L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 10 (1985-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Eredu literarioen transmizioa
Ipar Euskal Herrian

 

Itxaro Borda

 

 

GENETIKA:

 

        Iparraldean idazle edo zeozerren sortzaile izatea bitxikeria bat da, inglesek nonsense deituko luketen zerbait. Alde batetik jendez hustu herrialde bat delakoan (gerlak, imigrazioa...) eta bestetik ez baita idaztearen tradizio laikorik. Apezek, eta apez horiekin batera seminario berdinetan hezi notableek (abokatu, mediku...) altxatu dituzte idazlearen eta orobat idazkinaren eredu ezin hunkiak. Errealitatea onhartuz, behar bada konturatzen gara oraingoan egin ditugun kritikak debaldezkoak direla. Barka diezaguteia!

 

        1. Literatura klase baten ontasuna

        Apezek eta notableek, eskolatuenak zirelakoan, aifabetisatuak, hiru hizkuntzetan gutxienez (latina, frantsesa eta euskara) hartu dituzte literaturaren giderrak. Hauek ziren ere Europa zaharra inharrosten zituzten ideietaz informatuenak. Beren astekarien edo aldizkarien bitartez arrotz jakitate horren alde sinplifikatuak eskaini dituzte beren iduriko irakurlei.

        Eta 1545etik hasten bagare 1965eraino izenak eta obren tituluak kondatzen, beti konstante bera ikusten dugu: DETXEPARE, AXULAR, LEIZARRAGA, ETXEBERRI etab. Denak Elizaren (Katolikoaren edo Erreformatuaren) zerbitzari leialak ditugu. Zerbitzari bezala literatura elizkoia moldatu dute ongi bizitzeko eta ongi hiltzeko liburuak, jesus krixtoren imitazioak, manuel debozionezkoak... LEIZARRAGA-z aparte, beste guziek Eliza zuzenaren eta konkerantaren ideologi zapaltzaleak zekarkizten: mila bekatu, ehun mila debeku, garbitasuna, nik dakila zer gehiago...

        Urte asko horietan, eta gure minabletasunean konsideratzen dugu apalki agertuak izan diren obren textoak euskara ederrean emanak zirela, literatura boluntarista, funtzionala egin da. Lehenik, hau bistakoa da, hamazazpigarren mendean gertatu zen protestanten oldar landerosari ihardespen azkar bat proposatzeko. Frantziako literaturan gauza bera gertatu zen garai berdinean, edo pixkat lehentxeago.

        Karia hortara beraz, apezak gero eta kementsuago euskaraz idazten hasten dira katolizismoaren eta frantses errege katolikoen alde bermatuz. Literatura inguruko giro zozio-politikotik baztertu nahi dutenak engainatzen dira... Gero, fedearen sustatzeko eta zutik atxikitzeko euskara erabili behar zen, hizkuntza hori baitzen «herri» anafalbetoak ezagutzen zuen mintzaira bakarra. Bi mendez, gaur egun arte, notableen arrazoinamendua hauxe izan da: euskaldunek fededunak izan behar dute, euskaldunek euskara baizik ez dute konprenitzen, orduan fedea euskaraz ikas araziko dugu eta ondorioz euskara kuttunki zainduko.

        Gure denbora hauetan Elizako eginbideak erderaz ematen dira herri gehienetan, horrek frogatzen baitu instituzio horren klientela aldatu delakoan Jainkoaren zerbitzariek ere beren ohitura linguistikoak errez kanbiatu dituztela... Azkenik erran dezagun, sinetsiko ez bagaituzue berdin zaigu, apezen eta notableen klase jakintsunak parte handia duela deseuskalduntze prozesusean, eskola publikoak eta telebixtak baino sakonagoa. Euskara ahal bezain hobeki espezializatu dute erlijioaren eta laborantzaren alorrean, ustez eta egoera hori eternala zen. Gizarte nekezaria desagertu denean, horrekin batera elizak hustu direnean euskararen hiltzearen kondizioak apailatuak ziren... Euskara izan da estakuru bat, aitzaki bat: euskara euskaldunek berek hiltzen dute, ez menturaz egunero mintzatzen dutenek, baina euskara idealizatzen eta gauzatzen duten «gure» jakintsunek... Ordea kulpa beti guregain ezartzen saiatzen dira.

