L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1960 III (1960-uztaila/iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskal bertsolarien jatortasuna

 

San Martin'dar Yon

 

        Auxe da auxe, zerbait esan bear! Aita Onaindia'k ez gaitu inor paketan utzitzen. Lengunean emen izan dut eta beste gabe, esan zidan:

        — I, euskal bertsolarietzaz zerbait idatzi bear dek.

        —- Niik?

        — Bai, ik. Lenago «Eibar» aldizkarian azaldu zuan antzera lantxo bat ez legokek gaizki OLERTI'rako.

        Bera langillea baida ere, ingurukoak laster mugitzen ditu. Emen eztago pakean egoterik; ez orixe. Baiña, bertsolarieri buruz nik? Au da buruko miña eman didana! Lotsatu ere egiten naiz ortaz ezer ez dakidala esaten, eta nere ez-jakiña azaldu baiño len, obe dut berari bertsotxo bat bota. Or konpon!

 

                Gure Aita Santiago

                beti irrikatzen:

                guztiok jarri nai gaitu

                bertsoak kantatzen.

 

        Orain, emendik aurrerako kontuak berari eskatu. Bera izan dedilla erantzunduna.

        Bertsolarien gai au ezta, lenago ere, igurtzi bakoa. Onetzaz naikoa sakondu zan Lekuona jauna bere «Literartura oral euskérica» liburuan, eta nere onetan, bertso tankera batzuek arinki ematea naikoa dut.

        Bertsolariak dirala-ta amaika uste ta iritzi biurri entzun izan ditugu. Ba-dira olerkariekin burua-bat egiten dituztenak, eta baita kertenkeriak dirala esaten dutenak ere. Baiñan, ez bata ta ez bestea, ta gauzak azpikoaz gaiñera ipiñi gabe, bertsolarieri beren toki egoki bat emango diegu.

        Bertsolariak, aintzinako Grecia'n izaten ziran rapsoden antzerakoak dira, bakarrik, aiek, buruz ikasitako bertsoak kantatzen zituztela ta gure auek kantatuala asmatzen dituzte. Baña ez kirtenkeriak esateko, ziriak sartzeko ta olerki kutsuz kantatzeko baizik. Gañera, kirtenkeriak kantuz esateko gauza dana ere, ezta mutilla makala.

        Ba-dakigu zaleak dirana erderazko itzak erabiltzen; laster erantzun bearrak ta rima ta neurria ongi erabilli bearrak, euskeran bertan kontu asko ipiñi barik jardun eragitzen diote. Bakarrik, beti gertatzen dana da, euskera kontuetan, guztiok uste dugu jakintsuak gerala, naiz ta ezer estudiatu ez. Donostiako Bartolo'neko tabernan orrelako tablero bat dute, nai duanak, bertsoak bertan idazteko, eta ara orain dala denbora gutxi zer jartzen zuan:

 

                Ezagutzen ditut nik

                amaika itzontzi,

                euskeraz dakite baña,

                erderaz nagusi;

                euskotar asko dira

                gai ontan itxusi,

                euskera maite, baña,

                bat'erez ikasi.

 

        Ori da gure arteko lotsagarrikeririk aundiena. Bertsolariak ez-ikasiak dirala? Erdera izango da ikasi ez dutena. euskeran baintzat ez dago bereiri ur ematekorik eta. Euskera ere, munduko izkuntza guziak bezela, itz egiteko da eta arte orretan eztago bertsolariak añakorik. Orregaitik Xenpelar batek Iparragirre'ri bota zizkion bertso auek:

 

                Iparragirre abilla dala

                askori diot aditzen...

                Eskola ona eta musika,

                ori oiekin zerbitzen.

                Ni enazu ibilitzen

                kantuz dirua biltzen,

                komediante moduan;

                debalde pesta preparatzen dez

                gogua dedan orduan.

 

                Eskola ona eta musika,

                bertsolaria gañera...

                gu ere zerbait izango gera

                ola ornitzen ba-gera.

                Atoz gure kalera

                baserritar legera

                musika oiek utzita;

                Errenderia'n bizi naiz eta

                egin zaidazu bizita.

 

        Iparragirre'k etzuan jaso desafixu ori, bada.ezpada ere.

