Idaz-tankera
O.
Bakoitzak dogu izakera apartekoa. Eta sortzetiko era, seta ta aiurri oni dagokionez, jardun oi dugun eguneroko gauz ata zeregiñotan: onek, ak baiño txarto edo obetoago. Izakera au, ekiñaren ekiñez, azi ta ezi bearrean gagoz: giza-barrena, bada, berenez, ziraun-kabi, sats-oxin ta ezjakin-leza da. Ezi ta azi ezkero, zerbait: ortarako ditugu gaztetan artzen doguzan len-ikaspenak, eta gero be, urteetan aurreratuz goiazala, kontuz ibili bear: bestela, laster erakusti daroagu azpi loi orrek daukan saskara pillo negargarria.
Dana dala, esku artean darabilguzan zer guztietan, esan edo idazten doguzan lerro guztietan, geure-geure dan zerbait izten dogu itsatsita. Ortik, ba, gure barrena argien elerti-lanetan agiri dala, esan geinke, berton bai dogu izate guztia iraultzen; eta, nai ta ez, agertu bear gure barrenak dituan griña, birtute, joera makur, kezka, urduri, zauskada ta guzti. Eta auxe da, izan be, idazle baten estilo, idazkera, osotzen dauana: barne-agertze dirdaitsua, esaera txukun giarrez oretuta.
Eta, jakina, berez likin ta baldar dan izakera ezi ta azi oi dugun legez, idazkera be, ots, geure barrua ustu ta gauzak azal ta mamin lilurakor azaltzeko era ori, ezi ta azi bear.
Elertiari gagozkiozala, bitara dagigu au: 1) irakurriz, ta 2) idatziz. Beraz, irakurri ta idatzi bearra dogu, idazkera ona jaristeko.
Irakurri. Asko ikasteko, irakurri; ondo idazteko, irakurri; au bai da idatz-ertiaren ardatz eta oiñarri. Asko irakurri daunak ezagun dau bere idatzietan. Gure artean be, zeinbatek, asi-barri zirala motel samar idatzi arren, gaur, egoki, txairo, neurritsu ta joskera apaiñez idazten daben! Zergaitik? Asko irakurri dabelako. Idazketa osotu ta norberetzeko ez dogu idazle onakaz daukagun ar-emona baiño bide obarik. Oneik darakuskue, eguzki-izpiak baizen argi, zador irristatsuetatik zelan ibili. Idazle ospetsuak, dan-danak gero, asko irakurritakoak, irakurle sutsuak izan dira. Gabiltzan gu be eredu onein lorratzetatik.
Irakurteak dakazan onurak: 1) Ertietarako gaitu; 2) adimena, gogai ta oldozkun (idea) barriz apaindu; 3) asmamena, antz-argi ta irudikizun biziz jantzi; 4) olermana itxartu ta gori jarri; 5) biotza ikutu ta zauskada bigunez dardarazi; 6) erti-lanak ebazteko, ao-goxoz ornidu; 7) idatz-ertiak dituan ainbat eta ainbat ezkutu ta alderdi eder erakuts-azo. Eta onek, merezi dau, nik uste, neke apur bat, ondoren dakarkuzan ondasunen truke.
Baiña, zelan irakurri? Arlo au be erti-arloa dogu, antza, ta erti danez, ikasi egin bear, onuraz irakurteko, zelan irakurri jakin bear. Eta ortarako ez dago zetan asko irakurririk, irakurten dana ondo baiño. Onek, arrapaladan irakurten dau, idaz-lanak dauzan edertasunak aintzat artu barik; arek, aldia emotearren be bai; beste onek, arretaz ta astiro, eder-zale baita. Alde andia nunbait batetik bestera. Lerroz lerro ta adi-adi irakurri bear da, gizon jakitun, zentzundun eta ertilariak dagienez. Ertilariak, batez be, astitsu ta arduraz irakurri oi dautzu, bere idazkera jaso, osotu ta bere-bere egin nairik idatzietan dirodozan apaindura, edertasun, ta osterantzeko gozotasun ta ezti-gai guztiak maizkatuaz. Erlearena dagi.
