Enearena
Bergili
euskaratzailea: Otarri
VI. Kantua
MUIÑA. Enea'k, azkenez, Itali'ra iritxi ta Kuma deritzan urezpondean lurra artzen du; lagunak bertako inguruak aztertzen dituten bitartean, bera Sibila'ren artzulora dioa. Ikuslearen, izugarrizko iragarpenak, Apol'ek idarokita: burruka latzak, Akil berri baten etsaikeriak, eztei odoltsuak, gerkar uri batetik datorketen gaizkapena. Urrezko abarra, Sulezako giltz, eta ara jeisteko opari eskeiñi bearra. Miseno il: onen gorpuak, ontzietakoak pozoitzen ditu. Enea'k, oianean Miseno'ren suterako egur-xeetzen ari dalarik, urrezko abarra didoro, bi uso gidari. Miseno'ri egiñiko illeta zarata aundikoak.
Onelaxe mintzatu zan Enea, negar-samur; ondoren ontzidiari sirgak ebaki ta orra Kuma'ko itxas-egi euboikarretara iritxi. Emen, itxasora begira jartzen ditute ontzi-muturrak: aingurak ortz setatiz ontziak tinkotzen eta atzekalde makurrak ibetondoa esitzen. Gazte talde bulartsuak zapart dagi bertatik italiar ondartzarra: batzuk su-azia billatzen dute, sukarriaren zaiñetan gordea; beste batzuk, oian zear, piztien gordeleku tringuetan sartu ta, itzulerakoan, aurkituriko ibasoen berri damaite. Enea ona, ordea, Apol aundiak menderatzen ditun garaietara dijoa, eta andik, leize lazgarrira, Sibila ikaragarriaren izkutu autura: Deli aztiak emen baitio idarokitzen gogo ta kemen bizia, etorkizun dagona agerturik. Eta or dijoazte, dagoneko, Tribi'tarraren oianetan sarturik, aren jauretxeko urre-gingapetik zear.
Dedal, Mino'ren aginterritik iges, zeruaganik geiegi entzinduta ego ariñez, oitu gabeko bideetan barna artz izoztuetaraiño egaztu omen zan, atzenik Kuma'ko gaztelu gaiñean kokatu leunkiro. Lur auetara biurtzerakoan, ezer baiño len zuri eskeiñi zizun, oi Poibu, bere egoen apaiña, jauretxe galant dotorea zuri jasorikan. Ateetan Andorogeu'ren illeta ezarri zun irarrita; orrez gaiñera. Zekropidarrak (lotsagarri noski), urtero, beren semeetatik zazpi buru eman bear ditute, zigorrez: an agiri da oraindik zotzetarako atabaka. Buruzburu dager Gnosia'ko lurra, itxas gain jaikia; emen Zezenaren maitasun bigurra ta ixil-mixilka ordeztarazitako Pasifae, senalpen nastu ta aur itxura biko, Minotaur, lizunkeriaren oroigaillu nazkagarri.
Baita emen dago etxe artako lan neketsua, ta askatu ezin dezaken naspil ura. Baiña Dedal'ek, erregiñari zion maite-su aundiaren errukiz, berberak deuseztu zizkion jauregiko iruzur eta inguru-mingurak, ari batekin erakusten zizkiola urrats itsuak. Zuk ere bai, oi Ikar!, eskiz gaitza zenuke ainbesteko lanean, nekeak utziko ba'lizu. Bitan alegindua, duzu jazokuna urretan itsasten, bailia bi aldiz erori ere aitaren eskuak. Lan luze neketsu au zeazki aztertzen ziarduten aien begiak oro; ta orduko, Akale len bialia berriz biurtua zan, baita onekin Poibu ta Tribia'ren jaupalemea ere, Giauko'ren alaba Deipobe; onek Enea erregeari onela diotsa: «Une onek ez dizu, ziurki, onelango ikuskizunik eskatzen. Zuhurrago litzakizu orain, zekor-saldo batetik zazpi ta beste ainbeste belar biko ardi, oi danez auturik, eskeintzea».
