,

                dugun pegarra pausa gaitezen liberti!

                Trala la lala, tralalalala, gaitezen liberti!

 

        Doñua eta itxura frantsesa du... Iturri kantu eta artzain guti dago gure kantutegian baina frantsesezkoan pilla. Zaharretan bat (Agota artzaina), XIXn mendean lauzpabost, euskaraz.

        226. Badirudi lekuizenen ikertzetik eta aztertzetik Euskal Herrian, iturriek izen berezia zeukatela, sakaratu zirela ta ibaiak ez. (Ur, Urumea, Ibaizabal, Uhaitz izen komunak dira). Barka, basaburutar hunen etnologiazko gogamen aspergarriak, baina hau zure liburua garrantzitsua dela señale da, pentsarazten baikaitu; nik ez dut holako zorionik izan, ez bainaiz sekulan kritikatua izan, ez eta guti baizik erabilia; besteen gogamenen eragile moduan. Jarrai beraz Joseba zure Donostiako egonaldia bukatzen zelarik eta beluegi ikasi dugulako ez zaitugu ikusi, baina garai hortan, ohar horiek idazten nizkitzun.

        Maiatzaren 8an oraindik Santa Grazin elurra egin du eta ortu sortu berria, hamar zentrimoren azpian egon ondoren, izotzak lursagar berriak errexe dizkigu... berriro eguraldi goxoa etorri da, euri askorekin, eta astebete egon naiz etxean gatu gaztearekin, gatu zaharra hotz handiekin hil zitzaigun, gazte hori, zaharraren alaba Miñiña izenekoa da, eta zeuk ezagutu zenduenaren ahizpa biritxia dirudi... Etxean ezer ez da aldatu, garai ederreko argazki bat tximinearen gainean, gu lauekin, Ibarburuko atarrian... Emazteak jarraitzen du Turkian ikusitakoen margo lanak handitzen, hogei tabosten bat irudi daude, Kurda, Turka ta Armenitar jendeen itxurak gehienak... Nere aldetik nobela labur bat bukatzen ari naiz... hagiografia bat... txerriaz.

        Aintza txerriari! bizitza (Aintzina Igelarako egin neban Jaun Done Akerrune-ren «urunekoa» izango dala uste dot...) Munduatxerri begiz ikusita, ez da giza begiz baino hobeki; nahiz belarri luzeen ohoretan aspaldian egin nahi nuen hagiografia izanen den. Beti Menendez Pidal-en «Juglares y juglaresca»-rekin nengoenari mesede ekarri dit, zeuk gaztelaniazko baladari buruz bidali didazuna batez ere hegoaldeko olerkari batzuen argigarri izan baitzait, baina berriro irakurtzekoa da, helarazi didazun liburua.

        Euskal Idazleen Elkartearen aurrean zure eta beste lagun guztien aldeko eskaera egin dut. Talde horrek beste kultur taldeekin batean, Zuzentzazko Ministaritzari eska dezaiola zuek euskaraz idazteko ta eskutitzak hartzeko erreztasunak eduki ditzazuen.

        Besterik gabe Joseba, bion besarkada bat, ea erantzuten didazun, noiz eta nola zure ikustera etor gindezken...?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.