Eresgille itsua ta olerkari argia
Gaztelu
Francisco Salinas ereserti-irakasle izan zan Salamanca'ko Ikastetxe Nagusian, eta Fray Luis de Leon'en adiskiderik miñen da benenetakoa. Jaiotzez itsu, alaere soñulari arrigarri ta ereserti-jakintzaz aberats jantzia. Beronek nunbait, ain antzetsu sortarazten zun soñuaz, adiskidearen arimari betiko edertasunera eragiten zion eta tupustez zoraturik utzi ere.
Naiko erasoaldi eramanazi zioten etsaiak Fray Luis de Leon'i, XVI'garren gizaldiko olerkari bikain-aratz oni. Ortik zetorkion bere iges-egin nai bizi-larria. Nora jo ordea? Pilosopia ta olertia izan zitun igesleku. Egotegi bakar ta atsegin ortara nai du egin, eta orixe eskatzen die landa ta mendi gorenai, betiko ozkarbi miñaz. Ontan ez da iñor erderazko olerkigintzan orren egiña ta jasoa izandu.
«Oda a Salinas» deritzan olerkian goi-maillaraño egin zun, munduaren da onen etorburuaren arteko batasun billaketa. Berak erabillitako gai oni buruz dagokion eraz itzegiteko berriz., argizko, elurrezko, leiarrezko mintzaera bear litzake.
Emen dakarren gaia zuzen ulertzeko, iru gauza jakin-bearrak dira: lenena, pitagoratatarrentzat, Platonek ere ori bera dio, arima kidetasun edo armoni dala. Bigarrena, Pilolao'k dionez, arima errudun dalarik, alako zigorpean soñarekin uztarpetua izan dala, eta bertan illobi dalako batean bezela kokatua. Ortik esana, «sooma, seema», soña, illobi; baita ere, gizona alako espetxean edo, dagola. Irugarrena, Aristoxeno'k esanaz, pitagoratarrek musika erabilli oi zutela arima garbitzeko, gorputza garbitzeko sendagarria erabilli oi danez.
«Oda a Salinas» onek beraz asmakizun oietan du sorburu. Izarrarteko goragune-musikaz diardu Leon olerkaria. Zein musika da goiune (baita pirila edo obo) oietan entzuten dan ori? Auxe da jakingarriena: ortzean dabiltzan izarrak amar omen dira, amarra zenbaki betegiña dalako. Izar bakoitzak, ibilli dabillelarik, ots bat dakar, eta guziek elkarren artean eta ain eratsu esan-eziñezko ereskidetasuna gortzen dute. Ori ala izanik, nola ez dugu entzuten? Izan ere, musika ori etengabea da, ez du ixillunerik. Arotza ere, ekin da ekin, ez da maillu-otsaz oartzen!
Kidetasun edo armoni da arima. Baña, gorputzeko espetxean lotuta bezela dago, sortzetiko bizieraz azturik. Musikaren bidez ordea, garbitzen, konturatzen da, berera dator, eta munduaren berezko kidetasunera egiten du (1-4 apaldi).
Baña Leon ezikaitz au ezin ziteken mail ontara egin-da, etsi. Eta bosgarren apaldian Jainkoaren begiestera jotzen du. Bera baida soñulari guzizkoa, diranak diranen eratzalle orozgañekoa; mundua berriz bere eskuetan darauntsan zitara aundi-ederra. Agustin Doneak dionez, «velut magnum carmen cuiusdam ineffabilis modulatoris», munduko armonia soñulari garai baten eresi bikain bat bezela da.
Pitagoratarrek munduko gauzak oro zenbaki dirala uste zuten; eta mundua dena, kopuru ta kidetasun. Ikasi ta aztatu zuten lauaridun ereskiña (tetraeordio) eta zenbakizti arauz eratu zuten doñu-kidetasuna (sinfonia). Onela, izar bakoitzaren igiguna ta bitartea berdiña ez izanik, izar bakoitzaren doñua ere, zitara-ariena bezela, ez da berdiña. Izarrak beraz zitara baten ari bezela dira, eta ari bakoitzak bezela, izar bakoitzak ere ots berezi bat dakar, eta denen artean orotariko ereskidetasuna sortzen dute.
Orain arimak, izarrarteko musikarekin elkartu ondoren, doñu idekoz darantzuio zerukoari (6'garren apaldi). Jainkoarekin batu da. Eta bategin-da gero, atsegiña, zoriona, zorabioa (7-8'garren apaldi).
Azkeneko apaldia, neurriz bada ere, negar-jariozko dardara da.
Badakusgu onela zeri zegokion eta zertan ziardun Leon olerkaria.
NEURTIZKERA. Orain, desagun zer-edozer neurtizkerari buruz. Fray Luis de Leon'ek «lira» deritzan neurkeran ondu zun olerki au. Nik ere, euskerara biurtzean, neurkera berean egin dut. «Lira» dalako onek bost neurtitzeko apaldi ditu, lenena, irugarrena la laugarrena zazpi izkidun, bigarrena ta bosgarrena berriz, amaikadun.
