L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1960 I (1960-urtarrila/martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Bertsolariaren nortasuna

 

Zeleta

 

        Gure bertsolarien nortasun, adimen eta etorri bereziari buruz Onaindia Abak bere «Milla euskal olerki-eder» deritzon bertsodun idazti mardulean esaten digu:

        «Nork ez daramaki biotzean ernemin-larri bat? Askotan ez da kezka ta zimiko ori argitara agertzen, baiña barruan daramagu; nola edo ala guztiok gera eder-zale: jakiña, batzuk geiago beste batzuk gutxiago; danok ez dauzkagu, ba, gogo-ondasun izate berdiñean eratuak. Eta geurekin daramaigun ederzaletasuna, noiz eta nola agertuko? Egunero dakusgunez —dio— garai bat, biotz-kilikatze bat, edozer gauza guztiok izan oi degu gure nortasunaren jit-ixil-berezi ori zirkindu ta agert-erazteko. Ta, orduan, eguzki-izpi-goria bezin islatsu gure barrua, gure izana...»

        Eta izan ori argiago iruditu nairik bezela, Onaindia Abak sendotzen du bere esania, geituaz:

        «Lora bat, mendi-gallur bat, edozein larri-min ez ote dira askotan gure barren-osiña nasi ta piztu-erazteko? Orrela zorroztu oi-zaio bertsolariari adimena, oparo datorkioz irudiak, bizi ta egoki gogaiak, ur-sorburuz antzo, ta biotza kilikakor, oste egon-eziña balitz bezela; or, azkenik, —dio— nola tajutu ta osatzen duen bertso edo olerki bikaña, zorabio ta lilluraz gañezka». Ze ederki esana!

        Izan ere orrela sortu, piztu; indartu ta arduratu da Euskalerria'n bertsolaritasuna, izate ernegarri au ederki adierazten digutelarik azken-berrogei-urte buruz or-emen Bidasoa'z andik eta emendik goralgarriro ospatuak izan diran bertso ta olerki'etazko saio ta sariketa gogoangarriak.

        Aipagarriak dira —nola ez?— gauden gizaldi onen barruan ospaturiko bertso ta olerki-sariketa-txapelketak:

        1900'garren urtean, Zumaya'n ospatu zan lenbizikoa; 1902'an, Oñati'n;, bigarrengoa; 1903'an, Irun'en, irugarrengoa; 1912'an, Zarautz'en, laugarrengoa; 1914'an, Ondarrabia'n, bostgarrengoa; 1920, 1922 eta 1925'an, Donostia'n, sei, zazpi ta zortzigarrengoak; baña, iñolaz ere, 1927'an ospaturiko olerki sariketea garrantzitsuenetarikoa eta 1930'an Errenderi'n ospaturiko bertso-olerki sariketa zoragarrienetakoa. Txapelketa gogoangarri artan entzun ziran Orixe, Lizardi, Tapia-Perurena, Enbeita, Loidi, Jakakortajarena, Zugasti, Arotzena, Jauregi, Labayen eta beste ainbat olerkari bikañen itz-neuturik txalogarrienak.

        Arrezkero Tolosa'ko olerki-sariketen, gure Lizardi aundiaren «Urte giroak ene begian» izeneko olerki-mamitsua izan zan sariztua. Loramendi zanaren «Barruntza leioan», Iturriaga'ren omenez Ernani'n ospaturikoan; Etxeberria'tar Pantzeska'ren «Bost-lore», Iparragirre'ren omenez Urretxua'n ospaturikoan, eta Zaitegi'ren «Tori nere edontzia», Lizardi zanaren omenez Zarautz'en ospaturikoan.

        Oraiñaldian «Educación y Descanso» dalakoak Donostia'n; «Gure Herria» eta «Herria» astekariak Baiona'n, eta «Eusko Gogoa» aldizkariak Guatemala'n ospaturiko euskal-olerki sariketa ospetsuetan sariz koretuak izan ziran ain olerkigille goresgarriak ditugun Iratzeder, Mitxelena Aba, Etxaniz apaiza, Onaindia Aba, Lekuona eta Loidi apaizak, Satarka, Basurko, Bordari, Erkiaga ta abar eta abar. Bein da berriz atsegiñez aipatuko degun «Milla euskal olerki eder» liburu zoragarriaren egille Onaindia Abak bere idazti bikañean dizdiratsu adierazten digu olerki-guduak gure gaztedi artean olerki-miña sort-erazteko izan duten garrantzia, esanaz:

        «Ezin ukatu ezelan be, —dio olerkigille goretsiak— gudaketa onein bitartez olerki-miña asko biztu dala gazte askoren errai-muiñetan. Baita zenbait olerkari garai bikañek poesi-txorta mamin eta bertso-sotillak argitara emon be. Ona bantaka batzuk:

        »Jauregi apaizak bere «Biozkadak» (Iruña, 1929); Lauaxeta'k «Bide barrijak» (Bilbao'n 1931), ta «Arrats-beran» (Bilbao, 1935); Lizardi'k «Biotz-begietan» (Bilbao, 1932); Orixe'k «Barne muinetan» (Zarautz, 1934) eta «Euskaldunak» (Zarautz, 1950); P. Lafitte'k «Ithurralden kantuak» (Baiona, 1932); Zaitegi'k «Goldaketan» (Mexiko, 1945); E. Arrese'k «Olerki berrizte» (Zarautz, 1952); Mitxelena Abak «Arantzazu» (Oñati, 1947), Basarri'k «Bertso-sorta» (Zarautz, 1950), ta abar  Euskal-Olertiaren lore-lertze naroa, zinez».

        Bai, benetan!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.