L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1959 II (1959-apirila/ekaina) —<oler0238>




 

 

Enearena

 

Bergili

euskaratzailea: Otarri

 

IV Kantua

 

Muiña: Yarbas, Getuli'ko errege. — Merkuri'ren mezua. — Enea'k Kartago'tik aldegiteko agintzen du.— Dido'ren kezka, oiñaze, alaka ta eskariak. Enea'k bere burua zuritzen, adu-indar garai-eziñez te Ankise aitaren itzal-adorez.— Dido'k berriz ere otoitz, oso setati. — Enea, ostera, ez du ezerk makur-erazten.

 

Yarbas osoro subiztu omen zan surmur garratz au aditzean, eta sen-galdua, opamai aurrean auzpez, esku biak gora jaso jainkoen irudi erdian eta Jupiter aundiari onela otoitz egin zion: « Oi Jupiter alguztiduna, zure omenez orain mauritar jendeak, oe margotuetan jan ondoren, ardo-dedua ixurtzen dute... Ez ote dakusazu? Zu, aita, tximist-jario ortzian zaukagunean, alperrik izutzen ote? Itsu ote dugu odei artean kuzkurtzen gaitun sua eta utsalak trumoi-durundi ta alkar-jotze zakarrak? Ona emakume au, gure lur-mugaz alderrai zebillela, ordain kaxkar batez uri medarra irasi zuna; neronek eman nizkion itxas-egalean lur zati bat goldatzeko eta legeak bera iaurri zezan; dakizunez, nire ezkontz-nai beari uko egin zion, eta orain Enea jarri du bere erreiñuaren jaun eta jabe. Oraintxe berton, Paris berri ura, bere emakumezko jarraigo arekin, bizar eta illedi usaintsua burubabeskiz azpitik loturik, ebatsiaz gozartzen da. Eta niri, zure jauretxeetara opogaiak eraman besterik ez dagidan oni, etzait ezertarako onek damaidan ospea».

        Opamaiak besarkaturik, onako esanez otoitz zegionari entzun zion Jupiter altsuak, eta bertatik errege-jauregietara ta omen obeaz aiztuak ziran maitaleengana zorroztu zitun bere begiak. Ordun Merkuri'ri itz dagio, onela agindurik: «Zoaz bizkor, seme, dei aize meiai ta labain zaitez beuren egoz; itz egiozu dardanitar buruzagiari, orain Kartago tiritar lurrean dagonari, aduak emaniko urien axola gabe: eraman ari nik esana, aize azkarren bizkar. Ez zigun guri aren ama ederrak olakorik agindu, ezta etzun orretarako bi bider gerkarren izkilluetatik onez atera; aitzitik, Itali, enderriz astun eta guda-orroz barbar, berak jaurriko zula agindu zigun, bai ta bera izango zala Teukro leñargiaren luzapen, lurbira guztia bere legepean jarririk. Aldiz aurretik erabakitako ainbat gauza ta aintzak gogoberotzen ez ba'du, eta bere goratzarrez ezer egin nai ez ba'du, iñartxiz dago bear bada, aita izanik, bere seme Askani erromar jauregietaz jabetuko ote dan? Zer asmo du? edo zeren itxaropenez luzatzen du jende etsai artean? Nola ez du kezkatzen ausoni-ariak eta labinitar zelai-landak? Bebil ur gaiñez! Auxe duzu guztia. Onen mezulari, zerori zakiguz».

