Tzakur apaltien orhitze gisa
Joseba Sarrionandia
Josebaren ipuin berri honen titulua, orijinalean «OROITZEKO MODUA» zen. Ez da oraindik plazaratua. Txomin PEILLENek xiberotar batura egin itzulpen bat dizuetegu eskaintzen.
Mila seiehün ta hirutanhogei ta bateko Azaroaren zortzian eho die Beñat Goihenetxe Mitikileko erretora: goiz goizik eraman die ürkabeala büria eskapila beltz batez estalirik, borreüak aixkora altxa eta berhala egin du bere lana. Gero bere korpitzaren zatiak Ziberoako bide-kürütxüneetan estekatzeko manamentü bat eman da.
Mauleko XI. kronika
I
Frantses soldadoek haren aragi zatiak herrialdeko kürütxüne güzietan esteki zütien, hainbeste bide kürütxeetan nun gizon bakotx baten korpitzak ezin beitzian hainbeste aragi eman. Hura kabalekia zela erran zian norbaitek, bena ez zen ihor ere odoletara hüllantzen, ihork ez zian begikaldirik etxekiten, bestañez, betezpalak zerratzen ziren ikusi hura ere itzali nahiz. Eta beldürra hüzkeiaren gisa hasi zen ziberotarren bihotzetan, hüzkei aihenak bat batean eta harri guziak üngüratzez hasi bei-litzan. Oldarrala jalki eta eraiki laborariak beren etxeetara ützüli ziren, beren ihitaiak baratzeko asünen ebakitzeko baizik ez zütiela erabiliko zin eginik. Artzañak beren oletara gibel jin eta zokotan gorde zütien beren makilak. Leheneko bizi molde arruntaren katea ezagünetara ützüli ziren güziak, harrizko bakeala, soldado etsaiek tandaka etxalteak eta bideak kurritzen eta zaintzen zütielarik, beren zamari eihar eta beren txapel lümadünekin, soldadoak beren frantses eta biarnes eleekin ibiltzen ziren, ezpata maginatik idoki beharrik gabe.
Eta holaxek hanitx, urte hanitx igaran zen ihork ere bere bihotza berriz bilaiztü ordüko, gai ibilzalerik, berriz, agertü ordüko. Erresiñula jadanik hogei aldiz heltü zen bedatsean, xiberotarrak beren aitunen seme ta apezküpien kuntre oldartü zirenaz geroztik, osto beltzak ordükotz hogei aldiz ziren teiütü beltzez estali büria, zürkatxik gabe erori zenaz geroztik, kontatü nahi deiziedan gertakaria agitü arte. Hogei urte joanik Orhi gaineala hogei aldiz elür berria lehenagoko oldarpen hura gogoetan zen orano, hatzamanik dian hüzkeiaz harria orhitzen den gisa bihotza tinkatzez eta ahatze nahiz. Ez zen kantoren geia gerla galdü hura, ez zen ezpañ osagarridünetan sortü, bortietan aran egin eta ibarretan behera hedatzen diren ahaidetan agertzen; beldürrak mihia zian gogortzen, beharri traidoreek josten zütien ezpañak.
II
Eta barantailako, bai otsailako arrestiri batez Oloroeko merkatüala jin bi gazte, bata eskiularra, bestea barkoxtarra, ostatü batetara sartü ziren ebia ater zedin haidürü, ebia emeki ari beitzen... lantzerra... gero gibelilakoan ützülbidea alkarrekin eginen zielakoan.
Cap de bascou! eüskaldünak! erran zien botz latzezko gizon mozkorrak, lous mainats de bascou que venden la antzera per crompa lou xerri.
Mahañian jarri bezañ sarri, armadako arropa zirzill zikinez bezti gizon hura hüllantü zeien, bera ere zahar zen, zur gatülü bat esku batean besteaz bizar urdintü bat iresten ari. Bi xiberotar gazteek arrenküra amiñi bat senditü zien, soldado zahar hura ondoan jarri zeienean, bena jarririk eta bere bizarra ordükoz xuritiak denbora ederragoak ezagütü zütiala salatzen zian.
