Amaen poemak
Gabriela Mistral
Mosutu nau. Mosutu nau, ta arrezkero beste bat naz: beste bat, nire zanetako tanpada bikoiztu dauanagaitik eta nire ao-atsean agiri dan arnasagaitik. Martzal, zindoa da dagoneko nire sabela, biotza beste...
Ene eztarri-atsean be ba-daurkit, olako lore usain berezia: dana da nunbait, ene erraietan, bedar ganean iruntza lez, oso samur, lo datzanagaitik!
Zelakooa ete? Zelakoa izango ete da? Luzaro begiz jo ditut nik larrosa baten osto-atalak, bai ta atsegin anditan ikutu be: samurtasun orixe nai neuke aren matrailletarako. Sasi-biurri baten jolaska be ibilli naiatzu; orrelaxe gura neukez, ba, bere uleak, illun tu kiribil. Baiña, eltzegilleak maite dauen margo gorri bikain antzera, txiurtuak ba'lira be, ez daust ajolik; ezta ez dot kezkarik aren ule leunak ene bizitzaren bakuntasuna izanik be.
Ikusterrera dakartaz mendi-lepoetako arro ta bitarteak, laiñoz jazten diranean; eta orduan laiñoz dagit ume-mukulu edo antz illun bat, aur samurño batena, aurki: ori be izan daiteke.
Baiña, onez ganera, arek begiratuan daukan gozotasunez begiratzea, nik opa; bai ta, itz dagianean, aren abotsaren dardara nabaritzea be, mosutu ninduna maitatu bait-gura neuke datorrenagan.
Jakituria. Ogei uda luzez beintzat, orain badakit zetako artu dodan argia; zegaitik ebagi al izan dodazan lorak, zelaiak zear. Zegaitik, niñotsan neure buruari egunik ederrenetan, eguzki beroaren eta bedar ezearen emoi arrigarri au?
Argiak igaro ninduan alderik alde, mats-mordo urdindua lez, ekarriko neban samurtasunerako. Auxe ene barnean, ene zan-muiñetan tanta-tantaka eratu ta osotuz doana, auxe zan nire ardoa.
Onendako eskatu neban otoizlari, au egingo zan ene lupetza Jainko-izenez alderik alde igarotzearren. Eta tintin dardarakorrez bertso bat irakurri nebanean, arentzat erre nindun ederrak, txingar antzo, nire aragitik artu dagian bear dauan sugar itzal-eziña.
Samurtasuna. Neugaz daroadan ume lokartua-gaitik, ixil-mixil biur da nire ibillia. Eta nire, biotza zerutar da oso, ezkutapenaren ixilla aldean daroanetik.
Samur dozu nire abotsa, maitasun-ixilkaiz moteldua bai'litzan; ta, egiaz, bera itxartuko ote dodan, bildur naz.
Begi biakaz leiatsu billatzen dot orain arpegietan errai-oiñazea, enparauak be ikusi ta ulertu dagien nire matrail belurituaren zegaitia.
Samur-ikaraz kilimatzen dot pospoliñak euren abiak dagiezan bedar artea. Eta ixillik noa zelaietan zear, zur ta oartun: zugatz eta abar, nik uste, semeak dabez lotan, ta arein loa zaintzen dagoz buru-makur.
Aiztea. Ildo bat atxurtzen ikusi dot gaur emakume bat. Aren mokorrak astun egozan, nireen antzera, maitasunez; eta beruntz makurtuta lanari ekion.
Leunki ikutu dot aren gerria: eta neugaz ekar-azo. Neronen ontzitik edango dau esne lodia, ta neure soillarupeko itzalez gozartu, maitasunaren astunez izor bait-dabil. Eta nire bularra emokor ez baldin ba'da. nire semeak arenera, oso jori, urreratuko ditu bere ezpenak.
Eskaria. Baiña ez, Jainkoak zelan itxiko ete leuke txirikol ene bularraren mote edo begia, Berak anditu ba'eban nire gerria? Nire ugatza aziaz doala doart, igon urmael zabal baten ura lez, ixil-ixillik. Eta bere jagitasunak geriza jaurtzen dau, itxaropenezkoa noski, nire sabel gain.