Edu ontan Enea'ri mintzaturik, jendeak ez baitu eperik nai esan donea betetzeko, jaupelemeak goiko jauretxera daramazki teukrotarrak. Leize antzera ebakita dago arralde euboitarraren alderdi eskerga bata, ta berton eun sarrera zabal eun atekin; emendik jalkitzen dira, itoka bezela, beste ainbat aots, Sibila'ren erantzunak noski.
Ate, ondora iritxi-ala, neskatxak deadar: «Orain duzute adueri galdetzeko garai. Jainkoa!, ona Jainkoa!». Eta ate aurrean onako itzak esan ditunari aurpegia aldatu zaio bat-batez, margoa larutu, illeak ere naasi; bular ats-aunditua ta biotz zuar-basatia, ordea, sumiñez anpatzen zaizkio ta aundiago ere ematen du ta aren abotsa ez da ilkorrarena, gero ta urbillago duen jainko-oldarrak argierazten bait-du. «Oraindik ere muker diño, oi troiar Enea!, eure eskeiñi ta eskarietan? Nola luzatu ote? Ez dituk, ba, zabal ikusiko lendik etxe zurbillaren ao itzalak». Au esanda ixildu zan. Eta otz-ikara sorra sartu zan teukrotarran ezur latzetan, eta aien erregeak barne-barnetiko eskariok eraunts-azi zitun:
«Oi Poibu!, Troia'ko neke bizien erruki beti izan zeran ori; dardanitarren azkonak eta Paris'en eskuak Akil'en kaltez zuzendu zenituna: lur zabala estutzen dituzten aunitz itxasoz ibillia nauzu, zu gidari, baila Masiliar jende txit ezkutuetan eta aremetaz esitutako alorretan ere sartua naiz. Eta azkenik, iges zijoakigun Itali'ko izpazterretara eldu gera. Zeruak ba'letsa onagiño soilki troiar Aduak gu jazartzea! Eder bekizue onezkero, zuok, jainko ta jainkosa denok, Ilion eta Dardani'ren dirdai irtena nazkagarri izan zaizuenok, Pergamo'tar jendeari ere parkatzea, eta zu, igarleme txit deun, etorkizun-ezagutzaille, emaidazu ez diet adueri eskatzen ez dagokidan erreiñurik Lati'n onezkero utseden ditezela teukrotarrak eta Troia'ko jainko alderrai ta oldar dardaraziak. Ordun Poibu ta Tribie'ri eliz bat eskeiñiko dizkiet aitz urdin biziz egiña, baita Poibu'ren izeneko jaiak antola ere. Zuk ere bai jauretxe ederrak izango dituzu nire aginterrietan; ziurki, emen ipiñiko ditut zure igarleku ta adur izkutu ene endakoeri agiritakoak; onez gaiñera, oi jainkosa!, gizaseme autatuak ere sagaratuko dizkizut. Bakar-bakarrik otoi, ez dituzula orrietan idatzi zerorren iragarpenak, naasi egaztu ez ditezen aize arinen irrikoi. Zerorrek esan dezaizkidazula, arren, deskatzut». Emen bukatu zun bere eleztaldia.
