Bizkai'ko olerkari bat
Eusebio Maria Dolores Azkue Barrundia
(Lekeitio, 181-3-1873)
Eusebio Erkiaga
Azkenengo mende bietan, izan ditugu Lekeitio'n bertsugille onak. Euren artean oneek:
Aita Agustin Basterretxea. 1750 urte inguruan idaizi eban bizkaieraz, «Jesukristo gure Jaunaren pasiñoia». Gero, Aita Kardaberatz'ek gipuzkera biurtuta, kantu au entzute aundikoa izan da Euskalerrian eta ogei bidar agertua. Lan ederra benetan.
J. Antonio Aboitiz, abadea. 1751-1824. Idazle alai eta zorrotza. Beste izneurtu batzun artean, bi nabarigarriak egin zituan: «Txanton Pipirri» eta «Peru Dubako».
EUSEBIO MARIA DOLORES AZKUE ETA BARRUNDIA. Onezaz jardungo dogu gaur, luzeegi barik.
GIZONA.
Lekeitio'n, 1813'gn. urteko aprillaren 13'an jaio zan, eta bertan il bere, 60 urte geroago, 1873'gnko zemendiaren 13'an. Gurasoak: Joane Josepe Azkue eta Zalbidegoitia, Zamudio'n jaio ta osagille urte askotan izanikoa, eta Maria Ignazia Berrundia eta Atxabal, Lekeitio'ko alabea.
Umetan, Zamudio'n bizi izan zan, mutil bardingotxua egin arte. Bilbao'n, Latiña ta Filosofia ikasi zituan. Lenengo karlistadea sortu zanean, Karlos V.garrenaren gudamutil izan zan. Gero, itxasorako ikaskizunak Ferrolen egin, eta Pillotu izendun zala, itxasoak austen ibilli zan urteren batzuetan. Arrezkero, Nautika-irakasle beti: lenengo Bermeo'n, urrengo Mundaka'n, eta azkenez, amaika urtez, bere jaioterrian; emen, 1861'gn. izan zan izentaua, baiña 1862'gn. asi zan Nautika-eskolea.
Matematiku itzala ei izan seguru; eta iñoiz amesetan bere, egundoko problemaren bat ebatzi ei eban. Anton Trueba'ren esanez, gizon jator eta maitagarria zan, berbaz apala, eta azalkeri ta itxurakeri bakoa. Euskerea'k poesigintzarako dauan egokitasun berezia erakusteko, toki ta aukexa ain urria izateaz, tamalez bizi ei zan gure gizon au.
Amabi seme-alaba izan zituan, ezkontza bitakoak. Lenengo emaztea, Laureana Ozerin izan zan, Erandio Asua'koa edo Derio'koa, gozogille baten alabea, nunbait bere. Emaztea eta leuengo semea, Alfonso Maria, Mundaka'ra ekarri zituan. Seme au bere, itxasgizona eta irakaslea izan zan, bere aita il zanean. Abeslari azkarra, gustu aundikoa eta aots ederrekoa. Mundakan jaio ziran urrengo seme-alabok: Carolina (1849), Konrado Maria (1813) eta Sol (l856). Emaztea il yakanean, ezkondu zan barriro eta orduan Maria Carmen Aberasturi Uribarri, Tomas Aguirre-Ormaetxearen alargunaz, mundakarra bera, 1857-VI-3'an. (Au jaio, 1835gnean.) Artean, andra au, umerik bakoa zan.
Ezkontza onetako seme-alabak: Julia (1858-59), Aurora (1860) eta Jesus Maria (1862). Geroago, Lekeitio'n jaio ziran Resurreccion Jesus Maria (1864), Maria Luz (1867), Diana (1868), Julia (bigarrenez) ta Heliodoro (1873).
Doña Sol maistrea, entzutetsua izan zan gure jaioterrian. 1880-1920 inguru bitarteko umerik geienak, aregaz ikasi eben eskolea, asieran beintzat.
Don Resu nor izan dan, edozein euskaldunek jakin bear leuke, ondo baiño obeto jakin bere. Lau urte barru izango da aren jaiotzako eunurteburua. Zelan goratuko ete dau Euskalerriak bere seme bikain au?
Ainbeste seme-alaba izan arren, dakigunez ez da iñor gelditu aren ondorengo urrekorik gure errian, abizen orren jabe. Etxe-ormetan dirau soillik Azkuetarren deitureak gure urian, aita-semeak bakoitxaren jaiotetxean arlandu eder bana dauke-ta.
