L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<oler1000>— Olerti 1961 II (1961-apirila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskal poesi neurkera

 

Aita Onaindia

 

Geure gogorakizun eta pentsamentuak, geure biotz-taupada ta eritxiak lagun urkoari edo inguruan bizi diranai erakutsi ta adierazteko erarik egoki ta arruntena idatzia dogu.

        Idatzi, barriz, bitara dagigu: izketa lau arruntez eta itz neurtu apaiñez. Itz lauez, ezetariko eragozpen eta zoztor barik, datorren moduan, parra-parra egin oi dogu. Bigarren erarra diardugunean, oso txairo ta bikainki emon oi doguz geure gogorakizun, oldozkun eta ideiak, bertsoei yagoken neurria, erdiko etena ta azken-oskidea zaindurik.

        Xeetasun oneik gordeaz idazten daunari bertsogille edo olerkari deritxogu, bertsoketan saiatzen dalako. Egia esan, bertso ta neurritan idatzi ezta be, olerkari izan daiteke, itz askatuan jardunda be poesi edo olerki ederrak egin daikeguz-eta. Baiña, geienik, pentsamentu ta biozkadak, olertitsu diranean, itz neurtuen esi-barne egokitzen ditugu. Orrelaxe egin da izkuntza guztietan, bai ta egingo be. Eta gure euskera zarrak, edestiaren laiñope illunenean ezkutatzen danak be, ez dau besterik, ortik jarraitu bear

        Ainbat azterketa egin arren, noiz oneratu yakun ez dakigun izkera aspaldiko au, gaur iñoizkorik geien ikasia ta ezagutua dala autortu bearrean gagoz. Idatzi be, bai bertokuok bai kanpotarrak, —naiz ta batzuen eritxiz ez— egundo baiño jator ta bikaiñen idazten da gaur. Bai itz lauez, bai poesiz. Berpizkunde garaian aurkitzen gareala esan gengike. Eta izkuntzak, zelan asi oi dira berbiztuten? Olerkariak egiña da geienez alatz ori: olerkarien bitartez izkuntzak jaso dira euren eror-maillatik, len eta orain, beti.

        Gaur gurean —nok ukatu?— ainbat olerkari dira, zar eta gazte, goi-gailur zear dabiltzanak; oneik eguzki antzo doguz ta euron biran, sarri gertatu oi dan legez, beste ainitz izarbel pitin. Danok ditugu bear-bearrezko euskal pizkunde onetan. Txikiño askok, alan be, jakin ez ondo zein bidetik jokatu olerkisaillean. Orrei lana erreztearren dira lerro oneik euskal poesi-neurkeran edo metrikan erabilten diran arau ta legeak, naiz-ta azal samar gogora ekarriaz. Literatur guztiak dabez euren lege ta arauak, olerkigintzan bereziki; euskeran be naitaez izan bear. Lau gauza oneik beintzat gogotan artu bearrak doguz: 1) Igikera (ritmu); 2) etena (cesura); 3) neurria, ta 4) oskide edo azken amaitze bardiña (rima).

        Bertsoa. — Olerki, ots, poesi geienak euskeraz be bertsotan idatzita daukaguz. Eta zer da bertsoa? Aldez-aldezko lerro bat, ritmu baten esipean itxia. Izkuntzan igikerak zeazten ditu esaerak, gitxi-asko neurrituak edo taiutuak, eta oneik bertso izena daroe; bi, lau, sei edo geiago bertso diranean, ahapaldi deritxogu.

        Ritmuak, sarritan aintzat artu ez arren, uste dogun baiño garrantzi andiagoa dau olerkietan; a barik ez bait-dogu olerki ganorazkorik, ereskidetasunez apaindutakorik antolatuko. Eta zer ete dogu bertsoak jazteko naitaez bear dauan ederki ori? Olerkia geienbat kantatzeko edo dantzatzeko egiña ei da; bai kantuak bai dantzeak ba-dabez euren zeaztasun bereziak, bietan daurkigu doiñua ta igikera, melodi ta ritmus, batera lez dabiltzanak, baiña bat ez diranak. Ots ezbardiñak osotzen dabe doiñua; igikera barriz, mogimentu oskidetsuaren eratze bizia dozu. Eta auxe da doiñuarin giltza, benetako bizitasuna damotsona. Etxe bat jasoteko arri asko daukaguz; arriok doiñu lez dira, ta arriok batu, eratu ta bakoitza bere lekuan jarririk etxe ederra, au da, melodi doiñutsua dagiana ritmua dogu. Ars bene movendi, Platon'ek iñoanez.