Nor izango litzake aranean ni baiño txiroago, nire bularra ezotuko ez balitz?
Andrazkoak gau-intza batzeko ipinten dabezan ontzien antzera jarten dot nik neure bularra Jainko aintzinean; izen barri bat damotsat, Asetzaillea deritxot, eta bizitzako edari bizia eskatzen dautsat. Nire semea egarriz billaka elduko da.
Minbera. Onezkero ez nabil jostari zelaietan, eta bildur naz neskakin, txinboan ibilten. Adarra igaliz lez nozu.
Makalik nago, oso makalik, eta, baratzera jatsi nintzanean, larrosen usaiñak lo-kuluxka urruti-azo eustan. Eta aizez datorren abesti lau batek edo arratsaldeak an zeru azpian bere azken - intzirian daukan odol - tantak osoan kezkatu ta asaldatu naroe, oiñaze-lezan amildurik. Nire jaubearen begirakun soillez gaur gabean latza balitz nitako, il neiteke.
Betiko oiñazea. Laru biur oi naz, ak nire barruan jasaten ba'dau, aren saka ixillez minduta nabil, eta ikusten ez dodan aren zirkiñik txikienak nire bizitz-aria eten daike.
Baiña, ez egizue uste izan: gordetzen dodan bitartean bakarrik ez da nire erraietan txortatua izango. Bide zear jarei doianean be, urrin egon arren astinduko dauan aizeak urratuko daustaz aragiak eta aren ulua nire eztarritik be igaroko. Nire negarra ta irribarrea zure betartean asiko dira, ene seme!
Beragaitik. Beragaitik, bedar azpian ur-aria lez lo dagoanagaitik, ez egidazue kalterik egin, ez nagizue lanez arazotu. Azketsi egidazue edozer: nire naigabe ta minkorraldia mai atonduan eta nik zarateari dautsadan gorrotoa.
Etxeko estualdi, txirolasun eta joranak esango daustazuez, bai, baiña bera oialetan jarri ostean.
Bekokian, bularrean, ikutzen nozuen edozein lekutan, bera dago, ta intziri egingo leuke, zauriari erantzunik.
Atsedena. Ezin naz, dagoneko, bideetan zear ibilli: neure gerri zabalaren gorritunak eta be-gietako bekara sakonak galazoten daustie. Baiña ekarri ona, ezarri egidazuez alboan lorontziak liliz beteta; bai ta kitara be aspertzaka: edertasunean murgildu nai nik berarentzako.
Lo datzanaren gain aapaldi azken bageak diñodaz. Eguzki zurbilla artzen dot orduak ordu, larrain-gorapean. Eztia erion nai dot, igali antzo, neure erraietaruntz. Bitartean maite dot lerdietako aizea.
Argi ta aizeak margoztu ta ikuzi begiste odola. Ikuzi ta garbitu daiten nik ez dot iñor be gorroto, ez dot iñorgaitik txarto esaten. Maite dot! Ixil onetan, atseden onetan, gorputz bat, gorputz miragarri bat eioten diardut, zan, arpegi, begirakun eta biotz garbiduna.
Jantzitxo zuriak. Txapin ñimiñoak euntzen ditut, oial leuna ebagi: neure eskuz egin nai dot guztia. Ene erraietatik datorkenean, nire lurrumaren gozoa ezagutuko dau.
Ardiaren zarpa biguiñ: uda onetan ebagi zinduezan beretzako. Zortzi illlabetez astindu eban ardiak eta urtarrilleko iretargiak zurizkatu. Ez dauko kardu-latz eztenik, ez sasi-arantzarik. Orrelaxe samur-biguiña dozu, arek lo egin dauan nire aragien zarpa edo illeuna.
Jantzitxo zuriak! Nire begiz begiratzen ditu arek be, eta barre dagi, oso samur-biguiñak asmaturik...
Lurraren irudi. Ez neban aurretik ikusia Lurraren irudi egiazkoa. Lurrak, seme bat besoetan daukan emakumea emoten dau (bere izakiak beso zabaletan dabezalarik).