Eusebio Maria'ren berbakerea soiñuz bakana ei zan lekeitiarrentzat, eta orregaitik arrotza ei zan eurentzat. Gizon atsegiña zan eta asko ikasia, buru jantzia. Edariaren arerioa bere ez, aurki. Zozo eder bat ei eukan kaiolan, berbetan ekiana. Auxe esaten ei ekian: «Azkuen zozua naiz ni... Urra Pepito».
Azkenengo zertzeladok, Norberto Mendezonari zor deutsadaz, mundekarra berau be. Eskerrik asko, ba.
IDAZLEA.
Asko ta asko idatzi ei eban Eusebio Mariak, baiña aren lanik geienak aldendu ta ezereztuak izan ei dira. Izlauz bere, egin ete eban? Bilbon, 1896'gn. urtean, Parnasorako Bidea izentzat ezarririk, agertu eban aren semeak bere aitaren olerki-txorta mardo ta irakurgarria. Izneurtu onentxuenak ete dagoz emen soillik? «Morfologia»n diñoanez, Zarautz'en Aita Prantziskotarren komentuan ei dagoz neurtitz batzuk, argitara bageak. Arrezkero ez ete ditu iñok azaldu? Egia esan, «Latsibi» bere, oindiño illunpean dago-ta...
Olerkari onen barri, Jose Manterola'k emon eban lenengo, Donostia'ko bere «Cancionero Basco» aldizkarian. Norbaitzuek idatzi dabenaz, 1860-61 urteetan egin ei zituan bertsuok. Eta leenago? Eta arrezkero?
Orduko irizleak, Olerkari ontzat jo eben, baiña erri-olerkari edo. Aren lanik geienak, izan bere, orixe adierazoten dabe. Ganera, Azkue zarra gure izneurkuntzan irakasle-usain nabarmenekotzat dago, era orretako bertsogillerik urri samar izan dogulako. «Amar aginduak», «Urtea», «Apolo ta Musak», batez bere, arlo orretan ezarri giñeiz.
Liburu orrek asieran, siñismenari dagokiozan izneurtuak daukaz. Lan bi, itzulpenak dira, bere gogara biurtuak: «Ave Maris Slella» eta «Dies irae». Azkenengo onezaz, alabantza ta gora arduratsuak egin zituen orduko jakitunak. Zortziko aundiaren neurriz egiñak ditu, baiña iru puntukuak soillik. Arrezkero, gure elertian beste itzulpen bi beintzat ba ditugu kantagai entzutetsu orrenak; biak bikaiñak: Nikolas Ormaetxearena eta Aita Lino Akesolo'rena.
Baiña gure errikide onen jita eta joera ezagunena ta agirikoena gai errikoiak, bizitzako gorabeera ta eguneroko jazoerak, eta gizasemeen egitada onakaz batean euren amarrukeri ta egiune doillorrak jakiñerazotea da. Orduantxe da zorrotzen eta begikoen aren luma bizkorra. Esaterako, mediku-botikarioak, alperrak eta eskribauak eurak bere, ez yakaz lar atsegin. Bere aitarengandi entzun eta ikasi ete zituan lanbide orren kaltezko esan, uste, asmakizun eta izkirimiriak eurrez?
Ezta liriku agertzen Arkue aita, sarritan. Geienbat edeslari, esalea, kontu-kontaria dogu, bertso errezetan beti bere. Irakasle-arloa maite dau, eta dakiana bai buru-arloko zerak eta bai bizitzako morapilloak polito baten erakusten deusku, bizitzako «gramatika nabarra» ezagutzeko, ereti aukeratsua alperrik galdu ez daigun.
Barruko intziriak, biozpeko min kantagaien oiu samiñik ez deusku azaltzen nabarmen. Eta izadiaren isil-soiñua agertu bearreko premiñarik bere, ez dau aren gogoak erakusten. Alan ta bere, ezin ukatu aren lumearen zorroztasuna, eztenkada eta esanaldi gordiñak eta gazigozoak, olantxe adierazoten dabelako.
