L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1960 II (1960-apirila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Horati'ren odak

 

Horati

euskaratzailea: Aita Onaindia

 

XXII. Aristi Fusko'ri

 

GAIA: Bizibide oso ta zuzena daramana, edonun da goretsia. Errugabea ez da iñoren bildur; Jainkoa bait-da berekin, nola izu? Oian ta baso trinko zear arriskuetan ibili arren, ez du bear azkonik, ez gezi pozoiturik. Bein batean, Horati'k berak, bere landetxe ormaz bestalde, Sabina zeritzaion txara itsuan egurasten zebillela, otso aundi bat ikusi zun beragandik igeska. Beraz, naiz Iparralde izoztuan, naiz eguzki galdatan, barne-baretasun berdiñean dirauke, ezeren kezkabide gabe. Nainora doala, gogoaren bakea ta maitasun xaloak berekin daramazki. — Horati'ren adiskide kutun Aristi au, olerkari ta, gramatikari zenun.

 

                        Integer vitae scelerisque purus...

 

               Bizitz osoa dunak ta, gaitzetik garbi

               Ez du bear, oi Fusko!, mairutar azkonik,

               Ez uztairik, ez ere izkillu-ontzirik.

                       Gezi ilkorrez beterik:

 

          5   Naiz Sirte gorietan barrena bidegin.

               Naiz Kaukas ezkibela aron zearkatu.

               Naiz Idaspe izkutuak miazkatzen ditun

                       Lurraldeak ikertu.

 

               Bein baten, ez izkillu, ez barren-urduri,

        10   Ene Lalage jasoz, Sabina oianean

               Alderrai nenbillela, otso bat ikus nun

                       Nigandik igesean.

 

               Bere artadi ta ametz-baso trinkoetan

               Pizti berdiñik ez du sor Dauni biurrak:

        15   Ez du azten parerik Juba'ko lur zabal

                Legoi-toki legorrak.

               Jarri nazazu landa atz, egutaizeak

               Zugatzik laztantzen ez dun lur elkorretan,

               Illun ta giro latzal, txit nekatutako

        20           Nainungo sorIekutan.

 

               Jar nazazu Eguzki urbillegiaren

               Gurdipean, etxeari ukatu lurrean.

               Noiz ta nun-nai Lalage —irrz ta itzez goxo—

                       Duket nik biotzean.

 

OARRAK- — 5. Sirte, au da Libi'ko zabaldi idor, bero, ondartsuak. — 6. Kaukas, mendi-kate luzea, Ponto Euxino'tik Kaspi itxasoraiño doana. — 7. Idaspe, gaur Djelem, Indo ibaia ugaritzen duna. Gezur ta arrigarri, gauza asko esan oi zituen aspaldiko aldietan, bere billian urre-pipi ta arri pitxiak zeramaztela ta olakoak. — l4. Apuli'k, Dauno erregegandik Dauni, gudari kementsuak ematen zitun. —15. Mauri-erria, Juba'ko erreiñua.

 

 

XXIII. Kloe'ri

 

GAIA: Kloe, ezkongai dalarik, olerkariari muxin dagio, ez du onekin ezer nai. Antxume antzera, beti amaren magalpe ta beroan; gaiñera edozerk izutzen du, orbel dardarti batek, musker baten begi-ziztak. Olerkariak, ala ere, ez du arekiko asmo gaiztorik.

 

                        Vitas hinnuleo me similis, Chloe

 

               Urrun zoazkit, oi Kloe!, mendiz mendi

               Ama billa izu doan oreinkume lez

                       Aize mee ta oian leunen

                       Alperriko beldur utsez.

 

          5   Naiz egutaizeak jota ostoak dardartu,

               Naiz musker orlegiak sasitzak igitu,

                       Izutan du ark bularra,

                       Dardaraz du ark belauna.

 

        Katamotz uxu antzo, legoi Aprika'ko,

               Nik etzaitut egiaz jazarten lertzeko.

                       Utz zazu azkenik ama,

                       Jadan senargai bait-zera.

 

 

XXIV. Bergile'ri

 

GAIA: Bergili'ren adiskide laztan Kintili Varo, Kremona'n sortua, il zan, eta aren itzalia eraman-eziña, alegia. Olerkariak mindu nai dio, pitin bat negar-zioaren astuna, atsekabean lagunduz. Baiña, galpen gogor ortan nork ez ote zinkurin? Berezkoa dugu malko-jario, maite gendunaren gorpu ondoan. Ala-bearrez jazo danari, zer egingo? Begi ta biotz goi, egonarriari atxiki.

 

 

                        Quis desiderio sit pudor aut modus...

 

               Nor lotsaz, zer erak atzeraziko ote

               Lagun ona alatzetik? Jar niri min-kantak,

               Melponeme!; abots ta kitara zoliz, ba,

                       Orni nindun zure aitak,

 

          5   Kintili artu dula lo betirakoak?

               Noiz aurki ote dute berdin danik Lotsak?

               Siñiste orbangabe Zuzeuaren aizpak,

                       Edo-ta Egi billutsak?