Dio biban! que soy estat vint anys soldat de França, Ziberoko lürretan, erraiten zian besoa ezpañen aitzinean tzurdunpaz ari. Dab aquest pluye que besoan min düt. Hil de puta! que ihor ez da mobitü, ez igitü. Que ù en la esteka, que tots sun estecats.
Erdi bearnesez erdi eüskaraz begiak nirnir, edari ttantta zonbait bizarraren artean txirristaz.
Eta Beñat Goihenetxe zion, ahapeka motikoengana hüllantüz aquest voste Matalas, noun le mataren pas en plaço que mataren autro gouyat. Han nindagon ni eta badakit Matalas presontegi beltzenean ezarri ziela, aci Hil de pic! Mauleko gaztelü hortan.
Soldado zaharrak bere eskü zabalaz tapatü zian basoa, ordükoz hütsik zena zerratiaren keñiarekin entelegaraztez.
Matalas hil zien Lextarreko plazan, erran zian barkoxtar gazteak, jente hanitx izan ümen züzün jakile, büria moztü zioienean.
Bena ez, haren lagün bat, en plaço, errepikatü zian soldado zaharrak, apez hura zeren apeza omen zen oldarpenaz dolütüko zela esparantxa zien gobernariek: azkenean aitunen seme ta elizaren abeltegiala ützüliko zela esparantxa zien. Ez zekien.
Ez zakitela ta ez zakitela eta erri egiten zian karkazaz gizon zaharrak. Bera Mauleko gaztelü hartan begirari egonik, añiketa armada ützirik eta bazakiala oranoko bizirik zela gizon bat presu-gela hersi eta ülhünian, ülhünenian. Atertü zen kanpoan, arte batentako bederen, ezinegona beitzian egünaldiak. Bi gazteek beren zarpak har eta adio erran zioien soldado zaharrari.
Han dago Ene fedea! erran zeien berak, bortatik kanpo soatzalarik, Mauleko gaztelü kanbera barnatsüenean sartü zien eta han dago orano, bortapean üzten diren janariak, jaten beitütü!
Motikoak etxera abiatü ziren, hiriko harri losak ostikatü lehenik, gero bide lohitsüetan barna, ixtilak saihestez. Ateri llabürra egin zian, gero odei übelak, min zahar hurtü beharra, ebia erortera ützi zian, berriz. Bi Ziberotar motikoak zaleago ibili ziren. Lantzerrak busti zütian.
III
Bi motiko haiek, eskiularra ta barkoxtarra Bazko gaiherditan Mauleko gazteliala sartü ziren, begirariak ustegabeki hatzaman eta esteki zutien ta gaztelüaren zolako kanberetarat heltü ziren.
Eta gizon bat ediren zien, gela batetan. Ediren zien gizon harek, xahar ahül eta mütü harek azken hatsean denaren mobimentia baizik ez zian haboro ta korpitz hilaren hatsa; zilo hartarik idokitzean zen ürrats baten emaitera atrebitzen eta bizkarrean hortik jelki behar izan zien, gelatik bizkarrean Mauleko gaztelü harresietarik hürrün.
Eskiular gazteak besoetan hartü zian zamari gainealat igañik barkoxtarra ere bere zaldiala igaiñ eta ülhün ñabarrean Atarratzera bürüz abiatü ziren. Gaia zohardi zen, nahiz eta argizagi berriak, izarrak argitzen zien bidea eta bortü aldeko aize xuri hozkirriak berekatzen zütian, zamarien zurdak, bi gazteen atorrak eta xaharraren bizar urdina.
Haboro dena, aizeak bedatsaren lehen hedeak ekartzen zütian. Ostoen sonia xüxentzen zian, hats berria emaiten zion belarrari eta lürpeko gaiza lokartü oro laster erneko zela, amets egin lirola üdüri zian.
Zahar hura ez zen mintzo, eztarria, züntzürra ito zeion, hitz erdi bat, ele zonbait eta ez zen igitzen, ez haren korpitza mobitzen zamari bizkarrean.