        Ritmua baita esan oi da antzeko doiñu askoren ondorena dala be. Doiñuok, ostera, bi, iru, lau, bost edo geiagoko sailletan banakatzen dira, ta doiñu-sail bakoitzean eurotatik bateren bat gaillentzen da besteen artean, gaiñontzeko guztiak orren inguruan pilloturik. Antzeko soiñuak izkin edo silabakaz doaz ondoz-ondo; eta silaba oneik launan launan, zortziñan zortziñan, ta abar, alkartzen dira. Izkin orrein artean be ba-da bat —edo gehiago— besteen artean gaillentzen dana, mintzor ritmikua daroan silaba nunbait. Oni begiratzen dautsoe beste guztiak. Bertsoak be, eurenez, biñan biñan, seiñan seiñan, eta abar, pillotzen dira, onelantxe ahapaldiak buruturik; eta ahapaldiak eurenez, erreskadaka ta mordoka, olerkia dagie, lan osoa.

        Mintzor edo azentua.— Edozein olerkik oskidetsu izateko bear dauan ritmua, batez be mintzorrak dagi. Iru mintzor era dazauguz izkuntzetan: 1) Idatz-mintzorra; onelangorik ez daukagu euskeran, konkorduna izan ezik: âri, âte, besteên ta abar, aa ta ee biren ordez erabilli oi doguz; 2) esakuntzarena, mendiaren gaiñean; euskeraz itz edo izki guztiak indar bardiñez ebagiten doguzala uste da; baiña ez da egia, euskal belarri ona laster konturatzen da bai-dala or silaba bakoitzean olango mintzor berezi bat; azken urteotan asko idatzi dabe gai oneri buruz batez be Altube jaunak; 3) ritmikua, arestian aitatua ta poesian erabilli oi dana, poesiari egin egiñean be aparteko jasa ta jatortasuna baitdakartso. Egia, erderaz beste garrantzi ez dauko euskeraz: espaiñeraz, esate baterako, zortziko edo arte nagusiko bertsoetan sustraizkoa dozu mintzor au, silabak bat-banatzea baizen inportantzi aundikoa. Ori barik ez dago egiazko ritmurik, ez itxurazko olerkirik; orrek, ostera, berebiziko indarra ezarten dautso eta sarri berau da naiko bertsoari kidetasun edo armoni ezin esan-alakoa emoteko.

        Eta euskeraz zer? Ba ete dogu olako azenturik? Edo erabiltea komeni ete yaku? Oraindik, egia, misteri bat dogu au; baiña euskerak dauan utsune ontan argia egiñaz doa. Ormaetxea jaunak (Orixe) Euskaltzaindian sartzerakoan, Leitza'n egindako itzaldia mintza-doiñuari buruz izan eban. Ona aren mamiña:

        «Oraindio bizirik irauten du bere beretasun ederrean gure euskeraren doiñuak; eta beste alderdi askotatik begirata arrigarria baldin ba'da gure izkuntza, doiñuarengatik arrigarriago esan diteke.

        »...Gure azentua eskurakoi da erabiltzeko, baiña beste ainbeste zail esamiñatzeko, igeskorra baita inguruko izkuntzena ez-bezala. Gure onek, griego zârrak bezala, ez du indarrezko azentu nabarmenik; gora-bêrako mintzor leguna du ta ortatik eldu da (dator) kantarekin oztopo itsuririk ez egitea».

        Ondoren iru azentu-mota bereizten ditu, silaba bakarrean dagoana, bitan eta irutan dagozanak. Silaba bakarrean dagoana, gerkarren antzeko gora-mintzorra ta bêra-mintzorra da. Silaba biko itzetan biak ei dira bai-azentudunak; azentu bakarki bi ezagutzen dira, noski ('ta'); beste lau alkarkiak dira, bizkarduna ( ), magalduna (V), gaingora ta gainbera. Iru silabako itzak, bakarka arturik, azentu magalduna dabe geienak; baiña ba-dira gaingora dabenak be.

