L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1959 IV (1959-urria/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Dante zoriondun

 

Giovanni Papini

 

        Au diñost adiskide batek: zerutiko ta munduko gogoz ondo ornidua dan lekaime leial batek, egunero errezatzen ei dau, Eleiz Ama doneak, Dante olerkaria zoriondunen eta santuen errenkadan jarri dagian. Dante etzala izan gero «ogi deunerako uruna» ta griña txar nagusien artean geienbat txastatu ebazanak lizunkeria ta arrokeria izan zirala diñotsoenai, lekaime adoretsuak, bat bere artegatu barik, onela erantzuten ei dautse

        — Dante, bai, pekataria izan zan gaztaroan, beste santu batzuk lez; baiña bere azken-urteetan esker donetzaillea jadetsi eban. Izan be, Donokia idatzi ebana, nai-ta-ez, Jainkoak berak goi-argitua izan bear; eta gaiñera, atzenengo kantuak ez ebazan egin al izango, bizi zalarik, kistar osotasuneko argitan, ots, santutasun benetakoan murgilduta egon ez ba'litz. Kantu orreik goitiko argi ta maitasun dirdai betean idatziak doguz, eta ezin izan ezelan be gizaki ilkor baten lanak; ziur gagoz, beraz, olerkaria, il aurretik be, zoriondunen zeru gorenengoraiño jasoa izan zala. Eta Donokia amaituta ia bertatik il zan ezketiño, gauza ziurra dogu Dante'k osorik kitutu ebazala gaztetako erru ta gaiztakeriak.

        Nik ez dot ezagun lekaime kementsu ori; baiña nik berton agiri-agirian agintzen dautsat berarenagaz bat doiala nire eskari ezer-eza be; nire ustez, ba, gizonak barrien barri Jainkoagana zuzentzen buru-biotz-indar guztiak erabilli ta martiri antzantzeko bizia eroan dauan gizuren asmutsuak, altaran ezartea merezi dau, beiñik-bein olako emakumen lagundi bat sortu dauan lekaime illun batek beste bai.

        Antxiñatik otoitz egin izan dot nik, Kristobal Kolon eta Girolamo Savonarola zoriondunen arteko egitea eskaturik. Siñismenaren gizuren bi onein ondoan, pozarren, jarriko dot bidali goiargitu ta ziñopa aren izena, ots, neure erkide izan zan Dante Alighieri'ren izena.

        Berari buruzko barri bat gogora ekarri nai dot, naiko bakana ta, nire aburuz, oso gitxik dakiena.

        Ba-dira lege bi beintzat antxiñatxu dala italiar lege-batzarrak aundikiro ontzat emonak, Dante'ri dagokiozanak eta iñoiz bete bakoak. Lenengoagaz, Dante'ren ikasgu bat sortzen zan Erroma'ko Ikastetxe Nagusian: Carducci'ri eskiñi eutsoen, baiña ukatu egin eban arek, edo, adi-erazo ebanez, duin etzalako, edo Boloña'ko abi beroa itxi nai ez ebalako. Eta ikasgua, nik dakidala, beti egon da bete barik.

        Beste legeak, barriz, Erroma'ko enparantza baten, olerkari jainkotiarrari Laterri osoaren lepoz oroitarri eskerga bat jasoteko agintzen eban. Baiña nik ez dot uste, iñoiz be, orretarako ezer egin danik. Eta ona Dante, atzerritarrentzat Itali'ko gogo-zantzu dana, Laterri uriburuan, gomutara dakargun arri-tako bat bera barik.

        Montecitorio'k, bada, eskiñi ebana, oi dauanez, bete eztaben ezkero, Vatikano'k beintzat iñoiz eskiñi ez dauana bete dagiala laster.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.