        Bertsolaria izateko, lenengotik berezko etorria bear da, ta gero ekin eta ekin urte askoren buruan. Ezta bakarrik musika baten neurrian zerbait esatea; zerbait ongi esatea baño.

        Txapelketetan sekulako pruebak eragitzen dizkie, eta puntoa ongi eramatetik gañera edertasuna bear du. Ara emen Basarri'k zelako edertasunakin kantatzen dituan euskal sukaldearen gorazarriak:

 

                Euskal sukalde biotzekoak,

                gorde suaren epela!

                Baña biotzak fede su-garrez

                gurikatu ditezela.

                Pakea buru izan zazute

                orain eun urte bezela,

                Lengo bidera itzul zaitezte,

                galdu zerate bestela!

 

        Berriz, Kepa Enbeita, Bizkai'ko urretxindorrak onelakoak egiten zituan, olerkiz kutsuturik:

 

Izaro ugartea,

                Izaro, Izaro,

                Laida'tik ur-urrian

                Luzaro luzaro

                Itxasoen altzuan

                Azke ta gozaro

                Iñoiz gogaitu barik

                Beti antxe dago.

 

                Goyan zerua eta

                Beian ixasoa

                Onek damotsolarik

                Besarka gozoa

                Bera da ugazaba,

                Bera gurasoa,

                Beti azke bizi dan

                Zorionekoa.

 

                Urtiak igaro ta

                Urtiak irago

                Ez zartu ez gaztetu,

                Sen batian dago,

                Zirkiñik egin barik

                Arau ez onago:

                Gaurko gizonok baño

                Zerbait sendoago!

 

        Bizkai'ko bertsolarien txapelketan, Markiñan, Azpillaga berriatutarrari galdetu zitzaienean:

 

                Zer egingo zenduke

                txoria ba-ziña?

        Azpillaga'k

        erantzuna:

Laster egingo neuke

                egaztada fiña,

                mundu guztia ikusten

                egin alegiña;

                gura izanagaitik

                ezin joan baiña.

 

        Euskera ederra eta olerkiz beteriko bertsoak egiten Pello Mari Otaño izan da benetako maixua; bere «Aitona Gizagaixoa»-ko ataltxo bat emango dugu, zelakoa zan ikusteko:

 

                Iruditzen zait gaur oraindikan

                bera ikusten nagulela,

                arri tontortxo baten gañian

                exerita daguela;

                belaun nekatu bien tartean

                urritz-makil bat duela,

                beraren puntan ipiñirik len

                buruan zuen txapela,

                bi eskuekin gogor elduaz,

                kontu egiñaz onela,

                eta okotza oien gañean

                lotan ba-lego bezela.

                Nola jostatzen pil-pil zebillen

                Ego-aizetxo epela,

                buruko ule zuri bakanak

                egora zijoazela

                esan zeikean, uste det berak

                nabaitutzen etzuela.

                Antxe nengoan,

                bere ondoan,

                zer egin ez nekiela,

                laguntzarik nai zuen galdetu

                edo aldegin bestela;

                itz egin zuen, eta kezkatik

                atera nintzan berela.

                Arnas lodi bat irten zitzaion

                bular estutik jasoa,

                ta lenbiziko au esan zuen:

                — Nere euskera gaixoa!

 

        Bertso gutxi izango dira ain ederki adieraziak. Bazuan bertsolari orrek giarra.

        Bertso ederrak aipatzen asi geranez, ezin genezake utzi emen aipatu gabe ainbeste bertso ederren jabe dan Elizanburu lapurditarra; bere «Besta biharamuna», Orixe'n iritziz euskal bertsu saillik onena dugu, ta guk ere ez genuke ezetzik esango. Bertsu auek, garai batean, Bizkai guzian zabalduak ziran, ta gañera, bizkaitarren euskalkian kantu izan dira. Bein Eibar'ko bertso zarrak biltzen ari nintzelarik, zer etzan izango nire ustegabea, bat-batean, Eibar'ko kanta zar bat zala esanik «Besta biharamuna» kantatzen asi zaidanean, Eibar'ko euskeran gañera; ta esanik, lengo zarrak San Juan biaramunean kantatzen zutela. Bertso guzian jartzeko luzeegia da eta lenengoko biak bakarrik emango ditugu.

 

                Igaran besta. bibaramunian,

                Berek dakiten zoko batian,

                Lau andre: hirur mutxurdin,

                bat alarguna, jarririk itzalian,

                Harri zabal bat belaunen gainian

                Ari ziren, ari ziren trukian.

