L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1960 II (1960-apirila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Bertsolariarein nortasuna

 

Zeleta

 

        Euskaldunen bertsolaritzaz eta bertsolarien nortasunaz oraindaño ondoen eta jakingarrien euskeraz idatzi izan duen idazlerik dizdiratsuenetako bat, Jauregi'tar Koldobika, «Jautarkol» olerkari ospetsua degu, nolanai ere. Irakur bere «XENPELAR» liburua.

        Olerkari bezela, yaionetakoa izanik, bertsolariaren nortasuna zer nolatan dagon gutxik bezela azaltzen digu, Jauregi jaunak, Xenpelar'en bertsorik arrigarrienez sendoro jantziriko idazti edo liburu gozo ta irakurgarri orretan.

 

«Xenpelar, —dio— bertsolari dezu soil-soillik burutik oñetara bertsolari. Bertsolari erritar eta errikoi-uts. Ortik datorkio, bere izenari gure erriak erantzi dion dirdira. Irudipen biziko ta biotz-xamurreko erritar olerkaria, euskal-gizartearen biotz-tanpadak igarri ta bertso borobilletan abesten yaioa, erri xearen alde, nun-nai eta beti, bere abotsa jasotzen kementsua, plaza-gizon trebe, atsegin guzien begikoa. Aren bertsoetarako iturria, aren edozein gaietaz eta itz-neurtu zaillenez mintzatzeko erreztasun arrigarria, bertsolari gutxitan aurkitu izan ditugun doai bereziak dira».

 

        Eta gure bertsolarien doai eta nortasuna benetan miresagarria. dala adierazi naiaz, Jauregi jaunak jarraitzen du, esanaz:

 

«Erri-olerkari ta bertsolariak, batzar eta billeraetan, eginkizun nagusia izan oi zuten. Argatik ziran ain ospetsu, ta beren izenak ain aipatuak. Guziak zekiten aiek, bertsotan iñoren egintzak goratzeko bezela, lotsagarri usteko trebetasuna ere ba zutela, ta ez da arritzeko zenbaiten biotzetan bildur pixka bat sortzea. Amaika aldiz —dio— bertso ega ariñetan, mendiko baserri urrunetaraiño zabaldu oi ziran, izkutuan zenbaitek euki naiko zituzten egite maltzurrak».

 

        Egoki dio, eta ala izan ere, gure idazle argiak aurreko esan ori sendotzeko ondoren diona:

 

«Aintzagarri izan bear zaigu bertsolaria. "Basarri" bezelako bertsolari ikasia edo eskoladuna ez izan arren, Xenpelar eta onen antzeko beste bertsolari eskola gabeak ere, euskaldun guzien gorapena eta begirunea merezi dute».

 

        Baiña Jauregi jaunak gure bertsolarien doai berezia oraindik aintzalgarriko dala adierazten digu, egoki ta buruzki, ondorengo lerro irakurgarri abetan:

 

«Bertsolari askok eta askok, euskera zarpail eta mordoilloz jantzi zituzten beren bertsoak, egia. Baiña, alaz guziz ere, goragarri dira, bat-batean gogorapen biziak, biozkada samurrak, ateraldi parregarriak eta erantzupen erneak itz-neurtuetan kantari asmatu, ta askotan ain egoki ta tajuz aditzera emateko doai berezia dutelako».

 

        Gure bertsolarien bear-izana ezin obeki azaltzen digu, «Jautarkol» olerkariak, bere «biozkada» aietako bat dirudin esanai onetan:

 

«Bertsolaririk gabe, EUSKALERRIA, ez litzake EUSKALERRI».

 

Eta berriro, gure bertso zar geienak euskera narratxez, erderakada lotsagarriz, burutik oiñetara jantzirik agiri zaizkigula aitortu andoren, onako galdera mingarri au egiten digu:

 

«Norena da errua? Euskaldun jakintsuena, —dio—, bakar-bakarrik».

 

Egia! Eta, berealaxe, urrengo beste galdera zorrotz auek egiten dizkigu:

 

«Saiatu al gera bertsoetako doai ori seaskatik zekartenen buruak argitzen eta biotzak maitasun goitarrez berotzen? Ez al ditugu, ba, geok ezjakintasunik gogorrenean bere artan utzi? Nola nai degu, ba, eskola dutenak bezela mintzatzea, edo-ta aien bertsoak akatsik gabeak izatea? Alare, —dio—, ez dira BERTSO BERRI oro, ertikutsurik gabeak».

 

Eta darrai;

 

«Ba dira jantzi ta soiñeko arlotearen azpian, gatzaz josiak, biotz-ikutu goxox igurtziak, irripar atsegiñez ornituak, irudipen biziro argiz jantzitakoak; baita, azal gogorpean, mami ezti dutenak ere».

 

        Bai, benetan diogu gure aldetik. Gure aurrekoak garaiz oartu edo ezagutu izan ba'zuten bertso, jakingarriak elerti edo literaturarentzat duen garrantzia, gure bertsolari zarrak etziran, agian, Jauregi jaunak mingarriro azaltzen dizkigun arruntak edo eskola gabeak izango, eta orduan orain arrigarriki zaizkigun bertso jator asko eta askoak ederragoak eta apaiñagoak zitzaizkigun izango.

        Gure bertsolaria, zuaitz batetik bestera adarrik adar abeslari (kantari) ibili dabillen txoritxoa bezela da; eta bere abotsa, guztiz atsegiña, euskaldun belarrientzat, bai gogoentzat. Orrengatik maiz, sarritan entzun oi ditugu euskaldunen artean, ahapaldi zirikati onen antzeko bertso egoki ta errikoiak:

 

                «Ezkongaietan zerbait ba'nitzan,

                ezkondu eta ezer ez...

                Edertzalia ba'nitzan ere,

                aspertu nitzan ederrez;

                nere gogoa bete nuenda,

                orain bizi naiz negarrez!...»

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.