Igarleme uzua, artean, Poibu'k oindiño txit mendera gabea, leize barean erotzat ari da iraulka, jainko aundia bere barrutik egotzi naiean nunbait. Jainkoak, alaxe, arik eta geiago nekarazten dio ago suminkorra, aren biotz basatia eziz ta oldarra erantsiz. Eta ontan etxeko eun ate eskergak berez irikitzen dira ta aize zear doazte igarlemearen erantzunak:
«Oi zu, urez ainbat arriskuk armindua, jakizu legorrez are neke astunagoak dituzula! Egiazki, uxa orren zalantza, Labini eskualdetaraiño elduko dira dardanitarrak; baiña aragiño ez iritxi gurago zuketen. Gudak, guda gogorrak ikusten ditut, eta Tiber odoletan apartsu. Ez zaizkizu peituko ez Simois, ez Xanto, ez doritar kapardiak. Bigarren Akil ere Lati'n sortua duzu dagoneko, jainko-emearen semea noski. Teakrotarren etsai zital dan Juno'k ere, etzaitu egundo lagako. Zuk, berriz, zori-etsi ta otoitz-zur, zein italiar erriri, zein uriri ez dizkiozu eskuak jasoko? Orrenbesteko gaitza dala zio, berriro ere teukrotarrak txeraz artuko ditun emakume arrotz bat duzu bidean, kanpotar batekin osotu ezkontzeaz aurki. Zuk ez amor eman zoritxar mende izan arren; aldi-erantsiz, zoazkit ausarditsuago alegiñan, Siratsak uzten dizun uneraiño. Zure gaizkapenaren bide aurrena, gutxien uste duzunetik, gerkar uri batetik irikiko zaizu».
Sibila kumarrak, leize sabelean odolestu, onango itzekin oiukatzen ditu iragarkizun bildurgarriak, illunak eta egiak alkar korapillotuz arpean orruka. Apol'ek neurtzen du galga egokiz aren sumiña, baita batera kilika bizia bularpean ernerazi ere. Eta gero, aren barne-sumiña ibitu ta aren ago-sukarra otzitu ziranekoxe, Enea gizurena onela asi zan eleka: «Etzait, oi neskatx!, betozko berririk, ez uste gabeko lanik aurrean jartzen. Lenik ere ba-nekusan oro ta gogoan izana dut guztia. Gauza bat soilki eskatzen dizut: sulezeko erregeren atea emen dudan ezkero, ta Akeronie'ko aintzira aizarotsua ontziz igaro bear, idazu, otoi, gerta nadilla ene aita laztanaren begi aurrean: bidea erakustazu ta ate doneak iriki. Neronek sorbaldan atera nun sugarretan zear, jarrai zetozkidan milla gezi artetik, etsaien eskuetatik; urak, ene bide-lagun, indarge ta deus-ez, nerekin bat jasan zitun itxas orotako neke-lorrak, ur-ortziko aleun erasoaldi, bere alditxar eta zartzaroari egokion baiño kementsuago aurki; ark, gainera, otoizten nindun, irakatsiak emanez, eskale antzo zuregana urbiltzeko, zure ateetara urreratzeko apalki. Urrikal zaitez, oi jainkosa, aita ta semeakiko, arren. Oro al duzu zuk, eta Ekate'k etzindun alperrik ipiñi Sulezeko oian erdiragarrien buru ta nagusi: Orpeu'k al izan ba'zun, bere treitziar kitaran ta aren ari abeslarietan ustetsu, bere emaztearen jainko-zaitzailleak oleska gorets; Polux'ek aldizkako erioz berrerosi ba'zun bere anaia ta ainbaten ba-doa ta ba-dator bide ontatik, zertarako nik gomutaraziko ote ditut Teseu aundia ta Alkide? Nere sort-erroa ere Jupiter garaiagandikoa baita».