Ezkiular gazteak besoetan eramaiten zialarik, haren bihotz zahar eta ahülaren banbak senditzen zütian, eta beso zabalagoak eta goxoagoak nahiago zütükean, agian, axolbean egoiteko. Barkoxeko motikoak beste zaldiaren gainetik begia gibel utzüldan haren begi xuri eta zabalak baizik ez zütian kusi, bi argizagi ttipi eta izigarri, ülhünpian. Igaran zien Irabarne lauhazka ferra heotsa harrietan; igaran zien Gotañe; hürrüneko tzakürrek gaia zien usikiten. Eliza kantütik igaran ziren Zalgizen «Aitaren» erran gabe Irurin berna, Uhaitz bazterreko kristala hur gargala entzün. Eta harresiak bazter üztez igaran zien Atarratze, laster, huraren ixurgiaz goiti, uhaitz ondoan gora, bürki oihan batetara sartzeko.
Ordian baratxago joan ziren zaldiak jadanik akitürik beitzoatzan zühaintze beso beltz eta okerren petik, gero aldea hoztü zen eta argia hasten zela nabaritü zien.
Motikoek Ligiko harpe batetan ützi nahi zien xaharra gorderik, soldadoen ikertzeak igaran arte. Arropak eta janariak ekarriko zeitzioen harartino. Gordalekü hobeago bat edirenen zioien gero, etxe hun bat. Mitikileko erretoraren lehenagoko lagünen artean eta arrajintxez geroz Matalazen izenak, berriz kurritüko zütian Xiberoko ibarrak.
Bürki adarrak geroago eta beltzago ziren, zelia ñabartzen zen heñian. Ligiko etxeak nabaritzen zütien, oihanetik jelkitzean, ttipi, mendien barnean loak hartürik.
Eta bi gazteak, argia hel eta berhala, xaharrari so baratü ziren. Haren bilo eta bizar lüze urdintiak, haren larrü xuria, larrü teiütü hura, haren zanko ezürtü hura eta bepürü iodien peko begi beti zabalik; ülhünpetan tzimeltü lantare, ülhünpetan ützi beharrezko hura.
Txori bat kantan ari zen isiltarzünean, goiz txori ezinikusteko bat txiunta lüze eta ederra zühain baten gaiñetik.
Bozkario barnetsü bat senditzen zien bi gazteek beren bihotzeko zoko batetan, Beñat Goihenetxe libro beitzagoen, esparantxa berriz ere berena zielakoz. Eta tristüra hari eli bat ere senditzen zütien, bihotzeko beste zoko barnetsü batetan oropilatürik, esparantxa zoinen ezdeusa, esparantxa azken hatsean dagoen xahar bat dela ikusi zienean eta eraman zienian.
Ligiko harpeala hel eta zamari izertüetarik jaitxi. Xaharraren hoinak ikare ziren, ortütsik iratzez busti belarra ostikatzean. Eta ordüko, ekia, baratx eta leinürü, xütitzen ari zen hegi borde heen gaiñeala. Xahar hura ütsü zela ohartü ziren bi gazteak, begiak zabal zabalik, begiak xuri xuri, ekiari so zagoelakoz, ikusten dianak so egiten ez dian antzora so.
IV
Eta nun diaude gurekin borrokatü zirenak galtegin zian xaharrak hitzak ezin ahozkatüz Jakes Altzaikoa, Joanot Montori Beroritzekoa? Petiri Etxarrikoa. Arlande Aruekoa?...
Jakes Altzaikoak Ameriketako untzia hartü ümen zizün Baionan, ziek Sorhutan gal eta berhala eta haboro ez da deus ere jakin erran zian barkoxtarrak guk ez ginizün ezagütü, entzün baizik haren aipü, bena besteak bai Joanot eta Petiri laborari diaudezü, beren etxalteetan, beren familiak hazten eta Arlande Arübekoa hil zen, bideetan amoinan eskale ibiltzen zelarik, igaran negüko botzetan.
Arrenküra zen xaharra, arropa ürratien pian, larrü xuria besterik ez zialarik. Larrü xuriaren pean berriz üdüri zian elürra erorten ari zeiola. Axalpetik orotan, elür lüma zaharrak metatzen zeitzola, aragian, bihotzean, züntzürrean.
Eta nun diaude mintzatü zen berriz hitzak nekez moldatüz Gillen Pagolakoa, Maria Altzürrükükoa, Maider Undüraiñekoa, eta Domenixe Urdatxekoa?