Umore oneko gizona dirudi, orixe suman daikegu ba, mukuru ta ganezka aren izneurtu askotan. Lexiku ugari ta bizia darabil errime. Aren lerroetan meaztu leitekez itz euskaldun-ezak an or emen, eta darabiltzanak ezagunak ziran orduko euskaldunentzat. Irakurterakoan atsegiña da, bizigarria, gogokoa eta zorionez, ez deusku idazlan eioezin, nekatzaille ta loguragarririk eskeiñi. Eta orain, itaune bat: aren semearen eskuak noraiñoko jorrea ta erraldatzea egin ete eban lerro oneetan? Orra ba! 27'gn. eta 35'gn. orrialdeetan aztarren agiriak dagoz (Gogo Doneari... Zalantzik... ). Baiña, leenago aitaturiko «Diesi rae» aretan, bai nunbait; «Euskera» 1959, IV'gn. 58'gn. orrialdean agertu izan dau oraintsu N. Alzola'k, Bizkaiko artxibutik arturik, eleiz-eresia. Eta ori, ta Parnasorako Bidea-n dagoana, ez dira batzuetan bardiñak. Ba dakigu jakin, Euskaltzaindiko lenengo Lendakaria beti bere, garbi-miñak beregandua eukana.
Ba ditu naste-borraste egiñiko bertsuak bere: euskera-gaztelaniazko zortziko txikiak: «Las hembras de Mundaca» (179 orrialdean) eta «Las mozas de Bermeo» asierea daukenak (186 orr. ).
Mogel, Peru Abarka-ren sortzaillea markiñaldeñoa zana eta Azkue semea Bein da Betiko-ren egillea lekeitiarra genduana ezin ukatuak ditugunez, euren idazkeraz orixe agertzen deuskuelako, Azkue zaarra, ostera, Parnasorako Bidea-n ez dogu lekeitiarra bere taiuan; zamudioarra eta zerbait mundekarra, bear bada. Dana dala, bizkai-izkelgia orduan orain eun urte gaur baiño bakarrago eta orain baiño batuago zala deritxagu. Erritarren jakituria, liburuetarik barik, alkarrengandik, bata-besteagandik, aoz ao ta urrengorik urrengo ikasia zalako geienbat, eta eguneroko izkuntza errikoian ain zuzen. Orain, alanbearrez, jazoten ez yakuna ia Euskalerri osoan.
NEURRIAK.
Jazoera eta gertakariak esan eta garanduten ditu, iñoiz luze-laburrean aria luzeegi edo emonaz; eta azkenerako funts ospatsu ori, edo ganorea motel-antzean, bertan beera jarriaz.
Neurlerro amaierea, ostera, egoki jarten dau, eta azken-soiñutasun bardiñari jaramon estu, ta zeatza egiten deutsa, bertsuaren izakera jatorrari zintzo eutsi nairik beti bere.
Neurriari dagokionez, zortziko zalea da geienbat; eta aundi eta txikia darabiltz sarrien. Ez ostera, lau puntukoak; bikoak eta bikoak. Neurriok, egokiro zainduak ditu geientsu. Baiña iñoiz, euskal-otsen kontra beteten ditu bertsuak, silaba otsaldiak lege-kaltez indarkeriaz esanerazoaz. Beste lerro-neurri batzuk bere, ba darabiltz orraitio. Esaterako:
37 orrialdean: 7 7 7 6 7 7 7 6
14 " 10 8 10 8 5 5 5 5 10 8
44 " 10 10 10
52 " 8 8 8 13 8 1 eta 3; 2 ta 4-5
1 eta 3-4; 2 ta 5
1 eta 4; 2 ta 3-5
62 " 10 8 10 8 12 8
70 " 10 8 10 8 (Estribillo: 10 10 10 8)
76 " 10 8 10 8 10 8
105 " 7 5 7 5 5 5 7 5
121 " 10 8 10 8
193 " 8 8 5 8 8
296 " 5 5 5 3 5 5 5 3
ZER BATZUK. Iñioiz edo bein, arako zer batzuk irakurri daikeguz; zera, esaera egoki-ezak edota gogor samarrak direanak. Berbarako:
167 orr. Urreratu zan etxeratzean
doña Pepita ederrari (!) (-gana)
22 « ...emoten doguzala
biotzeti eskerrak
Iaun onari...
25 « ...Azkatuizuz kateak
errudun guztiai,
itsu dagozanai...
