Beti zure erri
Jautarkol
(Euskal-kanta Aandre Maria'ri)
Kanta-nai bizi batek, Amatxo laztana,
bultzaka, maitekiro nakarki Zugana...
Zuri begira jaio, ta il zure oiñetan
ne-bertsuok ez dute gaur nai besterikan.
Entzun, ba, nere kanta, maite-oparia,
euskal-kanta ta, ametsa, otoitz ta istoria...
Euskal-Erri ta Zure maite-lokarria
urrezko doñu zarrez bertsotan josia.
Ezpaiñetan lerturik irripar eztiak
zakust Euskal-Erri'rontz zuzenduz begiak...
Zergatik ain eztiki, Amatxo kutuna?
Nolatan maite dezu ainbat euskalduna?
* * *
Euskal-Erri zarraren bekoki garbian,
gurutza artu zunean Bataio-iturrian
maite-musu sutsu bat utzi zendun, Ama,
ta irarrita geroztik dirdizka darama.
Bere Erregin ta Amatzat ar zendun betiko,
maite-miñez zitzaizun jarri belauniko,
zin-egiñaz laztandu zinduan negartez
malko-iturria lertuz maitasun-indarrez.
Zenbat gizaldi geroz igaro ote-dira?
Zenbat erri ustelduz erori illobira?
Euskal-Erria zutik, kementsu, lerdena
beti sutsu aitortzen Goiko Sinismena.
Zure maite-musuaz Bataioan, Ama,
jantzi zun soñekoa osorik darama.
Iñoiz ez du laidotu, ez du iñoiz urratu
Orrengatik Zuk ote beti ain maitatu?
Eman zizun besarkaz lotu zan Zurekin.
Zure izena goraltzen ordutik du ekin.
Zu beste Erregiñik nai ez du izan lurrean,
Ama kutunagorik etzun bioizean.
Zurekin zoraturik, meite-miñez joa,
zurre irudiz josi zun bere lur osoa...
Zutzat otoitz beronak sukalde-txokotan,
egaka zure izena kanta-zar-egotan...
Artzaia ba-zijoan ibarretik-gora...
Artaldean urduri an-or artzaiñora...
Eskuetan txapela, baseliza-aurrean,
«Agur Maria» zuan beti ezpaiñean.
Auspoai eragiñaz errementaria...
Txinpartak zeriola eskuan burnia
joka-joka malluaz izerdi-patsetan,
ta «Agur Maria» zuan beti ezpaiñetan.
Itxas-ertzeko muiño-gañean eliza...
Otoitz-mur-mur zerion eultza bete giza.
Arrantzaleak ziran otoitza beroan:
zuri arrenka zeuden, itxasorakoan.
Pelotari trebeak joka asarrean...
Erri ta auzo begira eta apaiza aurrean.
Eguardiko ezkillen dan-dan paketsua...
Erri ta apaizak otoitz, geldituz jokua.
Txistu-soñu alaia erri-enparatzan...
Eskuak goruntz jasoz mutil-neskak dantzan.
Torrean amezkillak... Angelus-otoitza.
Enparantzan ixil zan txistuaren otsa.
* * *
Zure loretegi zan Euskal-Erri zaarra:
baiña, lore-tartean gauez azi txarra
erein, ta igesi jun zan beiñ etsai maltzurra;
ta anai-gorroto-larrez josi zigun lurra.
Anai-odolez gorri zan gure mendia,
etxe ta baso sutan, negarrez erria,
ta arantza-gaiñean Zu, Goi-pakezko izarra,
agertu zitzaiguzun, uxatzen negarra.
Golde ta lai biurtuz ezpata zorrotzak,
berriro lana zuan igurtzi otoitzak:
ta zure irripar-izpiz, Amatxo xamurra,
argitu zendun berriz euskaldunen lurra.
Ta Itziar-Begoña'tik itxas-zabalera
begira jarri ziñan illargi-antzera...
Zorion-argiz josi zendun itxasua
ta itxas-gizonei maitez luzatu eskua.
Eztibalitz-Izaskun ta Arrate'tik, berriz,
nekazari zintzoei begira errukiz,
maite-zapiz txukatuz izerdi-tantoak,
intza gozoz eztituz zelai ta soroak.
Zu, zorion-eguzki, goiz-izar eztia,
igesleku ta babes, ta Ama maitatia...!
Nolaz olerkariak irauli bertsotan
antziña artan ziñana Euskal-lur osoan?
* * *
Maitez Euskal-Erri'rontz zuzenduz begiak
ikusten zaitu, Ama, gaur olerkariak.
Bai, guk ere zaitugu Ama t'Erregiña,
Zu, gaur, euskal-biotzen poza ta atsegiña.
Argatik gure Erriak, zure maite-garrez,
zure irudiak jantzi ditu urre-zillarrez,
ta Aloña'n jarri dizu Erregin-jauregi
gugan agin dezazun gizaldiz-gizaldi.
Ortxen dezu betiko zure jarlekua,
gure Sinismenaren babes-gaztelua,
euskal-biotz guzien maite-lokarria,
gure bizi naiaren oia ta irrintzia.
Zugan ipintzen degu gure uste osoa,
zatzakigu Zu, beti, Amatxo gozoa...
Etsai zitalez gaude estuki esituak...
Arren, luza guganotz, Ama, zure eskuak.
ltxas, ola, sorotik lanaren soñua,
Zuganotz igo bedi otoitz biurtua:
eleiz paketsu bitez gure etxe guziak,
dirdiz bezate gugan zure begi-izpiak.
Europa-zabalean Erririk zaarrena,
bedi zure, lorontzi usaitsu-maiteena.
Euskaldunen Amatxo beti ager zadi,
izan dedin betiko Zukin Euskal-Erri.
Ta aztuko balitz Zutzaz noizpait gure Erria,
ez itzul beregandik zure arpegia:
zure negar-malkoak bere gaiñ ixuri,
lotsaz eroi ditezen mendi, baso ta uri.
Ez bedi zutik egon, beiñ zure musua
bekokian artu zun Erri gaiztotua,
maite-miñez betiko laztandu zinduna,
musuz igurtzi zindun zure Erri kutuna.
|