Gillen Pagolakoak benta berri bat zabaltü zizün Jeruntzen eta han egoiten düzü, ardoaren erdia zerbütxatzez eta beste erdia edatez.
Erran eta erri egin zian eskiular motikoak.
- Maria Altzürüküikoa Paueko, jaun batekin ezkuntü züzün, eztei handiusak eginik erran zian beste murruñák eta Pauen bizi ümen düzü. Eta Maider Undüraiñekoa? Nik ez dit ezagützen. Hik ezagützen dük Paule?
Ez, Maider Undüraiñekoa ez..., bena Domenixe Urdatx Santa Grazikoa bai, Ahüzki altean artzaiñ egoiten düzü, eta jei egünetan berriala jaisten düzü, koblakan aritzeko.
Eta xahar xuria begiak zabal zabalik, herro gabeko aihena zen, zanko mehe eta okerren gaiñen. Erro gabeko korpitza, erori den baten sentimentiarekin.
Jar zite, Jauna erran zeion barkoxtar motikoak eta besoa lüzatü zeion jarten lagüntzeko.
Bena xaharra ez zen igitü, nahi ala ez, igitzen baldin bazen ere, aizeak iharrausi adarra bezala. Bere bihotzeko kanbera, argi misteriotsü batek argitzen zeion, urteenpeko lanhu zaharraren erditan.
Joan behar dizügü erran zioten gazteek xaharrari. Harpe huntan egürüki gitzazü, arrestirila baiko arropa berri eta jatekoarekin gibel jineko gütützü.
Xaharrak ez zian ihardetsi hotz hotza eta hauskor han baratü zen. Bi gazteek beren zaldi gorrietan igaiñ eta, lauhazka abiatü ziren sorhoetan behera.
Ordüko ekia süzko irandja osoa zen, belarretako ihitz kiskiliak idortzez, zelü garbian igaitez, orga hürrün bat bezala. Xaharrak ez zian deus ere ikusten. Belarra senditü zian hoinpeetan eta berde asmatü zian, bena lanu apaletan galdürik, belarra eta bera, zamarien heotsa itzali eta ixiltarzüna. Belarraren gaiñen zagoela gogozkatü zian, ez zagoela belarpean.
Bena pean balago, belarra ez lizatekea hobe, berdeago?
V
Gero kantore hürrün bat entzün zian, aize xuriak jauzkarrazirik, haur baten kantorea, agian, alde jostakari batek ekarria eta eramana. Hüllantzez horra zen kantü hura, bitrezko hura, bortü-txori lantü zaharragoaren deiez bazabilan kantü hura, eta ürrats xügün eli bat ere hüllantzez horra ziren.
Xaharrak eskia altxatü zian. Haurrak, lürriala so zagoelarik, arranoaren itzala zela uste üken zian.
Aigü! erran zeion xaharrak haurrari.
Eta ondoala hüllantü zeion haurra zoiñen begi garbiak asmatü behar üken zütien, xaharrak.
Nula düzü izena, pottikoa? erran zeion.
Pettiri, ihardetsi zion haurrak ahapetik.
Haurraren sagar gisako maxelak, ürregisako biloa, haurraren zanko arinak larrüzko abarkatto higatü heetan.
Orano ez düzü bizarra egiten?
Gure etxen, aittattak eta aitak baizik ez dizie bizarrik, jauna.
Xaharraren botza giltzarrapo erdoillatü batetik jeikia üdüri zian, haurrarena, aldiz, hur latsa bezaiñ berezkoa.
Ni... ezagützen ote naizü?
Ez bena,... basajauna zirea?
Xütik zen xaharra, arrenküra eta ekiari so, eta bere kantü-kantian bilo hoillatseko haurra.
Nundik horra zira? galtegi zeion.
Hürrüntik lekü ülhun batetarik.
Gure aittatta, diala aspaldi Parisen egon zuzün zion haurrak eta gai oroz kontatzen dizkutzü bidajetako ixtoriak, zonbait aldiz berri beltzetako ixtoriak, beste behin herrialde xurikoa, ezpada herrialde gorrikoak...
Txoritto baten deiak entzun ziren, botz argi, gaiza ezezagüner deiak.