 

               Zindo askorentzat il zitzaigun negar-duin;

        10   Baiña zutzat, Bergili!, txit negargarria.

               Zuk, ai!, alperrik orain eskatzen Jainkoei

                       Len ustetsu goraintzia.

 

               Naiz-ta lira zugaitzak dardar-aziaz jo

               Treizitar Orpeu'k bezin trebe ta esku-antzez,

        15   Irudi illaunak ez du odolik artuko.

                       Bein zigor ikarakorrez.

 

               Adurik eskarika aldatzen ez dunak,

               Itzal-talde zurbilla Merkuri'k bultz ba'du.

               Mingotsa! Baiña aldatu eziña dana ere

        20           Eroapenak goza oi du.

 

OARRAK. — 4. Jupiter ta Mnemosine'gandik sortuak omen dira Musa edo Maitagarriak. — 5. Betiko loa ta Erio, orobat. — 11. Iñoiz, olako uste gabe, jainkoen babesean ipiñi zenun Kintili. — 15. Bein il ezkero, ez dago luzira biurtzerik, ez kantuz, ez negarrez. — 18. Ildakoak. Txibita beltza erabilli oi zun Merkuri'k arimak inpernuratzeko.

 

 

XXV. Lide'ri

 

GAIA: Lide beztu naiean egindako oda, alderdi gaiztoz aurkitzen zala nunbait. Zaarturik doa Lide au; eta, jakiña, beste egunetako maitale puztuak ere bakanago jotzen dute aren atea. Gizona beti bat: gazte-zale, berri-zale.

 

                        Parcius junctos quatiunt fenestras...

 

               Orain ez, ez ditue zure leio itxiak

               Onen sarri kaskatzen gazte limuriak,

               Lorik ere ez dizute ainbat galerazten;

                       Geldi datza atea,

 

          5   Len orpo-gain errezto ibilli oi zana.

               Gutxigo dantzuzu, bai, gero ta gutxigo:

               «Ni il agiñean, Lide!; zu, berriz, gau luzez

                       Lasai zauzkat lo!»

 

               Lastertxe, zar ta bakar, zurkulu illunean,

        10   Trazi'ko ipartzar inende, naiz gau illargigean,

               Negartuko dituzu beiñola zenitun

                       Izorle makoak.

 

               Gibel bira minduan maite-su gaiztoak,

               Beorrak ziztatu oi ditun ar-ara antzo,

        15   Kiñakari zaitula erretzen oartuz.

                       Kexu zera oso.

 

               Gaur, gaztedi alaia, untz eze atzean

               Ta mirtu illaunen zale dakusuz saminez,

               Negu lagun Euro'ri eskeintzak egiñik

        20           Ostotza ximelez.

 

OARRAK. — 7. Bi bertso auek erri-kantaren batetik artuak, noski. Ba-ziran gerkarren artean, Paraclausithyron, ots, ate itxi aurreko kanta zeritzaienak, mutil gazteak neskatillen leio edo ate aurrean abestu oi zituztenetakoak. — 10. Gerkarrak uste zutenez, Trazi omen aizeen sorleku; andik zetorren batez ere, ondo puztua, mendi ta alor ederki astintzen zitun iparra.

 

 

XXVI. Eli Lami'ri

 

GAIA: Oda onek ez du balio aundirik, ez azalez, ez mamiz, olerkariaren len-saioren bat, aurki. Beronen bitartez, bere adiskide Eli Lami, gizarteko gorabera ta urduri latzetatik urrundu nai du; berak ere, orrelaxe egin zun, Musaen lagun kutun gertaturik. Lami bere arteko gura luke, ta mitagarrieri eskatzen die arentzako koroe bat, aren oroitzapena illezkortuz. K Emili Lami oso jakintsua duzu, erromarrak Euskalerrian izandako gudaz ederki idatzi zuna.

 

                        Musis amicus tristitiam et metus...

 

               Eder zaizkit Musak, eta bioaz urrun

               Ene ituna ta izua aize ankerren egora,

               Eraman ditzatela Kreta'ko itxasora.

 

               Bebiltza urrun Ipar lur izoztuetan

          5   Erregeren ikaraz, Tiridate antzo,

               Nik kezka gabe eresi dagidan artiño.

 

               Oi zu, Pinplear ezti!, iturri gardenak

               Alaitzen zaituena: eio lore-txortak,

               Eio ene Lami'ri buruntza sotilla.

 

        10   Zu gabe, deus ez dira ene oboreak:

               Zuk eta zure aizpak on da jardutzea.

               Ari berri ta Lesbi'ko esku-abarñoz

               Gizon au gora jaso eta iñezkorizea.

 

OARRAK. — 3. Kerate'ko itxasoa guztiz ekaizti da. — 5. Armeni'ko errege, partitarren agintariak, Praate'ri nagusitza kendu zion, eta gero onek ari; luzaro asko, arat-onat ibilli zitzaigun ondoren. — Pinple, Pieri'ko errialdea, Musai opatua; ba-ziran aintziña izen aundiko iturriak, Agapine, Kastali, Ipokrene baitik-bat, musa oiek maite zituztenak. Olerkariak, gaur ere, alakoetan xurgatu bide dute goitiko argia.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.