 

                Zer ote duten nik jakin nahi

                Pitxarrarekin bertze jaun bori;

                Zorroa da biribilla, moko mehea,

                lente xutik egoiti,

                Xahako bal ote den nago ni,

                Hanpatua, hanpatua ederki.

 

        Makiña bat zar gogoratuko da bertso auekin. Izan ere, Elizanburu'ren bertsoak ederrak eta graziaz beteak dira. Nork ez du entzun «Ikusten duzu goizean»? Nork ez du ezagun Solferino'ko itsua»? Mugazandiko bertsolari eskolakoak ditugu, Etxahun eta Oxobi'n senideak.

        Gure bertsolariak zelebrekeriak erabiltzen ere ez tira txarrak, Elizanburu'n oiek ere ez daude grazian paltaz, ala ere azken alderuntz, baña arestian esan dedan bezela, osorik ematean luzeegi egingo lirake. Ez da erreza edonolako gaiak beti musika neurriaren zentzunari lotuta erabiltzea, ta bertsogiñarako ori da gutxien eskatzen dana. Adibidez zelebrekeri batzuen berri emango dut.

        Pernando Amezketarra, onenetarikoa ez bazan ere, bertsolaria genun. Bein, bertsolarien batzar batean, Naparroako Ametza'ri jaurti omen zion bereren bat, zirrikatze alde, eta besteak ez omen zun onera artu, eta sortu zan sortu bear etzana.

 

        Ametza'k:

Pernando'k nere ona

                ezin eraman txarra...

                atzean gelditzeko

                ni ez naiz mantxarra.

                Zuri egitea dizute

                iseka ta farra,

                ekarri dezulako

                alkondara txarra.

 

        Esan bear ba-zion, esan zion; zezen onakin sartu zan. Pernando'k ez eukan atzeko otsik. Ara Pernando'n erantzuna:

 

                Prenda artzen dirazu

                alkondararena;

                bai dakit ez dedala

                emen dan onena.

                Txarra izanagaitik

                au da neronena:

                zuk ederra daukazu

                bañan besterena.

 

        Xenpelar ere, orrela asten zanean, ez zan auntzan gaberdiko eztula. Ara, bein, nolako bertsuak egin zizkion aberastu berri zan tabernari bati:

 

Kontzientzia garbia

ote dadukak jarria?

Gizonarentzat onrra txarra dek

lapurreria.

Zurrupatuaz erria egin

dek etxe barria...

Ez ondo bete izan ba-uken

sagardoz neurria.

 

        Gaur ere ez dator gaizki zenbait tabernarirentzat. Bañan, ala ere, eztakigu noiz ardauz ase bear dan gure erri madarikatu au. Noiz izango ote ditugu mozkorrak aña jakitun eta artista. Iñoizko denboran gure errian petroleorik agertuko balitz, Erriojak izango lituzke ezteguak.

        Bertsoak badute beste bete bear bat ere, puntoarena. Puntu bakoitzak riman amaitzen dan neurri bat du, eta ori da beti ondo zaindu bear dana. Puntoek neurri askotakoak dira, laukoa, seikoa ta zortzikoa dira geien erabiltzen diranak. Bañan, gaitzena bederatzi puntukoa da, eta an probatzen dira bertsolari onak. Lengo bertsolariak oituagoak ziran nunbait. Aiek etzuten izaten bederatzi puntakoetan ostopurik eta aintzinako txapelketotan sarri eskatzen zuten neurri ori. Gaurkoak, lasaitasunari emanak nunbait, ez dute nai bederatzi puntukoetan kantatzerik; bañan, ez dakit norañoko eskubidea izango duten orretarako. Bederatzi puntukoa baztertzean, galzorian jartzen dute, eta neurri orren oitura galtzeak bertsolaritasuna txirotuko du ta orrek ez dio iñori mezederik ekarriko.