        Eta gero, azentu alkarki orreitatik bertsorako neurri-oin bat artu daitekela diño griegoz ta latiñez legez, euskal bertso-mota jatorra egiñik. «Iru silaba dagokola azentua duten itzak —diño— artuko ditut oiñarri bertsotarako, izanez ere euskerak iru silabako itz asko ta asko baititu: eraman, ekarri, etorri, ikusi... eta, bi silaba izanik ere, artikuluarekin iru artzen ditu: gizona, etxea, andrea, neskatxa, mutilla. Esan baititeke iru silabako au gertatzen dala geienik euskeran... Beti ere galdekizunak dakar beregana azenturik garaiena. Orregatik, aurretik jartzen danean, gaiñerakoaren mintzoa moteldu egiten da, komarik edo geldi-unerik egiten ez ba'da. "Iru alaba ditu gure auzoko Joxepañaxik". "Gure auzoko Joxepañaxik, iru alaba ditu". Lenengo iokuan (komarik gabe) beratzi silaba erorkeran daude, beraz motel gelditzen dira; bigarrenean, bai-azentuak ditu, ta biziago gelditzen da... Gauza oni ez diogu buru emaiten idazten ari geranean, eta bear genuke. Berez itzurren edo syntaxi iatorrago ta garbiagoa da lenbizitik galdekizuna ipintzen duna, komarik ere ez baitu bear argitasunerako». Latiñez be bardin jazoten zan; gerkarrak, ostera, galdu egin eben antza azentu au, ta origaitik euren itzurrena ez ain jatorra, latiñaren aldean aula baiño.

        Eta azkenez euskal bertsoak darda gaiñean darabiltz. «Bi makar ditute gure gaurko bertsoak: esateko, au da, mintzatzeko, erderara eramaten gaituela; ez, kantatzeko. Bigarrena, etenak geiegi edo urbillegi edo berdiñegi emaiten ditugula. Bi tatxa ok mintzoa doiñu zurrunera edo berdiñera daramate, al tono recto... Ba-da gutartean gizon bat, aski ikasia, bost silaba oro etena dun bertsoa maiteen duna. Eta gaiñera, erderaz bezala irakurtzen du:

                »Galtza pare bat etxean ba-dut,

                »aitona zanak emana...

        »Azentu indartsunik ez emanda ere, au da euskerazko bertsorik pisuena, loargarriena, etena bertanegi dulako. Etena bertago ta okerrago. Sei silaba oro etena ongi dator. Ontara egin dira bertso batzuk gure egunotan, Adema Zaldubi"-ren "Jesus'en azken-afaria"tik asita. Ta ia prosa bezala irakurri diteke: baiña luzean luzean, doiñu berdiña gogoratzen du. Obe genuke beste oin batez edo biez nâsi. Lau silabakoa ta bostekoa sarrerazi ditezke mugimentu berean, sei silabakoa nabarixago dela» (Euskera, 1958, 29'garren orrialdean).

        Gai oneri lotu ta ekiña dogu Gaztelu apaiza be, oindiño asko ez dalarik. Berak diño: «Euskerak ez du indar-azenturik; alaere izki guztiak ez dira jaso berdiñekoak, batak ariñak, besteak aztunak. Izki ariñak onela (') bereziki ditut, aztunak berriz onela (-). Euskerazko itzak giza-erorketa dute, eta ez ema-erorkera. Adibidez: gizona ("-), emen ('-), aspaldi ("-), t. a.

        Naiz itzak elkartzean, naiz itzen igikeran (ritmo), atematekoan bezela, galdekizunean (elemento inquirido) dago giltzarria, edota azenturik gogorrena.

        «Eta nola jakin zein izki diran arin ala aztun? Begira nola: Itz bakarrak: bi ta iru izkidunak, bakarrik azkenekoan dute tanpa edo pikoa (ictus): (etxe '-; berandu "-); lau ta bost izkidunak, bigarrenean ta azkenekoan: (Ondarrabi '-'; Errenderira '-"-); sei ta zazpi izkidunak, bigarrenean, laugarrenean ta azkenekoan: (Errenderiraño '-'-'-; Errenderirañoko '-'-"-). T. a. Itz elkartuak: bakoitzak ez du bakarrik dun igikera galtzen: (gorri-zuri '-'-; eliza-atari -"-"-). Izki batekoak: aurreko ala atzeko itzari erasten zaie: (gizon bat "-; bost etxe "-)» (Ikus Olerti, 1960, 70'garren orrialdean).