        Onela mintzo zan. Eta Merkuri bere aita aundiaren agindua betetzeko gertatzen da; eta, aurrenik, oiñetako urrezkoak jazten ditu: auek eramango dute egan, tximista bezin arin, bai itxasoz bai leorrez. Makilla eskuratzen du ondoren: onekin Su-lezatik deitzen ditu arima laruak; beste batzuk Tartar itunera bialtzen ditu: ametsak ar-kentzen ditu, ta il diranen begiak ikurraztu. Arek eutsita aizez doa, gain goibeleko gandua zearkatuz; eta dagoaneko egaz beti. Atlante latzaren erpiña ta saiets saillak ikuskatzen ditu: Atlante onek ortziari eusten dio buruz, ta erpin goi lerditsua laiño beltzez estalia, sarri ikusi oi dugu aizeak eta euriak iñarrosia; an jausitako elurrak ere bizkarrak estaltzen dizkio: onezaz gaiñera, zarraren bular beera errekak labaintzen dira azke, eta jelak maskurtzen du aren bizar ikaragarria. Emen kokatu zan lenbizikoz Kileni jainkoa, egada berdin neurtuakin; eta emendik, soin-indar guztiz, uretara oldartu zan; urertzean, itxas-egalez, arraiez beteriko uarri inguruetan, oso bee, egaz dagian txilinpurtaren antzera. Bai, era berdiñean zirrikitzen zitun aizeak zeru-lur barna egazka, Kilene'ren semeak, Atlante bere amaren aitonagandik urrutiratuz, Libi'ko itxas-egi ondartsuetara zioalarik.

        Kartago'ko ardi-saroiak bere oin egodunez iku zituneko, Enea lanari lotua dakusa, ots, goitura, gaztelu ta bizitegiak eraikitzen ari da berriro ere. Eta ona, ezpata bat darama aldean, izarra bezin diztikor, jaspe antzo gorria; tiritar gorri-biziz dirdir zegian sorbaldan dindil zekarren longana ere: Dido aberatsak egiñiko bezuza zizun au, urre meez ariak banaturik. Bertatik inguratu ta au diotsa: «Zuk orain Kartago garaiari oiñarriak ezartzen dizkiozu, ta, zeure emaztearen sen eta kasketaldien jopu, uri eder bat jasotzen ari zera, aantzirik, tamalez!, zerorren aginterri ta gauzakin? Jainkoen erregek, zeru-lurrak bere argi joriz zuzentzen ditunak berak bialdu nau zuregana Olinpu bizkorretik; berberak agindu dit zuri ekartzeko aize azkar barruna agindu auek: «Zertan zera? zertarako asti eman Libi'ko lurraldeetan? Ainbat gauzaren aintz-dirdirak bizkortzen ez ba'zaitu ere, edo-ta zeure gorapenez nekatu nai ez ba'zera, begira bederen aziz doan Askani'ri eta zure oiñordeko Juli'ri: oneri baitdagozkio Itali'ko jaurerria ta erromar lurra». Kileni'k, era ontan itz egiñik, aren begi aurrea utzi zun itzetik ortzera, ta ikustetik itzali zan urrutira, aizeiño emez.

        Enea, ordea, mintzul geratu zan ikuskari artaz, zoratuta bezela; illeak ere laztu ta kiribildu egin zitzaizkion izu-dardar, abotsa berriz zintzur-kordari itsasi. Andik iges egin nai du biziki, laga ainbat lenen lur atsegingarri aiek. Sor ta lor bai duzu jainkoen mezu ta agindu gogor arekin. Baiña, ai ene! zer egin? Nolako itzez pake-azi orain Erregiñ maite-mindua? Nundik asiko ote? Eta bere gogo urduria orain ona dakar, gero ara darama; oneri ekin, ura utzi, toki ta alderdi guztiak arakatzen ditu, nasi-biurri. Azkenik, erabaki au ontzat eman zun: Mnesteu ta Sergest eta Kloant arnas aundikoari dei egiñik, ontzidia gerta dezatela diotse ixil-ixilik, eta lagun guztiak kaiean alkar-biltzeko; izkilluak ere atondu ditzatela, baiña iñori ere gauza aien zioa esateke. Eta berak, Dido ona ezeren jakitun eztala ta maitasun ain aundien puskatzeaz susmorik ere ez dula, nolarebait urbilduko zaio ta mintzatuko, lotuta daukaten estuntzak austeko abagunerik egoki ta samurrena, ots, biderik errez-goxoena billatzen saiaturik. Guztiak, oso pizkor, ark esana dagie alaitsu, aginduak zintzoro beterik.

