L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Mazantini aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Mazantini-2 (1992) —Hurrengo artikulua




 

 

Melior fortuna

 

Eduardo Gil Bera

 

                                Mossen Bernat, iakin bahu gauza nola jinen zen

                                Melior fortuna gaberik egon ahal hintzaden

 

        Azienda ilaje ezberdinetakoa izaten ahal da eta, hortaz, dudagarria; tratanteak ez. Seguru: ezagupideko tratanteak dira euskal kritikoak. Haiei ja ere eskapako ez. Jende plantako bat, argia, zorrotza. Haiei ez ur, ez ardo; haiei haiena; zera, berena. Erizpide sendo, zuzen, landutako lagunak; bai. Beti ere, le mot juste; eta hartarako ez dira bertzeei beha egonen. Ñabarra ñabar eta hitsa hits. Ez dira bidaxka beretik abiatzen diren ardiak bezalakoak; are gutiago mokordo bereko euliak, firrindan eta lerro-lerro kaka pikor berera doazenak.

        Konparazione, Mossen Bernaten fortuna dezagun konpara. Heldu da ardi tropa, ttur-ttur. Marroa aitzinean, Mitxelenak: El paralelo de Juan Ruiz resulta obvio. Mantso eta apal, Villasantek: Dechepare y el arcipreste de Hita (...) el gran parecido que existe entre ambos. Kosk eta jauzi, Sarasolak: Nos hace pensar en el Arcipreste de Hita. Beronek, Diaz-Plajak galdeginik: La similitud con el Arcipreste de Hita es notable. Eta horra azkenekoa tarrapatan, Juaristik: Hace pensar de inmediato en el Arcipreste de Hita. Ohar eta harri: «pentsatu» ere egiten dute. Ote date handiagorik? Lau buru (buru puska, gero), lau joare, zortzi adar, maaarraka bera, eta aburu pikorrik ez.

        Nondik heldu da halako adoskeria espagnolée? «Mundua Espaina da» petitio principii hori ez ikusi iduri egiten badugu ere, itxurazkoa da ezen, hesi barrenean soilik nahi badute bazkatu, belar klase poliki badatekela eta, itxuratako baizik ez bada ere, marraka diferentziatuak aditzen ahalko direla. Edozein artaldetan bezala.

        Ardiei banan banan galdeginik ez dugu ur garbirik aterako. Aitzinean doan ipurdi eta muturrera doazkien kaka pikorrez bertzerik ez dute ezagutzen haiek. Eta marroaren aurretik zein? Horra aferaren koxka.

        1955ean izkiriatu zuen Etxaidek Amasei seme Euskalerri'ko eta han agertzen dira lehen aldiz gure Etxepare eta haien Juan Ruiz elkarrekin aipatuak. Hortik hartu zuen Mitxelenak, lana saristatu zuen epaimahaiko kidea zelarik, zorioneko ideia emankorra. Erran gabe doa kritikorik arruntenaren maneran jokatu zuela; honetan berdin dira anglesak eta japonesak: emaiezu hitz bat, badute aski eta abasto. Hartaz apoderaturik, haren gainean eraikiko dute behar den sermona beharrezko diskisionez poliki, xeheki eta ausarki horniturik. «Sinbolista», «inpresionista», «grassi» edo «magri»... dena dela; halako hitz bat sekulako salbazioa da haiendako. Eta marroa baldin badoa, ardi tropa gibeletik; erroitz bati behera bada ere.

        Gora eta garbi erran behar dut zintzo eta zuzen aritu zela Etxaide bere aipuan; batere pretentziorik gabe. Nahi zuen, oroz gain, Etxepare jaun erretorak ibili gaiak desenkusatu; horretarako aipatzen zituen R. Altamirak Hitakoari buruz egin kontsiderazioak; gure mosseni aplikagarriak zirelakoan. Zaku berean sartzen zituen bi mende eta bi autore arront ezberdin, baina ez, bederen, literatur kritikaren zentzu batez, geroko kuadrilaren maneran.

        Erran gabe doake, baina erranik hobe: ez dute ikuskizunik batere. Don Carnal eta Doña Cuaresma, Buen Amor... batere; gure mossen Bernatek ez zituen Ormuz eta Ariman bereixten. Bien arteko mugak arront ezabatuak zituen; «Amorosen Gaztiguya» eta «Emazten Fabore» poemek amore espezie guziak uztartzen dituzte.

        Hitakoa, gero, maltzurra zen, ez alegera. Etxeparek, aldiz, bazuen Errenaisantzaroak suposaturiko itzalik gabeko alegrantzia, aspaldi zendutako hura. Eta gu hortaz kontent eta harro egon beharko ginateke; zertaz munduko herri gutik ezagutu baitu halakorik. Menturaz, xoilik Italiak eta Frantziak; haien seme bakarren batek: Bocaccio, Ariosto, Villon... Irribarre; bozkario berexi batzu, gero parerik izan ez dutenak; garaiarekin batean joan zirenak. Garaiko espainolek ez zuten halakorik; bazeramaten melankolia zirta bat gogoan: Manrique, Santillana... Geroxeago agertu zen halako makurkeria; zerbaiten kontrako irria ez da gauza bera: Quevedo, Rabelais...