 

        2. Literatura inpertsonalaren eredua

        Oharpen hau mentalitatearen aztertze interesanta iduritzen zaigu: autoreak izengoitien atzean gordetzen dira. Zenbat etsenplu eman genezake hemen, adibidez «han zena», «nehor», «so egilea», «zerbitzari», «xabier gazteiz», «daniel arberu» etab. luzea... Izen goiti edo ezizen horiek bi funtzio dauzkate: bat, publiko zabalari idazlea gerizatzea; bi, joera elitista baten oinarriak dira: idazleen adiskideek eta hurbileko lagunek ongi badakite nork zer izkribatu duen (baina gure arteko sekretu initiatikoa da). Beren deiturak itzalean atxikitzen badituzte (modestia faltsua edo publiko ezezagunaren beldurra?), sendi ditzazketen sendimenduak ere baztertzen dituzte. Ez gorrotorik, ez maitasunik ezer ez dute agertzen. Gizonki mintzo dira, aitorren seme propiak direlakoan, pertsona normalak ez ditezke euskararen zerbitzari jarriz geroz... Hitza hitz, errespetua lehen, gizona gizon eta apezak azken hitza... Iparraldeko idazleak supergizakumeak dira, eta gu hastetik ideia hortara kondizionatuak gara. Euskal kulturaren mobidan sartzen garen puntutik harat...

        Erran hau zenbat aldiz ez ote duqu entzuna? «euskara garbia erabili bebar da!». Ez diogu euskara, beste hizkuntzak bezala, nola nahika idazten dela, barneko legeak errespetatzen dizkiogu guk ere, baina garbitasun konzeptu honek gatu edo arratoi asko hazten ditu. Apez eta notable klase alfabetisatu horrek prediku erlijioso edo politikoetan erabiltzen duen euskara garbia da. Funtsean gorago genion eran klase horietako pertsonak eskola berdinetan heziak dira: Uztaritzeko edo Larresoroko seminarioetan... Hortarako XIX. eta XX. mendean euskara normalizatu dute beren ereduen eta helburu hurbilen arabera: gozatu, garbitu, legundu, saindutu, ruralizatu. Egoera hortan blokaturik daude. Euskara idealizatu hori jadanik, aspalditik naski, ez da «herriak» mintzatu duena. Gero eta zilatzenago den leize ikaragarri horretan dago koxka, oxka...

        Nota bene bien: nolaz ez du euskara normalizatu elitista horrek zabaldura zozial gehiagorik ukan? Hiru arrazoin aintzinatzen ditugu:

        — bat: apezek eta notableek gogo guti zuketen beren izate zoziala finkatzen zuen euskararen transmititzeko. Klase borrokaren elementu kulturala da hau.

        — bi: boterearen gudu horren aurrean, euskaldun arruntek konfientzia galdu dute beren hizkuntzaren baitan, denbora berean euskararen balio ekonomikoari interesik ez zuten ematen. Hemen daukagu herri oso bat bere oinarrizko nortasunean elitek kulpabilizatu ela kulpabilizatzen dutena.

        — hiru: azken hogei urte hauetan sortu den abertzaleen klase politikoak erderaz espresatzearen bortxaz, ez baitu hizkuntza berririk eraiki. Gainera 1968-an 20 urte zutenek ez dute literaturaren eredurik altxatu eta liburu bat kometitu dutenean, eredu zaharren arabera lan egin dute. Guk orain, ez dugu atiratzen gaituen eredu literario dinamikorik. Hor bada zerbait euskal gizarte abertzalean ongi funtzionatu ez duena...

