Argia bera
N. Ormaetxea (Orixe)
Lux hominum,
Gizonen argia.
Illik, illunik Argia bera.
Illunak ote du
garaitu betiko?
Ez; obiaren
zoko illunetik
eguzkia baiño
argiago ialki da
lumen Christi
Kristo'ren argia.
Eliz-etxeetan
larunbat gauaz,
illun beltzean,
goizaren zai gaude.
Mane lucescit.
Atoz, argi-xinta,
gure barrun au
argiz betetzera.
Lurrak ez du berez
emaiten argirik;
alare, gizonak
asmatu du nola
arri mugerretik
txinpartak atera.
Kristo'ren antza du
arri gogor orrek
Christus erat petra.
Moises'en aitzeri
ur garbi dario;
oni berriz sua,
argi eta bero.
Iru biurreko
ezko-ziria
sutzen du apaizak;
Pazko-zuzia,
maieko kandelak.
Piztu bitartean,
zintzoen erraiak
iotzen ditu pozak
Kristo'ren izpiak.
Izarren dirdaiak
eta argi onenak,
eman bezaiote
elkarri musua.
Kristo illaren
dirdai izkutuak,
eman bezoia muñ
gugan gorderik dan
poz ixillenari.
Otoitz eta otoitz
agurotuko da
argi-urratzea.
Etorri, etorri,
Kristo'ren argia!
Gaiñezkako poza
Apostoluena,
Madalena'rena.
Zer dakar argiak?
Lurraren ikara,
magnus terrae motus
gorputz animetan,
zain eta muiñetan,
ezur guzietan.
Alaxe, nolabait,
goiz-argiak eta
egoa pilpillak
esnatzen dute
begi ta belarri
lo zegon artzaia;
baita beor-saillak
arro arro dala,
laugain irrintzika,
aien azkazalak
lurrari dardara
daragionean,
egun berriaren
zantzua zabalduz,
poz aundia sartzen
dio erraietan.
Otoitza: Meza, Kyrie, Gloria.
Pozaren pozez,
a lertu bearra!
Au dugu urtean
egun aundiena.
Ote da kristaurik
sumatzen ez dunik?
Baiñan aurten ez dut
poz orren berorik,
ez malko bakarrik.
Itzal-aldia?
Ez; Iesukristo'ren
argiak nigan
nere animako
xirrintaz batean,
bi argi tartean
gertatu oi dan
etena dirudi.
Itzal antzeko
argi gorde ortan,
ni oarkabean,
biak elkarri
muñ egin diote.
Argi-eten ortan
ez al da musua
legunagoa?
Ixil aizea,
izarrak ixil,
guzia iabal,
anima ixil.
Bego pakea,
poz guziak baiño
doai obea.
|