Herrialde bakotxak bere kolorea badizü, zion, aitzina haurrak. Hau berde den bezala badirade beltzak, xuriak eta gorriak, ez dea bala?
Bebarbada, hürrün... oro ahal dütützü.
Eta herri, berde hau ere gai oroz beltzatzen zela gogozkatü zian xaharrak, negü güzietan xuritzen zela, noizpait gorritü zela.
Zü sortü zinen lekian ere bai?
Ni sortü nintzan lekian gaia düzü beti eta jenteen beitan elürra erorten eta ez da orhitzeaz kanpo besterik egiten.
Eta zeren bila jin zira huna? galtegin zion haurrak.
Ez dakit.
Arana zen oro, gertatü eta orhitü, kontatü eta orhitü, arra konta eta aran nasaitü bat zen güzia, errepika ahülhü bat, bizitzearen iraipen nahasia.
Gizon baten bila jin nüzü erran zeion xaharrak hogei urteez egon nitzaio haidürü, orai heben edirenenko niala.
Eta ez dea agertü?
Ezin da jiten, agian, zion xaharrak, entzün düzia sekülan Matalazen izena?
Ez... izen hori, ezezagünekin ez dela aipatü behar, erran ohi diküzü ama gureak.
Haren bila hor niagozu.
Heben ez düzü edirenen, erran zeion haurrak, orai egünen haraintian bizi beita.
Xaharraren maxela tzümürtiak erratzen zian ekiak, begiak zabal-zabalik.
Zük ez dütützia betezpaiak zerratzen? galtegin zion haurrak.
Ez, ez ez düzü hori ezin dütüt zabaltzen.
Eta han zieuden aihen begi, bere begi zabalegi, mihise ülünez tapatürik, begi zabalegiak.
Ezpaiñetan min duzia?
Errautsa dit ezpaiñetan erran zian xaharrak.
Argizagiari pot emaitez errerik zütian ezpaiñak, ala ez, karruntatü ziren, ala ez zen argizagia izan ezpaiñ zahar übelek hunki ziena, ezpada...
Egarri ahal zira? jauna.
Txoritto bat ari zen berriz kantan, lehenagoko orhitgarriak ekartez, eramaitez, zilintzau ezar eta erortzen ütziz.
Nik ezagützen dit erran zian haurrak hurak oro sortzen dütian ütürri begia.
Korpitza desehortz litake, bena nork desehortz egünak? Nola ützül ütürriala, ezpada ebi gisa? Nula ützül egün zaharretara, ezpada orhit-minez?
Hantxek sortzen dütützü eta haraxe ützültzen ümen dütützü hurak oro.
Hürrün dea?
Bai, han hürrün.
Joan, hurak, eskiaz lagüntü, biak berberak mündian, igarana eta heldaitina, jenterik gabeko mündian, orairik gabeko mündian, ibili, norapaitera.
Goazen.
Eta belarretan gora abiatü ziren, baratx, ürratsak oro ostikatzez eta elestan, ele geroago eta sekretüagotan. Belarretan barna zoatzan, aizinala, goihenean zoharbian zirrin zarran zoan idi gorrien orga hura bezala, mündiaz axolatü gabe, ürratsik ürrats, eskiak lotürik.
Ikusten dütützia, han ardiak alatzen ari zion haurrak.
Ez bena lehen ere hor egoiten zütützün eta beren joalteen errepika entzüten dizüt.
Botxe xuriak üdüri dirade mendi bizkarrean.
Ligiko zübia igaran zien, Uhaitz bazterretik joan, oroldiz eta hüzkei ostoz harresiaren ondotik, ez beren hoiñak beno zaleago, beren ürratsak beno hürrünago, zoatzan müga ezezegün bati bürüz.
Orhitzapenen beste gaintiko herriala.
Hurrüntü ziren bi ütxürak betikotarzünaren lanu apaletara.
VI
Arrestiritan Eskiula eta Barkoxen barna ützülia egin ondoan, bi motikoak beren zamarietan arropa berri eta janari alforjarekin ützüli zirenean, ez zien harpe ondoan ihur ediren. Mauleko gaztelütik libratü gizon hura, Matalaz, xaharra, hura ez zen ageri, ez harpean, ez üngürünetan.
