|  
              
               
  
 
Agur, Ixiar 
 
  
 
Irigoien'dar Roman 
 
  
 
(Alkiza'tar Ioxe ta Elizalde'tar Ramona'ri, 
 
Ixiar, beren alaba, lekaime-etxean sartzean) 
 
  
 
Jauna'ren usategian 
 
        gau ordu alaiak: 
 
        ez al dituzute entzuten 
 
        jo ta jo kanpaiak? 
 
        Noski... Aizpatxo berri bat 
 
        aukera uso-zaiak, 
 
        ta sarrera ospatzeko 
 
        dituzte gaur jaiak. 
 
  
 
Usategian uso bat gendun 
 
gure ustez gurea zana: 
 
emen jaioa, emen guraso, 
 
senide, lagun ta lana; 
 
zintzo ta erne, bere esanekin 
 
etxea alaitzen zuana. 
 
Baiñan Jauna'ri ere atsegin 
 
gure uso txuri, otzana, 
 
eta alkarrekin ditezen beti 
 
deitu dio Beragana. 
 
...Ta ba-dijoa ego-zabalik 
 
Ixiar, uso laztana... 
 
  
 
Zoriona da guztion amets, 
 
ta kezka, nun egon leiken, 
 
zu ere zure baitan galdera au 
 
aritu zera egiten. 
 
Munduak ditun txorakeriak 
 
etzizuten lilluratzen 
 
emengo pozak mami gabeko, 
 
azal-utsak iruditzen. 
 
Eta biotza aseko dizun 
 
egizko poza-ondoren 
 
zoaz, Ixiar, alaba maite, 
 
Jesus'en oiñai jarraitzen. 
 
  
 
Azkeneko ogeita bat urteko 
 
gertakizunak nastuan 
 
eten-gabeko irrabiokan 
 
jartzen zaizkigu buruan: 
 
zure jaiotza ta bataioa... 
 
poxpolintxo urrenguan... 
 
Jaunartze..., gazte alai, jostaillu... 
 
Eta aizpak zure inguruan... 
 
Gaurtandik, berriz, utsa bakarrik 
 
egoten ziñan lekuan... 
 
Jauna'k guretzat ere gurutza: 
 
betor Bere izen Santuan, 
 
  
 
Ixiar: gure maitasun onek 
 
zure zoriona nai du. 
 
Gure alaba, gure artean 
 
poz-pozik izan zaitugu; 
 
baiñan gogozko zaitula Jauna'k, 
 
guk Jauna'ri zer ukatu? 
 
zoaz, bai, zoaz; Bere oiñetan 
 
biotza ipiñi zaiozu, 
 
ta aita ta amaren onespenakin 
 
izan zaitez zoriontsu. 
 
Ta Berarekin zaudezenean 
 
guztiongatik eskatu. 
 
  
 
Biotzetan poz eta atsekabe 
 
gaiñezkatzen diranean, 
 
ixildu bedi mingain motela, 
 
begiak mintza ixillean: 
 
ara zureak eta gureak
 
negar eutsi eziñean 
 
batera malko gozo ta garratz 
 
lagunak bait-lirakean. 
 
Malko abekin zeruan degun 
 
loretegi ederrean 
 
Jauna'k ezetu bitza gureak, 
 
ditezen beti loretan. 
 
  
 
Agur, Ixiar, agur, alaba 
 
bakoitza bere bidera... 
 
Zu Jesus'ek dun usategira 
 
ta gu betiko lanera. 
 
Bizitza au labur, ezereza da 
 
ta bestea irabaztera 
 
leiatu bear degu guztiok, 
 
ortarako jaio gera. 
 
Jauna'k lagunduz ta guk arretaz 
 
ekiñik beti aurrera, 
 
gaur banakatzen geran guztiok 
 
zeruan bilduko gera. 
 
  
 
        Jauna'ren usategian 
 
        gaur ordu alaiak; 
 
        guk malko gozo ta garratz 
 
        eta oroigaiak. 
 
        Aiei aizpatxo berri bat 
 
        aukera uso-zaiak, 
 
        eta gurean leku uts bat 
 
        sukaldeko maiak. 
 
  
 
              
              |