        Adibidez, bederatzi puntukoen gertaera bat emango dut: Oyartzun'go plazan omen zan, ain zuzen ere, bederatzi bertsolari bildu omen ziran, Xenpelar ta Larraburu, beren denboran onenengoak, buru zirela. Xenpelar'ek eman bear zion asiera beste guziak presentatuz, eta, ez dakit izango dan aman semerik bederatzi puntuko bertso batean zortzi lagunak presentatzeko, bakoitzaren tankera berezia azalduz. Ori zan Xenpelar'ek egin zuana, ta ez ori bakarrik; gero Larraburu'kin bederatzi puntuko bertsoetan eztabaida jarraitu. Biak ere etziren bertsolari makurrak. Emen ere lenbiziko bertsoa bakarrik emango dugu:

 

        Xenpelar:

PANDERIA'ko onek

                memoria erne;

                LEXOTI'k jartzen digu

                zerbait umore;

                txarrik ezin bota du

                IBARRE'k naitere;

                —-nik oiekin ezin det

                luzitu batere—;

                XORROLA dotore;

                baita BORDONDO're;

                ARDOTX pare gabe;

                AROTZ kantore...

                LARRABURU jartzen det

                gobernadore.

 

        Ba ote dago modurik, lenengoko bertsu ori baño laburrago guztien presentaziño bat egiteko? Bertso gabe ere ez litzake erreza izango. Ta gañera esan bear guziak ain egoki eraman da. Meritu gutxi duala pentsatzen duanak, artu dedilla lapitza ta papela eta egun guzian barruan jardun da ere ia asmatu al dituan orrelako bertso bikañak; nik ezetz uste. Oraingo bertsolariak ba dute or zer ikasirik naikoa.

        Eta ez uste mugazandiko bertsolariak ere bederatzi puntuko orretan atzean gelditzen diranik —oraingoak ez dakit nola ibilliko diran, baña, lengoak maiz erabiltzen zuten—. Ta gañera bedratzikoak betetzea ezta naikoa, zelan betetzen danari ere begiratu bear zaio, eta Otxalde'n auek alde guztiak dituzte berezitasunez ornituak:

 

                Zahar gazte arteko au da parabola:

                Zuzen esplikatzia hein bat gogor da

                Gaztea ez daitake adin batez molda,

                Gorputza sendo eta azkar du odola;

                        Zahar'ez da ola;

                        Iragan denbora

                        Etortzen gogora,

                        Et'ezin kontsola...

                Nekez biburtzen baita zahar arbola!

 

        Bedratzi puntuko oitura au gorde bearrean gera. Bertsoak egiteak, beste gabe meritua badu, orrek meritu-erdi izango du beti. Bertsolari gazteak ori landu bearrean dira, eta plazetan entzuten ez dugun artean, gure bertsolaritasuna, malla bat berago irudituko zaigu. Gazteak dira ortara beartu bear diranak, ta gaurkoz baintzat bertsoz jarriko diet nere iritzia.

 

                Zenbait bertsolari

                larri dira azaldu,

                alkar lotu eziñik

                bedratzi puntu;

                oitura jatorrena

                nai dute baztertu,

                ortan gauza eztanak

                besteak uxatu.

                Ez zuek makaldu,

                orreri oratu.

                Bedratzi elementu

                gaitza dala lotu?

                Gainbera jo ezkero

                gureak egin du.

 

        Gaur bedratzikoa galtzen ba dugu urrengo zortzikoa edo izango da, ta poliki-poliki, orduantxe bai Grecia'ko rapsoden antzerakoak edo Erdi Aroko koblariak bezela izango dirana; buruz ikasitakoak bakarrik kantatzen. Beintzat, bide artarako itxura da. rama bederatzi puntukoak, norbaitek esan bai du aurraz jakiñean eta gaia ezagututa bakarrik eskatu bear litzakeala bedratzikoa. Bapo! Obe dugu beste sail batera jo.

        Bertsolarien politenetariko alkarri erantzunak dira: lau puntukoak izaten dira. Batzuetan puntu, bana beteaz jardutzen dira, eta urrengo maikoak jartzen die lenbiziko puntoa. Goienetan, erantzun gaitza duen galderak egiten dira, guretariko askok, bertso gabe ere, nola erantzun asmatu ezindakoak, ta aiek bertsoz erantzun bear. Ori egiteko gauza eztan bertsolaria, ezta sartzen ganorazko bertsolarien artean.

        Zelebre egin diran gertaera batzuek bakarrik aipatuko ditugu. Bein, Gernika'ko Euskal-Jaiak omen zirala ta, bertsolaririk ezin paltatu; Txirrita'ri galdetu omen zien:

 

                Zergaitik ote dago igartuta

                Gernika'ko arbola zarra?