Ezin dük hürrün izaten erran zeion batak besteari.
Beren zaldiak estekan ütz eta haren bila hasi ziren. Aizeak, ostoak ikarazten zütian, aize harek ez zeien mezürik entelegarazten, belarretan barna: hamar bide erakusten zeien eta bakotxik ere bilatzen zien bakuna, nun hatzaman ez.
Ligiko etxeetara ere jaitxi ziren. Han ez zien ikusi gizon zaharrik eta so lüzeak egin zeitzen gazteer. Eta, aldiz, bazen haur bat galdürik, etxetik goizik elk'eta, bazkal ordütan ützüli ez zen bat. Aizokoek belarretan bilatzen zien, mendi altzoko tarta heetan, erreka bazterretan.
Pettiri! oihükatzen ziren, Pettiri!
Eta bi gazteek ez zien deus ere oihükatzen ezpeitzien erraiteko izenik eta haurraren bila ibiltzen zirenekin batü ziren.
Kürkülka ibiltzen ziren bele beltzak aldean, letera zahar eli baten ezkibatzen zelia, jakile.
Ikertü ziren iratzarteak, ühaitza kürritü zien gaiñetik behera, ikertü zütien harpeak eta oihanak, deus ere hatzaman gabe.
Urdatxetik Atarratzera zoan artzaiñ batek erran zeien, gero, haur bat ikusi ziala xahar-xahar baten eskütik, Kakuetako arrollala sartzen.
Eta Kakuetari bürüz abiatü ziren. Ekia jadanik errerik, desagertzen ari zen haroa keestatürik üztez. Hel eta arrollaren barneala harri bustien artean hurari so, aitzine ülhünari so, zolari bürüz.
Pettiri! Pettiri! oihükatzen zen eta errepika arrotzak ützültzen ziren. Itzal harrigarriak, huraren heots etengabea, itzal hersienak, gai-ainheren hegal griñatiak. Lürraren laberinto hezean, gaiaren amarain etsigarrian, aitzinara joan ziren, harriondoak oro begistatü, lantareak ere eta deus ere ez, gaia eta Lürra baizik.
Pettiri! orroa latz bat egiten zian aitak, nigarra begietan. Tturritü zen amaraiñen kantian haidürü ziren añarben baketarzüna osto handien pean gorde ziren apoak makilen beldürrez, hartz bat gibeleko zankotan xütitü eta lasterka ihesegin beste ihizeak ere eraikiaraziz.
Udüri zian haurra eta xaharra lürrak iretsi zütiala, lürra den munstro ütsü eta mütiak zuiñek ez zütian begiak zabaltüko, ez zütian ezpaiñak igitüko, deuserentako.
Lasto argiekin ibili ziren, deus ere ediren gabe. Azkenean ützüli ziren, bihotzak hütsik.
Ligiko etxe batetan ixtil ülün ziren begiak eta bilo hoillatseko haurra zagoen halen ondoan. Bi gazteak ez ziren etxe hartan baratü, beren zamarietara igaiñ eta joan ziren, gaiaren beldürrez, basa bidexka bat hartü zien, Astüen gainti, llabürbidez, Montorirat bürüz eta lauhazka joan.
Etxe barnetako argia eihartzen ari zen, nuizean behin, leiho erdiroetarik. Lehenagoko gaiza batez edo herioaz mintzo zen norbait, agian. Eta ixil zedin erraiten zioien, otoitz egiteko ordü zela. Gero sütondoko kalderetan jarten ziren, sü gar torpe heier so eta orhitzen ziren gogoa epeltarzünaren zurdunpan ezartez.
Beren borta arlazetan tzakürrak, zaldün heotsak borogatzean usikitzen zien gaia.
Gero ametsetarik, askatarzüna egürükitzen ez zian jenteak, üztarriak besarkatzen zütian, neskatilek frütak urtoroz bildüko zütien, ez zauriak hersatüko, kota gorriak jauntsiko, ez beltzak.
Tzakür apaltiak otoizten, jarriko ziren. Aizea, hasperenka, erdiro güzietarik sartüko zen, eta sütondoetako errautsa eramaneko zian.
|