L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Mazantini aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<maza0100>— Mazantini-1 (1991) —Hurrengo artikulua




 

 

Luma airosen markak

 

 

Judizio partikularra

 

Montaigne

(Essais)

 

Arrazoi guziarekin markatzen ohi da menbru honen libertate desobedienta, asaldatzen delarik arras destenorez, juxtuki harekin egitekorik batere ez dugunean, aldiz eta ordea, ezezkatzen zaigularik tenorerik tenoretuenean, haren behar gorrian gaudenean, gure borondatearen autoritateari kontestatuz zaztarki, errefusatzen temoso eta urguilos gure gogo eta esku eskaerei. Zernahi gisaz, bere desobedentziari buruzko judizioan eta bere kondenarako probak eraikitzeko ixtantean, pagatu izandu balit bere kasua defendatzeko, menturaz ezarriko nituzke susmopean gure garaitiko menbruak, haren kideak, antolatu diotelako, haren usarioaren inportantzia eta goxotasunarenganako bekaitz beltzean, kereila hau, eta konplotean jendea asaldatu dutelako haren kontra, hura bakarrik kargatu dutelarik beren akats amankomunarekin. Pentsa, gero, gorputz zatirik ote den gure borondateari bere operazioa maiz errefusatzen ez dionik eta, maizago ere, borondatearen kontra egin ez duenik. Sabelaren deskargan aritzen diren maratilek badituzte beren zabalertsipen bereziak, gure ustearen landan eta aurka ere, giltzurrinen deskargan dabiltzanek bezala. Borondate ahalguzidun baten aldeko testigantzan, San Agustinek aipatzen badu ere ikusi zuela bere ipurdiari nahi adinako puzker manatzen zion morroirik, eta Vivesek, haren glosadoreak, ezarritako bertso batzuen neurrien arabera puzker antolatuen exenplua aipatu bazuen ere, horrek ez du suposatzen menbru honen obedientzia; berez baita ezinago indiskret eta burrunbari.

 

 

 

Dantzari nekagaitzak

 

Mari Treku

(Mattin, nere gizona)

 

—Barda dantzatu dut atso lodi batekin. Hain zen lodia, nun nere beso laburrek ez baitzuten inguratzen ahal haren gerri zabala. Bainan ez naiz batere unatu harekin.

        —Nolaz ez? —nion ihardetsi.

        —Ori! Bulardegi bat bazuen izigarria! Nere kokotsa haren bularraren gainean pausatzen nuen, hain justu neurrirat heltzen bainintzen, eta etzen lokartzerik. Astokeria batzu erraiten niozkan artetan, eta, irriz lotzen zelarik, haren bularrak eta nere burua saltoka hasten baitziren.

 

 

 

Ohe ustela

 

La Bruyère

(Des ouvrages de l'esprit)

 

Kazetaria lasai-lasai etzaten da gauaz usteltzen den berri baten gainean, eta abandonatu behar du goizean iratzartzearekin.

 

 

 

Paidophilia ophtalmica edota begia begi truk

 

Etxeberria Arizkungoa

 

Certic San Gerardok cuidaduarequin begirattu zion nescacha tipi eder bati Jangoicuac vista quendu zion becatu veniela aren castiguraco.

 

 

 

Bekatuaren itsusia

 

Ibn Hazm Kordobakoa

(Usoaren lepokoa)

 

Talad Ibn Musa al Kaladani-k jakinarazi zatan Sulayman ibn Ahmad poetak behin kondatu ziona. Honeri erran omen zion Hind izeneko emaztekiak: Ekialdean ezagutu zuena, Mekara bortz aldiz joana, jainkokoia eta otoiztia hagitz. Hara Sulaymani zer kondatu zion: «Emazteki batez etzakela behin ere ongi pentsa. Nihaurtaz erranen diat zerbait, Ala Zintzo eta Ahalguzidunak egia hutsa dela dakiena. Munduari uko egin ondoren, barkua hartu nian pelegrinaziotik bueltatu behar nuela. Bagineken ontzi hartan bortz emazteki, oro pelegrin, eta Isas Gorrian barrena bagindoaziela barkuko marinelen artean bazuken bat arront plantako, hagitz traza onekoa. Lehendabiziko gaua ikusi pian nola jotzen zuen pelegrinkide batengana eta eskuan paratzen zuela bere zakila, kider puska baitzen; emaztekia, berehala, eman zitzaioken. Bertze hainbertze egin zian ondoko gauetan garaitikoekin. Bat xoilik gelditzen zelarikan, nihaur nintzena, egin nian enekiko: «Orain hartuko dituk hireak eta asto beltzarenak» eta, kanibet animaleko bati atxiki nintzaioken fuerte. Gauaz etorri zuken, ohi bezala, eta lehen bezala egin gogo zuelarikan, kanibeta ikusi zian. Izitu eta ttarrapattan altza zuken nigandik lekutzeko; baina, neurehala, beraxtu ninduken eta erran nioken lotzen nintzaiolarik: «Ez, ez duk aldeginen, hiregandik dagokidana nik hartu artio» Orduan —akitu zuen atsoak—, bere egin beharra egin zian, zertaz Alari barkamena eskatzen baitiot.»

 

 

 

Poesiaz

 

Gomprz

(Griechische Denker)

 

Poeta bat haserretu zen Protagorasekin honek ez baitzuen haren obra onesten, orduan erantzun zion:

        —Nahiago diat hik ni laidostatzea hire poemak entzutea baino.

 

 

 

 

Munduko gatza gezal baledi...