        Espainaz haratagokoa baita mundua ere, Etxeparek, norbait oroitaraztekotan, François Villon oroitarazten du eta posible da, hagitz, haren obra ezagutzea ere. 1489tik 1533 artio Villonen obraren edizio purrust bat egin baitzen, azkeneko urte honetan Marot-ek emaniko famatua agertu zelarik. Villonek konposatu zituen bere poemak kantari aritzeko, Etxeparek bezalaxe, azkeneko hau kritiko belarri motzek atzentzen badute ere. Zernahi baino lehen ohartzekoa baita ez dela musikarik gabeko euskal bertsorik, Etxeparen kasuan bereziki. Garaiko espainolek ez bazuten Garcilasok Italiatik inportaturiko endekasilaboen armonia, are gutiago harrapatuko dute deus ere Etxepareren obran oraingo belarri motzek; nahiz eta hori tapatuko dute neurri eta errimari buruzko hitz idor, larri, eta hanpatuekin.

        Badira, Villon eta Etxeparen obretan, antzeko pasarte aunitz: hor dira «Ballade pour prier NostreDame» eta «Oracionia», «Le Grand Testament» eta «Iudicio Jenerala»; baina, bereziki, bada kartzelan egoniko bi eliz gizonengan (Villon clerc izan zen) biziaren aitzineko gogoko kidetasun bat, irribarre bat.

        Gorago aipatu Clément Marot izan zen ere Etxepareren garaikide hertsia (1496-1544) eta bazituen honekin, aldeak alde, joera kidegarriak ere: zuhurtziarik ezak gartzelara eraman zuen eta haren poema askotan bada sentsualitate eta erlijioaren arteko uztarketa berezigaitz bat. Berpiztu zituen erdi aroko molde aunitz; haien artean, poesi lehiaketa bat, biziki singularra: Le Blason du corps fémenin. Poeta bakoitzak goraipatu behar zuen ema gorputz zati bat; adiskideak deitu zituen eta denek hartu zuten parte. Maurice Scève suertatu zen garaile Le Sourcil poemarekin. Hartan, hagitz sonatua izan zen Marot beraren La Louange du Beau Tétin. Zeinek dudatuko du gure Etxeparek arras trebeki jokatuko zukeela jostaketa hura?

        Non da, orduan, Lafittek aipatu mélange étonnant de piété et d'impudeur, pauvreté du vocabulaire... hori? Mélange-rik erabiliena zen bada; estonatzeko motiburik batere, beraz. Behar da, egiazki, kopeta eta jakineza horien errateko. Idurika dezakeguia frantses kritiko batek bertze hainbertze erranez Villon eta Maroti buruz? Behar bada, alta arrazoi beretsuak izanen lituzke.

        Baita bertze topiko bat azkarki erroztatua: berantkeria. Hasieratik, eta hasieran bereziki, euskal letrak ez omen dira literatur mugimenduen ber  tenorean ari. Sinesmen kurios bat: literatura, sazerdozio gisa, berriki finkatu da munduko parte honetan; gaurko ofizianteek konstzienteki fabrikatzen omen dute literatura, lehengoek ez. Ez dut neure burua galdu nahi berant eta goiztasunari buruzko diskisizionetan, edo literatur mugimenduen zinezko esentzia, edo norbakoitzak dituen bere tenorez landan aritzeko posibilitatei buruzkoetan; ez du merezi. Xoilik erranen dut funtzionari bat —lehengo kalonjiek, erretorgoek, abadegoek eta garaitiko eliz prebendek eta obligazioek zuten erranahi ber-bera badu funtzionario izateak orain—, kazeten literatur gehigarri jalea, bere ordenadorearen aurrean literatura ziligardatzen, espezimen hori zera dela: doktrina euskaratzen zuten herrixkako apez haiek bezain berantkor eta obedienta; badu, hori bai, pututs eta ergelagoa izateko joera, arrandiatzen duelarik sazerdozio doblea eta haiena baino altuagoa egiten duela.

        Zein urrun mossen Bernaten bozkariotik! Detxeparen poesiak badu sortu motibo bat, poesiaren muinoz kanpo... Areago ere: Agian, Detxeparen garaian euskerak literatura ugari eta aberatsa izan balu, ez zukeen harek luma hartuko eta poesiarik egingo... Bai, solas kriteriodun, sakralizante eta larriak, hain segur; topografikoak ere, baitakakite xuxen poesiaren mugen berri; baina, oharkabean, kartografo xorrotxak, bere burua lehenik, eta gu guziok berarekin batean —plurala par politesse—, salatzen ditu ozenki. Izatekotan, juxtuki kontrarioa baita egia:

        «Zinezko MELIOR FORTUNA suerta baledi ez litzateke hau, hori, eta hura bezalako bat kritiko edo akademiko kontsideratua, are gutiago poeta, nobelista edota itzultzaile izanen, ez baitzukeen, horrek, plantako literatura batez, deustako plazarik edukiko; gisako izenik ere ez duen akademia hori ez zatekeen esistituko edota, gaurgero, pipiek janen zuketen; hainbertze belarri motz ez ziratekeen barnetegitik liburuen azaletara pasako; ez ziratekeen "euskal herri lirikak logikarik gabe lotzen ditu ahapaldiak" bezalako zozokeriak adituko... eta hobeki ezagutuko eta preziatuko genuke geure DEBILE PRINCIPIUM...»

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.