        — gerorako: baserritarren eta apez-notableen euskara desagertzen ari da (alde batetik hobe) baina hirietan ikastoletarik eta gau-eskoletarik indartzen den euskara berria (izpiritu freskoarekin) suerte bat izango da literaturarentzat, eta orokorki euskal kulturarentzat. Zergatik ez euskal gizartearentzat.

 

        3. Eredu literario horien transmizioa

        Betitik diogu iparraldean literatura erranahi modernoan ez dela sekulan egin. Alta asko idatzi da: artikuluak, astekarietan, saioak, ikerketak, idazle zaharrei buruzko ikerketak, itzulpenak... Erakaspen frango zeukaten idazki ederrak, jakintsunek dokumentu exotikotzat erabil ditzazketenak. Inportantzi guti ematen zaie fikziozko nobelei eta herrikoia ez den poesiari. Orroitzen gara LAFITTE kalondea 1964 urteetan zehar «Igela» errebistari eta Arestiren poesi berriari igortzen zizkien piko gordinetaz. Eboluzioak manatzen zuen bide horri zintzoki eta gogorki ez ihardetsi die orduko intelektualek. Bertsolaritza aldiz apezkratek hobekienik kontrolatu eta zuzendu duten alorra da. Krata nazkagarri hauek idazten dute Jainkoa goresteko, herria laudatzeko eta euskara salbatzeko. Ez xoilki idazteko... Inkapazitatea intolerentziaren lehen urratsa da.

        Hainbeste mendez metatu jakitate hori transmititu behar da. Transmizioa podere bat da, meneko duten kontrolatzeko indar handia. Normalean, eraiki dituzten ereduak eternalak dira, betikoak, beren fedea bezala funtsean. Burua erakusten duten gazteetan, aspalditik brexan direnek, beren ondokoak hautatzen dituzte, esponsorizatzen, ko-optatzen. Ko-optatze hori eginez geroz patriarkak segur daude ez dela beren sineste eta ereduetan desbideratzerik gertatuko. Haseran hautatu tipoek (gutitan emakumeek) ardiesten duten laguntza moralaz eskertzen iragaiten dute bizia: «nik hainbat zor diot hari!»ka ari dira... Dependentzia lasaiak sortzen dira eta idazlearen, kulturgizonaren inguruan armiarma sare handia iruten zaio. Orohar ereduen duplikatzea indar kontrolatzeleen duplikatzea da.

        Ko-optatzearen sintomorik nabariena kritika da. Honen kriterioak ongi ezagutzen ditugu: errespetua, garbitasuna, edertasuna. Euskaren mugidan sartu aristokrata zaldun horiek besterik konsidera ote dezakete? Beti lagunen, adiskideen artean egiten dira kulturaren zelebraziorik handienak. Kritikak laudatzeko moldatzen dira, laudatzea baita errespetatzea eta elitaren barnean onhartua zarelako marka. Baina objektibitate apur bat erakusteko kritikak, arras manikeanoak, linguistikaren arloan jartzen dituzte: euskara txarra/ederra, sintaxia zuzena/okerra... Elizan ikasi mundua bilan mozte hortarik ezin mugi, ezin kanti...

        Kontua ez da non nahitik (batez ere hutsetik) literaturaren eredu laikoak eta independenteak sortzea, bakarrik inguruko ideologiak buruan sartu dizkigun eskema faltsu edo ilusigarrietarik ateratzea. Elita horren diskursoek on baino txar gehiago ekartzen digute, kultural bizia artifizialki hantzen digutelarik. Ez gara osoki sistemaren aurka, baina nahi genuke alternatiba diferentak onhartuak balire. Badira ederki huts egin ditugun treinak: tanpis...

        Eta guk segitzen dugu euskaraz idazten erakaspen gutirekin baina ahalik eta fantasia gehienarekin...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.