L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Mazantini aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Mazantini-1 (1991) —Hurrengo artikulua




 

 

Intermezzi

 

Aurelia Arkotxa

 

I

Haren eskuaren itzala paperean badabila. Arratsalde apalean, patio hutsaren perspektiba garratza leihoan haixturrez moztuz. Begiak haize idorrak xukatuak dizkio.

        Eguerdi guziz, bidez xihortua dago. Usaian, eskuin hartzen du, behereko bidexka hura, zokoraino. Bainan gaur, arrosa kolorezko lore punpulen inguruan, erle, liztor, uli-beltz, leztafin eta moskitoen dantza eroak izitu du. Ezin kontatuzko izidura. Gibelatu da bide horail herrautsuan. Harri koxkor bat oinetakoaren barnean kokatu. Min. Gibelatu da polliki, polliki.

        Igan du bertze xendra, mendixka ilunaren kaskoraino doana. Haizeak ito. Haizea sartu hezurretaraino. Han, zolan, Lizarra. Usteltzen doazen erdi-aroko eliza gorrantzak. Haize kolpe batez, elorri-ondoaren arantz sistek aurpegia larrutzen. Han, haratako beheitian, portale xahar, xahax batean, arrain ikaragarri bat bekatariak iresten. Denborak harria porroskatzen. Urdindura. Aditzen ditu santioko beilarien kalaka aferatuak. Hamairugarren mendetik heldu diren maitaleen ele murmuratuak, Egiaren izenean torturatzen ari dituztenen orroak ere. Aditzen ditu, han beheitian, karrika une kolorezkoen kantoin ilunetan.

        Beheiti doa. Maldan beheiti, xarbota eta labanden usain goxoetan barna. Herri sartzean, zauri beltz luze bat elizaren gorputzean.

        Ez du ahanzten ahal pareta higatuen urdindura. Ezko eta intzintsu usainez ingurinatua, organista aire barroko bat jotzen ari. Soinuzko uhainek oilo larrua sorarazten gorputz guzian. Odola panpaka zainetan. Bide kixkortuen bazterretan bildutako oregano eta lubeazinaren iduzki usaina " 'itzalarekin nahasten. Zoradura. Begiak hetsi.

        Jabetu da iluna monastegiko patioaren lau izkinetaz. Xorien ilunabarreko dei kezkatuekin batera, mezperetako otoitzek trebesatzen dituzte paretak.

        Patioa hauts kolore, mezperetako bozak urtu. Dira. Arratseko mantalin pinttodunak teilatuak ditu estali.

        Barda Susana eta Adela eskaileraren azken mailetan zimurrezko irrian hezurrezko mateletan, azken hatsaren daldaran, atzenduraren atarian, libertatearen eta oldartzearen beharraren baitan sinesten zutela ahospez neri mintzo. Barda, gaueko hameketan.

 

II

                Ikus genitzakeen

                hiri itsasperatuak

                gaztelu estrainuak

                Atlantida galdu

                Lamien altxaleku

                leku bitxi guziak

 

                Gogotik ere galduko nintzan

                Iramen arrosadi usaintsuan

 

        Bainan. Karta xaharrak urratu, laberintoak bete, lezeak hustu, mirailak tapatu. Zenituzten. Atea sudurrera hetsi. Ate kontra zanpa, zanpa eta zanpa ari ninduzuen alta. Eskuak larrutu eta legortu artio. Behatzak herraustu, haustu artio.

        Halere, badantzut oraino Persiako lorategiko iturrien kanta.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.