        Erregiñak, baiña, aren iruzur-saioak aurretiez sumaturik (nork ziria sar, izan ere, maite-minduari?), iñork baiño len oartu zitun geroko gertakizunak, eta zigur uste zitun gauzak ere bildur-azten zuten. Omen gaizkiñak berak iragarri zion maitez minduari, zer-nola zan ontzidia igesari emateko gertakizunetan. Asarre, su ta zoro, alderrai dabil uri osoan zear. Bakotar larrikaratua dirudi, opari-eskeintzez irten-azia, Bak'i entzunik, iru-urteroko jai ots-aundikoz berotua, ta Kiteron'en gaualdiko deadarrak esnatua. Eta, azkenik, Enea'gana alderatu ta itz auekin akar dagio:

        «Onen gaiztakeri aundia estal-arazi uste zendun, etoi orrek, eta itzul-inguruka nire lurraldetik iges egin? Ezin zaitu ezerk emen irauki, ez nire maitasunak, ez beiñola emana izan zaizun ene esku onek, ezta eriotz ankerrez amaituko dun Dido'k ere? Bestetik, neguaren adurpean ere, ontzidia egokitzen du, zu ta, aize zakarrai kopeta ernanik, oi biotz-gordin, itxas zabal zear joateko artega zagoz? Eta zer egingo zuk, iñoren soro ta lur ez-ezagunetara ez ba'ziñoakez? Oindiñokarren Troia'k zutik ba'lirauke, antziñako Troia'ra joko ziñuke ugin apartsuz? Ala nigandik igeska ote zabiltza? Nik, bada, arren otoi dagitzut, malko auekaitik ta zure eskoiagatik (ez bai dut beste ezer gaixo onek), geure ezkontzarren, eztai asi-berriakatik, zutako ezer onik ba'dut beintzat, edo nire ezer zuri eder izan ba'zaizu bederen, urrikal zaitezala eror-agiñean dagon etxe onetaz, eta, nire eskariak oindiño indarrik ba'dute, erantzi egizu, jaurti zuregandik asmo ori. Zure erruz, libitar erriak eta nomadar erregeak begitan naukate; tiritarrak ere muturka dauzkat zuregatik; zerorren erruz, ene erabea itzali nun, bai ta izarretaraiño eraikitzen nindun lenbiziko izen bakana ene. Noren mende edo andurara uzten nauzu, ni iletsi gaixo au, oi arrotz? Izen au eman nizaioke bakarrik senar uste nuenari. Zeren zai nagoke? Geldi bear bada, ene neba Pigmalion'ek nire arresiak suntsitu arte? Edo Yarbas getulitarrak ni atxillo eraman arte? Zuk iges aurretik, beiñik-bein, zugandik umeren bat sortua izan ba'nu; Enea txiki batek bederen, ots, zure betartea erabat oroit-aziko lidakenak, ene jauregian jolas ba'legit, ez nintzake egiaz onen etsia ta utzia».

        Au esan zun. Baiña Enea'k, Jobe'ren aginduz, tinko dauzka begiak, eta, adoretsu, biotz-barrenean takatzen bere kezka. Azkenez, au diño mintzo-labur: «Ez dizut iñoiz ukatuko, ene erregiña, zuk izketari bat-banatu zenitzakean gauza guzti oiek mereziak dituzunik: ezta ez naiz lotsatuko ere Elise gogoraziaz nere buruaz oroi naizeño, soin atalok gogoaren mende daudeño. Labur mintzatuko naiz, ontaz. Ez dut nik tokiz aldatze ori zalagardaz estali nai izan, etzazu olakorik uste: ezta enun sekula senan-zuzirik billatu, edo antzeko alkartzerik gogora ekarri. Nik, jakizu aurrenik, aduak utziko ba'lidakete neurez bizitza atontzen eta gogara ene kezkak arintzen, Troia uriaren ardura izango nuke eta an, ezer baiño len, neuretar kutunen ondarrak gurtuko nituke; Piriamo'ren jauregi eskergak zutik legokez, eta azpiratuentzat Pergamo jaio-berri bat eraikiko nun neronen eskuz. Baiña orain Itali aundira bultzerazten nau Apol Grineu'k, bai ta Litzi'ko iragar-zoriak ere Itali'ra bultz-erazten naute. Ura baitut maite, ura aberri. Zu, peniziarra zeranez, Kartago'ko arresiak eta Libi'ko uriaren itxura ederrak zorakortzen ba'zaituzte, nolako iñartxia duzu ori, guri teukrotarroi ausoni lurraldean oiñak jartzen ez uzteko? Aizu zitzaigu noski, guri ere erbeste-lurrak billatzea. Nik, Gauak beraren itzal intzez ezetuekin lurra estaltzen duen bakoitzean; suzko izarrak jaikitzen diran bakoitzean, ene aita Ankise'ren irudi zurbilla deika daukat ametsetan, larrikaraz jartzeraiño. Deiez daukat orobat Askani txikia ere ta oneri dagiodan bidegabekeria, Esperi jaurerri ta aduak an ari emandako lurralde gabe uzten dutan ezkero. Eta, oraintxe berton, Jobe'k berak bidalitako jainkoen adierazleak —bitzuon buruak lekuko— aize eme zear ekarri dizkit bere aginduak. Neronek ikusia dut jainko au, argi dizdizean, arresi zear sartzen, eta belarri auekin jaso dut aren mintzoa. Ez nazazu geiago mindu alakaz, ezta zerori ere. Itali'ra noa, baiña ez nere onez».