Ba-noa pizkaka gauzaen zentzun amakorra ezagutuaz. Begira dakardan mendia be, ama da; eta arratsaldean jostari dabil kandua, aur bai'litzan, aren sorbalda ta belaunetan.
Gogora datorkit orain berton araneko errekarte bat. Beronen oe sakonean zear kanta-kantari joian uaitza, alboetako lar-sasiz erdi-ezkutua. Errekartea lez nozu ni gaurgero; kantari doart lats txiki au, eta estaltzeko lar-sasi neure aragia emon dautsat, argitara igon daiteño.
Senarrari. Senar, enagizu estutu. Neure barren-barrenetik igon-azo zenduan, uretatik lilia irudi. Itxi egidazu, geldi dagoan ura lez izaten.
Maite, maite nagizu orain zerbait geiago! Nik, txiki onek! bikoiztuko zaitut bideetan barna. Nik, txiro onek! beste begi batzuk, beste ezpan batzuk emongo dautzudaz, ta mundua orreikin atsegingarriago izango yatzu; ni ain samur! suil antzera erdibitu egingo naz maitez, bizi-ardo au ixuri daiten.
Azketsi, arren! Narras nabil, baldar zuri edontzia eskintzean be; baiña zuk bete ta arrotu ninduzun taiu onetan, bai ta gauza artean nabillela daukadan itxura nabarmentsu au emon be.
Zakidaz, otoi, iñoiz baiño bigunago. Ez egizu idarrosi leiaz nire odola; ez egizu dardaraztu nire arnasa.
Orain estalgi bat besterik enaz; nire gorputz guztia estalgi bat besterik ez, eta onen azpian ume bat datza lo-zorro!
Ama. Ama etorri yatan ikustera; emen egon zan jesarririk neure auzoan, eta, lenengoz geure bizitzan, une larriaz mintzatu ziran aizta bi izan giñean.
Nire sabela ikutu eban izu-ikaraz, bai ta nire bularra estalgetu be guriro. Eta aren esku-ikutzez osto samur antzo, erriak erdi-edegiten yatazala, begitandu yatan, eta nire ugatsera esne-zirra igon.
Gorrimin, lotsaz betea, neure min eta aragi-bildurra aitatu neutsozan; aren bular gaiñera jausi nintzan; eta barrien barri, ara ni zer: neskato kaxkar bat, aren besoetan bizi-ikaraz zotinka.
Esaidazu bakarrik billatuko daustan ugatsa ala eskiñi bear dautsadan, ortara eragiñik.
Emoidazu orain, ama, zeure maitasun-jakituria. Erakustazuz laztan barriak, leunak, senarrarenak baiño leunagoak.
Zelan garbituko dautsat burutxoa, gaiñeko egunetan? Eta zelan batuko dot zapietan, miñik ez emoteko?
Erakuts egidazu, ama, ni kulunkatu ninduzun seaska-abestia. Orrek lo-eraziko dau beste edozein kantak baiño obeto.
Eguna argitzean. Gau osoa emon dot minetan, gau osoan dardaraztu da nire aragia, bere zitua emoteko. Eriotz-izerdiz daukadaz bekoki-ertzak; baiña ez da eriotza, bizitza baiño!
Eta orain Samurtasun Azkenbagea deitzen dautzut Zuri, ene Jaun, samurkiro jaregin dagizuntzat.
Jaio beite onezkero, eta nire samin-ulua bioa gora eguna argitzean, txorien abestiaz txirikordaturik!
Lege donea. Nire soiñean gitxitu egin ei da bizia, nire zanak dolarak lez erion: nik, arnasaldi andi baten ondorengo arintasuna nabari dot, bakar-bakarrik!
Nor naz ni, diñot neure kautan, seme bat neure belaunetan eukiteko?
Eta neronek damot erantzuna be:
Maitatu eban bat; eta ortiko maitasunak, mosua artzean, betierea eskatu.
So begit Lurrak seme au besoetan dodala, eta onetsi nagi, palmondo antzera, jori ta ekarkor bait-nago.
|