 

B. Brecht

(Espartakus)

 

Lehendabiziko maisua Parabisuko sugea izanki, herri oldeei zer den on «erakutsi» nahi izan zien. Iraultzaileak irakasle ofizioari lotzen zaizkio; inportant direnez ari naiz, Kaiserra zokoratuz komunismoa ezartzen dutenak, aldi berean kontra zakizkien eskuindarrak maisu dituztela... Gizon libreak, aitzitik, ez du printzipiorik ttipikeria horiei buruz. Erabateko bakezalea eta erabateko gerrazalea sail bereko zozoak baitira.

 

 

 

Izkirianteak

 

T. Bernhard

 

Pen Club-era biltzen direnen artean ez nauzue aurkituko. Zertaz horrek buru buztanik ez baitu; neri ez dagokit Moskobian edo New York-en saldoka mozkortu edota zanpet egiten badira ere. Aipatu espezimen antropomorfo horiek okaztagarriak baitira beren buruekin zer egin ez dakitela.

 

 

 

Ezkerreko oina

 

Voltaire

(Un brachmane et un jésuite)

 

—Ni nauzu, nakusazun bezalaxe, Henri IV.aren, zuen errege onaren, heriotz deitoragarriaren kausa, eta, horretaz, hemen niagozu guziz aflijiturik.

        —Burlatzen zara, itxuraren itxuraz. Zu, Henri IV.aren hilketaren kausa!

        —Bai, helas! Saturnoren iraultzaren bederatzireun eta lautanogei eta hirugarren urtean, baita zuen aroko mila bortzeun eta berrogei eta hamargarrenean, ni gaztea eta dorpexkoa ninduzun. Malabarreko kostaldian, pasealdi ttiki bati buruz lotzen ninduzun eskerrako oinaz, eskuinaz ari izan beharrean, eta baniagozu hortik heldu zitzaigula Henri IV.aren heriotza.

        —Nola hori, faborez? Zertaz guk, alde guzietatik inplikatzen bagaituzte ere, batere parterik ez genuen izan.

        —Hona nere sinok nola antolatu zuen afera. Eskerreko oinaz pasealdiari loturik, erraten dizudan maneran, uretara eror arazi nizun, zorigaitzez, neure adixkide Eriban, merkatari pertsiarra, hantxe zart ito zelarik. Haren emazte polita, merkatari armeniar batekin berresposaturik, erditu zuzun neska batez eta hura greko batekin esposatu ere; grekoaren alaba Frantziara joan, eta Ravaillac-en aitarekin esposatu. Horiek oro suertatu gabe, Frantziako eta Austriako aferak, Europako sistima, eta Alemania eta Turkiaren arteko gerren ondorioak bertze gisatakoak lituzkezu; baita, gero, ondorio horiek Pertsiari eragindakoa, eta Pertsiak Indiari. Dakusazu, gaurgero, dena zegokiola nere ezkerreko oinari, zema baita estekaturik unibertsoaren garaitiko gertakizun guziei, baita iraganekoi, oraingoei eta gerokoei ere.

 

 

 

Mundua noren eskupeko den

 

Jean Etxepare

(Jakitatea)

 

Daukat gizonak baino gehiago badabila mundu hau emazteak: Emaztea, jakitatearen etsaia, zorokeria guzien iturria! Buru hezurra ttipia du, barnean muina gutirekin; begia distiranta, baina halako aztora batekin, ez dezakelakotz makurra xuxenetik berex, ez eta ere ongia gaizkitik. Gaixo bezain ergel, ergel bezain gaixo, mihiak eta zainek badabilate zalapartaka. Ez zakozula behinere galdegin EBiaren berririk! Egia ixila da, eta itxura hitsekoa, argia delarik bizkitartean, eta fina diamanta bezain; xoko batzuetan dago, maite dutenen beha; ustegabetan biderat jalitzen bazako, baztertzen da ahalgeturik emaztea, eskuez bularrak eta begitartea tapatzen dituela, iduritzen baitzako buluzia dela, dena begi den, eta oro ikusten dituen baten aitzinean... Hanbat gaixtoago oldartzen bazako orduan ikusi nahi ez zuena! Gibelerat itzulirik, bere esku ñimiñi pollitez aztaparkatuko du begitartean, irri samin herratsu batekin larrutzen dakola gogotik... Hartakotz dago bada mundu hau beti hein berean, gizon jakintsunen izpirituak, ez harat ez hunat, den gutienik korkodatu gabe. Higatzen dire gaizoak liburuen gainean ukurturik egonarekin; emaztea aldiz, izpiritukoa baino laketago baitzako gorputzeko indarra, deusik ez dakiten, bainan azkarrak diren, batzuen ondotik lasterka dabila, xoratua...

 

 

 

Etxekoa

 

Juvenal

(Satire)

 

Giza ohidurak ezagutu nahi ote?

        Etxe bat aski

 

 

 

Jende ote diren

 

Laurent Apesteguy

(Gure Herria)

 

Hor gaindi, guziz Anglaterren, mutchurdin choro batzuek zerabilatela haro, gizonen heinerat heldu nahiz, ala lan ala bertze zer nahitako gizona bezein gai zirela, orobat boz emaile, auzapez edo lege egile sartu nahiak, zioten azpaldian egunkariek.

        Chuberotar batek ziona donado bati:

        —Errazu, bazen jende elizan?

        —Jente guti, emazte ainitz!

        Guziek badakigu, Ziberoan ere emaztea jendea dela, bainan bere urhatsetil ateraz gal dezakela jendetasuna.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.