Baña, ots!, ni ez naiz izki-zenbaketan edo banaketan ari izan. Nere ustez, eta norberak berea iritzi, oker dabiltza euska-olerkari erderatik artutako zorioneko izki-zenbaketa ori neurkeratzat artu-ta. Euskera, beste izkuntza asko baño zarrago izanik, ez dirudi bidezko beste izkuntzetara jotzea neurkera-arau billa. Euskera baitatik atera bear degu dagokiona, elendarrak eta latindarrak berean egin zuten bezelaxe, eta ez besteengandik.
Labur azaldu dezadan, neri deritzaidana. Doñua (melodia) ta igikera (ritmo), batean badabiltza ere, ez dira bat. Igikera (Agustin Doneak «ars bene movendi» ziona) da, eta ez kantua, neurtizkeraren araua.
Euskerak ez du indar-azenturik; alaere izki guziak ez dira jaso berdiñekoak, batak ariñak, besteak aztunak. Izki ariñak onela (') bereziko ditut, aztunak berriz onela ().
Euskerazko itzak giza-erorkera (cadencia masculina) dute, eta ez ema-erorkera (cadencia femenina). Adibidez: gizona ( ' ' ), emen ( ' ), aspaldi ( ' ' ), t. a.
Naiz itzak elkartzean (sintaxis), naiz itzen igikeran (ritmo), atemakoan bezela, galdekizunean (elemento inquirido) dago giltzarria, edo-ta azenturik gogorrena.
Eta nola jakin zein izki diran arin ala aztun? Begira nola:
ITZ BAKARRAK: bi ta iru izkidunak, bakarrik azkenekoan dute tanpa edo pikoa (ictus): (etxe = ' ; berandu = ' ' ); lau ta bost izkidunak, bigarrenean da azkenekoan: (Ondarrabi= ' ' ; Errenderira = ' ' ' ); sei ta zazpi izkidunak, bigarrenean, laugarrenean da azkenekoan: (Errenderiraño = ' ' ' ; Errenderirañoko = ' ' ' ' ). T. a.
ITZA ELKARTUAK: bakoitzak ez du bakarrik dun igikera galtzen: (gorri-zuri = ' ' ; eliza-atari = ' ' ' ' ).
ITZ BATEKOAK: aurreko ala atzeko itzari erasten zaie: (gizon bat = ' ' ; bost etxe = ' ' ; lau gudari = ' ' ; ni naiz = ' ; ez naiz ni= ' ' ).
Diodanaren arauz, ona emen urren duzun olerkariaren lenengo apaldiaren neurkera: lenen, irugarren da laugarren neurtitzak iru pikodun dira, bigarrena ta bosgarrena berriz, laukoak. Neurtitz-oiñak neurtzerakoan, egizu musikan «compasillo» dalako neurketa. Ez da esan bearrik igikera batzutan geldia bestetan ariña dala, eta baditula ere etenak, ixilluneak.
Nare duzu aizea
t'ederrez argi garbiz jantzitzen,
Salinas, doñn betea
zure esku zolien
eragiñaz entzunik bizien.
' / ' / ' '
' ' / ' / ' / ' '
' ' / ' / ' '
' / ' / ' '
' / ' / ' ' / ' '
SALINASI GORESPEN
1
NARE duzu aizea
t'ederrez argi garbiz jantzitzen,
Salinas, doñu betea
zure esku zolien
eragiñaz entzunik bizien.
2
Ots ezti orren otsera,
oartu gabe lo dagon arima
badator ere, berera,
berezko dun neurrira,
abantziriko goi-leñargira.
3
Eta kontura dalarik,
ekiñez t'asmoz aurrera doa;
ez dazau ogasunik
jendek maite lakoa,
edertasun galgarri lazoa.
4
Egurats zear digaro,
gorenengo pirila barrena.
ta an bestelako
durundi illeziña
badantzu, oroz gañetan lenena.
5
Badakus Maisu guren,
zitara aundi oni emana,
nola antzetsu sortzen
diardun eres-ots ozena,
jauretxe onen sendasun dana.
6
Ain zuzen ere baidago
kopuruz batera, gero badakar
erantzuki ideko,
ta biek leiaz elkar
eztiki darie eresi bakar.
7
Emen arima badabil
ezti-itsasoz igeri. t'azkenik
bertan ain da murgil
ezin dantzularik
bestelako gertari arrotzik.
8
O zorabio ezti!
o erio bizikor! o aazte!
Aian balirau beti
zentzu lizun narre
ontara beiñere bibur gabe!
9
Atozte ona, maitale,
Apolo-elekarien zoruna
zeratenok ta nere,
ontasunik miñena:
ikuskai oro negar illuna.
10
Berauntsa bai beti,
Salinas, doñu ori nerera.
beude begi-belarri
adizur Jaunarenera,
sogor geldirik bestetara!
|