L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1960 III (1960-uztaila/iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Goiza

 

Igotz

 

Itxaroz oparotsu datorkit goizean

Udabarri zelain lez egun-sentia,

Maitez zabaltzen daula goiz-argi joria

Giza-biotz oroen erpin adarrean.

 

Argi orrek goitikan bere gezna dakar

Ta urten-ate bageko bidez bide doa;

Pozezko eresia zerura digoa,

Ene biotza itxirik min-oiutan dardar.

 

Goizez oro eder. Bekoki aratzen

Ames urdin goria izarretan dindil.

Lurrari emoteko poz-kezka ta iskanbil

Urruneko argiak dira zurrutatzen.

 

Ubatsa bete da argi dantzariz zorakor,

Ta Aita'gana naroa eskuz oratua.

Alaitasuna oro, bigun araztua,

Umearen mosua baizen su-emakor!

 

Ildo zabal biotza, ar daidan argia.

Pozarren lorea da iruntzez astuna:

Ez bedi gaur samiñik, urrun beazuna;

Bebil gogo ta biotz argi dantzaria.

 

Ez negarrik geigo zidor egaletan,

Ez geigo gurutzerik orma gerizean.

Ardoa bego, ostera, guztien maiean

Gizakia soin-gogo mozkiortu laiñetan.

 

Bekar egun barriak itxaro gozua

Izadira bezenbat leun nire barnera.

Bigo ene arnasa egazka ortzera,

Eguzkiaren muiña baizen galdatua.

 

Ez geiago zabarrik, ezta erortzerik.

Beuko bakoitzak gertu barreneko ildoa,

Poza ta Jainkoaren bake txit goxoa.

Erne, azi ta ugaldu daitezan joririk.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.