Ontariko barne-oiuz ots zegin Enea'k, bere jainko-irudiñak aldare gaiñean zeuzkala; eta bertatik itzez asi zan igarlemea: «Jainkoen odoletan sorturiko troiar Ankise'n seme: errez duzu Suleizera jeistea; gau ta egun zabalik daukazu Diti aizarotsuko atea, baiña oiña gibel itzuli ta berriz goiko aizetara iges egin, ona emen koska, ona emen zail neketsua. Banaka batzuk al izan dute, jainkoen semeak, Jupiter onberak maite izan zituztenak, edo ta barren adore gartsuak eguratseraiño aizatu. Oianak daukate aren erdi guztia, ta Kozito lasterrak inguratzen du ur-ibilli beltz okertsuz. Zure maitasuna, alare, onen sustraitua baidin ba'da gogo barruan eta Estigi zingiratik bi aldiz ibiltea onen biziki opa ba'duzu, ots, Tartar zurbilla birritan ikusi ta egikizun ero orreri ekin nai izan, adi zazu zer egin bear duzun bereiziki. Zugaitz gerizatsuan gorderik daukazu abarra, ostoetan urrezko ta adaskaz gazte, aomen danez Juno sulezatarrari sagaratua; oian osoak magaltzen du bera ta ibar sakon illuntsuetan ertsia daukate itzalak. Etzaio iñori ere uzten lurraren erraietaraiño sartzen, arako zugaitzetik aurretiez artu ez baldin ba-du urre-ostozko muskilla. Poroserpiñe aizpak erabaki zun beiñola abar au eraman bear zitzaiola esku-erakutsi. Lenena erauziz gero, laster sartzen zaio bigarren urre-muskilla, eta meatz berberezko orriz estaltzen kukutsa. Begiak gora so, azter zazu ba, ta aurkitutakoan, eman eskua, ta jarraituko dizu ark zintzo bezin errez, aduak aututakoa baldin ba'zera; ezezkoan, berriz, ezingo duzu ezertariko indarrez soildu, ez eta burni gogorrez ausi. Gaiñera ai ene, ta zuk ez dakizu, illik datza adiskide baten soiña ta gudaroztekoak oro kutsutzen ditu aren gorpuak, zu goi-erantzun-zain nire ataurrean luzatuz zauden artean. Eraman zazu beingoz dagokion egoitzera ta ezar illobian. Moltsotu gero ardi beltzak, eta auek bitez aurrenengo ordainketak. Onela, ta azkenik, estigiar txarak ikertuko dituzu ta bizientzako urbilleraz-eziñak diran erreiñuak». Au esanik, ixillez ikurraztu zun bere agoa.
Eneak, bekozko-larri ta so-makur, artzuloa uzten du ta nasteka-mastekai gertakari illunak darabilzki barne. Akale zintzoa du lagun, ta lor berdiñak naigabetua bide dagi onek ere. Askotariko solasez, aunitz gauza zerabilzkiten alkarrekin: nor ote lagun ila; norena ote lur eman bear zioten gorpua. Eta iritxi ta bertan, or nun dakusten Miseno, erribera legorrean, merezi etzun erioz joana; Misen, Eol'en seme; azkar ta trebe, etzun kiderik alegia borontz-soñuz jendea bildu ta bere kantuaren bidez aiengan gudurako su- kemena piztu ta dirdiratzen. Ektor aundiaren lagun izan zan; eta Ektor'en alboan, gartsuki burrukatu oi zun, bere adar eta lantzakin arrosko. Akil garailleak bizitz uldu zunean, ordea, gizuren giartsua Enea dardanitarrakin alkartu zan, eta onekin etziran aren egite arrigarriak txikigoak izan. Baiña, abagune artan, bere turut barrun utsakin itxasoa sogor-erazten zularik, eta bere zorabioan jainkoak ere liskarrerako irazekitzen zitularik, Triton bekaiztiak siñistekoa baldin ba-da, iruzurrez oratu ta arkaitz artean, kresal bits-jariotsuan murgildu zuen. Ziranak oro, bada, aren inguruan, negar ta garrasi zegiten; eta iñok baiño geiago, Enea onberak. Ber-bertan, luzatzeke, leiaz da biltza, negar-malko, Sibila'ren