Ba ditu arako gorriñadun zerak: zein, zeiñen, zeintzuk, eta abar, idazleengandik ikasiak, ez erriko semeenak:
26 orr. ...Zugaitik eskariak
Ak artu daizala,
zein mundura etorrita
gugaiti bakarrik...
195 « ...Eldu zan laster eguna
neure Amantzat; illuna,
zeinen goizean
joan ginean...
197 « Eldu iatazan atean
soldadu batzuk,
igonda zeintzuk
lotu nenduen sokakin
gedarrez: muera el Cachupin.
Noizean noizean, alper esaten dau soillik, alperrik esan bearrean. Eta -ren jabegarriaren lekuan, -an darabil betitsu. Baita
-riko eta -tako atzizkien ordez, -ko bakarrik ezarten dau: «Sutan erreko taloa» 199 orr.
Toki-aldakuntza bakanak bere ba ditu, bere euskal-senera edota neurriaren akulupean amore emonaz.
23 orr. ...eztaigula aragizko
egin pekaturik.
155 " ain ziur ta argi, zein urietan
labankerizko arrantzak.
207 " euskaldun batela da
bardin zein vapora.
25 " zein dan Evan izena
goikoz bekoturik.
26 " Birjiña guztiz bakar
Ama Jesusena.
34 " Osasunagaz bizi,
bear egin da ian,
zer da egotea baiño
bizirik glorian?
132 " bere anai eukanari
Mexiku aldean.
Oargarri eritxirik batu ditugu emen zertxu oneek. Ganerantzekoan berbakuntza gozoa dario liburu oni. Esanaldi bakanak bere, ikusi daikeguz, lekuan lekuan. Berbarako baztez bere, Gregorio Arrue'ren orpoz-orpoko aditz ukakorraren taiura:
121 orr. eukiten eztau indarrik.
199 " ezagutuko eleuke.
Aditz-tankera ez bardin oneek bere bai:
39 orr. emon deutsazuzanak
39 " ba dautsagu
40 " iarraituten dautsa artez
19 " ardaoak moskorra emon dost.
«Morfologia»-n 703 gn. dakusgu: «Elegir daust... parece razonable». Zer egin bear ete dogu?
Eta urrengo eredu onek, barriz, «Orixe»-k oraintsu azaldu-barri deuskun taiu zaarra darakusku:
33 orr. Iru urte igaro barik
ikasi NENDUAN (neban )
iauna bakarra zala
zeru ta munduan.
Tankera au, NENDUAN (nik), ez dakigu zegaitik ezarri ez eban «Morfologia»-n. Beste tokietan, oraingo esangura berberaz darabil:
196 orr. Bizkaitar gizon nobleak
euren etxean
almazenean
artu nenduan...
Itxi nenduan bakarrik
ta eneukan ekandu txarrik...
ASMOAZ ETA KERA TA JASAZ. Zortzi sailletan banandu zituan aren semeak, liburu onetako neurtitzak. Onerapenezkoak, 7. Ipuiñak, 2. Jolasgarriak, 34. Kondairazkoak, 7. Irrigarriak, 7. Ziribertsuak, 16. Benetakoak, 15, eta Pozgarriak, 1. Guztira, 89 edo.
Eusebio Maria'ren gatza ta bizkortasuna, aitatu eta goratu ditugu leen. Zala da aren jasa, gogaro alaia ta berezkoa dau, iko elduak gozotasuna berea dauan lez. Amaika atal aukeratu giñeiz orain ao gozagarri, zatika eta apurtxuka esateko: atal bizi, jator, zorrotz, egiti nai polit atsegingarriak? Edota aren lanik asko irakurri bata bestearen ondoren, euretan esanaldi bitxi ta txanbeliñak azalera jasoteko. Labur-miñaren kutsuak jota egon gu orraitio...
Bere asmoak agertzeko, kera egokiaz zertu oi deuskuz irudi ta bardinketak. Iñoiz, goi-maillako eta aintziñako usaindunak, eta sarriago ostera, taiu ta esaera lauak, errikoiak. Ba ditu izan bere, egundoko esakizunak. Ona batzuk.
191 orr. Izan arren gozoa
oiloan saldea,
askoz bere obea da
iateko oilandea.
133 " Urte bik iges eben
egur me-garra, lez...
133 " ...iraupen bakoa,
San Martin-en udatxu
zoroa lakoa.