        Txirrita'k:

        Satorren batek jan diolako

                azpiñaldeko sustarra,

                ta beste animali txar askok

                bere gañeko azala;

                orregaitik dago igartuta

                Gernika'ko arbola zarra.

 

        Txirrita'k bertsu ori minuta bat baño lea erantzan omen zuan. Ez al da arrigarria? Baña ori ere ezta guzia. Beste batean, adarra jote alde, puntua «ist»-en amaitzen zala ipiñ emen zien; euskeraz ez zala orrela bukatzen zan itzik eta, ta Txirrita jatorra, estu ta larri urtera bage geldituko zalakoan, baña adarjotzalleak etzekien asko norekin zebiltzen. Au izan zan asiera:

 

                Naiago nuke ba-neuka

                zuk dezun ainbat bist.

        Ta Txirrita'n

        erantzuna:

Etxean ba-det txakur bat

                deitzzen zaiona List,

                atiaren gañetik

                egin ondoren pist,

                azpiko zulotikan

                azkar sartzen da txist.

 

        Besterik ezean onomatopeykoekin, bizkor billatu zuan Txirrita'k bertsoa betetzeko bidea.

        Zirikada zelebriekin sartu geranez, ezin genezake amaitu Uztapide'n ateraldi bat aipatzeke. Uztapide'ri ere, juradukoak bein, pentsatu omeu zuen orrelako estuasuntxo bat ematea, ta ara, ustez, urtera bakoa zan galdera bat nola egin zioten:

 

Trenarek erruberak

zenbat ote ditu?

Uztapide'k:

Jakin nai duanak

azpira begitu,

ipinitako guztiak

an izango ditu.

 

        Oiek, naikoa agiri dira gure bertsolarien argitasunak ikusteko. Gañera, aintzakotzat artzekoa da bertsolariak euskeraren alde egin duten guzia. Ala ere euskeraren batasunan alde. Bertsolariak nun-nai ulertzen dira, erririk-erri beren izkera oso zabaldurik dalako; ta Gipuzkoa izanik bertsolarien kabia, beste nun-naiko bertsolariak ere, bertsogiñan asten diranean, geienetan gipuzkoera artzen dute oñarritzat. Bilbo'n azkenengo egin zan txapelketan ere ori oartu giñan.

        Bene-benetan txalogarriak dira gure bertsolariak, ta gure erriak dituan gauzarik baliozkoenen artean jarri bearrean gera.

        Norbaitek esan zuan, euskerarik etzala galduko bertsolariak diran artean. Jakiña, izkuntza galduko balitz bertsolaririk ezin egon; erderan izan ezik. Baña, esaera orrek badu orrelako zentzun bat; bertsolariak berek ematen die erriari izkuntzaren bizi nai, erriari bertsoa atsegingarri izanik alkarrengandik banandu ezindakoak direlako; bertsoa ta euskera.

        Orrela izanik, betoz bertsolariak. Eta Bernard d'Etxepare'n deadarrari jaramon egiñaz, zoazte plazarik plaza kanta-kantari.

        Bertsoak gora ta bertsoak bera, ainbeste zaletu nauzute eze, eztakit neu ere ez; naizen bertsolari biurtu bear,

 

                Euskalerriak baitu zenbait bertsolari

                kementsu ari direnak plazan kantari.

                Indar berritu noian, euskera biziki,

                orrelako gizonak, zaizkigu komeni;

                        geureari eutsi,

                        ta zaindu maiteki

                        izkuntz txalogarri...

                        bestela ikusi:

                Euskera ilgo balitz, nun da Euskalerri?

 

        Guztiok lagundu bear dugu bertsolariak izan ditezen; berek gabe, gure erriak arima apur bat galduko luke, erbestearrak, gure erria ainbeste goratzen badute, bere etnolojia arrigarriagaitik da, eta erri baten izakeran izkuntzak du baliorik geien. Izan ere, nornai arritzeko bezelakoa da gure izkuntza. Panpilli Senpertarra, mugazandiko bertsolariaren aotik esango nuke, nik ere:

 

Euskal-Herriak ditu zazpi Probentzia,

Arrotzak xoraturik heldu gutartera:

Oainon ere segur litazke gehiago xora,

Balakite mintzatzen gurekin eskuara!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.