Añarrosa 6 (azken zatia)
Mikel Dupak
BAIONA
Konduak egin beharrak ote dira? Beharbada. Neure traidokeriak ez horren huts egiteak ez ninduten gehiago kezkatzen, debalde ibili izan nintzenez gero.
Agian ez zen izanen Añarrosarentzako hobi ederragorik nere biziko heldu ziren egun eta gau horiek guztiak baino.
Baionara itzuli nintzen urte batzuren ondotik, herria berriz aurkitzearen bihotz pilpira iragan eta, familiakoak berriz atxematearen dohastasuna pasatu eta, Baionako sal-erosleen basa-oihanean nere ohatzea egitearen kezkak itzali eta, aurkitu nuen neure Añarrosazko orroit-urrikiak bigarren epe batetan sartuak zitzaizkidala. Urrikiaren mindura kamustua zen, orroitzapenak deitzean emetasun haundia sentitzen nuen.
Egun batez, ontsa nahiz naski, arreba Margaitaz mintzatu zitzaidan. Izan ere, arreba emaztegai nuen orduan. Puskak apailatzen ari zen eta ezkontzatikako zorion-itxaropenak besteak ezkondu eta deus ez zekielarik izigarriki dohakabeak asmatzen zituen jende bakar guztiak araberatzeko karra emana zion. Hala jakin nuen, nire gazte-kideetatiko bat ezkondu eta, alargundu laister izan zela eta aitamekin bizitzeko itzuli zela. Etxe zahar ospetsua ongi ezagutzen nuen.
Arrebak: «Bisita egin behar diozu, Manex!»
Mintzo zelarik, gogoeta bitxi batekin neure buruan zalapartaka ari nintzen: Añarrosaren orrazeak Margaitarena deitu zidan. Beste aldera zergatik ez?
Arratsean berean Margaita ikusteko joan nintzen. Bozkario aharraiz hartu ninduten aita-amek.
Xarmanta zen Margaita, leporaino ximenki hetsitako arropa beltz dentela xurizko ipuradunarekin. Bainan nun noiz eta nola deabru atxeman ahal izan nian haren eta Añarrosaren aurpegien arteko antze bihi ttikienik? Okaztatua eta furiosa nengoen.
Alabainan gaizoek hain lañoki, hainbeste maitagarritasunez linburtzen ninduten! Hainbeste atseginekin ederretsi zidaten! Bere goibealdura ofizialetik gaindi bere begiek baliarazten hain errebesa zen Margaita bera! Mintzatu beharrean, haur-denbora orroitarazi nien. Margaita bi aldiz karkailatu da, nardamendurik bezala, krik eta krak ixildu zen. Burrasoen behako kexua atzeman nuen. Hiruen gogo-asmoetan liburu batetan bezala irakurtzen nuen:
«NAHI AHAL DUZU,...
MANEX MAITEA,...
NAHI BADUZU,...
HEMENDIK HURBIL DAGOEN
AINTZIRA BATETARAINO
ELKARREKIN JOAN
BAGINTEZ
ZORIONTSUENAK
GINTEZKE...»
EZ NITUEN GEHIAGO IKUSIKO
EZ HAREN GORPUTZ HUNKIGARRIA
EZ HAREN AURPEGIA
EZ HAREN BEGI ZABALEGIAK
EZ BETESPAL BAZTER HEZEAK
EZ NINI BELTZ-BELTZAK
EZ BEGI-XURI UBEL-URDINXKAK...
NITUELA ORAINO IKUSIKO
HAREN GORPUTZ HUNKIGARRIA
HAREN AURPEGIA
HAREN BEGI ZABALEGIAK
BETESPAL BAZTER HEZEAK
NINI BELTZ-BELTZAK
ETA BEGI-XURI UBEL-URDINXKAK?
AURPEGIRIK EZ
BEGI ZABALEGIRIK EZ
BETESPAL BAZTER HEZERIK EZ
NINI BELTZ-BELTZIK EZ
BEGI-XURI UBEL-URDINXKARIK EZ
NEURE GOGOANTZAN BAIZIK EZ!
«Alaitasun honi gaitzetsiko ote dioke?»
«Ezkont-nahia gogora helduko ahal zaio? Bai, horixe gure gaixo xumearentzako zoriona!»
«Maiteko ahal niaun! Ezkonduko ahal niaun!»
Zertako gogor egin? Ezteiak oso laño izanagatik ere, bi familiak, aspaldiko adiskideak izanki, ezin alaiago zeuden... Nik berriz, ez nion gorputz pollit pottoloxe honen perekatzeari gaitzesten! Ezta Margaitaren irriñoa, Margaitaren mainak, Margaitaren zurikeriak egunean hogei aldiz topatzeari ere...
Beharrik nire emazteak ez du nortasun haundirik eta aski zaio nagipen alferra. Beste batek, erneagoak, lele gutiagoak, menturaz, Añarrosaren orroitzapena gal ziezadakeen, noizik behin bihozdura zoratuarekin baizik bihurtzen ez gatzaizkien asmu iduri pilan sar ziezadakeen.
Margaita aldiz itzali zitzaidan.
Gostuan, debotki, izigarriki, Añarrosarentzako adorazionea artatzen ahal izan nuen. Huts bat bizkitartean egin nuen: Luzaz ezagutu izan nuen bi aurpegien arteko antzak setiaturik, Margaitaren barrandan nengoen. Haren ilunduratik, haren loaldietatik, atez ate haren orrazearen erdi-ikustetik, dohastasunez hartuko nindukeen une gabeko agerpena igurikatzen nuen. Behin ere ez nuen ardietsi. Haatik, emeki-emeki, nire entseguei esker naski, Añarrosaren aurpegia Margaitarenaren inguruan karatoxa gaizki lotu bat bezala ñir-ñir-ka higitzen hasi zitzaidan. Hura honen irriñoetatik ageri zen, edo honen ilun-aldietatik, hala-hola sortzen...