        Oraintxe arte ia aintzakotzat be artzen ez zan azentu ritmiku au bitxia litzake bertsorako beiñik bein. Jakite-gorputz bat osotu ta lege jakin egokietan esitzea ez litzakigu, ziurki, arazo erreza. An zein emen, euskal itzak toki guztietan bardin samar oguziko ba'leiteke bear bada zerbait jaristea, oraindiño errian irauten dauan doiñua oiñarritzat arturik. Baiña doiñu ori be ez da danetan bardiña, emen onakoa ta an alakoa baiño. Ta or koska.

        Edo-ta bide ontatik jo: Ikasi, egonarriz naitaez, erri geienetan zelan esaten diran itzik arruntenak, eta gero erdikotik ekiñaz, itzak —eta ez litzake gaitza, itzik geienak iru silabakoak ditugun ezkero— lege jakinpean esitu. Esaterako, Gaztelu'k esku artean darabillen azterketa ez litzakigu zail. Ezta Orixe-rena be. Dana dala, Gaztelu'k berak eskiñiko dausku urrengo zenbaki baten gai oneri buruzko zertzelada ta argi ugari.

        Alan be zerbait aurreratu geinke. Jakitun biok dirauskuenez, gure azentu onek ba-dau zer ikusi pixkat eliz-kanta gergorianu dalakoaz. Eta kanta onek, izan be, ritmu berezi bat dau, bere-berea, beste kanta-erak ez daukiena. Esan dogunez, igikera ta ritmu orobat dira; igitu, mobidu, lokatu, zirkin-eragin, erabilli, bardintsu dira. Eta Dom Mocquereau jaunak, eliz-kanta orretan maixu zanak, ritmu ori onela bereizi dau. «Bapidera doan jarraiko oldar edo bultzada etengabea». Eta igikerak zati bi ditu: 1) asi-oldar edo abiadura, igi-asiera, gora, ta 2) atsedean, igi-azkena, edo bêra. Ritmu au, alan be, ez da zatigarri, zein asi zein amaitu, momentu naiz lipar bi oneik bat-bera osotzen bait-dabe. Gizonak, adibidez, oinkada bat, pausu bat emoterakoan, lenen jaso egiten dau oiña ta gero lurreratu, baiña gora-bera ori bana-eziña, baterakoa duzu; txoriak lenen gora dagi ta bêra ondoren, ta igikera orren bitartez egaztu txairo; itxas-olatuak, erasota gero bêratzen dira, ots, izgora bakoitzak bere izbera izan.

        Gergoriar kantuan lenengo bultzari arsis dritxo, au da, eraso, bultzada edo igi-asiera; ta tesis bigarren liparrari, au da, atseden edo igi-amaiari. Emetik sortzen da gero ictus be, ots, nota batzuk besteen artean artzen daben abots-indar berezia. Ictus ori tesis dalakoan jausi oi da geienik. Abots-indar ori, orraitiño, berez ez da ez gogor ez legun, ritmuaren gora-berak zer eskatzen dauan baiño.

        Eliz-kanta onek bere ritmuan ez dau artuemonik, ez luze ez labur, latiñaren azentuakaz. Eta euskera be olako indar-azenturik ez daukalako dator ain egokiro kanta orretan. Orixe'ek bikain gomuta dogun itzaldian: «Nik aitortu dudan egi au garbitan ipintzeko, gure egunotan gertatu dan zerbait begien aurrera ekartzea naikoa dugu. Or ari izan dira prantsesak eta alemanak, Eliz-kanta gergorianoari beren itzak nola egokituko ditioten. Egiñalak egin ondoren, txuri eginda gelditu dira. Guk, berriz, iñolako alegiñik egin gabe, egiñik arkitzen dugu gure izkuntzan aiek berenean ezin egin izan dutena. Gipuzkoa'ko Matximenta'n ioan dan illabeteetan Bezperak euskeraz kantatzen asiak dira. Txoragarri gertatzen omen da». Eta gaurko naikoa onetzaz.

(Jarraitzeko)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.