L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 10 (1985-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Auskalo Tom Simpson

 

Elideko Ifitos

 

        «Tom Simpson ziklistarekin akordatzen al zarete inoiz? Nola asfisiatu zen Aubisque mendian gora, nola bere elastikoak axedrez taula apurtu bat zirudien karreteraren harri txintxarretan»

        Bernardo Atxaga (Reducciones)

 

        Frantziako erresumak, bere txulo nazionala den Hinaulten garraipena ospatzen duen garaiean, pentsa dezagun pixkat Tapie eta amerikanoen dolarrek kontaminatua etzuten Tour'aren denbora heroiko haiei. Gure gaztaroan zerbait zen, orain kasik ezerez! Nostalgiaz bete hitzak lerrokatzen ari gara hemen... Zilegi bekigu noizean behin nostalgikoak izatea.

        1967: zortzi urte doidoia kunplituak genituen, eta bi urte lehenago Pariseko osabak erregalatu irrati zaharrean Churchill Londresko lehoiaren herioa ikasi genuen. Ordu haietan, auzo baten hiltzeak pena gehiago sortuko zigun. Beatles'ak urpeko horian bazabiltzan, Rolling Stones'ak honky tonk blue eman ziezoten deiadarka, eta Dylanek kitarra akustika eletrikarentzat saldua zuen. Gogoratzen garenez, garai handiak ziren!

        1968an mundua, gazteen mundua zartatu zen; etxean azukre eskasez kafesnea motel motelik edaten usatu ginen. Burrasoek eta adinekoek «gerla zibila» zela zioten. Eskolara ez joatearekin, «gerla zibilaren» ideia hori aski gostukoa genuen, geroztik nostalgiarekin (bis) gelditu gara. Baina ez gara hemen plantatu gure hauraroko orroitzapenen kondatzeko. Ez... Dugun xedea da, aldi batentzat bederen, literatura eta kirola lotzea da, Bernardo Atxagak eskaintzen digun estakuruarekin (agaz).

        Problema non dago? Bernardo Atxagak historia trahitzen du Tom Simpson ziklista «Aubisque» mendian hil zela Ruper Ordorikari kanta arazten diolarik. Frantziako iraultzalariek Louis XVI. burua erdiz baizik etziotela moztu, edo Marshall plan amerikanoak Europaren okupazio militar eta ekonomikoari hasera ematen ziola ahanztea paso, baina Tom Simpson «Aubisque»n zendu zelako hori ezin dugu onhar. Jakin arren egiak benetan ez duela funtsezko inportantziarik, eta egia bera baino interesgarriago dela egiaren aitzakia hona beraz egia...

        Frantziako itzulia (tour'a) 1903an hasi zen egiten, eta lehen garrailea Maurice Garin agitu zen. Geroztik, mila eta mila tipok beren izenak Garin delakoarenaren ondotik jarri dituzte: besteak beste, Petit-Breton, Bottechia, Bartali, Coppi, Bobet, Koblet, Anquetil, Gaul, Bahamontes, Gimondi, Janssen, Merckx, Ocaña, Van Impe, Thevenet, Zoetemelk, Hinault, Fignon... Amerikanoak (Lemond, Shapiro) etziren oraino sortuak, Ingles gutti zagon partizipanteetan (Simpson, Hobban, gaur egun: Kelly, Roche...) eta naski, Frantziako itzulia Europa zaharreko nazio ospetsuen artean moldetzen zen zelebrazioa: Belgika, Italia, Frantzia, eta Espainia...

        Ordu haietan zinez gogorra zen turra: bizikletak arruntak, pizuak, bideak txarrak lohiz eta tifosi latinoz beteak, porturik gorenak programan: adibidez, Galibier (2644 m), Puymorens (1915 m), Isoard (1987 m), Peyresourde (1563 m), Aspin (1480 m), Tourmalet (2113 m), Aubisque (1710 m) eta Puy de Dome (1475 m). Bai, mail hortan ere denak aldatu dira, gainera Baiona-Paue bidealdi memorablea kendu zuten, Izpegin 1978an gertatua gatik. Nostalgiak (ter) koropilatzen gaitu. Dena dela, datorren txirrindulari sasoiari buruz «Maiatz» batasuna prest dago talde baten sponsorizatzeko. Dirua badugu, nahikoa, kultur etxeari eskatu gabe, hamar bat profesional guaporen hazteko...

        Gatozen gure gaira: Torn Simpson, ingeles fair play man delakoa, uztailaren 13an, 1967an, ostiralearekin, VENTOUX mendian «asfixiatu» zen, hamahirugarren bidaldian hain zuzen, arratsaldeko hamahiruetan. Ez ote zaizue iduritzen sorte gaitzeko 13 zenbaki gehiegi aurkitzen dela historio honetan? Fatum! Uztaliaren 13 hartan, beraz, usaian baino beroago zegien Provence aldean. Txirrindulariak, trikot horia Pingeon'ek zeukala, Marseilletik abiatu ziren, han ricard xorta bat edanik, eta Mariusen azken txixtea entzunik, oi jinkua ze berua, ifernua iduri izi hemen,... izerditan nago. Kursari taldearen begi aurrean Ventoux mendi erreko harriak agertu ziren, bururik gabeko bihurguneak, malda gora ezin jasanak etab., lurreko mitologian ohizkoak diren itxurak zerrenda genezazke, ez bagenu tipo bat zigizagaka pena-doloretan hatsantua lurrera erortzekotan ikusten. Lastima: baina, Tom Simpson da... Kono leher egiten du, holako arpegi zuri eta begi bihurriek ez dute gauz onik anuntziatzen... Hona, Tom Simpson harri erreetan etzana, segitzaleek eta Tour'eko medikuek arranimatu nahi dutena, debalde ordea, gizaizoa hila da, bai zendua, azken hatsa hor utzi du, berriro diogu gizaizoa, oraino hobe lizateke ohean hiltzea, ez horrela potretik eta sakramendurik gabe! Dena dela, Carpentrasera, uztailaren 13 madarikatu hartan anbulentzi txixtulariak hilhotz bat ekarri zuen. Historio hau ederra eta patetikoa zaizue ez?

        Londresko apartamendu batean, telebixtan, Tom Simpsonen emazteak berria jakin zuelarik negarrez erran zuen: «segur nintzen, segur nintzen sotoan apailatzen zituen tisana deabru haiek etziotela ondorio politik emanen, zenbat aldiz ez nion otoiztu LSD hura hartzeari utz ziezon...». Biharamonean emazte alargundua beltzez jantzi zen...

        Frantziako itzulian bizia sakrifikatu zuen lehen eta azken gizona izan zen Tom Simpson. Guk, nahiko genuke, bixtan dena, kirol guzietan Heyselen bezala gertatzen balitz: Torino, 38 hilhotz - Liverpool, 0 hilhotz. Futbol partida interesgarria, luzaz komenta ditekeena...

        Horra ba, bueno, bueno, egia erretablitua dugu: Tom Simpson Ventoux mendian asfixiatu eban. Irakurleak zerbait ikasi badu hobe, hastean bezain zozo gelditu baldin bada auskalo Tommee!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.