|
Arkaitzaren gainean
N. Ormaetxea, Orixe
In principio erat.
Asieran ba-zan.
Asieran ba-zan.
Gizonen izkuntzan
dio Ioanes'ek
«Asieran ba-zan».
Iaungoikoagan
izandurik ez da,
izanenik ere.
Zuzenago Kristo'k
«Abrahan zan baiño
lenago ni ba-naiz».
Naiz besterik ez da
gure Iaungoikoa.
Naiz'ek esan dit»,
dio Moises'ek.
Izandua naiz ni.
Zer izandua?
A verte faciem,
saiestu begiak,
ene Iaungoikoa.
Nik neronenak
lotsaz ixten ditut
zer izandu naizen
ez ikusteko.
Ezker alde ontan
zer leize aundia,
zer tulunbioa!
Zer izango naizen?
Eskuiñ aldean
or beste leizea,
or zorabioa!
Zorabear onek
ez ote du nonbait
senda-biderik?
Eroritze ontan
arkituko ote dut
zeri eldurik?
Bai. Christus petra,
arkaitza Kristo da.
Au dut etxe,
au igesleku,
su nere gaztelu,
au nere indar.
Ontan eseririk
nagola, ez naiz
zorabiatuko.
Arkaitz ontan
arkitzen dut
nik nere burua:
naiz esaten dut
naizantxo onek,
zer izandu naizan,
zer izango naizan
buru eman gabe.
Ba-naiz, Jauna, ba-naiz.
Augustin bezala
milla pusketan
or naiz ibillia
ni ni ez nintzala;
ez, ez, ni nintzala.
Orain ustez,
Zure erruki aundiz,
ez naiz ordukoa.
Bilduak ditut
nere puskak oro
neronengana.
Obeki esan,
bildu naiz guzia,
Iauna, Zuregana.
Emengo egona,
emengo bizia,
bai dala bizia!
Malkor eta zelai,
itsaso ta legor,
dardar otzikaraz
beren koketatik
atera ba'litez,
emen nagoke,
arkaitz ontan sendo.
Au bai atsedena!
Nora nindoake
egon au utzita?
Nere inguruan
zora bedi lurra,
egin beza marru,
ziztuka asi bitez
bi tulunbioak
nere bizi au
iretsi naiean.
Atxiki nakion
indar guziez
arkaitz dan Kxisto'ri.
Emen egongo naiz.
Kristo'gaz batean
nere neurritxoan
ni ere ba-naiz.
Pizten naizenean,
esan dezadala
puska guziekin
oso-osoan: naiz.
|
|