        Onela itz zegionari begira dago Dido, aitzinadanik sumindua; begiak arat-onat itzuliz, so ixil zorrotzez zearkatzen du osoan, eta asarre bizitan jalki: «Etzan zure ama jainkosa izan, oi gaizkin, ezta ere dardanitar zure aita; bestera. Kaukaso izugarriak sortua zera bere aitzarte malkarretan, eta Irkani'ko katamotzen ugatzetatiko esnez azia. Izan ere, zertako itzalgaizkeriz jardun? Zertako zoritxar aundiagoak ixildu? Nire negarrak intzirazi zun agian? Begiak niregana itzulazi? Bear bada, zaildua, negarrari eman ote? edota maitaleaz errukitu? Irain aundiagorik jasan al nezake? Onezkero, ez Juno garaiak, ez Saturno aitak, ez dute begi onez nire auzi au ikusten. Ez dut iñun ere uste osokorik. Ur-ertzera jaurtia ta beartsu, neronek atotsi nun, eta zoro onek nere aginterrian tokia eman nion. Bere ontzidia ondatu gabe neronek jagon nun, eta bere lagunak eriotzatik onez atera. Ai, ene! Asarreak naramate su-garretan! Orain Apol aztiak, orain Litzi'ko iragar-zoriak, bai ta ere orain Jupiter berberak bidalitako jainkoen adierazleak, aizez aize daramazkite agindu lazgarriak. Au duzu nunbait goitarren lana: beste ezerk ez ditu artegatzen. Etzaitut bada geldi-azten, ez zure esanik osteztu. Zoaz, jarraitu Itali'rako bideari aize-egoz: billatu erreiñuak itxaso zear. Ziurki ditxarot, goitar onak al izaterik ba'dute beiñik bein, urpeko arriartetan neke beltzak izango dituzu, ta sarri dei egingo diozu Dido'ri, bere izenez. Naiz-ta urruti, sugar izugarriz narraiketzu; eta eriotz zurbillak nire soin-ataletatik arimea bananduko duenean ere, nainun ondoan naukakezu itzal antzo; orduan ere bai, ordainduko didazu gibel txakur orrek, egindako iraiña. Jakingo dut, ildakoen artean su-leza barnean egon arren, iragarriko didate-ta».

        Onela ziarduala, solasa etetzen du, ta aize zear iges dagi gaixoak, Enea'ren begi aurretik kendu ta itzaltzen dalarik. izuak laga ez ziolako beste gauza gertatu asko ere esateke utziaz. Neskameak artzen dute, eta atxurdiñezko ezkonoera daramate aren gorputz eroria, an etzanik.