Alperra ikusi ezin dauana, esan dogu gorago. Ona emen bertsu bat:
122 orr. Baita ba, dagoz asko
alper eskekoak
batzen iatorkuzanak
ezkur etxekoak;
onek basaurdak legez
erri guztietan
arto gariak daukaz
iñon soloetan.
Gizontasunaren neurriaz bere, ba daki zerbait eta:
363 orr. «Egiaren ispilua»-n auxe diño:
Ze gizon modu da Urlia Iauna?
itanduten zan lenago.
Gaur esaten da: ondasunetan
Don Fulano zelan dago?
Emakumeeak bere, ezagutzen zituan nunbait:
240 orr. Andra bakarra dago
argitan illunik;
ezpadauka munduan
bizitza-lagunik.
Eta beste bertsoek ez dira makalagoak:
232 orr. Gonadun barritsu bi
domeka goiz baten
egozan alkarreri
eskuz esku esaten,
sokondotxu bateti
nik entzun nebana
ta zortziko bertsuan
esango dodana.
Ezkondua Pepatxu,
neskea Maria,
barria ta guzurra
zan euren eztia.
Ez eutsen zeregiñik
emoten goruak:
baina guztiz andia
auzoko kontuak.
Gizonak bere, ostera, ez deuskuz azturik utzi:
334 orr. Bardinak izateko
munduan gizonak
asi beitez izaten
alkarrentzat onak;
ta gero bakartuten
mendian alperrak,
Mediku ta Eskribauak,
lapurrak ta okerrak.
Eta, beste au, 216 gn. orrialdean:
Idia lotuten da
sudumitzetati,
eta lotu bear da
gizona berbati:
betatuten ezpa dau
berba bein emona,
euki lei antz aundia
baina ezta gizona.
Zirikatzaille ditugu onako bertsuok bere:
244 orr. Galbanatsua, Markes bat legez,
bere gauzetan itxia
beti amesetan zelan igaro
alperrak daben bizia.
245 " Noizik beiñean alperra izan naz,
ta Mediku bat alperra
da, eriotzea ba litz alkate,
bere txineltzat ederra.
251 " Medikuak egongo
litzatez itsurik
munduan ezpa lego
gaiso barritsurik...
252 " ...bakizu, gizona,
gauza meatza dana
Mediku bat ona.
331 " Beti bizi izan dira
gizon asko alperrak,
iñor mutulduteko
txorikume ederrak;
eurena eztan gauzea
atrapetan zurrak:
basoak nai piztiak,
arriak nai lurrak.
Kondairazko izneurtuetan, bai, albista ta zerzelada ugariz jarduten eban. Eta oiturazkoetan bere, ba daki zer askoren gorabeera zeatzik. Esaterako, «Urtea» deritxan neurtitzean, lau urte-aroak erakutsiko deuskuz, eta irakasle ta erri-jakituriaz batean erakutsi bere. Emen izentauko ditu ortzeko izen irudipetuak: Aria, Zezena, Polux eta Kastor, Karramarro pikuduna, Txakurra, Leoia, Birjiña eder bat, Eskorpio, Auntz, Arrain bi; barriro Aria, eta abar. Eta oneekaz azalduko deuskuz lur-emoi ezagunak-eta, urteko egunen araura...
285 orr. Kereizak, babak irarrak,
eta albertxiko ederrak.
Ikoak
goizetikoak
ta Donian-madariak,
gozoak baiña txikiak.
Garagarrilean
geure bearra
da garagarra
ebagi ta etxera eroan,
luze itxi barik soloan.
Gariak
eta Augustu-madariak.
Millekotak ta priskuak
datoz batera bitzuak,
moskatel matsa
mismiru latza,
sagar, madari ta ikoak
dira il onetan gozoak.
Gaztaina-kirikioak
indiar, mats eta artoak.
Gasun-asketan
egun onetan
dituez, ilda, tokiak,
bigai ta idisko lodiak.
Patari lau oinekoak
onduteko lapikoak...
Sinismenari dagokiozan bertsuetan, ba ditu esaera argiak:
223 orr. Fedea da mundura
Iaunak ekarria,
goituteko munduan
beko Iaun gorria.
215 " Baina Fedean argiak
infernuko ate guztiak
goituko ditu
eta gitxitu
Luzbel-en otsein zatarrak
ta gaur daukazan indarrak.