Margaita ordu horietan haztoratzen zuten nire zoramendu-oldeek. Nik aldiz, ez nituen konprenitzen jukutria itsusi horien irriskuak. Eta egun batez, jin zitzaidan helgaitza. Nire orroitzapenari Margaitaren aurpegiak kutsua emana zion. Añarrosaren egiazko aurpegia galdua zitzaiolan! Bai eiki, haren marrak, bat besteren ondotik berregiten, gauean ehun aldiz itxura-mitxuratan marreztatzen banekien ere; bainan galdua zitzaidan Añarrosaren hemen izaite lillura miresgarria.
Orduan lerro hauek idatziz, ondarrak salbatzeari lotu natzaio. Lan hau egiteak behin baino gehiagotan pentsa-gogoetan eman nau.
Joaten den hemeretzigarren mende honetan zertan den gure gaixo Euskal Herria miatzen badut, duela hogei urteko neure ixtorio horrek zer pentsaturik daukala iduritzen zaidazu. Bere amodio gizatasun eta guzti, ororen buruan ez ote zen Jose xurien laguna, bai eta ere, bere erara, xurien eskumakila? Gaixo Jose azkenean kurutzefikatua!
Joâok berriz, gogorkeria maltzurkeria eta guzti, ez ote zituen arrazoin hobeagoak?
MANEX ELIXONDO GOAZEN BADA GEURE
AINTZIRA HARTARA
ZORIONTSUA IZANEN NAUK
BALDIN NAHI BADUT MANEX
BALDIN NAHI BADUK
ELKARREKIN JOAN BAGINTEZ
BESTEAK BEZALA EZ HENGOELA
BANIEKIAN MANEX ELIXONDO
NEURE LEPO-GIBELEAN HAREN BESOA
NEURE BELARRIETAN HAREN HATS
BAHITUA
HAREN BEGIETAKO ARGI ILUNA
Nire baitan bederen biziko da
gure herri maitatua.
Zahartzearekin, asko eta asko
irakurtu dizut, adiskide...
Neure bihotz-hunkiduretatik
bi oraintxet nahi nizuke
sentitarazi...
Eta gero, agian, neure apalkeria
uzkurdura guztiak, barkatuko
dizkidazu:
DOLÜ GABE HILTZEN NIZ
BIZIA ZIBEROARENTAKO
EMAITEN BAITUT
AGIAN AGIAN EGÜN BATEZ
JEIKIKO DIRA EGIAZKO
ZIBEROTARRAK
EGIAZKO EUSKALDUNAK
TIRANO ARROTZEN OHILTZEKO
ETA GURE AITEN AITEK
UTZI DAIKIEN LURRAREN
POPULIARI ERREMETITZEKO
Gaurko egunean, gure bost haurrak Frantses hutsak bilakatuak zaizkidazu, eta familiako euskaltasuna haiekin galtzen ari duzu...
Agian, agian ba, egun batez, gure arteko Joâoren bat izanen duzu gure euskal ohorea xutik emateko!
Beste Zumalakarregi batzu ere, eta, ni ez bezala, nire ondokoak alde onean egonen dituzu!
AMAIERA
ZUMALAREN IZENA
ETA HAREN OMENA
HURRUN DA HEDATZEN
HIRI ETA BASERRIETAN
NORK EZ DU ADITZEN
ZUMALAZ MINTZATZEN?
Bosteko gizona
Mikel Dupak
Añaren haurgai horri
2080-ko irailaren 13an.
Orain hasten dut journal bat. Ez dakit zertako. Geroak esango! Eguna gogorra izan dut. Lehen aldikotz Xabier eraman dugu eskolara. Hiru urte bi hilabete guti ditu eta eskolarako denbora etorri zaio. Goizean Añak eraman du, hamaikak eta erditan nik hartu dut etxera. Uros zen alabaina! Hainbat hobe! Ni omen ez nintzen hain uros eskolara lehen aldikotz joan nintzenean. Goizean, hiru orduz, arratsaldean berdin, lan egitera joan gara.
Ttiki-ttikiak eskolara joan, eta 15-20 artekoak berriz bakantzetan! Eta aurten, pila bat etorri zaigu ikustera. Gero eta arrakasta haundiagoa dugu Baskook...
Esan behar gure «Bosteko gizon»-eko erreserba ederrenetatik dela! Eta uda fin honetan, giroa beti ona... Bainan lanari berriz lotzea beti neke-nekea zait! Egunean sei orduz jo eta jo pilotan! Egun zenbaiten buruan, hobeki joango dugu.
Publikoa ona, alabaina. Oroz gainetik, azken ordukoa. Haatik orduan huts gaitzenak egin ditut!
Bihar hasiko du Añak, bere dantzekin. Gauza batek urte bakoitzean bezala iluntzen nau: Publikoak beti ere galdezka zergatik hemen, Limoges ondoan, erreserba, Ixtripuaz otoi mintzo, etabar! Alabaina, Ixtripua ez nuen nik ezagutu! Ez eta nihoiz ez naiz Euskal Herri Zaharrera joaten ahal izan. Ba! Zer inporta! Orain gure lurra hemen dago, beste erreserbetan ere bai.
Egunkarietan berriz ere betiko kezka: Brussels-ek ez duela nahi Limoges izena Iruñá bihurtzea. Bizkitartean, majoritatea guk, Nafarrok hemen!
Egun, besterik ez: Tireda naiz, eta nola!
|