Beste itaune bat. Idazleen artean, zeintzuk artu ete gengikez eredutzat? Itun zarra dogu: ez irakurri idazle asko, onak baiño. Idazlan bat artez ebatzirik, ari buruzko eritxia emon al izateko ta txastaera samur egokia lortzeko, ona da sail ta mail guztietako idaz-lanak irakurtea.
Baiña idazten ikasteko, idazlari bakar batzuk irakurtzea, obe. Eta bakar orreitatik, zeintzuk lenen-lenen? Barru ta azal oso egiñak, garbi-aratz diranak, geure gustu ta joerakin ondoen datozanak. Oneik yakuz onurakorren. Gogai ta ideak azaltzeko biderik erosoenak dakazenetatik astea be ez letorkigu gaizki. Bai ta, eskolako geure aburu ta eritxieri erantziegi ibilli ez gaitezan, elertiaz bere mailla guztietan jabetzeko, noizik-bein danetatik irakurteaz be mesedegarri yaku. Idazle baldan ta exkas samarrak, azken txandaz, irakurri geinkez.
Gurean aspaldi darabilgun istillu-leloa osakaitza dan arren, ondorengo banako baten azalduko dogu, guk geien irakurri bear doguzan idazleak, zeintzuk diran.
Idatzi. Jainkoak egindako doai eder askoren jaube gara, ta kemena be ez yaku palta gai oneik azi ta ugaritzeko. Baso itzaltsuan egurgin dabillenak, zenbat eta aizkorea gehiago erabilli, trebetasun geiago lortzen dau; bardin arotzak naiz beste edozein ogibidez diarduanak.
Ertietan be orobat. Erti guztiak ikasi oi doguz ekin ta jardunez: ur-tantoak, jausi ta jausi, arria zulatzen. Idazten be, nai-ta-ez, idatziaren idatziz ikasi bear; ez askok uste daben lez, idazlan bat bota ta oso ta eredutzat bere ekarria.
Idazterakoan iru era dazauguz, au da, batzuetan erderazko lanak euskerara itzultzen doguz; beste batzuetan, beste idazle on batzuen antzera geure lanak osotu; irugarrenez, lan jatorretan ari gara. Irurak, noski, bide egoki ta onuratsuak, idazkera giartsu ta goxoa jaristeko.
Ele-itzulketa, zelan edo alan esan bear, edozein gorputz iñarkun baizen sendo ta tinkoa da idazten ikasteko, batez be idazkera berezi-beiñena eskuratzeko. Asko dira erbeste-izkuntzetan orrelaxe jardunik idazlari punterengo egin diranak; gerkeratik edo lateratik olerkiak naiz itz-lauzko lanak itzuliaz, zenbatek igon daben ospearen mendi tontorreraiño! Gure artean, Orixe ta Zaitegi, Larrakoetxea ta Ibinagabeitia batik-bat. Labur: errez, lau idazten ikasten da.
Liburu bat irakurtzean, onek dabezan eder guztiak aztertu ta gogoan sartu bear ditugu: zein dan egillearen asmo garaia; zelan azaltzen dauan asmo ori; zeintzuk diran bertako gogai garrantzitsuenak, zeintzuk betegarri; berez ta goxo, ala baldar, idazten dauan; pentsamentu sakonak, bereak, jatorrak ditun ikusi. Eta gero, egille orren gogai, irudikizun eta bideai jarraiturik, norberak be aren antzeko lan bati ekin. Taiu onetan egin ebenak mundu guztiko elertian daurkiguz: Bergili'k, Omer eredutzat artuta, osotu eban bere Enea-rena.
Eta, azkenik, idatzi jatorrak, norberak egindakoak. Lenengotan gitxi idatzi, ta albait eta ondoen. Arretaz eta txukun idazten asten danak, bidez doiala zoztorrak aurkitu arren, azkenerako polito bide egingo dau. Orrelaxe egiñ dabenak doguz idazle guztiak; zuza antzera, berez, iñor be ezta egin oi. Bestera, asko idatzi ta txarto, olangoak ez dau sekula be ondo idatziko. Gaiñera, norbere lanakin latz jokatu bearrean gagoz; kendu bear dana, kendu, ta arteztu bear dana, arteztu.
Gaztetan, batez be, olerkitxoak taiutzea, oso egokia ei da idazten ikasteko, idazkera eder jori apain baten jabe egiteko.
|