Gizontxoa
R. Tagore
Txikiña naz ni oraindik, ume nozu-ta. Baiña neure aitaren adiñera eltzean, aundi izango naz. Ene maixuak, orduan, etorri ta esango daust: «Berandu da, ume! Zoaz arbel eta liburu-billa!» Eta nik erantzun: «Ez al dakusu aita lez aundi nazala? Nik ez dot geiago ikasgai bearrik!» Eta nire irakasleak, arri ta zur, jardetsiko: «Bai, egia diñozu! Nai ba'dozu, itxi zeinkez liburuok, onezkero gizon egiña zaitugu-ta».
Jantzi ta azokara joango naz egurastera; azoka ingurua, barriz, jentez gaiñezka aurkituko dot. Osaba etorriko yat ariñeketan, eta esan: «Galduko zara, ene seme. Itxi egidazu, otoi; besoetan eroango zaitut!» Eta nik erantzungo dautsat: «Baiña, osaba, ez al dakusu aita baizen aundi nazala? Bakarrik etorri bear dot azokara». Eta osabak: «Bai, egia da. Zoaz noranai araxe, onezkero gizon egiña zaitugu-ta».
Amak, ezkotegitik biurtzean, nik neure giltzez kutxa edegiten dakidan ezkero, ugazabandrari dirua emoten aurkituko nau. Eta esango daust: «Zer egiten dozu, zoro orrek?» Nik erantzungo: «Baiña, ama, zuk ez al zenkian? Ni, aita lez, aundi nozu dagoneko, eta neure ugazabandreari ordaindu bear dautsat». Eta nire amak bere kolkorako: «Emon dagiola dirua nai daunari, onezkero gizon egiña baita».
Urrilleko opor-aldietarako, nire aita etxera itzuliko da, ni ondiñokarren ume nazala uste izanik, oski barri ta zikiriozko jantzitxoak ekarriko daustaz. Eta nik esango dautsat: «Dada'ri emoiozuz, aita, ni zu baizen aundia nozu-ta». Eta aitak, bere baitan gogartuz: «Egia da. Errazoia dau. Berak erosi daike, onezkero, berari ederren yakon jantzia, gizon egiña da-ta».
|