Gizon guztiak maitagarrien izan dogun bakoitxaren ama, ederto baten goratuten deusku olerkariak:
320 orr. Ama langorik inor
eztago lagunik
geure neke aundietan
aituten deuskunik,
edozein aiden ordez
dagoz makina bat,
baina mundu guztian
Ama... bakarrik bat.
Eta azkenez, euskaldun zintzoa izan zanez, erraldatu daiguzan an or emen artu ditugun atal edo ahapaldi banakak gozaro miazkatu daikeguzan; eta orain eun urte idatziriko bertsuok barriren barri esangura bardiña ez ete dauken gogartu.
Auxe dakar 43'gn. orrialdean:
«Lur eder geure errikoa...»
Eta 66'gn. ostera, onelan irakurri daikegu:
Dinostazu, Katalin,
zer dan zortzikoa;
da zortzi oinen ganean
dagoan bertsoa.
Zortziko bertsoen
da kantea laguna;
ta onek dantza eder bat
guztia euskalduna.
127'gn. Pedro Bentura-ren aoz esango deusku:
Baina euskaldunak bein berbatuak
biotza (...) zurea
eta itxaroten iagot Berri on
Ana Manuela neurea.
Eta antzera beste ontan, 229 orr.
Euskaldunak eztabe
erosten izenik,
eztabe nai izena
izate ona barik.
Itzal eta larri dirausku 363'gnean:
Euskera berbaz gaur dakiana
ezta bizkaitar noblea,
ezpada sasi-karramarroa
kantabro otsoen lobea.
Bere errialdeko bazterrak maitagarri yakazan-eta, abagune ta eretia izanik, ezin isildu gure bertsugillea:
227 orr. Emen dagoz Bermeo
mutil abilakaz
eta Ondarroa aundia
arrantzaleakaz.
Emen da Lekeitio
leorrez ta itxaroz
berdinik eztaukana
bere alboan inos..
Euskera geurea goraipatuko dau, bere modura, urrengo esanetan. «Apolo eta Musak» deritxanean, onelan dirausku:
300 orr. Eztau Kliok ikasi
iños bere euskera;
istoria bakoak
euskaldunak gara;
zeinbat gauza andi armetan
emen egin dira!
ta lumak busti barik!
ta Klio begira
301 " Erato Musa ederra,
arren betetuizuz
onek bertso bigunok
graziaz eta suz
irakurri daiezan
Poeta euskaldunak:
Frantzes, Napar ta Giputz
ta neure lagunak.
Eta urrengo bertso sakon au entzutean, ez ete giñei esan, euskaltzaleok, «Eun urte igaro eta... urak lengo bidetik»?
199 orr. Biztuko ba litzate
orain Iaun Zuria
ezagutuko eleuke
gure gizaldia,
aiztuta bizi gara
euskera gozoa:
eztogu ezagututen
lengo Iaungoikoa.
Gueneko berbaz, esan daigun: Juan Antonio Mogel'en «Atso ezaiña»-ren idazkera taiua susmauten dogu sarri Eusebio Maria'ren kera berekoiari begira, mamin-azalean: euskera jator, bizi, errikoia ta gustagarria geienean edo beti.
Erabat esan, aita-ama eta aitita-amamengandik entzun al izan doguna. Eta eztogu, tamalez, sakonkiroago eta artezago, eutsiago ikasi, oraingo bizimoduko gorabeera askogaitik, aek baizen euskaldun uts bizi izan ez garealako.
Ori dala-ta, gure egunetako idazle batzuen euskereak ez dauka leengo lan jatorren jarraipen osokorik. ¿Beste izkuntzen zirikaldi, ikutu eta nastekeriagaitik ete da ori? Edota, gaiak eurak bere, ain errikoiak eta arruntak baiño jasoagoak erabilli nai dituelako?
Eusebio Maria'k darakuskun euskal-zaletasuna, egoki esangurea, eta gogo jolasti, alai ta barreikarri ori, asmo ziritsu eta irrigarri orixe, ez dedilla atzendua izan gure elerti-zelaian. Betoz ba eta beitez, zorionez gure aldian bere, lekeitiar olerkari azkar onen jarraitzailleak, gure izkuutza onetan, gai jasoai eta sakonai buruzko lanakaz batean, irakurgai arin eta gazigozoak bere izan daikeguzan.
Agur ba, eta txarto esanak parkatu.
Zornotza'ko Larrea'n, 1960 urriaren 30'n
|