        Alare, Enea onberak. Dido'ren oiñazea arindu nai izan arren, eta kezkak deuseztu itz goxoz, intziri ugaritan eta maitasun aundiz barrena zauritua dularik, jainkoak esana betetzen du, alare, ta bere ontzidia ikertzera dijoa. Teukrotarrak, anartean, zoli ari dira, eta itxas-egi osotik aragotzen dituzte ontzi zutiak. Txirrist dagite ur-gaiñez ontzi piketuak: arraun ezeak daramazkite, ta landugabeko mastak, albait lasterren iges egitearren. Ikus ba'zenitu troiarrak, joanbearrez, uri osotik astrapaladan biltzen! Ainbateko, iñurriak, negu agertzean, garipil aziari eraso ta beuren zaipe jartzen dutenean bezala: ba-doa zelaian zear aldra beltza ta ba-daramate belar artetik belar arte, bide-zidor estuz, ostu dutena; batzuk, bizkarrean daramazkite gari-ale astunak: beste batzuk, aldrakoak alkartu ta atzeratu diranak leiatzen dituzte: bide-txigorrak lanez diraki oso.

        Zer zuk sentitzen, oi Dido!, gauza onek ikustean? Nolakoak ote ziran zure zinkuriñak, zeure jauregi-burutik ikuskatzean. nola zeuden irakin batean, urrutira, itxas-egal guztiak, ainbeste oiu ta zarataz itxasoa bera ere sorgortzen zutelarik? Maitakeri gaizto, zer ez ote dituzn beartzen ilkorren bularrak? Negarrari ematen dio berriz ere Dido'k, bai ta eskariz saiatu ere: bere gogoa niaitasunaren mende jarri eskale, ezer ere laga ez dezan, iltzekoa dan ezkero, txastatu gabe.

        «Oi Ane, ba-dakusazu nolako joan-bear ta leia dan ugaondo guztian? Andik eta emendik, batean bildu dira; oiala aizeeri deiez dago jadanik: eta itxas-mutillak, pozarren, koroz jarri dituzte ontzi-gibelaldeak. Aurreztik usmatu al izan ba'dut ainbesteko lor-nekea, bai ta, ene aizpa, eraman ere eramango al dut. Egidazu, Ane!, zoritxar ontan mesede auxe beintzat; gaizto arek, bada, zuri itzal aundia zizun, bere asmorik ixillenak ere zuri agerturik; zuk zenkian bakarrik nola ta noiz gizon aren barne-leza arakatu. Zoaz arengana, aizpa, ta mintzo zakioz arrenga etsai atzemaille orri. Esaiozu nik enula ziñik egin danaotarrekin, troiar erria sakailtzeko, Aulide'n; ez nula Pergamo'ra ontzidirik biali, ez nula nik Ankise aitaren autsik lurkatu edo aren itzalik edatu. Zergatik ez ditue artu nai aren belarri latzak, nire esanak? Norako ainbeste leia? Maitale zorigaiztokoari, azkenik ere, sari au emanik, bego oraindik pizka baten, eramango duten aize ongille zai iges-bedea artzeko. Ez diot, onezkero, berak eten zun ezkontz-lokarri zarra eskatzen; ezta Lati ederraz jabetu gabe, ango aginterria uzterik ere. Epe laburra deskat, atseden apur bat, toki pizkat ene errarentzat, ene zoriak, etsia, oiñazera oitu arteño. Atzen-esker au eskatzen dizut. Ai!, urrikal zakioz zere aizpa oneri! Eman ba'dagidazu, bete-gaiñezka itzuliko dizut eriotz-orduan».

        Onela eskatzen zun eta auek ziran aizpa gaixoak ara ta ona, ar-eman, zebilzkion negar-intzirak. Baiña ez du ura ezertariko negar-malkok biotz-ikutzen, ezta ez du samurkor ezeren otsak entzuten. Aduak ditu debekatzaille, ta jainko batek zarratzen dizkio belarriak, entzun ez dezan, Alpe-mendietako aize zakarrak, alkar arturik, enbor urtetsuko arte zangarrari lau saietsetatik oratu ta erroz-gora jaurti nai dutenean, ba-da nunbait barbailla ta karraska; eta osto garaiak, mokorra astinduz, lurra estaltzeraiño erortzen dira; berak, ostera, aitzari itsatsia dirau ten-tenean, eta zenbat eta burua aizetan gorago, susterrak beerago sartzen ditu lurrean. Era orretan jo ta astindua duzu gizurena ere mintzo sarri-berrituz, «andik eta emendik; eta badu bai kezka ta lorrik naiko bere biotz aundian. Tinkorik datza, alere, artutako asmoan; alperriko malkoak mazail bera.

(Jarraitzeko)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.