aginduak betetzen; zugaitzak pillatzen ditute aren obiko oparritzat, alik eta goren zerurantza jasorik. Ondoren, aspaldiko oian batera dijoaz, piztien izkutu barrenkorrera; luze erortzen piñuak; aiotzez zaurituta intziri arteak; ziriak zatitzen ditute lipar zaintsu ta aritz zirriki-gaitzak, eta mendi-bera dakartzite bilin-bolaka zumar galantak. Eta Eneak berak, aurrena noski lan ontan, lagunak aolkuz isio ta tramankulu berdiñekin ornidurik ari da gogoti; eta oian neurrigea ikuskatuz, bere biotz atsekabetuan gauza ok itzuli ta irauli, onela otoitz dagi: «Oi, baso ain edatuan, lipar ontan, agiri ba'litzaite zugagtz baten arako urre-abarra, ai ene!, zutzaz Misen, igarlemeak eman zizkidan berriak bezin ziur!» Au esanaz bat, bi uso zerutik gizurenaren begipera bertara egaz etorririk, zelai muskerrean kokatu ziran. Ordun, gizuren gorenenak bere amaren egaztiak dazagutzi, ta alaikor, onela otoi: «Oi! Gidari zakizkidate, ta, bideren bat baldin ba'da, zuzen ezazute aidez-aide zuen egada lur emakorrari itzal dagion abar bikaiña datzan oianerantza. Eta zuk, oi jainkozko Ama, ez nazazu bakar utzi zalantzazko zori ontan. Onan mintzo zalarik, urratsak, geldiazi ta adikor so dagi nolako ezaugarriak dakazkioten, edo-ta noruntz jo nai duten beren egazekoan. Egan bazkatuz, so ta so doakion ikusmen zorrotzak menderatu dezaken urruti-uneraiño iritxi ziran. Su-lezako zintzur ats-jarioetara eldu ziranean, gora altxa azkarki, ta egurats mee zear pirpiri, nai zuten esertokian kokatzen dira, zugaitzaren adaburu bikoitzean, ots, ostozear, urrezko margo bereziz dizdizka zegonekoan. Nola egon oi dan oianetan, negu otzez, osto berriko migura, ez noski datxikion abeak sortua, bere arnari oriskaz enbor biribillak esitzen ditularik, orlaxe ematen zun arte musiñean urre abartsuak; eta edu ortan, aize meez igitua, ots leuna zegin kiderrak. Taka oratzen dio Enea'k; bertatik, ez baitu leratsu amor ematen, autsi ta Sibila igarlearen artzulora darama.
Bitartean teukrotarrak, ez gutxigo, negar zegioten Miseno'ri, auts kupigarrieri azken-illetak eskeiñirik. Lenbizi, txondor eskerga gizena dagite aritz-aga zatituz, egalak orri zurbillekin ornidurik; eta aren aitziñean, otsaki-nekostak jartzen ditute ta gaiñetik izkillu dizditsuz apaindu. Batzuk ura ipinten dute berotzeko, borontzezko maskeluetan, eta soin otza ikuzi ta igurtziten. Ango negarra! Gero, zerraldoan jartzen dute gorpu erostatua, berak erabilli oi zitun zapi gorri ta soiñekoak gaiñetik emanaz. Beste batzuk, eginkizun larria noski, zerraldo aundiaren azpian jarri ta, gurasoen oitura zanez arpegiak itzulita zituztela, su ematen diote. Moltsoan erretzen dira lurrin-emari, jaki ta aspilletatik ixuritako olio. Dana auts biurtutakoan, garra ere atsedenera zanean, ardoz ikuzi zituzten ondakiñak eta errauts iarra, ta Korineu'k meatzezko kutxan estaldu zitun ezur batuak. Berberak, iru aldiz, oli-adar ekarkor batekin, ur aratza barreiatu zun, intz ariña bai'litzan, bere lagunen gain; eta denak garbitu ondoren, azken itzak oguzi zitun. Eta Enea'k, azkenik, obi itzala jaso ta bertan gordetzen ditu gizurenaren izkillu, arraun ta turut; mendi garai baten oiñean, alegia, ta orain aren oroiz Miseno deritza, ta gizaldien gizaldiz dauka bere izen ezilkorra.
Darraike
|